Nahi duenak galde dezake
zein den ohe azpian
ezkutaturik dagoena.
Nik ez dakidala esango diot.
Hi ibilian habil, hau da, bahoa oinez, jakina, eta uste gabean, hik eta nik ezer sumatu gabe, dragoi more bat dakusak txabola xaxtarretik ertetzen bere maskota txuria ondoan duela. Zer egingo huke euria hasiko dela jakingo bahu? Har ezak, har, harrapatzen duan lehena, eta eser hadi hankak luze-luze ditualarik. Baina pentsa ez hagoela bakarrik: hor duk dragoia so. Egarriz bahaiz, lasai, nik badut bi metro hari eta horrekin zerbait asmatuko diagu. Ez didak sinistuko baina urduri jartzen ari nauk. Euri tanta batzu hasiak dituk. Baliteke bihar ere oilaskoa jan beharra izatea. Ordea dragoia harrapatzen baduk nahiko janari gozo izango diagu. Nire albokoa lotara omen zeak eta, ez dik dragoia dastatzeko gogo gehiegirik izango. Ez dio ezer. Eskuan duanarekin zeozer egizak, eta oraintxe bertan altxa hadi, hor dihoakik eta dragoia lasterka arnasa hartu ezinik eta txistua dariola bere maskota txuria atzetik lehertu beharrean… lehertu delarik. Bakarrik sentitzen bahaiz nire aldamenekoa esnatu eta bidaliko diat. Ni ondo natxegok nagoen tokian.
* * *
Hi bahoa eta bat-batean galduta habilela konturatzen haiz. Baina, to!, ez hadi horrela jarri, lasai moteil, serio xamar jokatu behar diagu. Hemen naukak. Ez al duk hala? Ea ba, orain behintzat lasaitu haiz. Ken itzak oinetakoak estuegi badauzkak, eta jarrai ezak hanka hutsik, nahiz eta euria ari. Hori ez duk ezer. Jo eskubira hiru pauso eman ondoren, ez oso luzeak ordea. Kontuz zuhaitz horrekin, ez duk eta hi hortik hoalako paretik kenduko. Nekatu al haiz? Benetan, txepela haiz. Hire amak arrazoi zian jateko lata hura ematen zianean. Merezia duk orain gertatzen ari zaiana. Onena etzatea duk, edozein tokitan, bai. Eta lo egizak. Ondoloin.
* * *
Hik duk loa sakona. Esna hadi. Ez haiz ba hilda egongo? Horixe bakarrik behar diagu. Hi, mugitu hadi! Hemen ari nauk azkeneko bost minutu hauetan belarrondoan irrintzika. Une guztietan antzematen zaik egoskorra haizela. Hire gurasoak ez dituk ba horrelakoak. Genek ere ez diate beti bere lana ondo betetzen, erru teknikoak dituk horiek. Baina hala ere, baduk esnatzeko garaia, esnatu behar haiz. Esnatu haiz. Ba al dakik zer ordu den? Ai, barka, ahaztu egin zaidak ez duala erlojua atzematen. Dena dela, berandu duk. Goazen. Mesedez, orain ez hadi lora biltzen hasi. Ez niake esango umea ez haizenik. Isilik, eta malko hoiek igurtzi itzak. Baina ez esku zikin horiekin, ederra jartzen ari haiz ba! Emaidak eskua eta goazen.
* * *
Ixo, ixo. Isilik egon hadi! Ez al duk aditzen? Eman egingo diat, e!, belarrondoan. Orduan izango duk negar egiteko aitzakia. Eman egingo diadala! Txepel hutsa. Etorri. Erakutsi. Non duk mina? Belaunean, beti bezala. Galtza haziko diat. Ez beldurtu, ez haut ikutuko (ez haiz hain irresistiblea). Hanka moztea merezi huke. Odo! tanta bat ikusi orduko destitxa bizian jartzen haiz. Lasaitu beharko haiz. Ez duk %1ik ere galdu. Besterik ez bada ere neurea eskeiniko diat. Ez daukak eskuzabala ez naizela esaterik. Gainera odola ondasun oso pribatua duk. Odol kontutan ez zegok hasera batean pribatu-komunal bereizterik. Behin eman ezkero, bai, orduan edozeinen eskuetan zegok, hobeto esan, odol behartsuen eskuetan, eta gero zainetan. Eta orain hik odola nahi, odola behar al duk?, behar-beharrezkoa al zaik?, ala umekeriazko kutizi txotxolo bat bete-betean besterik ez duk? Dokumentatu beharra daukak. Egunero odol emaile bila zebiltzatek. Odola ez zegok urri, bakoitzak behar adina dik, baina istripua gertatutakoan, nora joaten dituk odol pila horiek? Odol emaile elkartera idatz ezak eta jakin mina aseko duk. Gainera (eta beraz puntu bat nire alde), hik, ni baino potoloagoa hagoenez, nik baino odol gehiago duk. Ez hadi kejatu.
