Txindokiko Marie

Euskal Esnalea, 1925

Aralar mendietatik gurenetarikoa, ortzea hurrenetarikoen dabena, Larrunarri edo Txindoki haitz ikaragarria da; euzkotar artean Txindoki izena batez bere entzun-entzuna da. Itsasotik anei eta berrehun (1.200) neurkin garai bere erpina daula, eguzki beroenak, ekaitz izugarrienak, eta haize baltz suminenak, ludian danetik gainean izan dabezan arren, bere burua harro eta zuzen jasoten dau.

Hainbat zeresanen zioa emon daben Txindoki haitz zuloa, iparraldeko gibelean, itsasotik anei edo mila bat neurkin garai aurkiten da. Bertaratzea gizonari zail eta gaitz egiten jako; gitxi dira, zenbatuak, Txindoki haitz zuloan euren buruak ikusi dabezanak; bertara heldu baina, eta barrenan zaintzen dauzan basetxe txukun eta basuri txairoak so egitea, ha atsegintxoa!

Bere barrenean apal-apal belaunikotuta Amezketa, Abaltzizketa eta Zaldibia baserri euskotar eta zintzoak dauz; bere magalean jazoten diran Amezketa eta Zaldibia ur gardendun ibai arrankaritsuak, Orio ibaiagaz bat egin eta gizonaren ahotsa berezi itzalean lez, Euskadiko (Kantabria) itsaso zabal, hasarre eta zaratatsuan galtzen dira.

Txindoki haitz zuloan euren buruak ikusi dabezanak zenbatuak diran arren, Txindokiko Marietzaz hitz egiten entzun ez dabenak gitxi-gitxi dirala uste dot.

Amezketako Biris baserri aberatsean Pirmin, Margari bere emaztea eta Marie euron alaba bakarra bizi ziran. Pirmin ona, isila eta baketsua zan. Ez zan bardina bere emazte erdisorgin eta tximurra; txikia zan arren buruko uleak goi ebazan; bere zeregin guztia, sabaiko horma zuloan eban zorroa sendotzea zan; Margariren txakurtxikiak ogerlekoa balio eban; egunero sei bat bidar zenbatzen ebazan zorroan euzan diruak; zekenik inon izan bada, Margari bazan.

 

Marie berez ona etorran; amaren min txar eta erakutsi ezak baina, bere begi ederrez eguzkia ikusi eban ordukoxe, bere bihotz gaztean txarkeria sartu eben. Aurpegiz ederra zan. Gorputzez liraina eta lerdena; Amezketako gazte guztiak ahora begira ebazan; bere mukertasun eta ustekeriagatik, baina, ederra zala baekian eta inok ez eban bere onik esaten. Gazterik gehienek inoen «Marie emaztegei ederra izango dok; emazte ona, zintzoa, etxerakoa inoz bere ez». Beti dira baina ludian edertasunaren bila, zintzotasuna alboratuta, dabiltzanak; eta Bidegain basetxeko Erropail seme nagusia gau eta egun ebilan, Mariegin aldia igazteko  unearen bila.

Birian Pirmin ezer ez zan; bere emazte igarrak prakak kendu eta gonak imini eutsazan; sutondoko baztertxo baten jarri eta takorria erre eta erre han zan isil-isil ordu hiletan. Ama eta alaben barriz beti burrundadan; bata besteari inon diranak esan arren baina, laster amaitzen ziran hasarre aldiak. Jakina, lasterrera barriro hasteko.

Goizean goizetik, Margari ez zan Pirmin eta alabea ohetik bere txar-txarrez atara arte isiltzen. Belarriko atarateko inon ez lakoa zan.

— Marie, ordua don —inotsan—, higin gauzonik ez txaukanau; gure etxeko hondamendia heu izango haz; joan dan ordu betean soloan egon behar hitzan, eta oraindino hemen… ¡Lotsagarri hori!

— Honako atso zimelik! Zure txin-txin-txinagaz buruko ulietaraino bete nozu. Nahizein nazala uste dozu? Ez, nahizein enaz, eta sarri bazabiz honetara, gorriak ikusi erangingo dautzudaz.

Beti ziran honexetara; inoz baina ez batak ez besteak ez eban ezer egiten.

Marie etxetik bere behiakaz urteten zanean, burrundada gehienak amaitzen ziran; guztiak ez baina, Margarik Oizko mendian bakarrik bizi izan bazan be, hantxe be, hasarrea atarako eban eta.

