Aspaldian jendea isilik dago kontrabandoen gainean. Lehenago ordurik ez zan, aditzen ez zanik espiritua pasatzen zala kofreetan, urdaia, ardoa barriketan. Denak berriketan horla ziran, baina gaur, Urkadetako mutuak dionez, herri hartan, nahiz guardak zelatatu azariak bezela zuloetatik, sasipetik eta arbolgainetik, ez omen da bat kontrabandista ez danik. Lehengo ilunabarrean, Etxezabaleko maiorazkoa bere emaztereakin herrira dihoala, atera zaio sasi tartetik… guarda bat.
Ikusirik emakumeari aurrean bulto halako bat, hala dio:
— Alto! Zer daramazu or?
— Oraindik ez dakigu neska edo mutila izango dan —dio senarrak.
— Seguru al zaude?
— Seguru nago ez dakidala —dio berriz, zerbait boza altxatuaz.
— Konforme naiz, bestela kaxetara joan beharko zuen besteak bezela.
Oraindik egun asko ez dala, gizon bat gelditu dute bi guardak, Larbetako ostatutik edo bentatik atera eta bidean dihoala, esanaz:
— Zu! Ea hor daramazun kontrabando hori.
— Zer kontrabando? —dio geldituaz, guarda batek eskua bizkarren gainean jarriaz.
— Ahal baneza erregalatuko nizuke pozik!
Orduan igarri zion mando harrek, gizarajoak zeramala konkor haundi bat, zirudiena kalderin bat ahoaz behera. Horla dabiltza Urkadetako guardak, Jaungoikoak berak egiten dituen lanak errespetatzen ez dituztela. Gauero badira builak, oihuak, Heldu, heldu! Hortik, hortik, mutil! Jo, jo! Bota!, Tira, tira! Ez, ez! Bai, bai! Alto, alto!, akelarreko sorgintza. Eta usterik gutxienean, ari zera etxean ahal dezun modurik onenean andrea joka, edo tabakoa pikatzen, edo… harpa jotzen, eta zas!, bat-batetan sartuko zaizkizu salan bi arpegi gaiztoko, esanaz:
— Zu, ea ahoaz behera jartzen zeran berehala!
— Nola?
— Eltzeak txukatzeko jartzen diran bezela.
— Zergatik jarri behar det nik ahoaz behera? Nork agintzen du hemen?
— Guk.
— Eta zuek zein zerate?
— Gu gera guarda bolanteak.
— Gautxoriak!
— Zu, zu, hemen txorixo prejituaren usaia dago!
— Baliteke, oraindik nola ez diran minutu asko afaldu degula…!
— Eta deretxoak pagatu al ditu?
— Uste det baietz; nik dendan erosi det.
— Errejista zagun etxea, ikusteko ea deretxoak pagatu behar duen gauzarik bilatzen degun.
— Baina!…
— Zer baina ta zer maina, zabiltza kontuz autoridadearekin. Ni eta hori gera momentu hontan alkate, badakizu? Eta alkatea ez da sekuletan errebelatzen, aditu dezu?
Hala, ez dago erremeriorik, hasi behar dezu mutur joka antzara horiekin, edo lajatu behar diezu nahi duten demonino egiten.
— Armairu hortan zer dago? —dio batek.
— Hor, gantzontziloak.
— Ea ikusi.
— Gantzontziloek ere deretxoa pagatu behar al dute?
— Geren begiekin ikusi nahi degu guzia, zergatik guri ez zaigu haizerik ere pasatzen. Da- torrela neskamea.
— Zertako?
— Hartako. Ikusteko hori dan atzo arratsaldean arroa bat urdai eta bi dozena odolki pasa zituena mantalpean. Soploa izandu degu.
— Neskatxa, nola hagineko minez egondu dan, orain lo dago.
— Lo dagola? Esnatu! Non dago bere gela?
— Zuk zer jakin behar dezu!
— Bere gela non dagon!
— Inon ez! —dio oihuka nagusiak.
— Zer esan dezu? Aguro, baina aguro, alkate bati! …
— Ea, jantzi dedila —dio beste guardak, kantoari makilazo bat tireaz.
— Eta jantzia badago, erantzi dedila —dio haren lagunak behatzakin sudurrak garbitu eta galtzari arraskatuaz.
Guarda nabarmen horiek uste dute sartu litezkeala edozein etxetan, eta libre dutela, nahi badute, txokolateran sudurra sartzea edo bazter guziak eta ohepeak errejistatzea. Eta gainera, berak diotenez, Urkadetako herriak, haiek dauden ezkero zerbizioan, irabazi omen du gutxienaz ehuneko bost, harrapatzen ez diran kontrabandoak kontatu gabe.