Txiribi

Euskal-Erria, 1914

A zer pirripioa Txibiri!
Gaztetandikan zan bihurria, eta umetandikan zituen aterakai batzuek, nahi ez eta ere, farrez lehertzeko zorian jartzen zutenak entzule guziak. Haurra zan oraindik On Kelemente, Baratxurieneko mutilzaharrak, sudurraren puntak tireaz esan zionean:
— Mutil hau aitaren antz osokoa da.
— Ni aitaren antzekoa? —erantzun zion betarik galdu gabe mutil koskorrak—, aita bai nere antzekoa, ni ez harrena.
Algaraz hasi zan On Kelemente eta eman zion eztulak, eta karkaxa eta lerdea zeriola han gelditu zan mutilzaharra, itotzeko zorian.
Eskolarako ez zuen gogo haundirik, baina zerbait ikasiko bazuen bialdu zuten gurasoek. Gainerako gauzetarako azkarra zan, bizia, baina eskolako ikaspenetan atzera gelditzen zan. Nahikoa lan eman zion maisuari. Baina halare ezin hasarretu, bada kopeta ilunarekin jartzen zanean, aterakairen bat sortzen zuen Txibirik, eta algaraz lehertzen jartzen zuen maisua.
Egun batean ezin sartu zion maisuak buruan Kondaira zaharreko gertaera bat, eta ipui baten bitartez erakusteagatik galdetu zion:
— Zeinek hartuko du min gehiago, alkiaren gainetik edo teilatuko muturretik erortzen danak?
— Alki gainetik erortzen danak.
— Baina mutil, nola izan litekek hori?
— Teilatuko muturrean badago alkia eta handik erortzen bada.
— Bejondaikala!
Beste batean joan zan eskolara berekin eramanaz auzoko Braulio Mari, Mikela Antoni Kaskamotzenekoen semea. Padera batentzat zer nolako kirtena!
Ari eta ari, maisuak ezin atera zion hitz bat zuzen, eta azkenik deitu Txibiriri eta galdetu zion:
— Aizak, hi, hire lagun berri horrek totela izan behar dik.
— Bai jauna, baina etzaio batere igarritzen isilik dagonean.
Pixka bat koskortu zanean, atera zuten eskolatik eta bizarkintegi batean morroi jarri zuten.
Nagusi berriak erakutsi zizkan han egin behar zituen lan guziak, eta arretaz aditu ote zion jakiteagatik, galdetu zion azkenik:
— Ia bada. Argi hauetako bat piztuko bada, zer da lehenbizi behar dana?
— Itzalia egotea.
Bizar kentzera joaten ziran lagun guziak igarri zioten berehala zer aterakai zorrotzak zituen Txibirik, eta algaraz eta zalaparta bizian, han egoten ziran orduak irri farra igaroaz.
Behin batean etorri zan Alijandro ikazkina, muturra oso beltza, tximiniko kedarrakin zikindu balu bezela, eta Txibiri txuliatzeagatik eraso zion esanaz:
— Begira hakiok zenbat bizar atera zaitan arpegian. Noiz uste dek luzatzen dala gehiago bizarra, udan edo neguan?
— Udan.
— Zergatik?
— Udan egunak luziaguak diralako.
Baina bere aterakai guziakin eta bizitasun eta argitasun jatorrizkoakin, okertzen zihoan mutila. Lanean gutxi aurreratu zuen, baina ohitura txarretan behar baino gehiago ikasia zegon.
Nagusia marmarizoka zebilen, eta halakorik batean deitu eta esan zion:
— Bire txarretan abil. Bart ikusi hatan ardotegian sartzeakuan eta oso hasarretu nindukan.
— Sartzeakuan? Gehiago hasarretuko zan irteterakuan ikusi baninduen!
Ez zan zuzenduko zuenik, eta bialdu zuten bizarkintegitik. Gizarajoa orduan arkitu zan zerua goien eta lurra behean, batzuetan gosea eta besteetan jateko gogoa, eta herio izugarrian ilunabar batean pistola bat nonbait arkitu zuen, eta bere harrekin atera zan bidera.
Orduantxe zetorren Polikarpo perratzailearen aitaginarreba. Pistola ahoko zuloan jarriaz, han emanarazi zizkan zituen diru guziak: hiru pezeta zilarretan —bat faltsua—, hamar kuarto eta pospolo kaja bat.
Gizon gizarajo harrek esan zion orduan, zeukan guzia eman ziola eta emateko ordainez besterik ez bazan pistola. Eman zion Txibirik, eta hartu bezin laster beregana joanaz pistola eskuan zuela eskatu zizkan emantako diruak.
Baina Txibiri joan zan ihesi oihu eginaz:
— Tira, tira, hautsia dago ta!