Odolaren zorra

Izu zinezkoak, 1998

(Jaurtarkolen Erramun Gudaria-rekin ihotzeko)

“Agian, girixtino izateak

eta telebistari so egoiteak

toki guti uzten zieten sineste hutsal horiei.

Louis Owen, Otsoaren kanta nobelatik

 

 

I

Azaroaren hameka hartan, lantzurda arin batek apaintzen zuen Arbideko hilerria, apeza Gerla Handian zendu herritarren izenak zerrendatzen hasi zenean. Erretorra arropa ubelez jantzia zen eta jendeak, gehienak adinduak, saldo iluna moldatzen zuen. Urtero marmarikatzen zen litania hitsaren antzera, ahots ahulez mintzo zen apeza, izen bakoitzaren ondotik, jendetzak “Mort pour la Faranz” etsitua —ez erraiteko aspertua—, ihardesten ziola. Zeru apalak gizon-emazteen uhuruka beltza saminagotzen zuen.

Laurehun biztanletako herrixka batentzat, laurogei bat semeren laupabost urte barne galtzea ikaragarria izan sen, eta orduko izua zuten azaroaren hameka guziez errepikatzen, agian hortako ere betiereko barkamena eskatzen. Baina, hamarkadak ahitu ahala, oroitzapena, sobera erabili nabel baten mihiaren pare, lanpusten zoan. Halatan, kalostrapeko harrian zizelkatu deiturak salbu, Gerla Handia mendeko gerletarik bat bilakatua zen, ondotik etorri zirenak are sarraskitsuagoak hedatu baitziren. Egia errean ere, egunero, telebistetan, filmetan eta zinegeletako pantailetan Hamalauko Gerlan ikusi, jasan eta pairatuak baino ekintza zakarragoak begiztatzera ohitu ziren jendeak.

Telebista, demagun, pizten zen goizeko seietan, behiak deiztera joan aurretik gosaltzean eta itxura mugikorrak tiroz, oihuz, balen ziuntaz, garrasiz, bortxa eta bahiketa intziriz beterik zetozen, berriak, haur hotzentzat asmatu japoniar marrazki bizidunak eta Hollywooden ekoiztu polizisailak. Ikusleak herio latzari halako usaia lasaia hartzen zion, laster ezin zutela bereizi irudia errealitatearen gandik.

Arbideko elizako aterbean biltzen ziren beraz girixtinoki hazi lehen belaunaldiko kideak, Farantziaren alde etsaia kalitu behar izan zuten hobendunak, eta hiltzeari telebistaz bederen arras eginak ziren nehor sekula eho beharrik gabeko gazteak.

 

 

II

Brandon Sallaberryk, azaroaren hamekan hain zuzen, aitatxi —Bigarren Gerla denboran Alemanian preso egona— elizara lagundu zuen. Jakes Sallaberryren bi anaia zaharrenak Chemin Des Damesko erasoan zilatu trintxerretako lokatzak ehortzi zituen l9l7ko apirilaren 16tik aitzina, Nivelle jeneralaren zuzendaritzapean. Artilleria ahulegia izan zen eta alemanek ireki frontea zabalegia, Nivellen gerla taktiken baikorki plantatzeko. Apirila anker hartan hogeita hamabost mila gizonek bizia galdu zuten, haien artean Arbideko ziren Joanes eta Piarres Sallaberryk. Bi izenak orain Arbideko elizaren aixolbean zizelkatuak ziren, behiala aipatu laurogei herritarrekin batera.

Jakes Sallaberryk gutitan eskatzen zuen elizaratzea, eta galdatzen zuelarik okasione handietarako zen. Normalean meza saindua A2 katean behatzen zuen, liturgia eta predikuak, doi- doia ulertzen zuen hizkuntzan emaiten zirelako agian. Telebistako apezarekin komunionez bizpahiru aldiz brauki husten zuen aurrean zeukan ardo mikatzez bete basoa. Ukaraian zeuzkan errematismek, godaleta ezpainetaratzeko orduan bederen, bakea emaiten zioten Jakes gaizoari. Hainbeste denboraren buruan gaizo bihurtua baitzen, beretako eta bai, bere nahiz, besteendako.

Brandon beti harritzen zen, telebistak nola loak harrarazi zituen Jakesen belaunaldiko izpiritu xotilak, ttattardun gizon aho zabalak —estatuko lehendakaria adibidez— edo papo oparodun aurkezle blonda zurbailak agertzen ziren ber. Mende laurden bat lehenago telebistaren erostearen aurka zeuden, haurren karbak esku zaflada lerden eta lasterraz isilarazten zituztela, itsuskeria eta lohikeria zen haientzat orduan telebistaren funtsa.