* * *
Nola liteke. Ez atzera eta ez aurrera. Erabakia har ezak eta hori bete. Eta mesedez alferrikako parre inuxente hori ezaba, eskumuturrarekin besterik ez bada, musuzapirik, ohi bezala, ez baituk izango. Esan ba hartzeko, baina ez, hala ere heurearekin jarraitu behar. Hurrengoan serbileta bat lepotik txintxilikatuko diat patrikaraino iristen delarik. Gainera, bazpare, hire inizialak bordatuko dizkiagu, ondo ikusteko modukoak. Galdu zaiala esateko aitzakiarik ez duk izango. Dena kalkulatuta zeukat. Astean bitan aldatuko diat, zeharo zikindu baino lehen, labadora jartzen den egunetan, aprobetxatuz. Hirekin horrelakoa izan beharra zegok. Orain arte nahikoa eta gehiegi ikusi izan diat, lanak eman izan dizkidak, eta dena poltxikoan musuzapi bat ez emateagatik. Txorakeri bat zeharoko nahasgarri bilakatua. Ez didak sinistuko baina gorriak eta bi ikusi dizkiat benetan: nahi eta ezin, ondo ikusi nahi eta ezin ikusi. Momentuan egin beharrekoa esaten ez bazaik galdu egiten haiz. Gidoitxo bat beharrezkoa duk, zuzen joateko lain, baina hortik aurrera inprobisatzea derrigorrezkoa zaiguk. Hik dena jakin behar duk: noiz zer egin eta nola, bestela, adios, hireak egin dik. Apunteak aterako dizkiat eguneroko programa zehatz-mehatz adieraziz. Sekretaritzarako balioko ahal diat.
* * *
Behin baino gehiagotan esan diat horrela jarraitzen baduk ez haizela hik uste bezain urrutira joango. Joateak ez dik iristea esan nahi. Bestela…, hiri ari nauk, e?…, begira ezak hor, pixkat aurreraxeago. Ikusten al duk? Ulertzeko modukoa hori duk, adibide jatorra, xinplea, eta urdina ez bada ere, bai emankorra. Zulo hori ez duk zulo hutsa, baliteke armamentua gorderik izatea. Eta erruduna heu ez izan arren (ni naizelako), bihar edo geroxeago aurkitu haiteke oso atsegina ez den tokiren batean. Zer toki galdetzen al didak? Ba, mahai azpian, lurrean, kajoiren batetan, lur artean. Hala ere, komenigarriena eta errazena zera iruditzen zaidak, zuloa betetzea. Ala ez? Zerez ez zekiat. Urez egitea pentsatzen baduk kontuak atera: igerian ba al dakit, itsasontzirik ba al dut, wingsurfeko ikastarora agertu al nintzen… Itsasontziz iragaiteko asmoa badaukak, aurretik jakinarazi iezadak, nire ilusioetan bat itsasontziz ibiltzea litzateke.
* * *
Ea ba. Oraingoan errekorra gainditu beharrean haiz, baldin eta nire kontsejuak hitzez hitz jarraitzen badituk. Eta ez duk hain zaila. Borondate pixkat jarri ezkero bale. Baldin eta nire kontsejuak probetxuzkoak badira. Zalantzarik ez. Hik nire agindua bete, mesedegarria izango duk eta. Garaile aterako haiz. Indarra besterik ez duk. Ziurtasuna hire aldetik zegok. Saiatu moteil, eta kopa geurea diagu. Pareta limiteraino jasoko diagu, horrela izanik ere errez gurutzatuko duk. Zerua bertan izan arren lurrari lotua sentituko haiz. Irabazle bihurturik lurra heurea duk, jaun eta jabe bihurtuko haiz. Adorazioa eskatzeko eskubidean aurkiturik, adorazioa eskatuko duk. Jendea inguruan belaunikatuko zaik, oinak musukatuko dizkiate. Eszitatua sentituko haiz, gizon guztiz ahalduna, emakume aztoratzaile, umeen idolo, alaben aita eta semeen aurkako. Eleizak bedeinkazioa isuriko dik. Aldareetara igoko haute. Hire aurpegia estanpa eta eskapulario guztietan inprimatuko diate. Nire etxeko enpapelatuko dibujoa izango haiz. Bitartean, panazko tronu loratuan eseririk Jangoikoa gurtuko duk beraren ordez heu izendatzea eskatuz.
