1982

Aldjezairia askatuta, Txomin Peillen. Hordago. Aljeriako gerlan ikusiak eta pairatuak oinarri harturik 1960-1961ean eraikitako ipuin sorta, armada kolonialaren erizain baten…

Aldjezairia askatuta, Txomin Peillen. Hordago. Aljeriako gerlan ikusiak eta pairatuak oinarri harturik 1960-1961ean eraikitako ipuin sorta, armada kolonialaren erizain baten eta aljeriar arrunten zein felaga borrokalarien ahotsean. Bigarren edizio bat Txalapartak 2013an, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrearekin. “Denboraren distantziarekin argi ikusten denez, Txominek bere kontribuzioa egin zuen ipuin bilduma honekin euskarari literatura onik eman gabe hiltzeko posibilitatea ukatzeko”.

Damurik gabe, Maite Lazkano. Elkar. Bere lehen liburua bezala, “Kontakizun errazak” amuarekin argitaratu zen, euskara ikasten ari zen multzo handiaren bila. Egiazki, Maite Lazkanoren ipuinak errazak dira irakurtzeko, zuzenak, gardenak, apainkeriarik gabekoak, baina mamiz kontakizun garratzak dira, izan.

Altxorra eta altximia, Txomin Peillen. Hordago. Ipuin beltz eta fantastikoren bilduma.

Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena, Bernardo Atxaga. Irun Hiria literatur sariak bilduma.

Psycho-killer, Xabier Montoia. Susa literatur zigilu berriaren lehen argitalpena.

Narrazti ozena, Pako Aristi. Azpeitiko Udala. Ramon Etxezarretaren sarrera. “Literaturaren eta hizkuntzaren indartze eta bizkortzeari ekin nahi izan diogu eta ekin diogu, maila apalenetik gainera: geure herri eta bere inguruetatik, handikerian erortzeko tentaziorik gabe, agian gure herritik kanpora atera gabe aurkitu baitezakegu kulturarik garrantzitsuena”.

Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa sortu zuen Azkoitiko Udalak bertako Kultur Elkartearen ekimenez Ipui Onak-en egilea jaio zeneko bigarren mendeurrenean. Zortzi lan aurkeztu ziren eta Maribel Mentxakak irabazi zuen lehen saria aurreneko deialdian Teilagorri, lizarraren herri magikoa izenekoarekin.