Diala mente zunbait Kaloka izeneko basajaun bat bizi emen zen Ardaneko bortietan. Haren izenak berak Basabüria oro ikara barrastan etxekitzen zian, eta nun ere beita etzian bozkario handirik emaiten hegiz beste aldeko bizizaler. Zioienez gaiaz hantxet-hortxek ützüli eli baten egitiarekin aidez, besterik berarekin har eta eramaiten zian. Jauntto hura beren begiez ikusi zirela erraile bakant eli bat baziren, bena hain zeien itxura lazgarrikua emaiten nun, aipatziak berak, gizonik azkarrenari bürüko biluak txüt-txüta eta bizkarreko larria latz-latza eratzartzen bezeitzon. Ezpazen üsü agertzen ere, orobat erakusten zian nuxka-nuxka etzela orano hilik, ez eta hil-geiian, ezi gai tipilian dünda, üdüri zien arranba gaitz eli aanatzen zütian bortü bizkarretik. Leze handi batetarik sar harbotx baten pian zian bere aterpia; hazkürria ere berari emanik zian, arres, axüri, ahüntz, behi eta beste kabale, zernahi antolatzen ahal zütianak oro eraman eta jaten zütian.
Biga-bostetan basabüruesek beren eginahala eta lan egin zien holako aizo lehen minakaut baten ehaiteko edo best’ezpazen hegiz beste aldilat ohiltzeko… Bena etzien ihuntik deüs hunik üken, baizik eta bizpalau gizon azkarrener larrien aujami hartzaz piaz-gora eraztia; geroztik aspaldi handian üzten zien ekü-eküia. Orobat hain zütian Kalokak traolatzen, nun etzien hartzaz baizik mintzo beren artian; holatan, nuiz ere mutiko batek bestek egiten ahal etzien zerbait egiten beitzian indarka, aldi batez arrunt ezagün zien aizuetako etxekanderiak algarren artian: «Eztakin, Maddia? holakuak halakua egin din, behar din orano horrek Kaloka borrokan goitü!» .
Goiz batez, Pupuñi, pettarian, hantxek Aranbeltz xo kuan jeikirik, Gaztalondo gaititürik argi hazkorrian, Atharratzeko karrikala heltzen da, bizpalau zinkaz karrika iharrausirik lehen leihuak zabalerazten tü.
Huna nun bat-batetan etxanot txar batetarik agertzen zaion betiz geroz erdi belagile gisa etxetik zen emazte xahar, ttipi, itsusi bat, garkotxia, büria eta besuak oro belez, esküñasoz eta ürxo-apalez beterik. Ikusi bezain sarri Pupuñi, bere biasak makila püntan opilatürik, ematxotak galtatzen deio eia nurako abiun zen hain goxtiar eta hain alagera.
— Banuzü —deio ihardesten Pupuñik—, Kaloka basajaunari tinkaldi baten emaitera Ardane alte hartara.
— Hori handitto erraiten deitak, puttikota, emazte xahar bati sineseragiteko.
Pupuñik ezetz, etzelakuan gezürrik, «Jinkua» jüraturik bi erhi ttinkerrak kütxatzen deitzo, baizik eta egia diula.
Belagilesak ordian erri mingar batekin erraiten deio:
— Gaixo haurra, ehiz bospasei zehez goiti heltzen eta nahi hiz pedoxkan hasi Kalokareki… hobeki egin hio orano aurten porrot gatülta hun eli bat jan bahitza.
— Eskerrik hanitx zure aholkü hunez, emaztettua, bena eskükaldü bat nahi badeitazü eman, enizü Kalokak lotserazten.
— Zertto hüke nahi?
— Oi, zure biluetan aztaparkan ari den bele xuri hori emaiten badeitadazü, Kalokak axeiaren ezteiak ikusi behar titzü.
Emazte xaharrak arrunt erran den belia eskentzen deio, eta Pupuñi, txorixkota atorra bularren behera saka eta, hüxtü lotsez xingili jauziz arra goiti bürüz abiatzen da.
Zigia heltzian bürü egiten dü artzain bateki; bere amusta eginik olan eraxten zen gaznaz eta zenberaz bazterrak oro kunküino.
— Jinkuak deiala egün hun, Phety.
— Bai hiri ere, Pupuñi.
— Bixkor zideia gain hartan, eta nahi bezala gaizak juiten zaitzieia?
— Ala jin xoria! Hobeki ere jun ahal litakek debrü Kaloka kokilot harek aurten sabel zilua barnatto üken behar dik, ezi gosia ohilt gaitz hatzamaiten dioiagü… Badikük txox erdi bat arres eramanik gure olati… Den bezalako sotua astuk jo baleza!
Pupuñik, karkazak hartürik, erraiten deio:
— To, oraiko aldian, uste diat astua ni nizatian, ezi banutzeiok ahal badot phü iharrausi baten emaitera.
— Bo, bo, hauxilik… egiaz mintzo bahiz hobe dük orano, ordü deno, Gaztalondon behera lasterra hartürik, ezi Kalokak, eskü bakotx, pastexten hai eta eztikek hitan txestatzeko doia baizik.
— A, Phety! Ageri dük eztitiala Aranbeltzesak txeste, ttipi eta mulde gaitz izana gatik begieik tzakür larriak beno zailago direla, orhit eman ezak ene ikustiak berak Kalokan laster hagineko mina jauzerazien deiola, eztik ene jan nahüine handik ükenen. Bena ützirik denbora galtzia… huntsa lagünt nindiok gaznaxkot honetarik bat eman balin baheizat.
