Otsoa eta bildotsa heldu ziran bakoitza bere aldetik ibai batera ura edateko asmoz.
Otsoa ari zan edaten goiko aldetik, eta bildotsa uraz behetik.
Otsoak, ikusirik hasi zala ura edaten, diotsa:
— Zergatik lohitu didazu ura ni edaten nengoan artean?
Bildotsak erantzun zion pakez:
— Nola diozu hori, zure aldetik badator ibaiko ura ni nagoan beheko aldera?
Otso gaiztoak ez entzuna eginik bildotsaren arrazoi eder isilgarriari, esaten dio:
— Zergatik lotsa galtzen didazu? Zergatik niri gaizki esan? Hori da nagusiago bati bidegabe handia egitea.
Bildotsak diotsa:
— Ez dizut nik lotsarik galdu, ez gaizkirik esan.
Orduan bekoki tximurtu eta begirada haserratu batekin esaten dio otsoak:
— Sei hilabete dira zure gurasoak egin zidala beste horrenbeste.
— Nola izan diteke hori —diotsa bildotsak— geroago jaioa banaiz? Zeri eta zertara
dator hori asmatzea?
— Dan bezela dala, zuk galdu didazu nere lartegia belarra janaz —esaten dio otsoak.
Bildotsak berriz:
— Nola hori ere, hortzak irten ez badidate? Nola jan belarra oi huts eta samurrekin?
Ez zedukanean otsoak zer erantzun arrazoi hain argiei, estalkiak kendurik, diotsa:
— Berritsu zitala, ez dakit zer esan, bai ordea haragi zalea naizela, zure haragia bigun eta samurra dala eta zurearekin afaldu behar dedala.
Hau esanda, harrapatu eta sabeleratu zuen.
* * *
Ipui honek esan nahi du, gaizto asmatzaileen artean egiak ez duela lekurik; indarrak bakarrik agintzen duela. Zenbat honelako Otso? Asko dira bihotz gogorrekoak: diru goseak darabiltza aitzakia eta sesio bila, edateko nekazari argalaren odol edo beharra. Honegatik…
Egia iduki zazu alfertzat
gaizto asmodun eta asko jakinentzat.