* * *
Ez diat ulertzen nola litekeen aterki kolore hori erosi. Bazakiat, ondo zatorkiek hire galtza moderno txiki horiei. Baina egia esan, konjunto osoa nahiko nahasgarria gertatzen duk, abstrakto tankera hartzen dik, eta abstrakto interpretagaitza gainera. Sinbologia arruntaren bidetik abiatuta ez zegok urrutira iristerik haiek eta abiadura haundia, hau da, soinuaren abiadura gailentzen ez den bitartean. Eta noski, oraindik ez ditek horrelako tresna interpretatzaile bizkorrik asmatu. Alor honetan behe erdi aroan gitxeudek, edo aurrehistorian. Momentuz presarik ez dugunez, sinbologia arrunta jarraitzen diagu inora ez heltzeko, erosoena horixe duk, edo ohean etzanik egotea ametsetan, esna edo lo, berdin dik.
Lotan ere, ametsetan esan nahi diat noski, koloreek bere garrantzia ditek, ez konbinatze kontutan. Eta hala izatekotan, mantarekin, pijamarekin edo pareteko enpapelatuarekin konbinatu beharko ditek. Horrela lortuko duk ametsa garbia eta adierazgarria izatea. Horrela oreka nagusira iritsiko haiz. Oreka hori duk bizitzaren helburua, edo eroso bizitzeko erarik egokiena, edo helburu erosoena.
Dena dela, hire konbinaketako koloreek elkar gorroto ditek.
* * *
Begira zerurari. Hori duk bai, ekaitza zetorrek. Laino horiek ilunegiak dituk. Eta ez nauk ari kolore iluna atsegina ez zaidalako. Ordea, iluntasunari beti edo gehienetan usain txarra zeriok, herstura usaina, berotasun artifizial bat, kalefazioarena bezelakoxea. Hala ere, hirekin bat natorrek trumoiari zerbait musikala antzematean. Ez dik dantzara bultzatzen, behintzat… Hik ba al dakik nola dantzatzen den trumoi dantza? Beldurrezko anbientazioa lortzeko osagai garrantzitsuenetako bat omen duk, musika ordez sarritan erabili izana. Eta trumoia, ez zinekoa, benetakoa, ez ote duk izango artistaren batek erabiltzen duen baliabide bat, hau da, historia unibertsaleko eszena konkretu bat sortzeko baliagarria? Jende askok bizi egiten dik eszena hori bildurtzeraino iritsiz, dena sinisten ditek. Baina hori ez duk kontua, fikzioa besterik ez izateak ukapena eskatzen dik. Eta gehienez joko horretan parte hartzea besterik gabe. Hemen kontzientziatu beharra zagok: parte hartu ala ez hartu, baldintzak kontuan izanik, irabazi ala galdu egingo dela pentsatuz. Eta galdu ezkero berriz, joko bat besterik ez zuan, beraz, ez zagok ezer galtzekorik. Bizia bera ez bada behintzat.
Ekaitza datorrela esan didak, baina ez duala asmatu iruditzen zaidak. Elurra hasten dik.
* * *
Tetxuan dauden zulo horiek ez dituk ba hik egindakoak izango? Ez ezak alde egin. Hiri ari nauk, hemen beste inor ez zagok. Bazakiat ni hemen nagoela, baina ni ez nauk horretan jardun, bestela zer inozokeriatan ari nauk hiri galdezka. Gatozen berriro harira, ez nauk nahastuko. Hik egin al dituk tetxuko zulo horiek? Ez duk erantzun beharrik, errudun aurpegian errez irakurtzen zaik “Ni izan naiz”. Ez haiz ukatzera ausartuko. Nola liteke!, laga ezkero mundu osoa zulatuko huke. Eskerrak beste eginkizunetan entretenitzen haudan. Hire joera hau nahiko destruktiboa duk, ez iruditzen? Akaso gauzak neurriz kanpo ateratzen ari nauk, baina hire aurpegian ez diat damurik ikusten. Dena dela, barkatzen diat. Mundu honetan zerbait egin behar diagu denbora igarotzeko, ona edo txarra, konstruktiboa edo instruktiboa. Ez diat uste intentzio txarrik duanik. Ez diat ulertzen tetxuraino nola iritsi haizen eta noiz egin dituan lantegi horiek, ez haut behinere bakarrik uzten. Berdin duk, misterioa misterio. Oso forma arraroa dik hango zuloak. Beste honek berriz, nire amaren antza dik. Lagunduko diat beste bat egiten.
