Tranbian

Baserritarra, 1906

— Andretxua, norako behar dezu biletea?

— Hernanirako.

— Baina hau Errenterira dihoa.

— Eta zer! Hau ez da tranbia merkatu dutena?

— Bai. Tira, jatxi, jatxi.

— Baina bueltan ez al da joango Hernanira?

— Ez, Salamancara. Tira, mugi.

— Orduan egingo detana da, nola bidea badakitan, Errenteritik jo, San Markos, handik jo, Astigarraga jo, Ergobia, eta jo Hernani; horla debalde aterako zait.

— Hala da. Gero jo kanpan bueltakoak herrian, ailegatu zerala jakiteko.

— Ekatzu, nahiz txartel txikia izan, bat, ahal dezun merkeenetakoa. Jesus! Agudo ez banaiz joaten, hilko nau nere osabak. Zuk badakizu zein dan nere osaba?

— Nik?

— Gizona, Juan Jose! Bakailoa a la bizkaina kutxarakin jaten du. Bazenekizuke zer makina ekarri duen Mejikotik!

— Zertako, hortzak garbitzeko?

— Ka! Sagar panpandojak egiteko. Eta tiratzen ikusiko bazendu!

— Gurdiren bati? Eskumuinak!

— Arraienea! —dio batek ezin igorik—  Merkatu dala? Hor sartu dira Tolosarako bi, merkezurrean. Ez dago hanka non jarririk!

— Zu —dio dirubiltzaleak— , hor ezin joango zera.

— Zergatik?

— Zergatik erorita hil zindezkean!

— Eta zuri zer dizu!

— Igo, igo!

(“Eta ojala lertuko balitzake zapoa bezela”).

— Hauxen da gizona sartu zaiguna —dio txestoan katuekin dihoan andre batek—, bi bider kailoa zanpatu didazu!

— Zertan jartzen dezu nere oin azpian? Nahi duzu airean joatea? Esan zaiozu horri, haruntzago joateko.

— Zeini?

— Txerriko umea besoetan kantari daraman horri.

— Zu, gizon! —dio alargun batek—, egingo al didazu mesede ez bultzatzea? Ez al dezu igual bultzatzea beste edozein?

— Nik bultzatu? Emakumia, kanpora begira nua!

— Ez dakit ukalondua edo ardatza dan, saihetsetik sartu nahi dirazuna.

— Ez dezu ikusten jende gehiegi gaudela?

— Horrengatik zuk ez zenduen igo behar.

— Zuk ere hamar zentimorekin kanpo haundiak behar dituzu!

Emakume borobil batek, hamar urteko mutill antxume moduko bati deitzen zion:

— Non zaude, Juanito? Ondo al zuaz?

— Neskame baten txestuan burua sartuta nua.

— Zer?

— Eta sugurra manteketan, ama!

Emakumea, bere semea ito ez dedin eta estutasun hartatik libratzeagatik, hasten da ukalondoka eskui-ezker, baina nola inor mugitzen ez dan, jo du aldameneko bibote luze bat, eta kopeta ilundurik hala dio:

— Pazientzia ere akabatu egiten da, beste edozer gauza bezela; nik ez diot faltatuko, baina zulatzen banau…

— Para, para!

Gelditu da tranbia, baina lau atera badira, sartu nahi dute hamarrek.

— Tira, igo, igo —dio alabari lepotik helduta señora moduko batek.

— Ez dago lekurik —dio kobratzaileak.

— Eta zer! —diyo señorak mantila ezin moldaturik

— Gora, gora!

Eta Pasai San Pedron bizi dan gizon lodi batek hala dio farra ezin gorderik:

— Zer perkalezko señora degu berriz hau!

— Farra egiteko hobeak zerate, tokia eskeintzeko baino. Qué caballeros!

— Ixo, ama, bestela aitu egingo diote.

— Hori nahi det nik, aitu dezatela, ia arpegia eroritzen zaioten lotsatuta.

Eta hala dio San Pedrokoak, kartutxera dirurien hanka erakutsiaz:

— Ni altxako nintzake pozik, baina kailuak min ematen dirate.

— Zu, kobratzailea! Gu ezin joango gera honla zintzilik larruzko tiranti hoietan, Pamplonako txorixoak bagina bezela. Honla faltatzen dionak señora biri, ez du ez kriantzik eta ez jantzi dezente bat.

— Baina aitu beza! —dio kobratzaileak.

— Nik uste det, hor dihoazen hoiek ederkiago egingo lutekela guri tokiak uztea, baina non da edukazioa!

— Nahi ez badute —dio kobratzaileak—, ez daukate obligaziorik.

— Nik aldameneko gizon lori hau zertan bultzatu behar det, ezeren konfiantza gabe?

— Igual da —dio lodiak—, nola altxatzeko asmorik ez detan…

— Zu ere kaballerua al zera? Ondo bastua dirurizu bada!

— Jakin dezazun ez zaitutala gehiago txutik ikusi nahi eta kriantzako gizona naizela, altxatuko naiz.

— Noiz?

— Errenteira ailegatzean.

— Hau al da postura dezentia señora birentzat?

— Ixo, ama, allegatu gera ta.

— Ez dago zure aita gure posturari begira.

Traaaaaa!

— Ailegatu al gera?… Noizbait!

Honlako asko badira tranbian ibiltzen diranak, beti nahi dutena egin behar dutenak; horrengatik bilatzen det ederki, tontuen papera eginaz horlakuagatik ez altxatzea, eta itsusia bada oraindik gutxiago.