Hodi katodikoak harrapaturik bezala ziren orain zaharrak oro, iduriz eta teknikolorezko itxura leunek mendearen inguma mehatxudunetarik begiratuko zituztela, herenegungo gauko mamuen urruntzeko erraiten ziren otoitzek baino segurrago. Barbari baubauen menean zeuden jagoitik.

Brandonek, hargatik, azaroaren hamekan aitatxi elizara laguntzea hirugarren adinekoei zegokien unean uneko pietate-konpasione judu-kristautar ekintza onaren oinarriarekin uztartzen zuen.

 

 

III

Brandon Sallaberry hiriburuko ospitale psikiatrikoan sartu zuten l999ko azaroaren hamekaren biharamunean. Sakelan zeramatzan paper xeheek identifikazioa erraztu zioten mediku eta legegizonei, mutiko zainartak ileak zurituak eta larrua zimurtua zituelako, bat-batean zahartu bailitzan. Itxuraldaketa bitxi horren zergatia ez zezakeen nehork esplika arrazionalki. Bitartean Brandon lasaigarriekin zaintzen zuten, bestela ospitaleko gaineratiko eriak nahasten baitzituen “Odolaren zorra! Odolaren zorra!” oihukatuz.

Ondoko egunetan psikiatra baten esku jarri zuten Brandon, eta sendagilea ohartu zen mutikoaren laguntzeko balio zuten gauza bakarrak INAko edo artxiboetako Hamalauko Gerlari buruzko filmak zirela. Beraz pantailan biribilkatzen ziren lohiz, euriz, haizez eta tiroz hantu itxurak segitzean Brandonek, zintzurra larrutzeraino “Odolaren zorra!” perpaus misteriotsua deiadarkatzen zuen. Azkenean negarrez urtzen zen. Kolore guzietako hogei bat pastilla emaiten zizkioten eta telebista zegoen gelan orduak ordutegi giltzatzen zuten, argia pizturik, ilunak izua hazten ziolako.

Zirrita zilotik noiztenka medikuek behako ikaratia botatzen zioten. Bere jargian berme zegoen Brandon, begiak pantailan itzaturik. Gas likitsen kontra ahoak oihal bustiz tapaturik, oldeak trintxerretarik jautzian ateratzen azaltzen ziren, ingelesez komentaturik, gizon gris astunak baionetak eskuetan, kaskoak buruan eta aterki lodiz beztituak. Orokorra pizua zen, kanoien obusak saihetsean ezpalka lehertzen zitzaizkielarik, olde bakoitzeko kide bat edo beste lurrean hedailo, hanka mozturik, urrunxeago pausatua, hilik agertzean. Hilotzak trintxer batetik hurrengorako bide urrian metatzen ziren eta hasi berri zen euri bihozkabeak aurpegietan dolorearen arroilak urratzen zizkien.

Marnesko 1914ko batailak, Verdungo 1916ko borrokak, 1917ko Chemin Des Damesko masakreak, 1918ko Marnesko bigarren erasoak Villers Cotterets eskualdean milaka eta milaka “primaderako florian” zeuden gazte sakrifikatuak izan ziren. Trintxerretarik erasora joaiteko altxatu zurubiak iragaiten zituzten etsaiaren tiro kurutzatupean, lokatzetik, arratoietarik, kukusoetarik, kapitain larderiazu eta trufakorretarik ihes egiteko eta Farantziaren salbatzeko.

Bideo latz horien aurrean, medikuak eta psikiatra zalantzan zeuden, ez baitzuten entelegatzen nolaz hogeita bost udaberri gehienez zituen mutiko batengan sortzen zuten horrelako fazinazionea. Gauero ohean estekatzen zutenean elkarri zioten:

— Brandonen lasaitzeko ez dugu sekula aski artxiborik atzemanen.

— Ez da ezertaz gogoratzen gainera! -eransten zuen psikiatrak, ahots etsituz jarraituz—. Nahi nuke jakin zer gertatu zaion iduriz normala zen gazte honi…

— Extralurtiarrekin egon da harremanetan, Arbideko hilerrian… -erran zuen, algaraka, medikuak.