* * *
Etzak ba pentsa. Ez niake arrazoi osoa emango. Baliteke, baina ez, hori ez duk erabat horrela. Alde batetik bai, pixkat bai, ondo diok. Ordea, bestaldetik begiratuta, azpikaldetik, gauzak ez dituk horrela. Gaizki habil. Azpikaldea beti azpiko aldean zagok, hau da, ez gaineko aldean. Esan nahi diadana, ezkutuko alderdia beti ilunagoa eta zikinagoa dela duk, haustu egiten dela, inork ez duela kontuan edukitzen, zaborra besterik ez zaiola pilatzen, urtean behin bakarrik arrastada bat ematen zaiola etxeko garbiketa garaian, herriko jaien aurretik, gonbidatuak etortzen baitira etxera, lo eta dena egitera noski, jai horiek igarotzeko, eta ondo igarotzeko gainera. Horregatik edozer gauza, edo edozein, atzekoz aurrera jartzen denean, igar litekek baduela zati bat hain ezaguna ez dena, inoiz ikusi, ikutu edo aditu ez duguna, nahiz eta jakin izan hor zegoela eta ez zela hain garbia egongo, gure eskuetan ibili gabea zenez. Ilargiaren aurpegi ezkutuari buruz sekula ezer ez huen, ez, entzungo. Nik esan diadanaren laburpen bat besterik ez duk, trinko eta labur adierazteko era erosoa, ulergarria gainera. Meritu handia dik gauzak hitz gutxitan adierazteak entzute hutsa gerta ez dadin, ulerraraztea duk helburua, kaskezurrean sartzea eta grabatzea ahal bada, ez aditu eta bertan ahaztea; behintzat une batzuetan irautea, ez gehiago, eta ez, jakina, gutxiago ere, bestela dena alferrikako lana izango lukek.
* * *
Ez ote diagu ba ezer probetxuzkorik aterako? Hainbeste denbora igaro, pasa edo galdu diagu, nik batez ere, ezer ez lortzeko. Merkea zegok ba denbora. Gauza guztiak bezala, gora zihoak. Galde iezaiok gaurko langile bati eta orain dela berrogei urteko beste bati. Etzak bestela alferrikako eginkizunik har. Edozeinek argituko dik problema korapilotsu hori. Neuk ere bai. Eta zer esanik ez «orrialde horiek». Aspaldiko honetan ez habil oso jakintsu. Zer gertatzen zaik? Maitasuna. Maitemindurik hago, ikusi besterik ez zagok. Hauxe duk ba grabea. Bizitza honetan maitemintzea duk azkena. Edozer gauza bale, baina maitemintzea…! Ulertezina. Eta hi! Egunetik egunera ustegabekoren bat ematen didak, gainera nik ezer eskatu gabe. Beraz, ez duk nire errua, nik hortan zerikusirik ez zaukaat. Dena heure kontua duk, eta ez gutxi ere, alajaina! Maitemintzea ere merkea zegok ba. Izan ere, aurreratzeko joerarik ez duk, ez duk ulertzen diruaren balioa, zertarako balio duen. Erabili bai, erabiltzen duk, baina automatikoki, zertan ari haizen pentsatu gabe. Horixe duk alferrikako lanetan ibiltzea.
