Maria Madalenaren heriotza santua

Eibarko ipuin lehiaketa, 1966 / Hegatsez, 1971

Orain dela berrogei urte herri txiki bat zen Zarobi. Azken denboretan Arjentinatik etorri ziren indianoak begiak zuri-zuri geratu ziren, aspaldian utzi zuten herri maitea berriz ikusi zutenean. Lehen ehun etxe besterik ez bazuen, gaur egun berrogei mila bizilagun zituen Zarobik. Industria handia sortu zuten zarobitarrek. Herriaren industrializazioa mirari bat bezala gertatu zen. Aspaldiko Zarobi hartan, hiru tailer txiki ziren. Ugaldu ziren tailer haiek, gero eta handiago, eta horra, egungo egunean herriaren hegalean industria-lantegi handirik ikus zitekean. Alde guztietatik bildu zen langile jendea.

Lehenbiziko tailer txikiak ireki zirenean, nagusiek eta langileek tailerretan lan, denek bat egiten zuten. Gerora, zerbait indartu zirenean eta fabrikak zabalagotu, tailerretako nagusiak ofizinetatik aginduak ematen saiatu ziren. Azkenean, gehienek behintzat, direktoreak-eta jarri zituzten, eta orduan nagusiak behin edo beste bakarrik azaltzen ziren lantegietara: hots, industriak eta langileen izerdiek utzi zizkien diru mordoaz nola hobeto baliaraz zitezkean ikusteko egiten ziren bilkuretara biltzen zirenean bakarrik azalen ziren fabriketara.

Industrializazio hori, batipat, portuari zor zitzaion. Lehen, portu txiki bat besterik ez zen: arrantza portu txiki bat. Herri guztiak zuen parte portuan. Gurasoak arrantzara joaten zirenean, arrantzalekumeak igeri ibiltzen ziren itsasoak eta ibaiak bat egiten zuten unean. Baina gero, itsasontzi handirik sartzen hasi zanean, arrantzaleen bafore txikientzat ez zen gehiago lekurik, eta horrengatik, nagusi handien industria kargak batetik bestera eramateko bakarrik balio zuen portuak. Nehor gutxi kexatu zen, eta kexatu zirenak ere laster asko amore eman beharrean gertatu ziren. Herriaren erdi-erditik ibaia pasatzen zen. Ibaia aski sakona baitzen, itsasontziak herriraino, barruraino sartzen ziren. Ibaiaren alde banatan ziren Zarobiko kale estuak altxatzen. Ibaiaren alde banatara errepide bat zegoen eta errepideen ondoan etxe altu eta beltzak.

Horrelako herri industrializatu batetan ez da batere harritzekoa ta, langile jendeak, lanetik atera orduko, ostatuetara jotzen zuen. Ostatuz josia zegoen portuondo guztia. Pozik ziren zarobitarrak: gauza guztien prezioa gero eta gorago ari bazan ere ardoak lehengo prezioa egiten zuen. Gainera, fabriketako nagusien laguntzaz taberna eta ostatu berririk ireki zen, eta gehienetan telebistak ezarri zituzten. Oraindik ere ez baitzen Zarobin Europako zenbait herrialdetako haize berririk sartu, biziro onesten zuten nagusien jokabide jator hori: norberak bere aparatua erosteko behar hainbat diru irabazten ez bazuen ere, bazuten behintzat tabernan sartu eta fubola eta zezenak ikusiaz denbora pasatzeko atxakiarik.

Beste inor baino gehiago Jose Aldazabal —Aldazabal Burdina Lantegiko nagusia— goraipatzen zuten. Lan gogotik eginez fabrika bikaina jasorik zuen, eta nahiz eta besteek baino gehiago ez ordaindu langile jendea —beraz, oso gutxi ordaindu— egia ere zen inor baino gehiago saiatu zela langileentzat taberna berriak, taberna telebistadunak irekitzen.

Egin zuen gainera obra bat miresgarria, zarobitarrek sekula ahaztuko ez zutena. Zer egin behar da! Zarobitarrak gizon ziren, beste edonongo gizonak bezain gizon. Egia esan, beste herri industrializatuetara joaten zirenean, bere herria gehiegi goratu beharrez ukatzen bazuten ere, Zarobiko portu izkinan nolabaiteko emakume asko bizi zen. Haiek beste izen bat ematen zieten emakume haiei, bainan nik “nolabaiteko emakume” idatzi dut, nahiz eta barne-barnetik sinetsi emakume horiek beste edozein emakume bezain emakume direla.

