Irakurle euskalduna: Guk dauzkagu ohitura eder asko, baina beste herri guztiek lez, txarrak ere bai. Orain, nere iritzia da, gizonari, herriari bezela, argi eta garbi esan behar zaizkiola bere kalterako dauzkan ohitura txarrak. Bada, beti esaten bazaio ona dala, bera adinakorik ez dala inor, egitan sinistuko du bera bakarrik ona dala, eta beste danak txartzat edukiko ditu. Baina esaten bazaio: aizak, txit ona eta maitegarria izango hitzake, hau eta hori egingo bahitukek edo egingo ez bahitukek, hori bakarrik nahikoa dalako beste ohitura onak eman ohi diteken zintasun edo ohorea lohitzeko.
Eta jakina, behar dan bezelako gizon edo herria bada hori esaten zaiona, ahalegin danak jarriko ditu esan dioten ohitura txarrak laja eta zuzenbidea hartzeko. Horregatik, irakurle, ez harritu irakurtzen dezunarekin, bada horrekin gura det argitaldu zoritxarrez Euskal Herrian gerta ohi dan gertaera txar bat.
* * *
Gipuzkoako herri baten, urtero egin ohi diran lez, herriko jaiak ziran eta esan beharrik ez dago hauetako bat pelota partidua zala. Bi pelotari ziran jokatu behar zutenak; bata Patxi Harro, herrikoa, eta bestea Martin Txiki, erbestekoa. Jendez bete-bete zan pelotalekua eta jokatzeko ordua etorririk hasi ziran jokatzen. Laster entzun zan, Euskal Herri guztian honen antzeko jaietan entzuten dan deadar nazkagarria:
— Hamar duro zazpiri Patxiren alde!
— Baziaztik! —erantzun zuten, eta gisa honetan egin ziran apustu batzuk, bihurturik jai txit alai eta bikaina nazkagarrizko jai baten.
Partidua gogor zihoan, hogeina berdin hogeita laurako. Nahiz dirua Patxiren alde egon, erruz jokatzen zan bi aldeetatik, danek irabazteko asmoarekin jokatzen zuten ba! Horretan Patxi hasi da hutsak egiten, eta inork uste gabe, galdu du partidua. Asko pozik gelditu ziran partidu ederra ikusi zutelako, beste batzuk saminez, hiru, lau, hamar, edo hogei duro galdu zituztelako, eta banaka batzuk poz-pozik diru talde ederra irabazi zutelako.
Jaiak igaro eta hirugarren egunean, ardotegi baten, bere jabe Tinaku beste hiru gizonekin zegon.
— Neri —zion Patxik— emaizkiatzute berrogei duroak, esan bezela partidua galdu nuelako, eta hor konpon.
— Berrogei duro askotxo dituk, Patxi. Zenbat irabazi degula uste dek?
— Horrek ez ziak ajolik, neri ekazkitzute berrogei duroak eta kito.
— Ongi ziok, Patxi, emango dizkigu, lehenago ordea hirekin hitz bi egitea nahi ginikek.
— Esan ba, gura dezutena.
— Hi, Patxi, pelotari ona haiz eta gu hirurokin alkar hartzen badek dirua ederto irabaziko digu. Horretarako, jakina, egin beharko dek guk agindutakoa: jokatu guk jartzen digunakin eta gura degun tokian, gainera, irabazi edo galdu behar deken partidua, alkarrekin erabakiko digu gehien komeni zaiguna.
— Begira, joan zaitezte sakilan adarra jotzera, nik egingo dit gura detena eta ondo datorkitena.
— Poliki, Patxi, poliki. Gaur hartuko dituk berrogei duro; eta noiz arte izango dituk? Gaur zortzi… fit. Harria bizkarrean hartu eta lanera, jateko irabaztera. Baina gurekin alkar hartzen dekela? Ba, egunero bazkaria eta aparia dauzkak ordainduak hemen, eta badakik txarrak ez dirala izango. Gainera hire beharrak betetzeko emango dizkigu egunero bi pezeta. Partidu bat jokatzen dekela? Ba ondo irten ezkero hamar edo hamabost duro edukiko dituk hiretzat.