* * *
Mendeetan zehar kaputxinoen baseliza ez hain basatiak hor iraun dik zutik, tximista desbideratu eta errespetu gabeak erdi-erditik ebakitzea erabaki zuen arte. Lantegi onak egin zizkian. Atzekaldeko santokristoa ere ez huen zutik gelditu, belaunikatu egin zuan zerutik zetorren indar-argia gurtzera, ez zedila munduaren bukaerako eguna izan eskatzeko, konfesatu eta jauna hartu gabe harrapatzen zuela eta. Badirudi eskaera ondo aditu eta berrikusi ondoren baimendua izan zela, artean egun ospetsu hori atzeratzeko eta honen berri aurrerantzean emateko erabakia gertatuz. Bienbitartean, tximista lotsagabearen eraginez kanpandorreko kanpaia mugitu eta dilindalan jotzen hasi zuan irmo eta ozenki. Helburua herriko jendea, udalgizonak barne, arreta lortuz, erakartzea zen. Bigarren intentziorik gabe. Eta berengandik laguntza apala lortzea. Berehala, eguneroko eginbeharrak zeuden bezala utzi eta han agertu hituen ahalmen urriak eskeintzeko asmoz. Hamarren bat besterik ez zirenez, kaputxinoen burua jende multzoaren aurrean eta gainetik azaldu zuan. Bere hitzak neurtuz eskerrak eta onespena eman zizkien atsedenalditxo batera gonbidatuz.
Kanpaiak, berriz, dilindalanka jarraituko dik mendeetan zehar azken egun hori iritsi arte.
* * *
Sinesten diat, bai, ilunpetan ikustea zail xamarra izango duala. Neu ere, pentsa, ez nauk horretarako gauza. Ba, iluna dagoelako, eta iluna dagoenez piztu ezak argia. Botoi bati sakatzea besterik ez duk. Arrazoi guztia duk bai, argindarra zeharo garestia zagok. Eta are okerrago, arazo hau garbi-garbi geldi dadin, garestitzera doala jakinarazten diat, gaurko egunkariak zakarrek lehenengo orrialdean, ez duk nire asmakizuna. Ziurrago geratzearren Iberdueroren bulegoetara zuzen haiteke. Irtenbide merkeago bat (eta arkaikoagoa ere bai) bururatu zaidak. Baliteke erosoegia ere ez izatea. Hemen zihoak errezeta: beharrezko lehengaiak pospolo kaxja eta bi pertsona dituk. Kantitateak erosotasunarekin proportzioan zeudek (pertsona eta pospoloen ugaritzea, erosotasunaren ugaritzea). 1. pertsonak piztuko dik lehenengo pospoloa, honela argitasuna lortuz. Itzali baino segundo bat lehenago 2. pertsonak berea piztuko dik 1. pertsonaren suaz. Era honetara iluntasunik gabeko argitasuna lortuko duk. Metodo hau merkeagotzeko segundo hori ahal den guztia jeistera iritsi beharko da. Orain, esan beharra zegok epe luzera argindarra baino garestiago irtetzen dela. Onena, gaua denez, eta beldurrik ez izateko, aurreko bonbila piztea duk, eta lo lasai egitea.
* * *
Luzeegia iruditu zaidak txakurraren zaunkada, ez denboraren dimentsioan, lekuaren dimentsioan. Bazakiat hau ez dela oso enpirikoa. Hala ere hik lojikoa dela esango huke. Batzuetan ez haut ezagutzen, idealismotik enpirismora konturatu gabe, ni konturatuta, igarotzen haiz. Gauzak horrela balira bezala, gauza guztiak argitzea erraza balitz bezala. Esadak, nola erakutsiko hidakek haserretzen haizenean haserretu haizela. Garbi zagok bai, baina… eta nik ez badiat ulertzen? Eta ulertu arren gezurra esaten badiat?, hau da, ez naizela hori ulertzera iristen. Ez hidakek sinistuko. Ordea, zertan oinarritzen haiz batzuetan sinisteko eta bestetan ez? Entziklopedia osoa irakurria egongo haiz, baina honetaz ez dik jarduten. Baliteke inkognita bakarreko ekuazioa planteaturik irtenbidea lortzea. Bilatzen denari ekis deitu beharko diok, ez duk zaila. Eta bukaeraraino sinplifikatu ezkero berez irtengo zaik soluzioa. Konputadora bat, horretarako programatua, eskuratzen baduk, gauzak ia azkeneraino erraztuko zaizkik. Beraz, eskuetan duk ni menperatzeko bidea (ezagutu ondoren, menperatzea errezena omen duk). Metodo hori gaizki erabiltzen baduk txarrerako, nahiz heuretzat onerako izan, kalteak izugarriak izango dituk gizartearentzat, humanitate osoak jasan beharko ditik hire indar neurgabearen ondorioak. Guztiaren jabe izango haiz, mugagabearen jabe. Ez zagok kuidorik hirekin.
