Sargoria

Hunik arrats artean, 1970

Aitonaren hortzak beztuta daude. “Piorrea dauka” esan zuen behin amak. Andoniri galdetu behar diot zer den piorrea.

Aitona hur bila joan denean alpargatak busti ditu, eta su ondoan jarri nahiko ditu, beti bezala, besorik ez duen egur landuaz egindako aulki zaharraren gainean. Eskuak usaitu eta ihurtzi ondoren, ganbarara igoko da akuilu baten diametroa daukan aterkiaren bila. Babarrun zuritu gabeak hartu eta balkoira aterako ditu, aterkia zabalik utziko, babarrunak eguzkiaren beroz gehiegi lehor ez ditezen.

Hauxe da unea. Atea irikiko dut ixil-ixilik, eskailerak jetxiko eta Andonirengana ibaira joanen.

Eguzkia oraintxe etzan da zelaian basoaren adar eta ostroen sabaia emeki-emeki hausi ondoren. Gero hementxe etzanen gera gu ere, Andoni eta ni, alegia, gure gorputz bilutsiak lehortu arte.

— Andoni, zer da piorrea?

Gaur urak ez du Andoniren biluts zuria bustitzen. Ibaiak aintzira bat dirudi. Irribarrez dago ur geldiaren bakea Andoniren gorputz bilutsiaren inguruan. Gaztetxoen lehendabiziko muxua dirudi: batetik, muxuaren beharra nabaritzen dute, baina, bestetik, ikaragarrizko beldurra diote.

Nere jantziak Andonirenen aldamenean utzi ditut eta harri txiki bat ipini dut gainean. Beldur diot gaur izanen dugun ekaitzari eta haizeari. Geldiune hauek beti ekarri ohi dute hego haizea edo itsas ekaitza.

— Zelan deitzen zaio geldiune huni, Andoni?

Ama etxeratu baino lehen alde egin behar dut. Ordu hauetan haurtxo batek baino muki gehiago jasoa izanen da.

Bai, sargoria. Aitonak askotan erabiltzen duen hitza. Esaera zahar bat ere entzun ohi izan diot sarritan: “Anima-sargoiak deabrua inguruan.”

Ama orain sendagailearen etxea garbitzen egonen da. Aspaldi huntan ez nau eramaten. Sendagaileak zelan ordaintzen dion jakinen ez banu bezala.

Nesken artean zenbaiterainoko irrikak sortu ote ditu Andoniren gorputz zuri horrek? Eta ni ere, huretan murgiltzean, bere gorputza mirestera inguratuko natzaio.

— Hotz al dago?

Alferrikako galdera egin diote eta berak ere badaki hainbeste. Erantzuna irribar batean gelditu da eta “Hator lehenbailehen” esan dit. Hondarra kixkalduta dago. Gaur ibaiaren beste ertzeraino joan behar dut. Andoni lagun dudala, noski, ni bakarrik ez bainaiz ausartzen. Zuhaitzetara igoko gera eta kabiak aurkitzen saiatuko. Joan zen asteko txoriak hogei duroz ordaindu zizkidaten. Alkatearen loretegian kabi bat dago eta, jakin dudanez, datorren astean argiaren ez dakit zer auzi zuzentzera joan behar omen du hirira. Andonik biharko zihur jakinen du alkateak noiz alde egin behar duen, bere aita baserritarren alderdiko edila baita. Kabia lapurtuko dugu berak alde wgin bezain laster eta txorikumeak haziko ditugu handiak direnean txori-merkatariari saltzeko.

Ura epela dago. Aurten udara udazkenari egunak kentzen ari da eta udazkenak neguari kentzen badizkio, negua urtearen hasieratik martxoa amaitzeraino luzatuko da eta nik hamalau urte betetzen ditudanean, elurra izanen dugu eta itsasoan erabiltzen dugun txapaz jetxiko naiz Andoniren baserritik nere etxeraino. Andoniren baserrira aginduak egitera joan behar dudanean, tipulak erostera adibidez, handik txaparekin jetxiko naiz, baina hortarako, txapari atzean plastikozko zorro bat erantsiko diot tipulak barruan ekartzeko. Gaztainak eta intxaurrak ere bai.

— Gaur txoriak ez dituk bere kabietatik irtenen.

Ahoa urez beteta zeukala hitzegin du eta bere aboza barrika baten barruan egindako oihuaren hotsa iruditu zait.

Txoriak beldur diote beroari, noski. Sargoi dago eta “Anima-sargoiak deabrua inguruan.” Beldur diote. Gaztetxoek muxuari bezala. Aitonak esaten duenez, gauza txarra da garai hauetan zeruan txoririk ikusten ez denean.

Iparrekoa hasi da. Ura geldirik dago baina hondarrak jolasa nahi duela dirudi. Hodei beltzak datoz iparretik.

— Gauerako ekaitza izanen diagu.

Zer pentsatuko ote luke aitonak ni hemen bilutsik ikustean? Hasieran, lotsa ematen zidan Andoniri begiratze hutsak, baina orain ohitu egin naiz. Gauean oheratzean, kolunpioan nabaritzen den bezalako daldar goxoa nabaritzen dut gerritik hasi eta belaunetaraino. Aitonak ez ditu gauza hauek ulertzen baina amak bai, amak ondo ulertzen ditu. Horregatikantxe joaten da sendagailearen etxera. Eta ulertzen baditu, zergatik ez nau eramaten?

— Aitonak baratzara joan behar du eta geldi zaitez etxea zaintzen.

Harrezkeroztik ez nau berarekin eraman.

— Andoni…

— Zer?

— Ezerrez.

Ez ote naiz piorrea zer den galdetzera ausartuko? Lehen ere galdetu diot baina ez dit erantzun.

— Andoni…

— Zer nahi duk?

— Zer da… piorrea?

— Hortzetako gaitz bat.

— Beste ezerrez?

Beldur nintzen. Asko maite dut aitona eta ez diot ezer txarrik desiratzen. Piorrea ilea erortzearen antzeko gaitz bat zelakoan nengoen.

— Eta ilea erortzen denean?

— Batzuetan sifilisaren seinalea. Bestetan, zahartzaroarena.

Euriaren hotsa kristaletan entzutea da hunelako gauetan gehienbat atsegin dudana. Gaur gogotik ari du. Bihar aitonaren aterki handia eraman beharko dut ikastolara eta lotsatu eginen naiz. Azkeneko aldiz euria egin zuenean Andonik “Noren sotanaz egindako aterkia duk hori?” galdetu zidan eta lagun guztiek barre egin zuten. Zergatik ote zen? Behin, neskak desiratzen egoten direla esan zuenean bezala. Zer desiratzen ote dute? Harrokeria handia iruditzen zait Andoni bere gorputzaz jardutea.