Patxi mutil alper samarra zan eta hain tentagarrizko eskintzak egin zizkatenean… Bai ba! Ontzat hartu zitun, eta beste hirurekin alkar hartu zuen.
Donostiako izparringi edo periodikoek argitaldu zuten irakurkaitz hau:
«Pedro Iturpe (i-o) Patxi Harro, gertu dago 500 edo 1.000 pezeta jokatzeko eskuz esku pelota partidu bat Antonio Errekari, berak gura duen plazan. Eutsiko da deiadar hau zortzi egunean».
Jaso zuten deiadarra eta partidua jokatzeko eguna izendatu ere bai. Jokatuko ziran 500 pezeta alde bakoitzetik. Partidua jokatzeko eguna eta ordua etorri ziranean jendea erruz bildu zan pelotalekuan. Laster hasi ziran:
— Hamar duro Patxiren alde!
— Hogei duro Antonen alde!
Eta horrela jokatu ziran diru talde galantak.
Patxik, agindu zioten bezela, partidua galdu zuen. Honen lagunek —lagunak deitu beharko diegu nolabait izendatzeagatik— irabazi zituzten 2.000 duro baino gehiago, eta Patxiri eman zizkioten berrogeta hamar. Hau, 50 duro hauekin, jan-edana nahikoa eta 2 pezeta egunero zeuzkala, ederto zebilen, eta herri txikietan gerta ohi dana, gaztedi guziaren jauntxoa bera zan. Gainera, mutil ederra eta bikaina izanik, neskatilak poz-pozik egoten ziran berarekin hitz egiteko. Hori ondo zekian Patxik, eta horregatik bota zion begia Mirentxu ederrari, ederraz gainera etxe oneko alaba bakarra zalako. Mirentxu laztana, berriz, erori zan bere atzaparretan, uxotxo liraina miruarenetan erori ohi dan bezela, eta Patxi, noizik behin partiduren bat jokatuz, pozik zegon. Bere lagunak berriz gehiago.
Behin Bizkai alboko herri baten jokatu behar zun bizkaitar batekin partidua. Nola biak pelotari bikainak ziran, eguna etorri zanean izugarrizko jende pila bildu zan partidua ikusteko eta duro batzuk jokatzeko asmoarekin.
Patxiri lagunek esan zioten partidua irabazteko, bizkaitarra baino gehiago zalako. Egun hartan jator jokatuz diru talde ederra irabazteko asmoa zeukaten Patxik eta bere lagunek. Baina gaizto batentzat beste bat haundigoa beti egon ohi da, eta egun hartan sortu zan gaizto hori bizkaitar baten. Hau, inguratu zitzaion Patxiri esanaz 200 duro emango zizkiola partidua galtzen bazun, eta 500 pezetako txartela jarri zion eskuan, esanaz, bestea emango ziola partidua bukatzean.
Patxi arkitu zan zer egin ez zekiela. Oroitu zitzaizkion lagunak, baina ez zioten bere lagunek tongo egiten erakutsi, honekin irabazteko asmoa zeukatenean? Zergatik orduan berak ere tongo ez egin lagunei? Hauek erakutsi zioten! Ba, jakinerazi ez zitzaiola ahaztu erakutsi ziotena. Konpondu zan bizkaitarrarekin, eta partidua galtzera irten zan Patxi plazara. Honen lagunek dirua gogor jokatzen zuten bere alde. Hogeina berdin, eta hamar seiri dirua zegon Patxiren alde; baina hara non hasi dan hau eskuari oratuz zerbait baleuka bezela, eta inork uste ez zuenean, partidua galdu du.
Hango huts eta putzak! Hango madarikatzeak! Hango hasarreak!
Baina alperrik. Patxik galdu zun partidua, eta honen alde jokatu zutenek dirua.
Patxik hartu zitun beste 500 pezetak, baina bizkaitarrari gau hartan mingaina luze samar joan zitzaion ardotegi baten. Honen berriketak heldu ziran Patxiren lagunetaraino eta, jakina, etorri zan ardotegian gehienetan gerta ohi dana: borroka. Eskerrak Patxik ihas egin zuela sumatu zuenean gertatzera zihoana. Hurrengo egunean Patxik eta bere lagunek borroka gogorra eduki zuten. Zeharo hasarretu ziran; baina honi ez zion axola haundirik, 200 duroren jabe zan eta hauek zeuzkan bitartean, bapo biziko zan. Gero…
Gero, gerokoak.