— Zoaz, zoaz solora, gizona, gibelok etxeko behi gorriari baino handiagoak egingo jatzuz eta —hamaikatxo bidar esan eutsan Margarik bere senar gixajoari—. Zu lakorik ez dot inon ikusi; edozein bazterretan jarten zara, eta zigarro mutxikinari kea atara eta kea atara ludia amaitu arte egoteko zara. Bai, hartu zinudanean ez nekian ondo zer zinan, bestela ez zeunkan nigin emazterik…

Gizonak bere emazte ziztrinaren min txar eta deungea ondo ezagutzen eban, eta, isilik egonaz, guztia amaiten eban.

Etxetik senarra eta alabea ataraten ebazanean, zuzen sabaira igon, horma zulotik zorroa atara, eta lau-bost bidar zenbatzen ebazan diruak.

Diruak zenbatzen nekatuta, buruko uliari amorruz ebatuta, zeinbat bidar esan eban «Zorro hau luzarotik beteta egon behar zan; nik etxean dodazan koipe biakin baina, ezetara be ezin».

Birian eroen bizi negargarria hauxe zan; eurentzat eginda egozan eta, ona edo antzekoa.

 

Egun ezein baten, Marie behizain basoan zala, gauak bere jantzi ilun eta balzpean eguna batu eban; eulirik be ez zan entzuten; upan baino ilunago zan; horraitino oinaztu biziak, noizean behin, bere zig-zag argiagaz iluna ebagiten eban; baita trumoia be, bere zarata ikaragarriaz belarriko harra hil eragiteko nahikoa zan. Marie bere behiakaz, beldurrez-ikara aitarenka etorran.

Bidegain basetxeko ate aurrean, argitxoa eskuan-eta zan Erropail Marieri begira; honakoren baten ikusi eban eta esan eutsan:

— Zelan habilña, neska, saso honetan ekaitz baltz honegaz, toki ilunotatik? Hator gurera, laster don igas egin ekaitz honek-eta; oinetako garbiak neuk emongo dauznadaz;       etxera  gero be joango haz….

— Hara, Erropail, pozez joango nitzakek; behiak aldatuko jatazak baina, eta itxidak.

— Behiak ondo dakien etxeko bidea, lehenengoz be etxoazan eta.

— Gajoazan, baina beldur nok.

Sartu ziran Bidegainen eta baserri ezkaratz zabalean ipuin batzuk edestu eta entzunaz, ekaitza joan arte berritan itxaron eban.

Ekaitzak geratzeko be itxurarik ez ebala ikusi ebanean, jagi zan Marie esanaz:

— Gure ama han da oraingo ezek hartu ezinda eta banoa; guztiori eskarrak.

— Ez neska; hori baino gehiago egiteko be gertu gauzan. Zuen gurasoak eta gu beti etxekoak izan gareala ondo dakin —esan eutsan Erropailen aitak.

 

Mariek etxeratu zan ordukoxe igarri eutsan amari sututa zala. «Oraingoan inok entzun bajozan, entzun behar jonadaz», eta zuzen ebilan. Marie Bidegainen sartu zanean, behi bata, etxeratu beharrean, barriro basora joan zan. Zelan ete ziran Margariren barruak, Mariek behi bat gitxiago ekarrala ikusi ebanean!

— Onak gauzan, neska txaplata hori —inotsan, burua eraginez, Margarik alabeari—, etxaguntzea laster dauzkun jan; beste barik behiak zaintzen neskea basora bidaldu eta, hau lotsagarria!, behi gorri ederra, hirurogeta lau erraldeko behia basoan itxita dator gangar hau. Hoa berehalaxe eta aurkitin; bestela neuk eragingo dunadaz hemengo aldiak!

— Hartu dodan zaparradea hartu eta Bidegainen oinetako bustiak legortzen egon nazalako entzun egin behar. Zer egingo dautsagu atso sorgin honi? Bihar be behiaren eske joango naz, galtzeko amarauna be ez da eta.

— Joateko! Aditu don? Sinistu be ezin legiken noraino heldu legiken neskearen ganorabakokeria.

— Gezurra dirudi… ama batek hori baino mateago ez izatea alaba bakarra…. Ekaitz baltza goian-behean, eta gau ilunaren erdian behiaren atzean bidaldu gura nozu? Ez, guzurrak egingo dautzu, baina ez noa.

— Ondo sartu jan, bai, neskatxa ustel horri, harrokeria bihotzean. Prakagorrik eroango ahal hau…!

Prakagorrik, deabruak, Margariren azkenengo hitzak osorik hartu euzan, eta berehalaxe mendiratu eta behi gorri haren gorputzean sartu zan.

 

Marie, amaren ganorabakeria eta zaratak amaitearren, ziran ekaitz, oinaztu eta trumoiak ahaztu eta ortozik etxetik urten zan.

