Kotxearen mutur zorrotzak, ezpata biluzia, bitan moztutzen zuan airea, ez zuan aire izpirik bizitzen uzten, zuhaitz zekenak atzeraka fitean zokoratzen zituan, zerk aurrera zeramazkien ongi zekian, beti aurrera, aldapa hartan ohiturik zegoan bost hilabete azken haietan, beraz azeleradorearen eskeari ez zitzaion ukatzen, udazkeneko arbola horiak atzean utziaz, eta etxeak, eta bide bazterreko harri-mugak
«BILBAO 7» zion azkenekoak, segidan bidezabalera sartuko ziren, eta barnean zihoazten bi maite zituan, estudiante izandako gazteak, bost hilabete osoan alkar bizi baitziren, maiz bere sabelean lo egiten zuten, pena zuan bero gehiago eskeini ezinak bainan ez zioten inoiz arrenkuratu heure ondikoan, motil serioak, gazteak, bera ordea gazteago: bost hilabete eta aste bi besterik ez, bost hilabete gasolina ugari zupatuaz, eta aste bi beste jaun boteretsu baten zerbitzuan, ezin ezagutu
izan zuan jaunapean, garaje txukun batean beti garbi eta geldi eduki izan zuan mercedes bat alboan lagun zualarik eta mercedesenganako zeloak usteltzen hasi zitzaizkion sabelak gau hura —zorioneko gaua— heldu zen arte, eta harrezkero laisterka mardulak egin zituan lagun biri eskerrak, eskertu beharrean zegoan agerriz —eta azeleradoreari amor ematea manera onena— ezin ukatu, are eta gutxiago orain
BILBAO 6garren harri-muga atzean utzi zutenean, orain arraiki zeuden: aitzinerat motillek eta hirurok alkarrekin izaterik izanen baitzuten, Bilboko kale hertsi hartara iritsiko baitziren eta gibeletik zetozten motolari biak despistatuak gertatuko, Iucaniako idiak guri desafia!, motor zorrotzak, ezpata biluzia, bitan erdibanatzen zituan motoen esperantzak, ez zuan itxaropen izpirik bizitzen uzten zalaparta gorriak atzeraka fitean zokoratuaz, bazekian zerk zeramazkien aurrera. beti aurrera, aldapa hartan ohiturik zegoan eta, bost hilabete azkenetan eta azeleradorearen eskera ez zan ukatzen, gura baitzuan injustizia atzean uztea eta giza zanpazioa eta jenozidioa, eta
BILBAO 5 azkenekoak keinu egin zienean, barrenetik ateratzen ziren ahots biri hirugarrena egiten hasi zen “Aizak hi, kalean beldurrez hoan hori” benetan doinua maite zuan kotxe erreboltatuak zeren eta bizitzaren belozitatean zen ezkeroz motil bien kidetasunak amodioa zer zen irakatsi zion eta herriaren eskubideak nolakoak eta motolarien gorrotoa halaber zein handia, baldin eta bidezabalara heltzen baziren salbu zeudela bazekian eta hirugarren bozaren pentagrama arinak
aurrera bultzatzen zuan malda hartako labyrinthoan motilen zerbitzuan galbiderik egon ezin zitekean, bera ere pakearen ametsean militante, erruberak medio eta motor bi zaldikoa medio eta bederatzi zentanoko gasolina medio zirelarik, ez zuan atseden izanen bidezabalera iritsi arte eta
BILBAO 4 jartzen zuan harri-muga haren aginduan gatzazkoak kordokatuko ziren Lothen alabaren gisa gibeleko motolari biak, eta mutur zorrotzak, ezpata biluzia, bitan segatzen zituan bizitzaren hurko guztiak eta gezur menperatzailerik etzuan bizitzen uzten, eta aurreraka fitean ozenki zokoratzen status quo-ko maskara, beti aurrera, maldan behera ohiturik zegoan bost hilabete eta aste biko kotxea, “Gazte gera gazte” zioten oraingoan eta rythmuaren korapiloak askatzen zihoazkien, arras etenik, arras frenatu gabe goi-beheraka beldurgarri hartan, motuen zurrunkak etziren entzuten, benetan Athenesko korrikalaria zirudin
BILBAO 3ri errelebuz osasun suan pasatu zionean, eta harri-mugaren su biziak hozituko zuan ondorenetik pasatzen zen oro, eta motor zorrotzak, ezpata biluzia, askatasun bideak berdindu nahiean basamortuko baptistaren exenpluz atzeraka fitean ehorzten zuan konsumazioko gizartea eta bere ametsa: beste gizarte batera irixtera bide zabalera heltzen ziren bezain laister, eta orain sartzen ziren, orain, hiru burkideak, bide zabalera, injustiziaren zelaitik eta arrixkuaren ohianetik fabrika usai beltzera, izardi usai-harri hartara
BILBAO 2 pikotea iraganik eta nahiz eta barruko biak ixildu, motor zorrotza ez zan ixiltzen eta txoferrarekin ez zegoan ados irteera gabeko burrukan sarturik zeundela, opari hutsean, pentsatzen hasi zenean, eta ezetz esan zion: horlako zoroak behar zituala herriarenganako opariak eta beraiek aukeratu zuten zorotasuna herri hilaren azken karraxia zela ihardetsi zion, eta bere alboan zihoanarekin ezta ere, ez zegoan ados, eta ezetz esan zion: intelektual izaiteko ez zela sortu –beinepein bere eskolan ulertzen zuten maneran–, liburuak hartuko zituala, kale baztar hartan zilegitasunetik at zegoan kotxea lagatzen zutenean, eta ikasterik izanen zuala gordeta zegoan bitartean, bainan munduko ohoreak eta tituluak ez zirela beretzat, berak burruka intelektualizatu behar zuela eta motor zorrotza, ezpata biluzia haien serbitzurako izanen, eta “ataud” izaiten jarraituko zuan justiziaren zaintzeko eta zanpazioaren iraungiteko eta… Bilboko arnasaren bizkortzeko eta… motor zorrotzak ezpata biluzia, gazteen kontzientziaren aharra ito zuan eta
«BILBAO 1» kilometro… eta Bilbo… eta…