Txoroa, txoroa!…. esaten zuten denek iritsitzen ikusten zutenean, eta madarikatu bat, izugarrizko gaitzegile bat izan balitz bezela, umeak ikaratuta ihes joaten ziran auzoko atarietan izkutatzera, eta haundiak alde egiten zuten pixka bat, hainbeste beldur ematen zien gizarajo haren gainetik begiak kendu gabe.
Txoroa, txoroa…! eta herriko enparantzan jendea alai zebilen tokian txoroa agertzen zanean, danbolina mututzen zan, egiten zan kale zabala, igarotzen zan txoroa, eta herria berriro jostatzen zan.
Txoro gizarajoa…! Zergatik jakin gabe, jendea bildurtuta zeukan. Bere begi ederrak, begiratasun gozo eta leunezko begi haiek, bihotz bigun eta ona, anima haundi baten izatea pregoitzen zuten; bere arpegi kupigarriak, arima leialeko gizona, honen gorputzeko eta umearen bihotz samurreko gizon bat aitortzen zuen, eta hala ere ez zuen inork maite, ez zion inork herrian hitz bat mintzatzen. Beti bakarrik agertzen zan triste, lurrera begira kaleak igarotzen… Inguratzen gaituzten gauza guztiak utzita, gizonek ukatzen diguten atsegina bertan bilatu nahian, begiak arimara begiratzen duten ergai haietako batean zirudian zegoala beti.
Alde batera asko urrutitu gabe eta bere nagusiarekin atsekabea erdibitu nahi izan balu bezela ibiltzen zan, beti garbia, zakur beltz eder bat, zeinak noizik behin bihurtzen zuen buru harrotia lagunari begiratu bigun bat egiteko. Eta txoroa eseritzen zanean, zakurra etzaten zan bere nagusiaren oinetan eta hartutzen zituen, doaikerturik, egiten ziozkan festatxoak. Txoroak abere leialari begira igarotzen zuen denbora asko, eta askotan bi malko itzultzen ziran bere begietatik, eta masailaz behean txirristatuaz, erortzen ziran mundu honetan maite zuen bakarraren ile beltz eta ederren tartean galtzeko.
Mundu honetan maite zuen bakarra, bai! Bere ama gaixoa hil zan ezkeroztik, zakur beltz ederrak bakarrik maite zuen txoroa! Lehenago amak ere maite zuen, baina hil zan, hil zan txoroa hilko zan bezela, zakurra hilko zan bezela. Eta txoro gizarajoak ikustean nola denak bere ondotik ihes joaten ziran, askotan negar egiten zuen.
Batzuetan egiten zuen ahalegina alai jostatzen zebiltzan umeetara gerturatzeko, baina haiek, ikaraz beterik joaten ziran laisterka txoroa zetorrenean… Behin, behin bakarrik ume txiki bat iritsi zan bere ondoraino. Txoroak muin asko eman ziozkan, egin zion festatxo asko… Umetxoak ezpainak ireki zituen farre gozo bati ateratzen utzitzeko, eta txoroak esan zion:
— Zuk, zeruko aingerutxoa, esan zazu ez naizela gaiztoa… Esan zazu maite ditudala umeak eta haundiak… Ederra… Nik ez det amarik, badakizu? Han dago, lur dontsuan, hilobi donean. Horregatik ez nau inork maite, ez daukat zeinek musu emanik eta zeinek lagundurik… Muin ekatzu zuk, aingerutxoa!… Ekatzu musu!
Eta umeak musu eman zion. Eta txoroak, alaitasunez, negar egin zuen.
— Zein onak zeraten umeak. Nere ama hil zan ezkeroztik, zakurra izan da nere lagun bakarra: orain zu ere izango zera, ez da hala, aingerutxoa?
Eta txoroa doaitia ustetzen zan umearekin mintzatzean, haurrari masaila gorrituetan muin ematean, umea farrez ikustean. Eta ikusi zuen emakume bat lasterka beregana zetorrela. Eresiaz betea iritsi zan umearen ondora eta ikusi zuanean nola farrez bere beso txikiakin laztantzen zan txoroaren lepora, urrutitzea galerazi izan nahi balio bezela, egin zan bere jabe, eta poliki, poliki, hartu zuen haurra txoroak esaten zuen bitartean:
— Ume dohatsua, ama badauka… Nik ere izan nuen, baina orain ez daukat…
Eta emakumea izkutatu zan umearekin, Jaungoikoari eskerrak emanaz izugarrizko gizarajoen atzaparretatik gaitzik gabe atera zuelako…
Gogoen Eguna zan. Herri guzia igo zan hildakoen urira, zuhaitz tartean izkutatzen zan lur deun hartara, hil ziranak gatik Jaungoikoari otoitzera. Gizonak eta andreak zihoatzen eta zetortzen hobi batzuetatik besteetara otoitzak esanaz, eta ez ziran gutxi seme maitearen edo ama onaren gorputza gordetzen zuen kurutzearen aurrean belauniko jartzen ziranak. Lur deuna zegoan betea, eta ezpain batzuek «Txoroa, txoroa…» esan zutenean jende guztiak begiratu zuen atera beldurrez beterik. Laster agertu zan txoroa, kendu zuen txapela sarreran, eta aurreratu zan. Beti bezela, jendea urrutitu zan pixka bat. Txoroa joan zan hobi batera, belaunikatu zan kurutzearen oinean, eta muin eman eta gero, itzuli zan jendearen aldera. Eta mintzatu zan.
— Ez ikaratu —esan zuen—. Zuen amarengatik otoitzera etorri zerate; nik ere ama izan nuen. Orain ez det; hemen dago zuenarekin, ez det gehiago ikusiko. Ihes egin zazute nere aldamenetik, txit gaiztoa naiz; nik umeak lapurtzen ditut, esaten dezutenez. Herri honetan laztandu det ume bat bakarrik, eta harrek ez zuen bere amarekin joan nahi, nerekin nahi zuen egon; eta oso gaiztoa naiz festatxoak egiten nizkiolako neri amak egiten zizkidan bezela, nik ama nuenean… Orain ez det… Nere ama maitea! Izan zadazu zure semearen kupida! Ez da gaiztoa, herriak horrela sinistuagatik!
Eta malkoakin bere amaren hobia busti eta gero, igarotu zan negarrez jendearen erditik, eta hartu zuen herrira zihoan bidetxoa, ikusi gabe nola emakume batek, txoroak herrian laztandu zuen umea besoetan hartuta, jarraitzen zitzaion, ez zezakean esan behinere gehiago, zeinek maite ez zeukala herrian.