Kanpotarrak

El Bidasoa, 1959

Joan dan udazkenaren ilunabar hotz batean, baserri baten ondoan nintzala, zakur zaunkak entzun nitun. “Zein dator bidetik? Ijitoak ote?”, pentsatu nuen.

Ez, ez ziran ijitoak, beste itxura zuten zetozenak. Gizona motxa zan, flakoa, bizkarrean saku haundia zekarrela eta eskuan zurezko maleta bat. Emakume argal batek haur txiki bat zuen besoan. Atzetik beste bi haur zetozen.

Baserri atarian gelditu zan taldea.

— Zer nai dezute hemen ? —galdetu nien nik, behin agurtu ezkero.

— Deskansatzen ari gera. Urruti al dago herria?

— Ez, hemendik bertan duzute.

— Hara joan behar dugu, ba —esan zidan emakumetxoak— haurrak eta ni ospitalean sartzeko. Badugu alkatearen baimena.

— Eta senarra ?

— Honek kalean egingo du lo, fabrikaren ondoan. Bakizu? Bihar hasiko da Papeleran.

Herritxo honek fabrika bat bakarra du, eta lantegi horren usaira kanpotar asko dator.

— Kontratakin etorri zerate, beraz. Nondik zatozte?

— Segoviatikan…

— Lurralde polita.

— Bai…

— Zergatik utzi dezute zuen jaioterri eder hori?

— Ederra? Bai zera… Han bero asko eta hotz haundia. Gainera, etxerik gabe geunden han.

— Eta hemen… ba al dezute etxerik hemen?

— Hemen ere ez, bainan… bilatuko dugu nonbait.

— Aizu —esan zidan gero senarrak—, gure maleta eta saku hauek, oso pixuak dirala-ta, baserri hontan gordetzea nahi nuke, bihar arte. Posible al leike?

— Ez dakit. Itxoin, saiatuko dugu. Eup, etxekoak!

Atea jo nuen indar guziaz, bainan inor ez zan azaltzen etxean. Ezta erantzunik ere. Azkenik, leihoan kuxkuxka zegon etxeko alaba baten itzala somaturik…

— E, Maitere! Begira zer nahi duten hauek…

Baserriko atea zabaldu zan. Argi motel batez argitutako ukuiluaren bero atseginak laztandu ginduen. Behiak rau, rau, rau ari ziran bazka jaten. Etorri zan nagusia, gero etxekoandrea, eta gero alaba bi. Kanpotarren desioa adierazi nien.

— Bai, bai. Utzi dezatela hori dena hemen, txoko hontan, inork ez du ikutuko. Bainan sar zaitezte, kanpoan hotza dago ta…

— Bai, preskatu egin du. Badator negua…

Sartu ginan denok ukuilura. Behiak, bazka utzita, burua bueltatu zuten gugana, eta beren bizigabeko begi haundi eta tristeekin begirada bat bota ziguten. Berehala hasi ziran berriz bazka jaten.

Gizon kanpotarrak bere zakua utzi zuen txoko batean, bainan maleta sartu orduko zalantzan gelditu zan, neri begira.

— Hemen baliozko gauzak ditut eta…

— Eta zer uste duzu, baserritar hauek lapurtuko dizkizutela? Egon lasai, gizona, eta maleta hori utzi beldurrik gabe. Zer daramazu, ba, maletan?

— Hemen? Gure jantziak eta…

— Dirua ere bai ?

— Bai zera! Ezta pezeta bat ere, ez maletan, ez nere gainean.

Bitartean emakume kanpotarra haur txikia erakusten ari zan. Zortzi egun, besterik ez omen zuen.

— Zortzi bakarrik, e ?—zion etxekoandreak—. Gaxua, hain txikia eta horrela ibili behar…

— Gaxua, gaxua —etxeko alabak—, hain txikia. Ixo, polita, ixo…

— Gaua pasatzeko harrobi baten ondora joan gera, bainan iluntzen hasi dunean izutu egin naiz. Bertako arboleditik piztien oihuak entzuten ziran, eta nik pentsatu det ea arratoi batek edo, nere txiki honi koxk egiten dion! Eta orduan handik alde eginik alkategana joan gera, eta bi egunerako baimena eman digu, nik eta haurrak ospitalean lo egin dezagun. Bainan senarrarentzat ez da permisorik…

— Ba! Ni, manta honekin, edozein tokian etzan eta lo zerraldo gelditzen naiz. Badet ohitura.

— Txarrena —berriz emakumetxoak—, esnearena.

— Zer ba?

— Bai, esnearekin gertatu zaiguna. Haurrarentzat genuen esne botil bat erori eta hautsi egin zaigu. Orain ez det ezer aingerutxo honi emateko. Gosez dago. Enetxoa!

Denok isilik gelditu ginan. Haurraren negarra eta ganaduaren etengabeko rau, rau, rau  besterik ez zan entzuten ukuiluan. Etxeko emakumeak nagusiaren hitzaren zai zeuden, bainan nagusiak, serio-serio jarririk, ez zuen ezer esaten. Ez zuen ezer eskeintzen. Nik pozik esango nioken “Tira, gizona, atera zazu esne litro bat, nik ordainduko dizut eta”. Bainan konpromisoan ez jartzeagatik, eta batez ere etxeko emakumeak ez lotsatzeko, ni ere isilik gelditu nintzan.

Gaua etorri zan. Zaku eta maleta ukuiluan utzirik joan ziran kanpotarrak herri aldera. Eta nik Donostiko bidea hartu. Kezkaz betea nindoan… A! Gaizki portatu gera denok kanpotar horiekin, nagusia berekoia, xuhurra, bihotz gogorrekoa izan da. Emaku­meak, beldurtiak. Eta ni… ez dakit, ez dakit, gaur behintzat kristauen legea ez dugu bete.

Egun batzuen ondoren baserri hartara joan nintzan berriz. Han zeuden oraindik kanpotarren saku eta maleta.

— Maiz etortzen dira segovianoak —esan zidan nagusiak— trastuok ikustera. Jende ona dirudi. Emakumea batez ere, oso listua ta garbia dala ematen du.

— Baita fuertia ere —erantzun nion—. Bestela, nola Segovian haurra egin eta sendatzeko hastirik gabe hemen azaldu eta horrela ibili, ijitoen antzera ?

— Oi, oi, oi. Kontu hori ez da oso garbia. Famili hori Errenderin bizi zan haurra jaio zanean. Orain ospitalean segitzen dira denak, senarra eta guzi. Listuak dira, listuak.

— Aizu, eta haurrarentzako esnea non bilatzen dute orain ? Ospitalean ?

Baserritarra ganaduari begira gelditu zan. Lotsatua ote?

Azkenean hauxe erantzun zidan:

— Ez, ospitalean ez. Esnea… ez zaiote faltatzen orain.

Horra, horra, pentsatu nuen nik, etxeko emakumeek egin dute bere lana…