Begira zer zuen egin Aldazabalek.

Etxe handi dotore bat jaso zuen Zarobi ondoan zegoen hegi batetan. Herriko zahar, behartsu, umezurtz eta emagalduak bildu zituen etxe horretara. Zaharrik eta umezurtzik bildu bazuen ere, portu ondoan bizi ziren emagalduak biltzen saiatu zen batipat Aldazabal jauna. Ez denak, berrogeita bost urtetatik pasatuxeak zirenak baizik. Herritarrek atsekabe pixka bat hartu zuten hara eraman zituztenean, baina laster jarri ziren horretara ere.

Baina nik neuk besterik kontatu nahi dut.

Gau hartan ardoz eta futbolaz asexeak baitzeuden, zarobitarrek ez zioten garrantzi handirik eman, baina egia esan, gau hartan gertatu zenak, ordurarte Aldazabali nion begiramena zerbait epeldu zen nere baitan. Patxi arotzak, berdin baita errementaria esatea, kontaturik jakin nuen guzti-guztia.

Urtero bezala, igande hartan festa zuten “Aldazabal jauregian” bizi ziren zahar, umezurtz eta emagalduek. Egun horren zain egon ziren barruko guztiak, eta arratsaldeko hirurak ezkero poliki-poliki aldapa gora zetozen nagusien kotxeei begira egon ziren.

Lehenik, fabrika txikietako nagusiak igo ziren, Seat 600etan. Geroxeago berriz, itsasontzietako zenbait nagusi, Seat 1.500etan. Eta azkenik, Aldazabal jauna eta bere emaztea, Merzedes batetan. Eskuetan pañuelo zuriak eta urdinak dantzatuaz hartu zituzten jauregitarrek.

Egin zen festa ederrik.

Umezurtzek, agureek eta emagalduek teatro txiki bat moldatu zuten. Harro azaldu ziren eszenariora, aurrean zuten jauneria hura ikusita. Lehenik Txilibitu eta Danbolin, bi haur umezurtz, azaldu ziren. “Ai Danbolin, Danbolin… kosk egingo diat ipurdin”. Denak irri karkaraka hasi ziren, zaharrek beren hortz horiak erakutsi zituzten, emagalduak barrez leher egin beharrean hasi ziren, eta umezurtzek eskuez tripa estutzen zuten barreari eutsi ezinez. Jauneriak irriño bat besterik ez zuen agertu, eta puroei kea ateratzen jarraitu zuten.

Zaharrak azaldu ziren eszenariora. Dantzan egin zuten. Hortzak erakusten zituzten eta belaunak makurtzen. Besterik gabe, gizontxo haien aspaldiko hezur hezeak orain erabat iharturik ikusirik, ze irriak egin zituzten emagalduek!

Emagalduen txanda etorri zan.

Joxepa Pardel, Inaxi Pegarra eta Madalena Betikoa agertu ziren eszenariora. Joxepa Pardelak zertxobait esan nahiko zukean, baina mihia kateatu zitzaion eta negarrez hasi. Inaxi Pegarrak, lagunaren negarra disimulatu nahirik, ahoa ahal zuen beste zabaldu zuen bainan oihu triste bat besterik ez zitzaion atera. Bi haiek hain modu txarretan ikusirik, pauso bat egin zuen Madalena Betikoak eta ahoa zabaldu zuen, eta ezpaietan irriño triste bat loratu zitzaion… Ba zekien zer esan… Baina memento hartan bihotza sentimenduz bete zitzaion… Agureak begira-begira zegozkiola sumatu zituen eta gupidatu egin zen… eta deabrukeriazko burutazio bat pasatu zitzaion burutik. Zer egingo ta, aspaldi batean bezala, bi eskuak belaunetara eraman zituen eta poliki-poliki bere gona zaharra iztar erdiraino jaso zuen. Umezurtzek barrez jarraitu zuten, agureak begiak zabal-zabalik geratu ziren, jauneria erabat eskandalizaturik eta mojek oihala berehala jaitsi zedila agindu zuten. Aldazabalek eskuak begietara eraman zituen, eta bere emaztea superioraz mintzatu zen: inoiz ez eta orduantxe damutu zitzaiola emakume izatea, aitortu zion.

