Sarako mendietan

Gure Herria, 1933

Behin batez, gauaz, Añatarbeko zokotik Sara alderat
bazoatzin bizpahiru gizon zakuz eta untziz kargaturik.
Urrundik eldu ziren, arras urrundik. Bat-batean gauaren erdian
aditzen dute oilarraren kantua. Gelditzen dire gure gizonak.
Hasten da batto ziztuka…
Berriz hiru aldiz ematen diote erreposta oilarraren kantuak.
— Errak, to, Pele, ez duk hori gure Ganesen kantua?
— Nik uste, Panpi!
— Hobeko diagu Leze aldetik goan.
Orduan berean ateratzen zaizkote bi guarda sasi zoko batetik.
— Halte!
Abiatzen dire mendia beheiti hiru gizonak, lasterka, eta
guardak ondotik.
— Mugi, mugi Sahiberri alderat.
— Sarri arte!
Zer gizon zalua! Guarda ere hala zen.
Bainan Piarres hainitzez abilagoa. Bidexka bat hartzen du eta, bere zakuak
bizkarrean, sartzen da jauzi batez kisu labe batean. Guarda
berehala bere lagunari oihuka hasten zaio.
— Ator huna, Paulo! Hunarat etorria duk nere kontrabandista eta hemen nunbait sartua saltoz.
Heldu da Paulo lasterka.
— Nun haiz, Andres?
— Hemen, hemen, mugi hadi.
— Segur haiz hunarat etorn deia?
— Segur baino segurago!
Han ari ziren bi guardak indarka, alde guzietarat joka beren
makil lodiekin. Eta han zagon Piarres, ixil-ixila, kisu labearen
zolan, erbia bezala kokorikatua, guardek ikustea beldur, ihes
goateko arte onaren beha.
— Hemen sartua duk, nunbait. Segur nauk ez dela aintzinat goana.
— Sasi handiak dituk, gizona hemen sartzeko, Andres.
Holaxet mintzo ziren bi guardak.
— Errak, nahuk su eman dezagun sasiari?
— To, nahi balin baduk.
Orduan sakelatik mixtuak ateraturik, sasian su ematen
hasten dire. Bainan gure Piarres kisu labean beti preso. Haren
bizkarraren gainean sasiak sutan ziren eta berotasun izigarri batek
soin guzia ederki erretzen zion.
— Ez duk hemen izanen. Andres! Segur nauk eskapatu
dela bertze aldetik.
— Zer nahuk, Paulo! Gure betiko xantza! Bainan abilak
dituk animale horiek…
Aspertu-ta, goan ziren guardak. Ez zuten uste han utzia
zutela beren gizona.
Piarres gaixoa, izerditan arkumaka kisu labean zagon, kasik itoa. Nun zituen lagunak ? Sararat aileatuak ziren eta hura,
zozo hura, erdi kiskaildua, oraino mendian…

 

 