Solasa hein hortaratzen zenean logelaren hersteko ohitura zuten artazaileek. Eta golkoa arin beren familietaratzen ziren, bihar ere argituko zuela erantsiz.

 

 

IV

1999ko azaroaren hamekan, Irulegiko irratiko soinu-deiek zioten bezala gaueko bederatzietarik aintzina, Arbideko ikastolak antolatu dantzaldian zen Brandon Sallaberry, beste bostehun gazteekin batera, DJ Pattakek plaza alegeratzen zuela! Argi urdinak, gorriak, horiak bazebiltzan ahal bezain merke alokatu xapitoaren azpian. Gazte saldoak dantza egin ondoan, ostatura lehiatzen ziren gin-kas fresko-freskoen ahoratzeko, euskal labela zeukan tekno musikak papoak punparazten zizkietela. Brandonek orduan auzo herrikoa zen Maia ezagutu zuen eta bizkarra egurrezko kontuar ahul eta hezean bermatuz, izerdia kopetan zariola, bere aitatxi goiz hartan elizara nola lagundu zuen kontatzen zion.

— Bazekin harrigarri zaidala beti jendetza beltz horren marmara hezia, “Mort Pour la Faranz” diotelarik, denek batean, orain dela kasik larrogei urte bukatu gerla hartako soldaduak oroituz!

— Hortan hiza ttettele? Utzitzak perexakeria horiek, eta haugi hilerriko maldara, goza gaitezen…

Maiak eskua hartu zion samurkiro eta zipres luzearen itzalpera gidatu zuen beldurrik gabe. Ilunean zeudela, neskak mutikoaren ezpainak bilatu eta atzeman zituen, amodio lasterraren bidea irekiz. Brandonen ahur beroak Maiaren bularretan lerratzen ziren. Neskaren begiek Brandoni garraila xehean etzateko dei mutua luzatu zioten. Maiak irri karkaila arina askatu zuen.

— Zein izen bitxia, Brandon…

— Beverly Hills telesaila asko gustatzen zitzionan amari eta arratsaldero ikusten zinan esperantxetan zelarik, hango Brandonetaz gogoratuz hala bataiatu ninditenan…

— Tapakirik baduk? -galdatu zion Maiak Brandonen erantzunaz ezaxola bailitzan.

Mutikoak buruaz ezetz ihardetsi zion. Neskak, halatan, bular-artetik preserbatibo bat atera zuen, begi-keinu konplizeka. Gogortzen eta altxatzen zihoakion behereko haragi puskaren inguruan eztiki pausatu zion. Brandon ontsa senditzen zen, hilerriaren ohe lakarrean eskainia zegoen neskaren baitan sartzear. Arbideko zeinuak hamabi kolpe jo zituen, baina Brandonek neskaren desiraren intziriak baino ez zituen entzuten.

Bat-batean, sexoaren punttak Maiaren alu bustia hunki zuen unean, ximixta sutsu batek zeharkatu zion kaskopea. Itsutu zen Brandon. Gorputz osoan dolorea hazten zitzaion. Ultrasoinu antzekoek belarria larranzten zioten. Hilerria haize karroindatuak erraztatu zuen eta Brandonen ginarreak hormatuak ziren. Maiak mutikoaren destrenpua susmatu zuen, eta zipresaren aixolbean ez zela giro jujaturik, arropak ozkan ezarriz, lasterka aldegin zuen, mutiko kurutzefikatua lekuan berean abandonatuz.

Ximixtak zerutik udalatu ildotik, argi leinuru gottorrak hilobi zehatza seinalatzen zion Brandoni, Sallaberrytarrena hain zuzen ere. Iparreko zirimolek errauts gorrixka pausatzen zuten marmolezko betiereko aterbe bakoitzaren gainean. Orduan, Sallaberrytarren harrilauza mugitzen ikusi zuen, zizareak eta har malatsak lehenik zut-zuta ateratzen zirela. Haragiz hustu eskumuturrak haritzezko hobiaren ezkina barnetik harrapatu zuen.

Brandon bazterretik so zegoen, begiak zilaturik. Sustagarri kimiko sobera nahastikatu bide zuen edari azkarregiekin “Hara zer gertatzen zen gero, aluzinazioak!” ziolarik, lurraren ustel usainaz jabetu zen, eskumutur hezurretik landa, gorputzeko beste zatiak oro jalgitzen zirela konturatzean. Zizareak eta harrak are lodiagoak ziren eta garrailan barreiatzen lotsarik gabe, ezin higi zitekeen Brandonen oinetan gora abiatuz. Mutikoaren daldara mutuek ez zieten ausartzia mugatzen, alderantziz agian, beldurrak atitxatzen zituela zirudien, negu mineko su baten antzera.

