Behin, Europa Erdiko hiri handi batean, olerkari pobre bat bizi zen. Olerkari honek, ehun urteak bete ez zituen arte, ez zuen inoiz hilen ez zela esperantza galdu. Baina honek axola gutti dauku egun.
Olerkaria fabrika bateko kontadorea zen. 15 (hamabost) urtekin sartu zen han lanean, eta 85 (laurogeita bost) urteak arte, ez zuten jubilatu. Ofizina mehar eta ilun batean pasatu zuen bere bizi luzea, eta bere bertso ederrak ere hantxe moldatu.
Ez zedukan izenik, edo ez daki inork izen bat zedukanik, eta kintzena kobratzen zuenean, firma beharrean, zentzugabeko lerro bihurri batzuk imini zituen, eta inori ez zion inoiz axola izan. Guri ere ez, gaur egunean bere bertsorik gordetzen ez delako.
Gazte denboran asko irakurri zuen, eta gizon denboran asko eskribitu. Ofizinan bota zituen aurreneko 20 (hogei) urteetan, ez zen bere zortearekin konformatzen, eta apustu bat egin zuen bere buruarekin, kontu-liburuetan idatziriko numero bakoitzagatik, bertso bateko puntu 1 (bat) modutuko zuela. Minuto bakoitzean numero 2 (bi) eskribitzen zituen, eta puntu 2 (bi) bere paperetan. Nola orduak 60 (hirurogei) minuto dituen, 120 (ehun eta hogei) puntu eskribitzen zituen ordu bakoitzean, eta egunean 1.440 (mila laurehun eta berrogei) puntu. Urtean 300 (hirurehun) egun lan egiten zuen. Horregatik urtean 432.000 (laurehun eta hogeta hamabi mila) puntu eskribitzen zituen. Urteak joan eta urteak etorri, 50 (berrogeta hamar) urteak bete zituen arte eskribitzen iraun zuen. Honela bere bizitzean 14.256.000 (hamalau miloi berrehun eta berrogeta hamasei mila) puntu eskribitu zituen.
Igande eta jai-egunetan, bere bertsoak konpontzen eta atontzen zituen. Aste artean eginiko puntu guztiak launa biltzen zituen bertsoetan, bertsoak ehundaka kantuetan, eta kantuak hamarna liburuetan. Honela bere bizi-erdian 3.564 (hiru mila bostehun eta hirurogeta lau) liburu idatzi zituen.
Liburuak idazteko papera, ofizinako horniduratik hartzen zuen. Paper lodia zen, eta bakoitzak erreal bat balio zuen. Paper bakoitzean 5 (bost) bertso kabitzen zitzaizkion. Poliki egiteko beste paper batzuk sartzen zituen, apaindura eta koloreekin. Honela, liburu bakoitzak 250 (berrehun eta berrogeta hamar) paper zituen. Kontadore olerkariak idazten zuen liburu bakoitza 100 (ehun) pezeta kostatzen zitzaion fabrikari, guztira 356.400 (hirurehun eta berrogeta hamasei mila eta laurehun) pezeta.
Hilean, 3.000 (hiru mila) pezeta irabazten zituen, eta nola ofizinan zegoen denboraren erdia bertsoak konpontzen zegoen, bere liburuak kostatu zitzaizkion fabrikari 584.000 (bostehun laurogeta lau mila) pezeta, eta paperarekin, 950.400 (bederatzirehun eta berrogeta hamar mila laurehun) pezeta. Diru hori apurka apurka ohostu beharrean kolpe bat egin balu, automobil bat eta etxe bat Artekalean erosteko hainbeste edukiko zuen, eta honela ez zuen lan egiteko premiarik izanen.
Liburuak gela aparte batean gordetzen zituen. 50 (berrogeta hamar) urteak bete zituenean, gela hartan zen sartu azken liburua gordetzera. Eta izuturik geratu zen, liburu berria nun imini ez zedukala ikusi zuenean.
Bere golkorako pentsatu zuen “Gehiegi idatzi dut. Hainbeste bertsoren artean, gauza balio-gabe asko ez ote da egonen?”.
Eta bere bihotzean duda sakon bat egin zitzaion. Duda horren kontrako burrukan iraun zuen hurrengo urtean, eta gauza bat erabaki zuen: bere liburu guztiekin beste haundiago eta luzeago bat eginen zuela. Liburuak launa hartzen zituen, eta sobra zeuden bertsoak kendurik laurekin berri bat egiten zuen, eta honela 898 (zortzirehun eta laurogeta hamazortzi) liburu geratu zitzaizkion. Hauekin beste hainbeste egin zuen eta 214 (berrehun eta hamalau) geratu. Hauek atzera bildurik, 53 (berrogeta hamahiru), gero 13 (hamahiru), eta azkenean 3 (hiru). Hiru hauekin azkenean bat bakarra egin zuen. Hau egiteko, 40 (berrogei) urte tardatu zuen; honela gutti gorabehera, hamabi egun tardatu zuen laburkuntza bakoitzean. 3.594 (hiru mila bostehun eta laurogeta hamalau) liburuetatik bat bakarrik utzi zuen, eta 14.256.000 (hamalau miloi berrehun eta berrogeta hamasei) puntuetatik, 7.263 (zazpi mila berrehun eta hirurogeta hiru) 6 (sei) puntuko bertso, guztira 43.596 (berrogeta hiru mila bostehun eta laurogeta hamasei) puntu. Guztira, 14.212.422 (hamalau miloi berrehun eta hamabi mila laurehun eta hogeta bi) puntu borratu zituen, 40 (berrogei) urtetan.
Baina 10 (hamar) urte zeduzkan oraindik, eta aurrera joateko erabakia hartu zuen. Gehiegi hitz egin zuen, eta ederki zekien, hainbeste solasetan, biziaren arrazoia aurkitu zuela, eta orain liburu hartan, bere begien aurrean zedukala, bertso artean ezkutaturik.
Bere bizitzeko azkenengo 10 (hamar) urteetan, puntuak borratzen iraun zuen. Duda sakonak egiten zitzaizkion puntu bakoitza borratzeko, baina gauza ongi aztertu eta ikertu ezkero, ez zedukan batere urrikalmendurik. Eta bat utzirik, beste guztiak borratu zituen azkenean. Geratu zena, hau zen:
Gizonaren gorputza
buztinezkoa da.
Biharamunean, hil egin zen.
Olerkari guztiak bezala, ifernura joan zen. Hantxe, demonio batek hartu zizkion kontuak. Demonioak esan zuen bere golkorako “Etsamina dezadan arima hau. Ea nola erretzen dugun, oliozko sutan ala egurrezko sutan”.
Eta olerkariari:
— Urlia, ehun urtetan bizi zara. Zer izan zara?
— Olerkaria.
— Ea ze probetxu atera duzun zure bizitzetik. Zer idatzi duzu? Erakuts!
— Bertso hau.
— Eta bertso hau idazten ehun urte tardatu duzu? Hogei letra daduzka. Letra bakoitza idaztea bost urte kostatu zaizu. Hainbeste zorakeria izan ez bazenu buruan, zure txiki-denboran jakingo zenuen hori, kristau dotrina irakurri bazenu. Orain, pospolu baten garrean erreko zara eternidade guztian. Amen.