* * *
Hire handi uste horrek behin baino gehiagotan zaurituko hinduan. Gehiegi baloratu eta baloratzen duk heure burua. Makurtuta ibili arren, lehenengo hitzak salatzen hau. Zerbait esaten duk beste munduko gauza delakoan, eta larria sartzen zaidak. Benetan. Ondoezik egoten nauk, hitz jakintsu horiek ahaztu arte. Zergatik azaldu nahi huke intelijentetzat inuxente hutsa besterik ez bahaiz, eta ezertarako gai ez izanik? Hori hipokrita izatea duk. Hire jokaerak ez dik inor engainatzen, ez ni behintzat, eta ez diat uste besteak hi bezalakoak direnik, ondo geundeke hala balitz! Eta baliteke hala izatea. Denak hipokrita, inuxente eta ezjakinak dituk, eta denak batak besteekin engainaturik bizi dituk (heu ere denen multzoan kokatzen haut). Horrela armonia unibertsalera (?) iritsiz. Azkenean (eta beti bezala), arrazoia izango ote duk? Bai, metodo bat da, denok bat zorionerako bidean, nahiz eta bide hori nahiko eztabaidagarria izan idealista, erromantiko, egiazale batentzat. Askotan el objetivo justifica los medios esaten ditek, baina helburu hori ez diat sekula lortua ikusi. Ez habilela oso urruti usteko duk, ez haizela behinere ailegatuko esango diat. Kontra egiteagatik jarraitzea pentsatu ezkero, heuk ikusi. Behin baino gehiagotan ibili izan haiz niri eskua emanda, eta gainera, umetasun erasoaldi batean, lorak bildu nahirik beste inork zapaldu aurretik. Mixerikordiaz bizitzeko modukoa haiz.
* * *
Non sartu haiz? Ez haut ikusten. Ez diat hire arrastorik bilatzen. Nahi izan ezkero badakik gauzak ondo egiten. Ez hadi bildurtu. Hemen ni bakarrik aurkitzen nauk. Bueno, kaiolako arraina kontuan hartzen ez badiagu. Eta nirekin ez bahaiz bildurtzen, zeinekin?, arrainarekin? Ba ez duk arrazoirik. Niere hitzak heltzen zaizkik, ezta? Orduan ez hago hain urruti. Ilunpetan hagoela bazakiat, iluna duk toki hori. Eta itxia edo estua. lmajinazio pixkatekin izarrak ikusiko dituk. Izar pila bat. Oraintxe, denak gorriak. Hurrena, denak orlegiak. Ez duk izarrik ikusi nahi, baina ez ditek alde egiten. Tartean marra bat ageri duk, ez zuzena, bi izar multzo bereiziz. Orain erratz batek dena garbitu dik. Iluntasuna are ilunagoa bihurtu duk. Behatz bat marratzen zihoak, behatz distiratsua. Eta eraztuna zeramak, jaiotzerakoan erregalatutakoa omen. Esku osoa nabarmentzen. Sendoa zirudik. Hel iezaiok, berak kanporaino zuzenduko hau. Bitartean nik arraina kaiola eta guzti lurrazpiratuko diat, aurkitzeko modurik gabe. Ea, irten! Ez al haiz gogoratzen: ilunpeak izutu egiten hau.
* * *
Ez zaidak iruditzen hire hanka eskuineko hori ezkerraldean jarri arren kontuak asko aldatuko direnik. Ez duk aldaketa handia. Bi hankak berdinak dituk gutxi gorabehera. Proba egizak. Hasieran arraro samarra gertatuko zaik, baina berehalaxe ohituko haiz. Pixkat saiatu ezkero berriz, momentu bateko arazoa huke. Gainera, horrela soldaduzkatik libratuko hindukek, hori ere bere aldera duk. Pixkanaka-pixkanaka konturatuko haiz egoera berri honetan aukera gehiago dituala eskueran. Haseran gauzak ez zirela aldatuko, ez asko, nioan, baina orain neu ere aldatu egin nauk (ez hanka bat bestearen ordez jartzeagatik). Arrazoiak begi bistakoak dituk: hobeto moldatzen bahaiz baliteke nire beharrik ez izatea oraingoz. Oporrak hartuko ditiat, astebetekoak, edo bizitza osorakoak. Mundua nire hotel pribatu bihurtuko diat, ez nauk lanean behartuko, ez nekatuko. Ohean gosaldu nahi nikek, izarrei begira lo egin, ametsetan maitatu, jan ugari, gizendu bildurrik gabe, eta edan are gehiago. Hotel guztia, oso-osorik, ezagutuko diat, eta berak ni noski. Mito bilakatuko nauk. Nire morroi izan nahi al huke?