 

V

Brandonen ama Gisela, ospitaletik etsiturik itzultzen zen semearen bisitatzetik etxerakoan. Hiriburutik Arbiderainoko erregebidea negarrez ahitzen zuen eta sukaldean, berrehun urdeak artaturik, lanetik hautsirik zetorren senarraren parrean aurkitzen zenean “askatzen” zen.

— Hori guzia hire aitaren faltaz duk, Gerard!

— Ene aita? Nolaz? Bakea eman, emazte deabrua! So egin duna minitelan ea zerrikiaren prezioa goititu denez?

— Hi egiazko bargoa bilakatzen ari haiz, semea gaizki duk eta kotazione malerus batetaz inket… —isildu zen Gisela ixtant batez eta hizketa hitsean jarraitu zuen—. Ba, beti gerla ixtorio zitean Brandon eta hire aitak; gure semeak ez dik besterik entzun, Alemanian presuner, hango etxaldeetan behi deizten, amerikanoen zartagailuak liberazione orduan, Kartxieneko nausi xaharraren ihesa, demarkazione linea eta…

— Aski Gisela! Badinat aski! Akitua naun! Semea ez dun burutik xuxen. Dena hire anaia hura funtsean, ezagutu ez dunana bixtan dena, Algerian hil baitzen. Ez dinat aipatu nahi ere. Hura arras mentsa zunan!

Solasaldia hortaratzean, Gerardek telebistaren manugailua eskuratuz, kirol-katean gauero bezala Europako edozein zangobaloi txapelketako partida bati beha iragaiten zuen denbora, kanapean luzaturik, loak hartu arte. Gisela lisatzera abiatzen zen; sekulako arropa metak bazituen pleguan jartzeko, urdearen urrina larruari lotzen baitzen ez baldin baziren jantziak egunean bietan bederen garbitzen. Lisaburdina ahurrean, zetazko eta kotoi astuneko apainduren leunean bristi-brasta pentsamenduaren eremuetan barna zebilen libreki, eta hala senditzen zuen Brandonen bat-bateko duntzetarik jazartzearen hobena Jakes aitatxik zuela.

Giselaren ama zenaren —goian bego ondikotz!—, erran zuhurretarik kanpo ibiltzera behartzen zuen Brandon Jakes zaharkituak. Aitatxiren eta etxekandere gaztearen artean, senarrarekilan baino kalapita gehiago hazten zen, bere haur bakarra zela kausa. Amak Giselari, ezkondu aitzin eta ondotik ere, errepikatzen zion:

— Hago heskualdun gauzetarik urrun, nahasmendu, kalapita eta aharra sortzaile ditun apezak segurtatu datanez; haurra ukanen dunalarik, Gerardek semea merezi lukeela oroit hadi, ez hakiola sustut heskuaraz mintza, eskolan ez dadin handikapatua izan. Heskuarak ez din gaurko mendean pilixkarik balio.

Ama zenaren ele orekatuak gogoan zituen alabaina, hilerokoak agortu zitzaizkiolarik, haurdun zegoela seinalatuz. Berri ona amari lehenik, Gerardi eta familiari eman zuen.

— Mutikoa baldin bada Brandon deituko dugu…

— Biba hi! —ihardetsi zion amak, ohartuz bere aholkuek ondorio onak baizik ez zekartzatela.

Alabaina, Giselen adineko zenbait neska moskota ari ziren haur inoxentak “heskualdun” bataiatzen. Amaren gostuko, izen horiek itsusiak ziren eta noizbait haurrak ahalge agitzeko arriskua bazen. Ordutik hara, Gisela frantsesko ume kanta zintak erosten hasi zen, liburuak eta filmak. Bera Gerardekin urdeei axolatuko zenean, Disneyren marrazki bizidunak zaindari gisa edukiko zituen haurrak.

Eskolan sartu aurreko hiru urteak biziki gogorrak kausitu zituen Giselek, Brandon aitatxirekin uzten zuen eta hau haurrari euskaraz mintzo zitzaion —nola bestela?—, eta mutiko koxkorrak ez zuen telebista anitz maite. Giselek Jakes erasiatzen zuen ardura.

