Cuentos incombustibles. Este es el libro quemado por el alcalde de Bilbao, Joseba Garaizar, Xabier Gereño, Augustin Zubikarai, Jose Luis Fernandez Orraita, Enriqueta Hortala, Luis Alberto Anton Gorbea, Igone Baraia-Etxaburu, Mendizabal’tar Basille, Bego Gezuraga. Colectivo Bilbao 1981 (Editorez, banatzailez, liburudendariz, herri elkartez, zinegotziz eta beste hainbatez osatutako batzordea). Bilboko Udalak ipuin lehiaketa bat sortzea erabaki zuen urte hartan, euskaraz eta gaztelaniaz. Alkateak, Jon Castañaresek, gaztelaniazko sailean epaimahaiak irabazletzat emandako lanean hitz zatarrak ageri zirela eta (joder, teta, puta), banatzeko prestatua zegoen ipuin onenen edizio osoa errarazi zuen Artigaseko erraustegian, bere talde politikoko zinegotzi guztien adostasunarekin (EAJ). “Gure hautesleek ez lukete horrelako libururik onartuko”. Antza, ez zituzten euskarazkoak irakurri (ene bularrak tente ipini dira / sexoa nola bustitzen zen…).
Bilbo irribarrez, Mikel Zarate. Bizkargi Argitaletxea. “Barreragile on bat izan nahi neuke, baina bide barriak urratuz. Izan ere, orain arteko idazle barreragileek baserritarren pasadizu barregarriak bakarrik idatzi izan ditue gehienbaten. Huritarrenik, kaletarrenik ez. Ta hutsune handi bat dago gure literaturan. Hutsune hori betetzeko asmoz, Euskal Herriko huribururik handiena aukeratu dot horretarako: Bilbo. Ta erdaldundurik dagoen gure Bilbo hau berreuskaldundurik ikusi dot gurari biziaren amets bultadaz”.
Ipuinak, Bitaño. Gero. “Denetik ibili naiz arnasa hartzen eta euskal iturri zaharretara ere jo dut batzutan eta sarri. Toki eta gai aldaketak ere egin ditut. Zehatz-mehatzeko esparruetan ibiltzeko loturazalea ez nauzu”.
Nafarroako Ezkurran, Gotzon Garate. Gero. Herri ipuin laburrak —pasadizo eta xelebrekeria—, egileak bere gisara moldatuak.
Gartzelako ateak, Maite Lazkano. Elkar. Maria Teresa Sesék bostehunen bat nobela argitaratu zituen 1940-1983 artean gaztelaniaz. “Nobela arroxa” edo “Emakumearen irakurgaiak” esan izan zaion generoa landu zuen, baina beti ere ukitu aurrerazalez, emakumearen duintasuna gogoan. Arrakasta handiko idazlea izan zen. Diktadura ondoan Maite Lazcano izenaz hasi zen sinatzen, amaren deitura harturik: idazle libre bat. Amak irakatsitako euskara landu eta euskal idazlea bihurtu zen, Maite Lazkano. Emakume ausartak eta librenahiak oparitu zizkigun.