Aitzondar du izena Arriurdin gaztearen jaioterriak, Arrokagain deritza bera bizi dan etxe poxpola. Aitzondar, Arriurdin, Arrokagain. Oharkabe —deituraren isuri jokoa, noski— huri eta etxe izenen arabera jantzi eta hezitu zuten gogoz gure aitzondartarra. Pello izenarekin bataiatu gainera, eta guztiok dakigu Kepak harria esan nahi duena.
Pello Arriurdin Arkaitz. Harri kastakoa ama ere, ikusten dezutenez. Hainbeste harri sustraiekin, kontent zegoen Peru. Lito ere deitzen zioten izengoitiz eskola lagunek, izan ere hainbeste harrirekin ez da harritzekoa.
Bestalde, Harri Aroarekin dabil murgildua bere ikaskizunetan, dotore maila ardietsi nahiean, eta, bidean goazen ezkero, esan dezagun eskolagiriak omentsu zeramazkila. Lito izengoitiak par-murritza eginarazten zion. Lito-tik Litri-ra alde ederra zegok!, esan ohi zuen berekiko. Ondo baitzekien, ongi jakin ere, neskattoek Litri-rik ez dutela maite. Dena den, Schulten famatuaren urratsak aintzakotzat zeuzkan gure aitzondartar jatorrak. Plinio erromatarrak hemen lekuratzen du nonbait Venus Pyrenaicari eraikitako kaiolar aipatua. “Non ordea?”, galdetzen zuen kezkati eta azterle.
Pellok hargina zuen aita, eta Schulten doixtarra aieka hauetatik ibili zanean, harexek lagundu zion hondar lanetako ariketan. Oroitzen zan horratio, aitari lagunduz nola eraman zituen pala eta pikotxa Higerreko Aitzgallur munora, ustez han baitzeuden delako Venusen oroit gaztelutxoaren oinarriak. Gizon ospetsu eta jakintsu haren ariera sutsu eta eraginkorrak zaletu zuen harri zahar eta arkeologintza bideetan. Noiznahi zebilen gure Pello ikertzaile, Aitzgallur inguru-minguruan.
Paregabeko ikusmira dago bertatik. Bai! Bazterrak ondo miatu zituzten erromatarrek ederren aldetik. Izan ere, Venus jainkosak oro merezi zituen. Aitzgallurrek ur-kolko apaina eta ibai gesaltsua dauzka bere oinetan. Aurrez aurre itsaso zabala. Eskubi aldetik, sorkaldetik, mendi lerdenak, urrutian Auñamendiak. Kaio sail urduriak harat hunatka, txairo eta jostakin Aitzaundi eta Aitzamardulen magalpean, Bi Tunbak. Plinio jakintsuak aipatutako uhartetxo biak, hain zuzen. Lur muga —itsasoaren maitea— hondartza erosoa, urrez jantzia, leiarria bezain leuna.
Bazter miatzaile noiznahi zebilela Kepa, esan degu. Berekiko ere esaten zuen “Gure arbasoek, harriaroko haiek, hemen biziko hittukan ba! Baiña non? Leku arin, patxadatsu eta aberatsagorik etzeok, eta Santimamiñe, Altamira, Altxerrirekin batean, txokoño hau ere kontuan eukiko ziteken ba! Arteziren batetik ez ahal zait ustekabean katamotz, basakatu, untxarta edo axariren bat irtengo?”.
Asmamen giroan, berebiziko idi konkortiak, hartz, zaldi, orein eta mamutzarrak ikusten zituen haitz-negar artean margoztuak. Baita itsaslapurren gordeleku ezkutuak ere, altxor eta guzi: txirlarri, ikatzarri, arribitxi eta urrez betetako kutxatilak… Zerri goseak ezkurra amets!
Ilgora zalako edo, sortaldera begira pentsamenetan murgildu zan egun hartan. Hor, Miarritze eta Mugerreko kaxkoa eskubitara utzita, ezker aldetik han urrutian zegok Dordoina; alderdi horretan Magdaleine eta Lascaux. Isturitz ere hortxe, Baiguraren babesean. Honatx aurrez aurre Aiako Harria, Larrun, Urdaburu, Landerbaso… Ene Jainko maitia! Nun ote dago Lascauxtik Lazkanora bitarteko honetan, Isturitzeko leizea ez ezik, inguru hauetan gure aurrekoen bizitokia? Aitzbitarte? Agian. Hauxe dek ba, leku erosoa. Non hemengo muskilu, txirla, karramarro, ixkira, txipa, xabalo eta arraintokia bezin ugaririk? Non zeudek baina, erratilu pusketak? Non harrizko aizto eta aizkorak, non lerratutako maxkur horien azalak, nun lanperna eta lapa kozkolak? Galdera alperrak! A, idoroko banu!