Mirentxuri bere amak ezagutu zion zerbait zeukala, eta egunetik egunera estuago harturik, gertatzen zitzaiona esan eragin zion: lau hilabete barru ama izango zala eta bere sabelean zeraman haurraren aita Patxi zala. Ene, ama gaixoa! Zer nahigabe samina eman zion alabak! Alaba kutunak! Alaba bakarrak! Baina ama zan, eta amak beti barkatzen dio alabari ahalik eta okerren haundiena egin arren. Amaren bihotzak maitasuna besterik ez dauka semeentzat!
Aitak ere barkatu zion Mirentxuri egin zuena, ondo zekien ba, honek baino, Patxik erru gehiago zeukala, baina bere alaba zorionean ikusteagatik eta zoritxarreko gertaera zuzentzeagatik erabaki zuten ezkonduko zirala Mirentxu eta Patxi. Erabaki hau, zer esanik ez dago, Patxik poz-pozik hartuko zuela, bada horren bila zebilen, gero bere emaztearen diruarekin lanik egin gabe ederto bizitzeko asmoan.
Egun haietan gertu zitzaion Patxiri lehenago esan degun gertaera eta, jakina, inork ez zun ondo ikusten herrian egin zuen tongo nazkagarriagatik, ba, asko eta asko ziran diru talde galantak galdu zituztenak bere alde jokatu zutelako. Mirentxuren aitak jakin zuen Patxik partiduan egindakoa. Euskalduna berez oso patxada haundikoa da, ez da nolanahi hasarretuko, horretarako kalte haundiren bat egin behar diote. Baina noizbait benetan hasarretzen bada, Jainkoak gorde dezala hasarretu eragin diona, eta Mirentxuren aita benetan hasarretu zan jakin zuenean Patxik egin zuena.
— Zer —zion Mirentxuren aitak—, lehenengo alaba maitearen zintasuna zikindu, eta nahiz gogoaren aurka, lohitasun hori garbitzeagatik nere alaba berarekin ezkondu dedila erabaki; hau gutxi ez dalarik, nere etxeko zintasuna zikintzea nahikoa ez dula, orain herri guztiarekin ere berdin egiten dik? Zer esango ditek neregatik? Ez, alajainkoa! Ez dek nere alaba ezkonduko Patxirekin, lehenago bizia kenduko ziot arrano horri.
Hurrengo egunean ikusi zuen eta ingurukoak azkar ibili ez baziran, bertan jo eta hilko zuen eskuan zeraman aitzurrarekin. Esan zion, bai, hurrengo alkar bilatzen ziran tokian batak edo besteak hilda gelditu behar zuela.
Patxi, alper eta harro danak diran lez, beldurti haundi bat zan, eta hurrengo egunean inori ezer esan gabe, ihas egin zuen.
* * *
Patxi Bilbaon dabil bere gisako batzuekin errukigarrizko mozkor bat egina, egun osoak ezer jan gabe noiznahi dabilela lan ez egiteagatik. Mirentxuren ama, zorigaiztoko gertaera hauen nahigabeek hil dute, eta Mirentxu laztana berriz lotsa-lotsa eginik etxetik irtetzen ez dala gaixorik dago.
Eta zeinengatik hau dena? Zeinengatik galdu du Euzkadik gizon gazte bikain bat, bere zintasunerako familia ederra sortu ahal zuena, bide txarrak erakutsi ez balizkate?
O, euskalduna! Bi edo hiru alper gaizto batzugatik! Bat baino gehiago, zoritxarrez guretzat, Euzkadi lohitzeko diran inoren bizkarretik ederto bizitzea gura dutenengatik! Patxiri egin ez bazizkaten eskeintza zikin haiek, hau izango zan euskaldun gehienak diran bezelakoa: langile zuzena eta aita ona. Nolako zigorra merezi duten Patxi eraman zuten bidera hainbeste gazte eramaten dituzten gizon gaizto hoiek! Hauek zugatz batetik zintzilik ipini behar lirake gainerakoei beldurra sartzeko, dirade ba Euskal Herriko legehausle txarrenak.