Besta bukatzeko, Aldazabal jaunak diskurtso bat bota zuen. Oso emozionaturik zegoen, itxuraz behintzat. “Soziedadeak bazterrean uzten dituen gure anaia-arrebak ez zitezkean utz gisako etxerik gabe”. Egundaino ez bezalako txaloak entzun ziren. “Gauza on eta asko egiteko, dirua ez da aski, behar da inspiraziorik ere”. Umil-umil mintzo zen, meriturik batere ez balu bezala, eta bera umilago eta txaloak sendoago entzuten ziren salaren barrenean. “Zarobi hain garbi eta txukun eta eskandalorik gabe ikusten bada, herriko zaborra guztia jauregi eder batetan lore bihurturik dagoelako da”, esan zuen. Umezurtzek ezer konprenitzen ez zutelakoz, mojak biharamunean moral piska bat egiteko gaia atzeman zutelakoz eta agureak arras agureturik zeudelako edo, entzule guztiak emozionatu ziren eta bankuez eta zangoez lurraren kontra taka-taka berebiziko istilua atera zuten. Hura zen alegrantzia! Gero eta beroago ari zen Aldazabal jauna. Halako batean boz mehe bat entzun zen lau pareten erdian. Madalena Betikoaren boza zen: begiak malkoz beterik zeduzkan, eta bi eskuak bildurik sudurraren puntan ezarri zituen, eta oihu egin zuen: “Santu, santu, santua, Madalena bekatari honen gainean milaka aldiz etzan zen Jose Aldazabal jaun prestua! Zeruek kanta bezate eta haizeek deiadar egin!”… Isildu egin zen. Salako isiltasun ikaragarriak hitza kendu zion. Denak zuri-zuri geratu ziren. Mojek, token azpitik, begirada zorrotzez begiratu zioten, agureek ez zekiten zer egin, haurrek behatza zapatzen jarraitu zuten, jauneria altxatu egin zen… Aldazabalen emazteak konortea galdu zuen. Aldazabal jaunak “Datorren urtera arte” esan eta diskurtsoari bukaera eman zion.

Aldazabal jauregian” bizi ziren zahar, umezurtz eta emagalduek izan zuten ardo goxorik eta pastelik. Batño falta zen: Madalena. Jauneriaren aginduz, mojek “jauregitik” lekutu zuten.

Aldazabal jauna eta bere emaztea, herria alderik alde pasa eta portutik hiru kilometrotara zegoen restaurant dotore batetara sartu ziren afaltzera.

Nor zen? —galdegin zion emazteak.

Emagaldu bat…

Gaztetako laguna.

Oso ederra zen.

Ederra zela?

Orain itsusia da.

A! Oso itsusia! Oso itsusia… eta gainera emagaldua!

Hor nonbaitetik etorri zen Zarobira soldataren bila Madalena. Behar hainbat ez baitzuen irabazten, goizeko seiretatik zazpi terdiak arte esne banatzen ibiltzen zen. Tiki-taka, portuko pisuetara igotzen zen. Orduan ezagutu zuen Aldazabalek, eta baita “estimatu” ere. Lehen bezain eder ez baldin bazen ere, oraindik aurpegiko azala aski leuna zedukan, ezpainak mehe, eta hainbeste gizonek gustatu zuten bere irri gozoa ez zuen galdurik. Aldazabal aberastu zenean eta hoberik ezagutu, “jauregian” sar erazi zuen berritsua.

Ipar haizeak doi-doia eragiten zien zuhaitzen hostoei. Bihotzaren garraztasuna gozatzearren, txanpan botila bat berekin hartu eta kanpora atera ziren senar-emazteak. Herrira abiatu ziren. Zenbait hodei beltz ageri zen zeru zabalean. Urrutian Zarobiko etxeetako eta ostatuetako argiak ikusten ziren. Dena isilik zegoen. Biziro arin zoan merzedesa. Portuaren alde banatara zeuden farolen argia itsasoko uretan islatzen zen. Itsasontziak, bata bestearen kontra, uhinen gainean dantzan zebiltzan. Portu aldera, bi mantxa beltz korrika ikusi ziren. Ustekabean bezala, kotxea frenatu zuen. Garrasi bat entzun zen. Zenbait leihotan argiak itzali ziren.

Ostatuak jendez beterik zeuden. Bilbao eta Donostia futbolean ari ziren. Ate bat ireki zen eta speakerraren boza entzun zen: “Gazteluk hartu du baloia… Urreistiri pasatu dio… Arangurenek inguratzen du, driblatzen du eta takoiaz jo eta Mendiluzeri pasatu dio… Baloiarekin aurrera doa, txutatzera doa… baina, ai! Etxebarriak zangoa hanka tartera sartu eta lurrera erori da… Penalty! Penalty!… Aaa! Arbitroak, reglamentua sekula ikasiko ez duen arbitroak ez du pitorik jo… eta jende guztia deiadarka hasi da!… Gazteluk hartu du berriz ere baloia…”.