* * *
Mesedez, isilik egon hadi. Ez al duk ikusten ez haizela batere ederra, ez eta ere atsegina? Hire aurpegia eta gorputza ezin ditiat begi onez ikusi. Ez haiz desiragarria. Ezpainak mehegiak dituk, behar bezala dasta ezinezkoak, bila ibili eta ezin aurkitu. Hortzak nolabait eta noizean behin agertzen dituk. Begiak, txikiegiak. Bizkarra, estuegia. Bizarra, luzeegia. Eskuak, maitagarriegiak. Hire tasun guztiek -egi atzizkia zaramatek. Gehiegi haiz. Ama zenak ezagutu bahindu… Eskerrak hi jaiotzerakoan hil zela. Ez zian gusto ederra, hala eta guztiz ere… nahiko aldrebesa bazen, bai. Koloreak konbinatzen sumatzen huan garbi haren gusto kaxkarra. Nola liteke gorria eta horia batera jarri? Umetan ziur hengoen galtza kuadratu haiek jantzirik polit emango hukela, minimora iritsiko hintzela. Baina orain, praka haiek txikiegi egin zaizkianean, badakik beti berdina izango haizela, begi txikiegiak ez direla handituko, eskuek maitagarriegi iraungo dutela, eta nik hire behatzak topatuko ditudala nire begietan (begi lausoegietan).
* * *
Pentsatu egingo duk gainera erraza dela lo egitea euli bat, bat bakarra, belarri ondoan jira eta buelta ari denean, logelan beste tokirik ez balego bezala. Tokia egon, bazagok. Dimentsio bakoitzeko lau metro baditik. Egia esan ez nauk oso ona kalkuloak egiten. Kubo forma pixkat badik. Ez duk etxe berria, zaharra ere ez. Dena dela, nik uste diat eulia eta biok nahiko lasai sartzen garela gela honetan, bata bestearen gainean ibili gabe. Laburtuz, eta pazientzia galdu gabe: euli zikin hori begien aurretik joan dadila, akabatzera ausartu baino lehen. Eta hik gero esan egingo didak ez dela horrela jartzeko modukoa, esajerada, asegaitz eta nirekoia naizela, bakoitzari mundu hontan bere tokia dagokiola, eta euli gizen horri nire gainean ibiltzea tokatuko zitzaiola, bakoitzak bere puestoa duela eta hori aldatu ezkero oreka ekologikoa hautsiko litzatekeela biotopoa aldatuz eta horrela unibertso osoaren etorkizuna aldatuz. Eta arrazoi duala iruditzen zaidak.
* * *
Hik uste duan hori, joan handik aurrera eta ibilian aurkituko duk: lore hostro bikaina. Baina bere luzera zoragarria motzegi iruditu arren, pentsa ezak aurpegi zurbila nirea bezalakoa dela eta heuk ezin hezakeala ezer bakean utzi, maitasuna mingarria baituk alboan ama ezetz eta ezetz betiko esperientziaren ezagupenaz mintzatzen zaianean, ezin utziz joan zaion umekeria edo aro desiragarri eta ohoretsua. Behin betikoz ezagutu duk hire eta neure artean dagoen sumendi estua, ez jakin arren heure arreba ni baino zatarragoa dela senargaiak eraztun garestia erregalatu diolako, eta hik musu lehor bat besterik ez didaalako eman. Eta gezurretan ari nauk, begiratu ere ez baitidak egin. Hire gorputzak ez dik xemeikorik balio, hanka horiek zuzendu beharra zaukatek. Hik ez dakik zer den gorputz desiragarria izatea. Neuk zaukaat gorputz hori, eta hirea desiratzen diat, ez haizelako lurrean dagoen papel zikina bezain dotorea, eta urak ibaian daraman boteila haustera dihoalako. Hik ez duk uste zeharka dabilen txoria luma gorriz jantzia dagoenik zerraldo erori baino lehen. Baina ni, hegan ez dakidalako, ez nauk hiregana behar adina hurbiltzen ausartzen, besarkatzeko gogoa sentitu arren, hire bizar ugariak laztantzeko premia poltsikoan galdu edo ezkutatu dudalako.