— Haur horri frantsesez ar zite, aitatxi! Trabak ukanen dititzi gero eskolan…

— Ez din eskola beharrik! Ardi deizten eta gasna onak egiten baldin badaki, aski diken!

— Jakes, baina etxe hontan aspaldian ez duzu ardirik!

— Damurik… —marmarikatuz bururatzen zuen hitzaldia Jakesek, semeatxia gerlako ixtorio baten behatzera gomitatuz, etxe saihetseko harrizko jargiaren gainera.

— Haugi, Brandon, ttotto hadi hor…

Jakesek bere haurtzaroaz geroztik ez zuen semeatxiarekin jastatu goxotasunaz beste oroitzapen hoberik. Hitzaren eta ametsaren iraupen urriaz konturatzen zen. “Haugi Brandon!” aski zuen ahoskatzea.

 

 

VI

Max Ebert psikanalistak segitzen zuen egunetik egunera Brandon Sallaberry ospitalean. Denbora joan ahala, mutikoa are zahartzenagotzen zen, eta ez zuen hitz egiteko jaidurarik batere erakusten. Mediku batentzat egoera zinez larria zen, bizia ahultzen zenean, honen zeregina muskila kolpatuetan saparen berriz isuraraztea baitzen. Inguratzen zuten gainerako sendagileekin luzaz eztabadaturik, goiz batez Arbideraino abiatu zen familiarekin mintza asmoz.

Sallaberrytarren etxaldera heldu zenean, zakur mehakoilaren xanpa erlastuak errezebitu zuen gizona. Kanpoko arramantzak entzutean, Gisela atera hurbildu zen eta ezezagunari ireki zion.

— Nor zaitut zu?

— Max Ebert…

— Ez, barkatu baina ez dugu fedez aldatzeko asmorik, zoaz zure bidetik! —erran zion ahotsa hautsirik Giselek medikuari, ustez Jeovahren jakileetarik zen.

Max Ebertek ondorioz bere burua aurkeztu zuen, eta orduan Gisela negarrez hipaka lehertu zitzaion.

— Dena aitatxiren faltaz da!

— Justoki haren ikustera nator…

— Hantxe duzu, buruhuts hura, harri xabal haren gainean!

Ama xifrituaren minak pena hazi zion bihotzean, eta zerbait egin behar zuela deliberatu zuen bereber, zakutik edo zorrotik mutikoaren osoki artatzeko, edo gutienez hain prestua zirudien familia horren zamaren arintzeko. Jakes haritzaren maldan kuxkurturik zegoen, ardo botoila saihetsean, zigarreta tripazua biltzen zuela, urteek plegatu erhiak ahal bezala moldatuz. Zigarretaren puntako ilatxa tu batez lurrera botatzen zuen, bi eztul elkorrez inguruaren bake saindua mozten zuelarik. Urdendegien urrina usnatzean, Max Ebert hiritarrak agerinde bitxia ukan zuen: bat-batean heren munduko egoitza batean itxuratu zen, haize arina, herdoilatzen zihoatzin laborantxako tresna jadanik inutilak, asun eta naharretan gatibatuak, eta etxalde azpitik trumilka airatzen ziren milaka urdeen kurrinka gosetiak. Max Ebertek Jakes agurtu zuen xapela eskuan.

— Brandonez elekatzera jin natzaizu; nahi nuke jakin zer gertatu zaion duela sei hilabete, azaroaren hameka hartan hain zuzen…

Jakesek, zigarreta piztu eta erhi horailduak kiribilkatuz, kea ezpainetarik zariola hitz egin zuen.

— Egun hartan Gerla Handian hil ene anaien oroit-mezara lagundu ninduen, eta gauean, gazte oizu!, joan zen Arbideko ikastolak antolatzen zuen dantzaldira, burrunba anitz eta emaitza guti… Besterik ez dakit. Dakidana, biharamunean, hilerriko hesietarik at abantxu zendurik atzeman zutela, odola karroindaturik. Ene uste apalez, telebistan aipatzen dituzten extraterrestra haietarik bat kurutzatu du.

— Sinesten duzu zuk ixtorio horietan?

— Bai, preseski, behin ostatutik etxera nindoala, untzi bat gainean gelditu zitzaidan, eta bost izaki arros atera ziren FBIko paperak erakutsiz. Ihes egin nuen, baina laser izpi urdinek harrapatu ninduten eta Maialenen ondoan ohean iratzarri nintzen gero…

— Eiki… Baliteke. Zertarako beraz errepikatzen du beti “Odolaren Zorra!”, eta Gerla Handiari buruzko bideoak ikustean baizik ez da lasaitzen?