Behingoan, haatik, adua alderako zedukan. Udazken hartan berebiziko euriteak egin baitzituen. Jasa ederrik bai! Bazterrak asebete ondoren, Almitxu ibaiak ur zuria zeraman Kantaurira. Ibar eta erribera oro gainezkatu zituan ibaiak. Eta hau gutxi bailitz, itsasoa ere bizi eta haserre, haizea zirimolan, uhainak hamar aldiz haundituak. Itsaso, ibai eta haizeak, denak azpilanean, itsasertzeko gainbeherari sasi, larre eta sastraka kenduaz, lur urratze haundia egin zuten, itsas bazterra larrugorri utzirik zeharo.
Kalte haundiak egin zituen etengabeko euriteak. Uholdetzarrak etxola bat edo beste lurperatu zuen. A, hondamena! Dana ez zan ordea kaltegarri izan, lur mugirak aspaldi aipaturiko horma zahar baten ertzak agerrarazi baitzituen itsas hegian.
Gure Pellok hartu zuan poza!
Noizbait ere harri zaharrak Aitzondarren! Gora!
Alegia deusez ari, egunero hurbiltzen zan Pello horma zaharren ingurura. Ekinaren ekinaz, izerdi patsean, barruko buztin metak kanpora ateratzen zituala jendeak ikustean, txorotzat hartu zuten.
Horma ertzak kontuan hartzekoak ziran, ezpairik gabe erromatarren denborakoak zitezken, edo apika lehenagokoak. Liluragarria ere bazan gero bere mehartasunean, nolako giltzarri galantak! Eta horien gainean harriak egoki erantsiak, ez latsun eta ez kisu ezarriak, saparri aztarnarik inon ere! Oso-osorik dana harrihanditzarren gainean eraikia! Ederra benetan. “A, suil, erratilu edo horrelako zerbait arkituko banu! Zergatik ez? Edo eta urre, zilar edo urraidezko txindi edo txanpon batzuk!”. Bai zera! Amesek, beti ames jarraitzen zuten. Arkitu? Burmehe horri zatitxo batzuk, hordoituak noski, burdin pusketa aleak, kriseilu antzeko zerbait, zartagi kider bat, zurezko kondarrak… ezer ez eta festa!
Probintziako Arkeologia Bazkunari arkitzearen berri emateko asmoak zituan, axola haundikoa baitzen ezpairik gabe arkimena. Aberatsagoa ez izana tamala. “A, giza soin errautsez beteriko berinezko suil batzuk arkituko banitu bederen!”.
Pentsamen horietan, barneari neurriak hartzera hurbilduaz, ateburuari —luze-zabalean tamaina onekoa— begiratu bat ematen ari zala, eguzkiak lehortutako buztin txingol pusketa bat erori zitzaion buru gainera. To! Zer ikusiko aurrez aurre harrian marrazkatua eta hizki bat. Zer hizki, eta zorioneko H-a. Ez dek oraingoa beraz, Euskal Herrian gure hasarrebideko letra! Arnasa estutu zitzaion hainbestez. Berehala atxitu zuen astalarra, eta bai marruskatu ere H alboa. Henela zerion: HELCESAR. Oe! Zer JELCE SAR? Julio Cesar ote?
Zalaparta bizian egin zituen hango lanak. Buztina lehorturik zegoan eta errex ken zitekean. Luze samarra zan idazpurua, hiru zerrenda ziran eta bat banaka aldatu zituen paper mutur batera irakurri zitezken hizki guziak. Gutxi gorabera, honela irakur zitekean.
ANTYSUNAYS URON
LASQU OFALYON
QYR EBERYHELCESAR
Ez zuan ezer ulertzen. Agian ez zituen behar bezela hizkiak aldatu, izan ere ESE dalako haiek ez ziran lehendik ezagunak bezelakoak, ez eta beste hizki batzuk ere. Ostera, hiru hizki zeharo aienatuak zeuden betiko. Nork osatu oroititzak!
Oheratu zanean ezin loa harturik egon zan, nahasmendu bizian. Hizkiak hortik, hizkiak hemendik. Izan ere, Hiztegi larri bati begirada ederra eman zion oheratu aitzin. Aztertu zituan egiptoar idurizkoak, apaiz ikurratz tankerakoak begiztatu, feniziar abezea, eberkera hizkidia, eladera ere berdin.