Altxatu zen azkenean bere lekutik eta hasi zen mendia beheiti
lasterka. Oilar batzu kantaz hasiak ziren eta Sarako elizan goizeko
bortzak joak. Jadanik argia zen. Piarres tanpa-tanpa sei orene
tako Saran zen: han bere lagunak ostatuan atxeman zituen
musean ari.
Kondatu zioten bideko gertaldia eta zoin bere alde goan
ziren.
— Sarri arte, Piarres! Ondoko mezara heldu aiz?
— Bai, sarri arte.
Gaua lorik gabe iragana zuten, bainan han ziren denak,
ondoko mezan, belauniko, arrosarioak eskutan, otoitzean.
Mezatik lekora guardak plazan atxeman zituzten.
— Errak, Paulo, heldu haiz nerekin pilotan aritzera?
— Gogotik, gaizoa.
Han egin zuten buruz buru partida bat gogorra; batek jo,
bertzeak jo, ez zuten hutsik egiten. Azkenean, hatsauntuak, ahal
bezala bururatzen zuten kintzea… Bainan Piarresek zuen abantaila… Ai, ez zion segur barkatzen Paulori! Harengatik gau
baten loa galdua, harengatik hainbertze izerdi kisu labean artikia… nola barkatuko zion ? Airean irabazi zion partida.
Orai Andresen aldi. Lehoin baten pare han zen gure kontrabandista, errabian. Bertzea ezin jarraik. Han zen trinketearen
zolan etzana, aspertua, hatsik gabe, erdi hila, zortzi kintzeren
gibelarekin. Piarresek aldiz bortz kintze zituen egiteko eta irabazia zuen: irria ezpainetan, begiak argi-argi, xafla-xafla ari zen
bakarrik pilotan, lagunaren aiduru.
Azkenean bururatu zuten partida, eta hitzik erran gabe paltoa harturik goan ziren biak etxe alde.
Piarresen loria!
Andresek ere konprenitu zuen orduan goizeko ordaina zuela.
“Hago, hago, atxemaiten bahaut mendi zoko batean
izpirituarekin Beratik heldu haizelarik, ikusiko diagu!
”. Horra zer zuen gogoan. Alabainan, ez zuen deus holakorik
salatzen.
Plazarat aileatzean, Piarresek erran zion:
— Errak, to, Andres, hator baso bat arnoren edatera.
— Bai, heldu nauk.
Sartu ziren ostatuan eta, bi lagun harturik, hasi ziren musean.
Hameka orenak arte aritu ziren inbidoka eta hordagoka.
Gero biak goan ziren etxerat, Piarres lo pixka baten
egiterat, eta Andres bazkaltzerat.
Andres gaizoa hitzik erran gabe han zagon bere andrearen
aintzinean, arrunt tutuldua.
Piarres aldiz belar meta baten gainean zurrungan lo.
Gauaz berriz goan beharra zen benta aldera, han untzi batzu sasipean utzi baitzituen gordeak, hekien bila.

 

 

— Piarres, zazpiak dituk.
— He?…
— Mugi hadi, Pele hemen duk.
— Bai, heldu naiz.
Sukaldera zoan Piarres, atorra maunkas, noiz-eta ere ateratzen baitzaio erridau baten azpitik gizon bat, kanibet bat eskuan.
— Norat hoa, Piarres!
— Hik zer behar duk?
— Nun dituk gan den gaueko kontrabandak?
— Ez dakiat.
— Ah, ez dakik?
— Ez.
— Ez balin badautak berehala erraten, hemen berean hil
beharko duk.
— Errak uste dukala.
— Ez duk erran nahi?
— Ez duk jakinen.
— Hago, hago…
Jadanik kanibeta altxatua zuen eta jotzera zoan. Hain
xuxen Pele heldu da:
— Hep! Piarres! Mugitzen haiz?
— Hator huna, Pele, hator! Badiat hemen lana franko.
— Nun haiz?
— Hemen, hemen…
Doi-doia aileatu zen Pele. Piarresek bere beso azkarretan
zuen gizona, flakatua; kanibeta lurrerat eroria zen, odolez betea.
Piarresen atorra gorri-gorria egina zen.
— Zer ari haiz to, Piarres?
— Gizon hunen atxikitzen. Ez duk ikusten kanibet batekin joka hasi zaitala?
Pele harritua zagon Piarresi begira.
— Bainan ez zakala hola zapa, hilen duk.
— Merezi likek segurik.
— Utzak, utzak…
Lotu zuten finki soka batzuekin.
— Jesus!
— Zer duk.
— Bainan Andres guarda diagu gizon hau.
— Hago ixilik!
— Egia !
Hala zen segurki, Andres guarda zen. Hantxe lurrean
zagon bere kanibetaren ondoan. Piarres nahi izan zuen mehatxuz
izitu, jakiteko nun zuen kontrabanda. Bainan uste gabetarik zaurtu zuen eta ordaina hartu. Bi lagunek han utzi zuten eta mendirat
goan ziren untziketa.
Azkenean arrunt adixkidetu ziren. Andres, bere guardagoaz asperturik, kontrabandari lotu zen, ba eta Piarres haren
arrebarekin ezkondu. Bi koinatak oraino ere ezin hobeki bizi dire
algarrekin Sarako mendietan. Zorion horrek hainitz urtez iraun
dezotela.