Madalenak arnasa estuturik zuen. Ez zezakean gaurgero gizonen deseorik lasai… ez Pellorenik eta ez inorenik. Aski zuen egindakoez! Orduan garrasika hasi zen. Edozein tabernatako atean joko zuen eta defendituko zuten, baina gizonak fubolari zeuden. Aurrera jarraitu zuen korrika, portu aldera. Pello atzetik zuen, ilea banaturik eta zangoen gainean doi-doia zutik. Oihu egin zuen Madalenak. Zenbait buru azaldu zen leihoen atzean, eta erantzun bezala eztul bat edo beste entzun zen, ezer gehiago ez. Nekea sentitu zuen eta portuan zegoen plaza txikian sartu zen.

Farol handi batek argitzen zuen plaza txikia. Lau zuhaitz zeuden plazan. Plazaren izkinan portua, ura, itsasontziak. Zuhaitz batetik bestera egin zuen Madalenak. Gonak banaturik zituen, txima luzeak buruan. Izuak hartu zizkion zainak eta garrasi egin nahi izan zuen, baina eztarriak ez zion bozarik eman. Pello ondoan zebilkion. Zuhaitzetatik aparte, itsasoaren eta Pelloren erdian zegoen Madalena. Tripako indar guztiak bildu zituen eta deiadar egin zuen. Ostatuetako zenbait ate ireki zen, paretaren kontra pixa egin zuten, lepoa igurtzi eta barrura sartu ziren. Leihoetan argiak itzali ziren eta leihoetako maindireen atzean begi txiki-txiki asko ikusi zen.

Aldazabalek bapatean gelditu zuen kotxea.

Itsusia ala ederra?

Autoaren argiak itzali, leihatila pixka bat ireki, txistua kanpora bota eta “Itsusia” erantzun zion emazteari. Arratsalde hartan Madalenak esan zuenaz oroitu zen Aldazabal, eta begiak odolez bete zitzaizkion. Leihatilatik kanpora burua atera zuen. “Emak hor Pello… bota zak…leher dadila!”. Andrea bizkarraren kontra zedukan. Biak ari ziren batera “Emak hor Pello… bota zak… leher dadila! Eta memento hartantxe, Pello, basurdea bezala lotzera zihoakionean, Madalenak uretara jauzi egin zuen. Urpera joan zen. Hanka puntaz zerbait gogorrik ukitu zuen, lotu zitzaion indar guztiaz eta tira eta tira, sokak itsasontziaren ondoraino eraman zuen. Pello eskaileretatik behera jaitsi zen. Deseo zakar batek eraginik zangoetatik heldu nahi zion. Desesperazioz beterik, murgil egin zuen Madalenak eta sokari gero eta gogorrago helduaz, berriz ere ur gainera atera zen.

Oraindik ere zangoak zabaltzen ditu emagaldu horrek! —esan zuen andreak.

Langileen hondamendia azken mementora arte —esan zuen Aldazabalek.

Eskuak odolez gorri-gorri zeduzkan, begiak noranahi zuloetatik atera beharrez… Begietan zuen halarik ere, bere esperantza guztia jarririk. Kale estu haietan hainbeste aldiz “Agur” esan zioten bozez oroitzen zen, bainan gogoeta itxaropentsu haiek gorputzaren indarraz batera itzaltzen zihoazkion; bizkar hezurrean zituen indar guztiak bil, oin puntak estutu eta ahalegin ikaragarriak egin zituen nola edo hala ur gainean egoteko. Pello aurrera eta atzera zebilen. Zerbait esan nahi zion Pellori, erregu bat egin nahi zion gupida zekion, baina eztarriak ez zion hitzik atera. Burua bi besoen artean zedukan…

Itsusi ala eder? —galdegin zion andreak.

Erantzun gisa, merzedesaren eskuko frenua laxotu zuen eta autoa gainbehera hasi zen. Bospat metro egin eta geldierazi zuen. Leihatilatik burua atera eta Madalena zegoen gunera begiak zorroztu zituen. Berriz ere frenoa laxotu zuen. Madalena zegoenetik hogeita hamar metrotara geldierazi zuen kotxea. Kanpora atera zen. Itsasoaren ondoan zegoen paretaren kantoiraino, arrastaka joan zen. Burua luzatu zuen, lepoa atera paretaren bestaldera eta zangoak jasoaz besoez urpera egiten zuen indar. Haga baten deseo desesperagarri bat sentitu zuen memento hartan Aldazabalek.

