Liraina, guztiz liraina, politen artean polita zan, oraindik bederatzi urte bete ez zituan neska maitagarri hura. Maritxo zeritzan, eta zerutik ihes egindako aingerutxo bat zirudien. Esne zuri-zuriz eta larrosa gorrixkaren hostoz egindakoa zan bere arpegi gozoa; eguzkiari kendutako urrezko errainuak ziran ileak; erdi bi egindako gerixa gorri-gorri bat ezpainak; bi txipeleta jolaslari, nahi eta ere behinere geldi ezin eduki zituan begi haiek.
Bixia zan, azkarra zan gure Maritxo. Txipeleta, lore eta txoriak erreginarik nahi izan ezkero, Maritxo panpina, a zer erregina!
Han zebilen bere baratzan joan eta etorri, gelditu eta ibili, pinpilinpauxa margodun eta eder-eder bat ezin harturik. Pinpilinpauxa bat beste pinpilinpauxa baten atzetik!
Txotx batetik bestera, landare bat utzi eta bestean gelditu, madaritik sagarrera, sagarretik aranera, puntarik punta, belarrik belar, harontz, honontz, bazebilen beti pinpilinpauxa, haizea bezin arin. Baita ere Maritxo atzetik. Helduko zion, bai, non edo non! Joan zan Maritxo isil-isilik pinpilinpauxa larrosa baten gainean ikusi zuanean, ondoratu zan oraintxe ba… luzatu zuan eskua poliki-poliki… zer esku polita, pinpilinpauxa bat gainean jartzeko!… beste pitin batean egongo balitz, et… et… bai zera! joan zan, Maritxoren behatz artetik ihes eginda. Ene! Hara, hantxen dago, krabelina hori haren gainean. Noan berriz… ixo… ixo… o…
— Maritxo! — esan zuan orduan, baratza ondotik zihoan, bide nagusitik, hitzots eztitsu batek.
Maritxo gelditu zan. Urrezko ileak harrotuaz, bihurtu zuan burua atze aldera. Baratza guztia, Maritxoren leporainoko harri-horma batez inguratua zegoan, eta hormaz goitik, hesi apainaren burni ederki landuak zeuden zuzen-zuzen jarrita.
Bi burniren artean, ume baten arpegi argala agiri zan.
— Zer da? —galdetu zuan Maritxok umea zegoan tokirako bidea ibiliaz.
Umeak ez zuan erantzun; Maritxo gerturatu zan. Gutxi gorabehera adin berdinekoak ziran bi haurrak. Hesiz beste aldera agertzen zana argala zan; oinutsik zegoan, soineko zahar adabatuz jantzia. Haur harek ez zuala asko jaten errez ezagutzen zan, bere arpegi horixka eta indar gutxiko gorputzean.
— Nik ez daukat hemen ogirik —esan zion Maritxok—, zoaz nere etxeko atera eta han zer edo zer emango dizute.
— Ez det ogirik nahi, Maritxo —erantzun zuan ume gaixoak burua makur-makur eginaz.
— Nola dakizu ni Maritxo naizela?
— Markes jaunaren alabak zer izen duan, nork ez daki?
— Eta zuk nola dezu izena?
— Nik Migeltxo.
— Baina ogia eskatzera ez zatozela esan didazu.
— Ez nator eta.
— Zer nahi dezu, bada?
Migeltxo isilik zegoan begiak lurrerontz bihurtuta. Bai, Maritxori errez deitu zion, baina orain nahi zuana esatea ez zan hain erreza. Pinpilinpauxa haren atzetik jo batera eta jo bestera zebilela ikusi zuanean, beste ume guztiak bezelakoa zalakoan deitu zion, eta orain, hain gertu ikusita, lotsatu egiten zan. Zer egingo zuan bada ume behartsu, txiro, soineko zahardun harek, Markesaren alabatxo txukun eta politaren aurrean!