Behi gorria ikusi ebanean, beraganatu eta buztanetik heldu eutsan; diabroak baina urte asko be baebazan, eta asko ekian. Mariek buztenetik ebatu eutsan ordukoxe, hasi arinka-arinka eta Birirantza eroan beharrean, Txindokiko haitz zulorantza eroan eban.

Mariek Txindokiko haitz zulo ikaragarrian gau izugarri eta beldurgarri hatan bere burua ikusi ebanean, esku biak ortzeruntz jaso eta txistu urdinkaria botaaz, dino ahots inpernutarrez:

— Biria Biria dan artean, beti ixango da herren edo mantxoren bat! —eta oinaztarriaren arintzaz zuloratu zan.

Gaua aurrera joian, laino baltzak urrunduaz. Marie, baina, inondik inora ez zan ageri.

Bienbitartean, Margarik barruak erretan euzan. «Holakorik —inoan—, entzun dauzanak entzun, eta neskia lehen baino txarrago». Atsoa bizi be ez zan.

Goizaldea urraeruez etorran; egun barriak on itxurea eban, ortzean lainorik gitxi baino ez ziran ageri; eguzkiak jagiteko gogoa baeban, oraindino baina goztxu zan. Marie ez zan ageri.

Margari zerbait susmetan hasi zan; hitz egiteko gogorik ez eban; isilik bere lanetan inardoan; berak bere alabeari inun ziranak esaten eutsazan arren, mate-mate eban; bere alabia baxen ederrik Amezketan ez zanik ondo-be-ondo ekian.

Eguzkiak egun onak emon eutzazan Amezketari; txori alaiak zugatzez zugatz txorrotxioka inarduen; Pirmin goxeko lehenengo lugintza lanak eginda, atxurra lepoan-eta etxeratu zan. Marie baina ez zan agiri.

— Pirmin —esan eutsan senar zintzoari Margarik—, zerbait jazo edo jako Marieri; atzo gauetik hona ez da agertu. Nun etea da gaxoa?

Buroan sartuta eban Margarik sorgin sineskeria eta Marie prakagorriren batek eroan ebala uste eban. Zuzen ebilan. «¡Prakagorrik eroango ahal hau!» esan neutsan; neu naz errudun; halako neska ederra, eguzkia baxen ederra, eta neure mihin deungez, zer esan neutzan? Neuk dot errua.

Gaua heldu zan, baita egun barria be; aste bat igasi zan, jo batera eta jo bestera gurasoak ibili ziran, Marieren lorratzik baina inondik inora ez zan agiri. Non ete zan?

 

Mieltxo Akabasoko artzaina udako egun atsetsu baten bere ardiakaz Txindokiko haitz zulorantz joian. Bertaratu zanean, inoz ez zala izan eta haitz zuloa ikustea otu jakon. Ahotik burua luzetu eban eta haitz zuloaren barrenean Marie bere aurpegi ederraz, ule baltz dirdaritsua sorbaldatik zehar, goruetan inarduela ikusi eban.

Bere horretan txakur baltz haundi-haundia lo zan.

Mieltxo, konortegetuta lez, ikusten ebana sinestu ezinda geratu zan, eta gehiago barik burua atzeratu eban, baina hona hemen Mariek bere ahots eztitsuaz, didar eginda esan eutsana:

— Mieltxo, entzun zebazan, orain hilabete inguru, honek nire hitzoz, “Biria Biria dan artean, beti ixango da herren edo mantxoren bat”?

— Bai Marie, entzun nebauzan, Amezketa osoak entzun euzan, norenak ziran, nondik etorri ziran inok ez daki.

Edestu eutsan gero Mariek edesti osoa, eta esan eutsan:

— Zoaz, Mieltxo, gurera, eta nire gurasoai ikusi dozuna edestu egiozu; baita esan egiozu be etzi goxeko seietan neure alde hementxe, haitz zuloan jaupa (meza) bat esaten ez badabe, beti-betiko galdua nazala.

 

Artean, Margari lehena be ez zan; negarrez, zentzun bako umea lez, beti alabearen alde otoi egiten inarduan. Biriak beste bat irudian; txindirik bururatu be etxakon egiten; ate musterrera heltzen ixaten joskazan guztiai emoten eutsen zerbait; ez eban baina osakirik bere alaba errukariak.

Mieltxo artzaina Biriaratu zan.

— Eup! —dino, ateratu ordukoxe.

Mixirimiri aurpegiaz urten eutsan Margarik.

— Zer dakartzu, Mieltxo? Gauza onik ete daukazu? Hau nahigabea eta atsekabea! Alaba bakarra galdu jyaku. Non ete da gaxo-gaxoa?

