Kartzelako ateak ireki baino lehen, handik atera orduko zer egingo nuen eta nora joko nuen pentsatzen ari nintzen. Ez nuen berriz kartzelara itzuli nahi, baina bizitza zuzena eramateko nolako bideak zabaldu ziren nire aurrean ez nuen ongi ikusten.
Patrikan diru bat neukan nire eskulanaren bidez kartzelan irabazia, baina hogeita bost urte bakarrik eduki ezkero, neukan dirua azkar bukatuko zitzaidala banekien aldez aurretik. Eta gero, zer? Nire bizitzaz zer egin?
Hamasei urterekin erreformatorio batetik atera berria izanik, ahaiderik gabe eta xentimorik gabe, zer motatako bizitza eraman behar izan nuen errazki asma dezakezue. Baina ez nitaz negarrik egin. Egin nituen gauzez ez naiz damutzen.
Gizarteak bultzatu ninduen bide horretatik, nahiz eta nire barnean sarritan nazka sentitu. Ez nintzen orduan ere neskato zozoa, eta nire alde neuzkan gorputz eder bat eta aurpegi ikusgarria.
Burua ere banuen eta nire buruari eskerrak, kalez kale ibili ordez, maitale aberats eta adinekoa aurkitu nuen. Berak jarri zidan etxe apain bat eta berak ematen zidan bizitzeko behar nuen dirua ere. Nik zer eman behar nion badakizue eta esan beharrik ez dago.
Orduan, eta denborarik ez baitzitzaidan falta, neuk bakarrik egin nuen nire heziketa.
Geldiro baino aspertu gabe, adimena astindu nuen eta beste bizikera bat bizitzeko prest izan nintzenean, nire etxe polita eta nire maitale zaharra maldan behera erortzen utzi eta beste hirira joan nintzen.
Lehendabizi dena zen erraza niretzat. Lana ere aurkitu nuen boutique handi batetan saltzaile bezala. Ez nuen asko irabazten baina nire beharrak betetzeko adina bai.
Oso pozik nengoenik ez nuke esango. Baina hala jarraitzeko etsita nengoela bai, esan dezaket, egia besterik ez baita.
Bat-batean ordea, dena aldatu zen niretzat, boutiquean lapurrak sartu eta balio handiko gauzak ostu zituztenean.
Zalantzarik gabe lapurrekin ni ados nengoela esan zuen ugazabak eta, nahiz eta nik dena ukatu, kartzelara eraman ninduen.
Ez esan gero frogak beharrezko direnik jendea kartzelara eramateko. Erreformatorio batetan egona izatea nahiko froga da pertsona bat nolakoa den jakiteko. Ni, gainera, erreformatorioan ez ezik, gizon batekin ezkondu gabe bizi izana nintzen denbora luzean, eta gizon honek ere ez zuen nire alde gauza onik esan.
Lau urte kartzelan jasan nituen abokatuak ahalegin guztiak egin arren nire errurik eza frogatzeko.
Abokatu egizale hark pena ematen zidan, eta milesker eman nizkion nire askatasuna lortzeko hainbeste txistu xahutu zuelako. Alferrikako lana eta alferrikako txistua.
Gero ere sarritan etorri zen kartzelara nirekin hitz egitera, eta behin batez, gizajoak, loreak ekarri zizkidan. Kartzelara loreak eramatea gauza barregarria da.
Kartzela leku berezia da egiazko bizitza zer den jakiteko. Behin han sartu ezkero, gero zaila izaten da gehienentzat leku hartara berriz ez itzultzea.
Nik ez nuen berriro itzuli nahi, baina nire asmoa lortu ahal izango nuen itxaropen handirik ere ez nuen irteterakoan.
Nire askatasun eguna egun eder eta argitsua zen. Fardel txikia eskuan eta sinesgaitza begietan atera nintzen kalera. Zenbat urte pasa beharko zuten toki berera itzultzeko, ez nuen orduan pentsatu nahi.
Espaloian arnasa sakon hartzeko geldi geratu nintzen lipar batez, eta beste ertzean zegoen auto batetik nire abokatu xarmanta irten zen.
Korrika hurbildu zitzaidan, eta irribarrez, nire fardela esku batean hartu zuen nire besoa bere beste eskuaz borobiltzen zuen une berean.
Behatzean zeraman urrezko eraztunari eguzkiak distira nabarmenak atera zizkion. Nolakoa ote zen bere emaztea pentsatu nuen. Bera nolakoa zen argi eta garbi jakin nuen momentu hartan. Nik ezagutu ditudan gizon gehienak ziren bezalakoa. Lepoa altxatu nuen eta autoan sarturik bere alboan eseri nintzen.
Kartzelako ateak
Gartzelako ateak, 1981