— Ezer nahi dezu ala ez? Esan.
— Bai. Nola han, txoko hartan bost larrosa gorri-gorri…
— Ikusi al dituzu?
— Ez ba, ikusi gabe.
— Kontxo! Inondik ez zirala ikusten uste nuan eta. ¿Eta zer?
— Emateko.
— Eman e, eman? Ezta, ezta…
— Ez al dizkidazu emango…?
— Ezta… ezta…
— Zer ba? Beste lora asko badauzkazu ba baratza guztia estaliaz.
— Horrelakorik ez ordea. Larrosa hoiek badute bere zera. Zuretzat ez dira larrosa hoiek; ogia nahi badezu ekarriko dizut, baina larrosa hoiek, bai zera!
— Zu ere besteak bezelakoa zera, Maritxo, danak bezelakoa. Hemen nabil beti aterik ate eskean; inork ez dit galdetzen zer nahi dedan. Ikusi orduko ogia eman eta atea itxi. Beti ogia! Zer bada, sabela besterik ez al degu behartsuak, ala? Inork ez dit musu bat eman, maitetasun apur bat inork ere ez. Beti ogia eta sabelerako gauzak! Bihotzerako inork ez. Soineko zaharren azpian bihotzik ez al da izaten, ala? Nik badet ba, eta horregatik larrosak eskatu dizkizut. Eta zuk, besteak bezela, larrosak ukatu, ogia eskeini. Ez det nahi, ez, ogirik; sabelerako gauzen gose naiz, baina gehiago bihotzerako gauzen gose. Eskatu beharrean, isil-isilik zu ez zeundenean hartu banitu larrosak, neretzat izango ziran; baina horrelakorik ez dala egin behar erakutsi zidan amak, eta horregatik ez ditut hartu. Orain eskatu, eta ezetz… ogia jateko!
— Ez dakizu ba, Migeltxo, bihar nere amatxoren eguna dala, eta berari emateko isil-isilik dauzkadala toki artan inork ikusi gabe? Beste guztiek urrezko eta zilarrezko opariaz etxea beteko diotenean, larrosa eder hoiek eramango dizkiot nik, eta beste opari guztiek baino gehiago poztuko dute nere amaren bihotza. Egi-egiazkoa, bihotz-bihotzetik eskeinia izango da eta!
— Eta ez dakizu ba, bihar nere amatxoren eguna dala, eta bakar-bakarrik dagoala, eta inork ez diola ezer esango eta ezer eramango nik eramaten ez baldin badiot, eta eramateko ezertxo ere ez detala zuk larrosa eder hoiek ematen ez baldin badizkidazu?
— Non da, ba, zure ama?
— Hilobian!
Migeltxori begira apur batean egon ondoren, Maritxo joan zan larrosak zeuden txokora, ebaki zituan bostak txortenetatik, egin zuan sorta bat, haren inguruan jarri zituan lorategiko lora eder-ederrenak pilo haundi eta ikusgarri bat eginaz, eta hari batez lora guztiak lotu eta gero, eman zizkion Migeltxori, esanaz:
— Tori Migeltxo; zure amari bi musu ematerik ez daukazu zuk. Eman zaiozkazu bada Maritxok eskeintzen dizkizun larrosa eta lora hoek. Nik nere amari, larrosen ordez bi musu bero-bero emango dizkiot bihar.
Hartu zituan Migeltxok lorak, eta pozez lehertzeko zorian bere bideari jarraitu zion esanaz «Ez da beste guztiak bezelakoa, ez. Lorerik ederrena bertan utzi det. Maritxo da eta!».
Eta Maritxok berriz, sorta ikusgarri eta apain hura mutiltxoaren eskuetan urrutitzen ikusi zuanean, esan zuan «Ondo egin det. Umeak ere, gizonak bezela, ez gera ogiz bakarrik asetzen. Umearen bihotzari ere, dagokiona eman egin behar zaio».