— Horixetan natortzu, Margari: Dakartzudan izparra baina, baltza da, ikatza baino baltzagoa. Gaur neure artaldiaz Txindokiruntz ninuela, inoz ez nazala ixan eta, haitz zulora joatea bururatu jat. Ikusi dodanak konortegetuta, hilda lez, itxi nau. Haitz zuloaren barrenean, zuen Marie ederra, bere aurpegi liraina eta eguzkiak irudien begi biak lurrera begira ikusi dot; goruetan inarduan; oinetan txakur zahar, baltz, haundi-aundia lo zan.

— Jauna! Belarriak, gehiago entzun ez dagidan, itxi egistazuz! Estaldu daistazuz begiok, ludiko gauzarik gehiago inoz ikusi ez dagidan; bihotzau zatitu dagistazu, beti neure alaba bakarra mate ixan neban arren, ez neutsan neure matasunik agertu eta. Bixiau, Jauna, kendu daistazu, bera barik ludia niretzat inpernua (gaiztokia) da-eta… Eta, Mieltxo, ez dautsu ezer esan? Zeuk bez berari?

— Bai, neuk, bildurrez, ikara nintzan eta, hitzik egin barik etorri gura ixan dot, baina, berak buroa jaso eta ikusi nau. Hona emen esan dauztana: «Mieltxo, ekatxa eta haxe baltza ixan ziran gau ixugarri hatan Amezketa osoan entzun ziran hitzak neureak ixan ziran. Zoaz gurera —esan eustan gero— eta esan egiezu nire gurasoai, etzi haitz zulo honetan jaupa bat goxeko seietan egiten ez badabe betiko galdua nazala».

— Hau poza! Laster dot Marie etxean. Eskarrak Mieltxo, guztia ixan da lainu baltza nire bihotzean bera etxean ez danetik. Oraintxe sartu da neure bihotz nahigabetsuan hila honetako lehenengo izpi argi eta gozoa!

Berehalaxe, Margari, Mieltxori agur esanda, jantzi majo-majorik eta jaupari edo abadiagana joan zan. Guztia edestuta gero jaupariak baietza emon eutsan.

Buztengorri (diabroa), baina, mila urtedun agurea, bizkor ebilan, eta jaupariari idazti edo liburua edukiteko alkia ahaiztu ekiola egin eban.

 

Egun ixentaua heldu zan. Ederra zan. Eguzkia goxeko bost eta erdietarako harro zan ortzean, bere laztanez berotuta eban Txindokiko haitz erpin edo gailurra.

Marie beti lez goruetan zan, txakur baltza lo.

Margarik ikusi ebanean, pozez erotuta, «Hemen gauzan, Marietxu, hire aita eta ni, heu hagoan toki negargarritik atarateko», esan eutsan.

— Zaoz ixilik, bestela alboan dodan txakur baltzonek, Prakagorrik, guztiok galduko zaitue.

Entzun ebazanean alabearen azkenengo hitzak, laster lotu eban mihina.

Lasterrera jauparia agertu zan; jaupa idaztia edukiteko alkirik ez zan baina; ahaiztuta itxi eban.

— Margari —esan eutsan jaupari edo abadiak— gaur jauparik (mezarik) seietan ezetara be ezin ixango dot egin, behar doguzan guztiak ez doguz eta.

Zuzen ebilan jauparia (abadea), inok ezin legikean behar zanik seietarako ekarri.

Marie betiko galdua zan.

 

Margari, luzaroan konortetuta egonda, bere bixi guztiko hobenak aitortu, agur alabeari esan, eta hil zan. Pirmin isilik zan arren, bixi honegaz lehenbailehen amaitzea gura-gura eban, eta berrogeita hamar urte baino ez ebazanean, larogeikoa irudian. Ulea Aizkorriko edurra baino be zuriagoa eban; aurpegia eta eskuak udazkenako orriak baxen tximur, zimel eta alege (triste). Hil aurretxoan, Biria etxaguntzea lurperatu eta galdu egitela agindu eban ixenik be gehiago entzun ez egian inok ludian.

Pirminaren gorpua lurralduta gero Biria basetxea bota eben. Baina Birian jazo zana ahoz aho etorri jaku. Inoz Txindokiko Marietzaz hitz egiten entzun ez daben euzkotarrik ete da? Gauza zala idorotzea.

Han da Biriako Marie, sartu zanetik gehiago goruetan.

Ez baina beti Txindokin, sutan haizez mendiz mendi dabil eta, gaur Murumendian, bihar Aizkorrin; hurrengoan Aloñan eta abar. Bera Txindokin danean baina, ez da Amezketa eta inguru guztietan eurien apurrik.

Txindokitik urteten danean, baina, laster izaten dira ortzean laino baltz euridunak.