Memento berean, zenbait gizon atera zen ostatuetatik, eta ibaiaren alde banatako etxeak lotzen zituen zubira joan ziren. Zubiaren gainetik doi-doia azaltzen zituzten beren buruak. Ostatuetan ez zegoen gehiago argirik, are gutxiago leihoetan. Telebistaren futbol hotsa besterik ez zen entzuten. Garrasiez ohartu zirenean, langileek leihoak ahal bestean ireki zituzten. Ondorioez, ondorio txarrez konturatu zirenean, pixkanaka-pixkanaka, batere harrabotsik gabe, berriz itxi zituzten. Zubian zeudenak berdin, testigutzak ekar zitzakean nekeez eta denbora galtzeez oroitu ziren eta, banaka-banaka, berriro ostatuetara jo zuten. Aldazabal bakarrik geratu zen kanpoan, paretan erdi dilindan, eskuak luzatuta, begiak odolez beterik eta hortzak krisk-krask egiten ziotela.

Madalena nekaturik zegoen. Heriotzaren larrimina sentitu zuen. Halaz guztiz ere ez zuen etsi: azken mementoan, portuko ostatu eta etxeetatik jende ezaguna pilaka etorriko zitzaiola uste zuen. Gorputz guztia bil-bil egin eta soka muturrari gogor helduaz, gorputza uretatik atera zuen: azkenekoz, bere begi hilak ostatuetako ate eta etxeetako leihoetara zuzendu zituen. Milaka buru txiki ikusi zuen etxeetako eta ostatuetako leihoetan zeuden zapien atzetik begira. Orduan bihotza lehertu egin zitzaion. Eskumuturrak lotu zituen eta isil-isilik urpera joan zen. Olatuek ur gainera atera zuten, eta sokaren ondoan eta itsasontziaren kontra batere mugimendurik gabe geratu zen.

Oraindik ere zangoak erakusten ditu puta horrek —esan zuen andreak.

Zaude isilik… itzar daiteke eta —esan zuen Aldazabalek.

Automobilean sartu zen. Motorrari eman zion. Txanpan botila hartu zuen. Burua leihatilatik kanpora atera zuen. Txanpan botila labaindu zitzaion eta lurrean zabaldu zen eta portuko uretara isuri.

Pellok burua makurtu zuen. Eskailerak igo zituen, haize freskoa hartu zuen eta kale barrenetik gora abiatu zen.

Partiduaren azken mementoak ziren. “Gazteluk darama baloia. Mendiluzeri pasatu dio. Honek Urreistiri. Baloiarekin doa. Defentsa bat driblatu du. Hamar metrotara… Ez, Artzakek hartu du. Aurrera doa… Ba dirudi… —memento honetan speakerraren boza arras kanbiatu zen— zortzi metrotatik txutatu eta ezkerraz gol sartu du. Gol! Gol!”, eta ostatuetan gol! gol! gol! milaka aldiz entzun zen. Milaka zigarrilo piztu zen langileen ezpainetan eta milaka argi gorri-gorri agertu zen etxeetako leihoetan.

Biharamunean, poliziak gorputza altxatu eta han eta hemen galdezka hasi zenean, inork ez zuen gauza garbirik esan ahal izan. “Gauerdian oihu bat entzun zela portu aldean” esan zuen batek. “Irrist egin eta erori edo egingo zela” beste batek. “Aldazabalen jauregian sartuz geroz, burutik pixka bat eginik ote zegoen” esan zuen hirugarren batek.

Aldazabal senar-emazteek bere txaletean sartu eta oherat jo zuten. Irribarre txiki-txiki bat nabari zitekean haien ezpainetan. Senarra ohean itzulinguruka zebilela ohartu zen emaztea.

Zer duzu, honenbeste mugimendu?

Garrasiak… garrasiak… —erantzun zuen Aldazabalek.

Ohetik jeiki eta kutxatila batetatik algodoi puska bat hartu eta belarrietan sartu zuen. Geroxeago gauza bera egin zuen emazteak, eta biak sor-gorren isiltasunean murgildu ziren.

Emazteak:

Orain garrasirik aditzen ahal duzu?

Ez zuen erantzunik hartu.

Senarrak:

Garrasirik aditzen al duzu?

Paretak paretari erantzun ziona besterik ezer ez zen aditu.