Aitatxia isildu zen bere mozkor solasak ahantziz, galdeari erantzunik ez emaiteko gutizia azpimarratuz. Ardoz arrada bete zituen godaletak, eta baso bat psikanalistari eskaini zion. Max Ebertek, ongi ikasien moduan, opari mikatza ezeztatu zuen. Jakesek bortizki ihardetsi zion, gaitzitua.

— Ez zaizu balio, ala? Etxeko mahastikoa da…

— Erradazu zer den “Odolaren Zorra”.

— Soldadu ohiak gara familia hontan —laxatu zuen deblauki Jakesek, medikuaren begiak ziloetan borobilaraziz-, eta eskualdun gisa badakigu ontsa zer den “Odolaren Zorra”.

— Mendeku mota bat? —segitu zuen Maxek, film gehiegi irentsiaren plantan.

— Eeeez… Hamalauko gerlan eskualdunek ordaindu genuen frantses oso izaiteko eskatua zitzaigun odolaren zorra. Orduko astekarietan, Eskualduna-n eta beste, aski harro zeuden hortaz, baina herriak hil ziren, hustu, Chemin Des Damesko patarretan.

“Zorraren” azalpen trankilak harritu zuen medikua. Ttattik geratu zen. Mutu. Jakesek ondoan zeukan mato ferratua eskualatu zuen, eta zutitzear zela erantsi:

— Badakizu, milaka eskualdun ehoak izan zirela Marnesko, Verdungo eta Sommesko batailetan, oraino ere frango eskapatu zirelarik mugaz bestaldera…

— Ba… Deserturrak.

— Halaxe. Zu ere gure haur denborako apezen maneran ari zara. Deserturrek bederen bizia salbatu zuten. Jainkoaren mutil zenbait izan ziren ba Gipuzkoa hortan deserturrak bide egokian ezarri beharrez, baina ez zuten gauza handirik ardiets. Badakizu zer erraiten zen?

— Nola jakinen dut bada?

— Eskualdunak gerlatik itzultzen ginela zorra kitaturik eta frantsesa ikasirik.

— Zer lotura du horrek Brandonekin?

 

 

VII

Brandonen soaren helburua pantaila zen. Itxura geldoak eta mugikorrak pasatzen ziren telebistan, kanoien, fusilen eta gasigorleen zartaketa eta tiroen artean. Berta Erraldoiaren ahoa ardura bazuen zerbait aurdikitzeko, oldeka lur gaineratzen ziren soldaduen mehatxatzeko, eta gehienetan kalitzeko, haragi ustel usaina lurrarenari nahasten zitzaiolarik. Brandonen sudurrak kiretsa nabari zezakeen, buruonak bizitza normalari uko egin arren.

Dolorearen udalak bideratzen zitzaizkion buru zokoan, Verdun aldeko inguru desolatuak, suak ebaki aitzineko oihan alegerak, zelaiak bonba habiaz estalirik, eta zeru apal hitsak. Masakrearen ildoak oraino, trintxerretako lohian, besoak, zango puskak, arropak, baioneta muturrak kasko hezurrez deitoragarriki apaindurik zetozkiolarik. Eskeletek jagoiti mina, zauria, sarraskia, azken oihua eta hatsa seinaltzen zuten haragiaren deboilak hortz lerro xuriak agertzean. Brandonek, orduan, begian behera malkoak lerratzen susmatzen, eta hitzak eskas zituen.

Arbideko hilerriko agerinde gogorraz gogoratzen zen, aldiro, filmik bixtan ez zeukanean. Kabala orroa jalgitzen zitzaion eta Max Ebert gelara hurbiltzen zen, rewind zaluaz mutikoaren begien zaldarearen ber biltzeko. Hilobitik jaukitu eskuhezur haren ondotik, palto zizkatsuz beztitu gorpua jalgi zitzaion Arbiden, oihuka, itzulerarik gabeko bidaietan, botz erlastuaz. Herioaren urrina gelan barreiatzen zela iduritzen zitzaion, kaosaren akidura eta gangrena, zangosagarretan gora, amor emaitearen atari.

