1979

Lehortean, Gotzon Garate. Gero. “Gai guztietan zehar Gotzon Garatek badaki suspensea edo kuriositatea sortzen eta gutxien espero duzuenean ematen dizu kolpea,…

Lehortean, Gotzon Garate. Gero. “Gai guztietan zehar Gotzon Garatek badaki suspensea edo kuriositatea sortzen eta gutxien espero duzuenean ematen dizu kolpea, sorpresa ere, halanola Bidegurutzea-n edo Gizalegea-n. Badirudi topikoetan erortzen ari dela eta derrepente dena aldatzen da, horrela oso teknika klasikoak erabiltzen ditu, oso jakinak, baina oso efektiboak ere, irakurtzen jarraitzeko desioa mantentzen dizula inolako bilakuntza formalik edo esanahitsurik gabe. Beste batzutan, halaz ere, bilakuntza hori egin nahi du, baina ez du ezer aurkitzen, ez du ezer lortzen nere ustez. Gauza modernoagoak egin nahi ditu, literatura modernoa azken finean bere zentzu berezian ulertuta, baina produkto errena ateratzen zaio, zeren literatura ez da puzzle bat, bai jeroglifiko bat nahi baduzu, baina zerbait berriago egiteko ez da nahiko piezak idaztea eta gero erdi-anarkikoki montatzea (baietz esango didate DÁDAkoek, literatura elemento ludiko bezala etc., baina ez nago ados, hori da autorearentzako literatura, ez besteentzako egindakoa eta oso ondo dago lehenengo aldiz egiten denean, baina denbora pasatu da harrezkero). Dirudienez autorea konturatzen da bere forma klasikoaz idaztean, eta horregatik atera nahi du hortik, baina ez du nere ustez bidea aurkitu”. Mikel Hernandez Abaituak, 1981ean. // “Orain, berriro eskura dezakegularik, Gotzon Garate ipuingilea —idazle trebea eta interesgarria alor honetan— arrazoirik gabe baztertu samarra dela kontura gaitezke. Irakurleak ipuingintzaren maisu klasikoen oihartzunak topatuko ditu istorio hauetan, naturaltasun osoarekin asimilatutako tradizio baten ispilu. Ipuin gehienak errealismoaren esparruan eginda daude, eta askotan bizitzaren alderdirik mingots eta bortitzenak agertzen dira”. Javier Rojok, 2001ean egindako argitalpen berriaz.

12 nobela labur, Xabier Gereño. Egilea editore. Genero edo azpigenero beltzean abiatu zuen Gereñok ipuina, azalean “Euskara: lehen maila” zioen ohar nabarmenarekin.

Utopiaren fantasian, Mikel Zarate. Kriselu. “Milaka urte iraun duen Euskal Herri honek, zer nahi dela espero behar badu, ametsaren eskutik espero beharko du. Herri xipi bat gara, zapaldua. Erroak agirian ditugu; sustraiak intenperie latzanean, baina geure herriak badu arnas bat sakonetik, premiatik, iraun guratik datorkiona, eta arnas horren kategoriak ez dira agian arrazoinamentu otzarenak, bihotzkada ikaratuarenak baizik. Etorkizunarekiko hauzia, amets eta utopia bilakatzen ditugu, edo eta arrazoinik ez digute emanen, ez dugu ukanen. Mugak jarri behar dizkiogu Euskal Herriari, utopiaren muga ausartak. Borondatearen desmugak”. Luis Haranburu Altunak, sarreran.