“Idazpuru horren esanahia ni baino ikasiago den batek argitu beharko dik…”.
Herriko etxera agertu zan goiztiar hurrengo goizean. Baita ere alkate jaunari ikasarazi idazpuruaren berri. Horma zaharren adierazpena eman egunean besaburuak jaso bazitun, ia berdintsu oraingo honetan ere. Zer dan ezjakina izatea! Hala ere baiezpena eman zion, berak ez zuala gauza horietaz ulertzen, baina bere ezjakinean ez zuala parragarri gelditu nahi, ez eta oztoporik ipini. Diru laguntza ere emango zuala behar izan ezkero, gauza herriaren izen onerako baldin bazan behintzat.
Espantu haundiarekin hartu zuten Probintziako Arkeologia Bazkunean Pellok zekarren berria.
“Futxo, hauxe bai benetako jeroglifikoa! ANTY SUN… hau latina duk dudarik gabe: SUN… SUNT. EBER eta CESAR hauxe komeria! Judeoa eta erromar haundi-mandiak berriz hemen. OFA LYON! Prantziako Lyon ezpairik gabe, garbi. LASQ… auskalo!
Harriaren bernuzatuari jaramonik egin gabe, argazkia ondo aztertuz honela zerion gorespen mintzetan hizkuntzalari argi dan Mihibizi Jaunak:
— E, Arriurdin. Berau ez ote Venus Pyrenaica-ren etxola?
Bere gain hartu zuen arazoa Probintziako Arkeologia Bazkunak. Ez zan gutxiagorako. Aitzondarren arkitutakoak begiramen guziak merezi zituen. Hileanbiko aldizkarian berehala eman zuten berria. Bai laster barreiatu ere berria munduan.
Edestiaurreko oroititzak (?) arkitu alajaina!
Jakindiak argazki eta xehetasun galdezka hasi ziran berehala. New-York, Londres, Paris, Moskuko Ikastegi Nagusiak beste askoren artean. Mundu guziko bazkunek zuten alkar hartu, eta Batzorde bat izendatzeko Pariseko Monsieur Recherche sonatuaren gain utzi, berau nortzuk osatu. Eralgi beharrak, guztien artean ordainduko ziran. Lehenbailehen nahi zen argitasuna. Paregabeak ziran horma zaharrak, baina urin zikinez idatzitako iragarki harek zer esangura ote zuen?
Gizon jakintsunak bildu ziran hilabete batera Aitzondarren. Hauek osatu zuten LAZQUQOFALYON BATZORDEA: Monsieur Recherche prantzesak, Herr Suchen alemanak, Doctor Buscador espainolak, Mister Investigation ingelesak eta Iker Jaun euskaldunak. Paleontologo bezela Harpe Jauna, hizkuntzalarien aldetik Mihibizi Jauna eta honen taldekoek. Kyrios Graphos greziar ikurriztilari famatua ere, euren atekoa zuten. Baita Signore Piccolo erromanoen idazkeraren adirazle iaioa. Eta Akitaniatik ibertar arazoetan maisu zan Monsieur Toichaud. Batzarkide soil gure Pello Arriurdin Arkaitz. Txunditurik gelditu ziran jakintsunak honen izen-deiturek harriarekin zerikusi bitxia zutelako.
Zer esanik ez, gogor egin zuen lan Batzordeak. Han ziran komeriak! Batek hau, besteak hura, iritzietan desberdin. Hala ere gauza batean zetozen ados. Zera, lehenengo gizaldi hasierakoa zala inolaz ere delako etxolatxoa. Harrihaunditzarrak agian lehenagokoak. Eztabaida zerarekin zuten, ateburuko harria —luze-zabalean tamaina onekoa, esan degunez—, apika, lehenagotik beste lekuren batean egona izan zitekeala. Hizkiak ziran gauza nahastatzen zutenak. Piccolo eta Toichaud Jaunak esaten zuten, batez ere, hau:
Idazpuruak erromano hizki etzanarekin eite haundia omen zuen. J. C. sortu aurretiko 156 urtearoko pretore etxeko zaldizko talde baten lotura bilketarekin ia berdintsua. Bestalde, Ponpeiako adierazpen batean, eta oraindik irakurri ditekenarekin, antzirudi haundia omen hizki batzuek. Graphos jaunak geroagokoa zela zion, eta Ulfilasen gotikoaren ezkerozkoa, IV. gizaldikoa alegia, zela erabat. Txinatarren irarkiak ere ba omen dira berdintsuak. Dena den, astiro erabaki beharrekoa zela arazoa, esan zuten. Denak ziran elejakitun, eta buru-buztanka zebiltzen iritzitan. Batetik hiru hizki falta ziralako, bestetik dena trebeska, hizki desberdinkeria izugarria! Izan ere honela gure Oroititza. Ez zan beraz, egun bateko lana, eta nor bere herrira alde egitera behartuak zeuden. Benetan eta serioski egiteko lana zala, eta sei hilabete barru alkartuko zirala berriro, bakoitzak bere txostena irakurri zezan. Pello kontent zan, besteek ere, nahiz eta jakintsunak izan, dana ez zekitelako.