Gerlako filmak nazkagarriak ziren, Hamalaukoak partikulazki. Brandon Salleberryk asezina zirudien, zeozer bilatzen bailuan ziztu bizian higatzen zitzaizkion dokumentoetan. Goiz batez, halatan, Max Ebertek, erizainek artak emanik, Brandon telegelara lagundu zuen, bereber ziola tehenta baten antzera:

— Egun, agian, piztuko zaio buruko argia…

Esperantza guti zeukan ordea. Chemin Des Damesko erasoa pasatzen hasi zen pantailan eta trintxeran jautz egin zain zegoen gizon gazte bat ageri zen. Kamera bere aurpegian nagiki zebilen, begietan beldurra eta eskuetako ikara nabaritzen zitzaiola, baioneta zatxikala. Bat-batean, Brandon Sallaberryk garrasia bota zuen, erizainak, psikiatra eta medikuak gelara jinaraziz tarrapataka. Atea banpez ireki zuten eta mutikoa managailua ahurrean zeukala, itxura gelditu baten aurrean fazinatua, plantaturik ikusi zuten. Brandonek soldadua erhiz erakusten zuen.

— Joanes… Joanes…

Max Ebertek mutikoa sorbaldatik hartu zuen eztiki. Brandonen so zaharkitu haluzinatuaz jabetu zen, gainerako erizainak lasaigarri bila lehiatzen ziren artean. Ahots ahal bezain samurrez mintzatu zitzaion:

— Nor da Joanes?

— Joanes… Joanes… —errepikatzen zarraikan Brandonek, oroit-bideko lehen mantra mingarria bailitzan.

 

 

VIII

Arratsaldean berean Max Ebert abiatu zen Jakes Salaberry, Brandonen aitatxiren elerraitera. Ideia ttikia bazuen orain Arbideko hilerrian gertatu zenari buruz. Egoeraren kordoka aska zitekeen, menturaz, filmeko gizona, Joanes zelakoa, hamar hilabete aitzinago Arbideko hilen egoitzan izuz kurutzatua baldin bazen. Jakesek, halatan, Joanesen argazki horitu bat eskaini zion Baionako kasernan hartua, bihotza alegera omen harategirako trenean saldoan kokatu aurretik.

Eskualduna astekariaren ale zenbait atera zizkion gero gizon adinduak, kaixa borobil batetarik. Euskaldunek Frantziarentzat bizia abandonatuz frantses izaiteko eskubidea ordaintzen zutela zioen editorial bat eman zion, urteak iragan ahala oraindik ikaran. Zoko urrineko paperak mirazkatzean, bere familiaren gerla garaiko ezbeharrak gogoa zeharkatu zion. Max Eberten amatxia, bi gerletan alargun geratu zen: hamalaukotik senar zainarta gorpu itzuli zioten, eta senarraren sendikoak idi pare apainduak lauzkatu orgarekin etorri ziren etxera Joseten pusken bila; hogei urte berantago bigarren senarraren aldia izan zen, Maginot linea defendiatzen zuela, neumonia bat zela kausa Verdun eskualdean azken hatsetan pairatzea. Artean, amatxiak bost haur munduratu zituen. Gosaio andana haren ondokoa zen Max Ebert bera.

Jakes isildu zen unean, Max Eberten pentsamendua ihes joan zen: zer zen Batasun Nazionala hutsaren gainean oinarritzen zuen estatu hau? Alabaina, kanpoko etsai susmatuaren aurka herriak eta eskualdeak biziaz agortzean eraiki zen Unitatea, Bakuna, Berdintasuna. Eskualduna astekariko nobleen idazkiek duda izpirik ez zekarten, Frantses izaitearen harrotasuna baino ez zien Ebertek kausitzen; justifikatze lana obratu zutenek ondotik Euskal Literaturaren Urrezko Orrialdeak ohorez hanpatu zituztela betiko. Baina, oharpen honek ez zuen Brandon Sallaberryren gaitzarekin inongo loturarik. Max Ebert galtzen ari zen egiazki.

Orduko militarrek, edozein hizkuntzatako kazetalariek eta artistek sentimenduak zinominokatu zituzten, bretaindar artilleroen, senegaldar tiratzaileen, euskaldun fantasinoen eta okzitandar granada-aurdikitzaileen sakrifizioa, sakrifizio fundatzaile gisa, errealitatetik hara, bermatzeko. Ondorioak ez ziren eder suertatu: nehork ez zekien halatan bere buruaren izendatzen, mugatzen eta zedarritzen. Eta Max Ebertek bazekien, horrela, populuak urratu zituztela psikologikoki, etxean arrotz nabaritzeraino. Unitate Nazionalaren mitoak belaunaldiak bata bestearen atzetik eskizofreniko moldatu zituen, Jakes eta Brandonen kasua argigarri zen karia hortara.