Despeditu aurretik, Aitzondarreko Errukietxeko agure-atsoei bazkari bat ematea erabaki zuen LAZQUQOFALYON Batzordeak. Eurak ere bazkari batekin egin nahi zuten agurra, jatetxe sonatu batean. Bidezkoa zala zerioten, behartsuek ere apairua ukan zezaten.
Errukietxeko lekaimeek, eguraldi ederra egiten baitzuen, Arriurdin lagun zutela, idazpurua ikustera eraman zituzten errukietxeko agure-atsoak. Bazen umore eta zarata zaharren artean.
Errukietxean bizi zan Gaxpar. Aitzondarreko xaharrena bera. Ehun urte betetzera zihoan, eta, bera ere suspertu egin zan gauza eder hura ikusteko. Autoan eraman zuten.
— To, to, to! Hau zen dena! To, to, to! Falionen txabola.
— Nola, nola?
— Bai, Pello, bai, ni haur nintzela hemen bizitzen zen Falion.
— Zein, zein?
— Esateizut ba, Falion. Lazkauko Falion. Mutilzahar bat, gaztetan mundu zehar itsasgizon ibilia. Bazeukan harek kontatzekorik!
— Segi, segi.
— Ameriketan, Japonen, Indian, nork daki nondik hura ibilia! Toki guzitako berri bazekien harek. Hamaika ixtori kontatzen zituen hark. Ni hilko naizen toki berean hil zan oso xaharturik. Goierrikoa zan, handik ekarri ohi zituen aizkorak, hemen saltzeko. Gero antixun, potto, aizkorei kirten berriak ipini, eltze zaharrak konpondu, eta abar. Horrela ateratzen zuan bizia.
— Gehiago, gehiago, esan gehiago —galdetzen zion Pellok.
— Ba, aurten bezela eudite izugarriak egin zituen, eta mendiak amor eman, eta Falionen txabola estali zuan. Ni haurra nintzan. Falion, ordurako, Jainkoari eskerrak, ospitalean bizi zan. Nork esan behar zidan neri, berriz ikusi behar nuanik.
Pello Arriurdini min txuria etorri zitzaion. Errukietxera eraman zuten. Zorionean, ordu erdi barru bere onera etorri zan. Baita jatetxera hurbildu ere. Egia esan, ez zuan askorik jan. Agur bere amesak!
Postre garaian, bat besteen ondoan altxatu ziran gizon jakintsunak. Agur, agur, beste bat arte, badegu non arakatu. Ia datorrenean gauza argitua gelditzen dan. Honela mintzatu ziran danak, gutxi gorabehera.
Pelloren txanda etorri zan.
— Jaun agurgarriak… Barkatu, baina, ur parrastada batekin nator.
Gertatukoaren berri eman zien. Gaxpar zaharrak esandakoak ordurarteko amesak aienatu zituen; goizeko izarra irudipena baizik ez zan; errex atera zituan erabakiak.
— Idazpuruak hauxe esan nahi du: Lazkaoko Falionek —Goierriko herri bat da Lazkao— antixun, aizkora, potto eta holakoak saltzen zituan, orain ehun bat urte, eltze zaharrak konpondu, aizkorei kirten berriak ipini… Zorioneko idazkia honela irakurri diteke, gaurko euskera garbian: ANTIXUN AIZKORA ON LAZKAOKO FALION KIRTEN BERRI ELTZE ZAAR.
— A, a!! Agur gure CESAR!!!
Mihibizi Jauna jeiki zan.
— Aizu, Pello… eta Falion?
— Jauna, Aitzondarren joan edo yoan esan beharrean “fan” esaten degu, beraz, Falion-ek, JUAN LEON esan nahi du.
— A, a, a!