Max Ebertek Jakesi orduan galdatu zion, ardoz arradatu basoa ezpainetaratzen zuenean:

— Eta zu zer zara? Frantsesa ala Euskalduna?

— Ez naiz asko ibili eskolan, baina frantsesa naiz lehenik.

— Euskaraz baizik ez zira mintzatzen…

— Frantses eskualduna nahi baduzu!

— Gerlari ohia?

— Bai… Algeria egin nuen, fellagen kontra.

— Brandoni kondatu diozu Algeria?

— Nehori ez diot aipatu. Zuri are gutiago.

Palto lakarraz, beso ukaldi lerden batez Jakesek ezpainak xukatu zituen, eta amets herabean lerratu zen, mututasunak, agian ingumek inarrosten zioten kasko zokoa gatibatzen zuela. Gerlako gertakariak ezin erranak ziren. Mende guzietakoak.

 

 

IX

Brandon Sallaberry atseden luzean sartu zen pantailan Joanes ezagutu zuen geroztik. Joanes, Pierra, Jakes, Felixi, Teexa eta Amelia bilduak ziren argazkia zenbat aldiz begiztatua zuen aitatxiren ohe ondoko armairutxoan? Uste gabeko sinestea bihurtua zitzaion iragan trajiko eta herio usaineko garai hura. Ildo hortarik Max Ebertek Brandon hartzen zuen bere bulegoan, egunak eguntegi. “Joanes, Joanes” eta “Odolaren Zorra” errepikatzetik solas zabalagoak ukaitera heldu zen emeki-emeki. Psikologoa ohartu zen Brandon, urtetik urtera, Sallaberry familiaren gerlari memoria bilakatua zela. Mutikoa suntsipen ugarien erantzule senditzen zen. Hobengabea zela ikasiko zuenean, sendatuko zen.

Hitza beretzen zuela, ura emaiten zioten ausarki, egarriz zimeldu gorputzeko zelulen biziarazteko. Orain ohantzean baino Max Eberten bulegoan pasatzen zuen denbora, filmek ez baitzioten keinu berezirik jadanik marrazarazten. Hitza berreskuratzear, itxuren haria biribilkatua zuen. Max Ebert ez zen etsitzen.

— Brandon, ez zara ezertaz errudun. Gerlak egin ziren zure etxekoen nahikundetik kanpo. Pairatu zituzten. Baina ez zuten kulpabilitatea beren gain hartzeko kuraiarik, orduan burua jan dizute, aitatxik, argazkiek, auzoek eta nik dakita beste nork.

— Ez… Odolaren Zorra nik ere ordaindu behar dut.

— Ez da sekulan zorrik izan; hori apezen, notableen eta eskola errienten asmakizuna da. Egiaz kito gara, jende garen heinean

— Ez…

Brandonen larruak azaroaren hameka hartako estigmak garraiatuko zituen luzaz, nahiz zelulek orokorki hobera egiten zuten. Iraupen handiko lanak bazituen jagoitik Max Ebertek eramaiteko, Brandonen buruko atea doi-doia inguratu zuten duntz herdoilduetan, mutikoaren bizira laguntzeko. Hortaz axolatuko zen hil artino, beharrean.

 

 

X

Azaroaren hameka hartan, lantzurda arin batek apaintzen zuen Arbideko hilerria, apeza, Gerla Handian zendu herritarren izenak zerrendatzen hasi zenean. Erretorra arropa ubelez jantzia zen eta jendeak, gehienak adinduak, saldo iluna moldatzen zuen. Urtero marmarikatzen zen litania hitsaren antzera, ahots ahulez mintzo zen apeza, izen bakoitzaren ondotik, jendetzak “Mort pour la Faranz” etsitua —ez erraiteko aspertua—, ihardesten ziola. Zeru apalak gizon-emazteen uhuruka beltza saminagotzen zuen.

Azaroaren hameka hartan, Brandon, ospitalean zegoenez, ez zen mezan izan lehen aldikotz bere bizian. Jakesek, halaber, ez zuen inor atzeman plazara joaiteko. Giselak lisatzen pasatu zuen goizaldea eta Gerardek Canal +en eskaintzen zuten zangobaloi partida segitu zuen, begiak eta ginarreak hil.

Urdeen kurrinka haizearen txistu buhadekin ezkontzen zen.