— To, puttikua, to, eta ihule ahal bahiz bürüt hadi hasi lanari.
Bere gazna bele xurien ber habialat igorriz, Pupunik Lojibarreko patarra gora, eskalanpuak eskitan, harrit- xintxolen gilikadüraren axolik gabe, lauhazka hartzen dü.
Larrañeko azken etxauaren etzian igaraitian, ikusten dü emazte xahar bat üüten ari —emaztiak, prefosta, alde orotan bardin berrikari—, galtatzen deio nurat zuen hain zale. Pupuñik bere hobenian aitortzen Kalokari lepuen bühürtzeko abiun zela. Arrunt emazte zaharra zeinatzen da eta otoizten mutiko dohakabia eztadia lan horri lot bere hobetan, etsaia gotortto diala.
— Etxekanderia, eztüzü hoberik, huna heltüz geroz, enüzü heben ükatüko; orobat plazer handi bat nahi badeitazüt egin hari halliko handi hori behar deitazüt eman, egün batez untsa behar ünian agitzen ahal nündükezü.
— Har ezak nahi badük, eta Jinkuak lagünt hitzala.
Bele xuria, gazna eta hallikua kolkuan, Pupuñi heltzen da gerokoz Ardane tinila. Kalokaren egongiala hüllantzieki lazgarriko zinka egiten dü basajaunaren iratzarerazteko; oihü hartara berhala harbotx artetan gora agertzen zaio Kaloka kexü gorrian, arrunt ele gaxto zonbaiten erraiten hasten zaio, eia zer gisaz eta zertara jin zen haren etxonduala, etzakinez oitian bizpalau ahataz jaten ahal ziala hura üdüri gizatxar bat…
Holako bogüko gizonaren ikustiarekin eta bereziki ele goxo horien entzütiarekin Pupuñiri bizkar hezürra behera abiatzen zaio izerdi hotz batetarik tzurruna; orobat bere beldürra gordez, hasten da elestan basajaunari alegia botz-botza haren ezagütziaren egitez:
— Aspaldian nahi züntüdan ikusi, ezi bazter orotan jentia zützaz baizik eztüzü aipü; lazgarriko indarra düzüla eta izigarri gizon huna ziela beti entzüten nialakoz goguan erabili dit, ihulere ahal banintzan, behar niala zurekilan bizi.
Holaxek, ele hunez beilekatzez, eziazxetan dü; basajaunak erri maltzur bateki ordian erraiten deio:
— To, aments doi heltü hiz, ezi egün horietan ohartürik ene iztezainak gogorxetan hasiak ziela, eta adina ere hein bat goiti ari zeitadala, gei nian jun hegiz haitilat mitil baten txerka; ala goiena!, hor hizanaz gainen ikusi behar diat eia deus hunik egiten ahal düdanez hitarik, ala ükül muntra egiteko hizan hoberena. Aigü eneki, jokükan txista bat emanen diagü, goitzen banaik aitzina heben nausi hizate, hire mitil bezala nükek; ezdeus agertzen bahiz gaur berian gerren püntan txokarerazten hait… Au, ihaurek haita itzak jokiak.
Bortü bizkarra gora juitiareki Pupuñik goguan erabilten dü zer debrü jokütan Kaloka goitü ahal ükenen dian…
Borrokan? Eztü goguan igaran ere behar ezi Kalokak b’erhi txinkerren artian sampilusa aidian eginerazien deio.
Mütürrekokan? Zarta bakotx büria zart egiña, üzkü bat bezañ bibilt leikeio.
Jauzkan? Bai, bena txingili bakotx Kaloka, hura hiru pijintetan bezain hürrun heltüren zaio.
Eta arren zer joküri lot?
Arrenküra beltz horietan nahasirik delarik bat-batetan bogatzen dü kolkuan bele xuria karraka-karraka zorrakan ari, ohartüz ordian bazila orano bizipido inkaü bat, arrunt Kalokari erraiten deio:
— Lehen jokü gisa haitatzen dit zuinek harria hürrünago urtuk. Kalokak ordian lazgarriko karkazareki erraiten deio:
— Hizan bezalako eihartü txarra, berritan ükabeila beno handiago den harria berrehün urratsetan harat igorten deiat… hik zer eginen dük habuenetik ere?
— Hori gero ikuska.
Kalokak ordü beartan biltzen tü bi harri xabal, bata Pupuñiri eman eta, bestia urtukitzen dü aidez aide beste bortü maxela batetara; arte hartan Pupuñik kanbiaxkot bat egiten dü, Kalokak eman harria gerrikon behera zaragoilen gibel aldila igor elkitzen dü erran den kolkoko bele xuria, hegalak erdi zabalerazirik büria lüma petaru ezaririk, harrien urtukitzeko aldia jiten zaiolarik basajaunaren zankartetik igorten dü behera bürüz, eginahal oroz, txilimixta bezala belia; hau aldiz hainbeste denbora beilopian egonik, lohau-lohaua badua, erroia bezain igei, hegalak zotikatü gabe: Kaloka harritürik dago ikustez harri xabal haren beti ber heinian nurtaki nurat juaiten. Bostehün ürratsetan phü jerraikitzen dü bere begiaz, beste aldeko maxela igan artino.
Gero Pupuñiri bürüz ützül eta aitortzen deio :
— Orai ikusten diat hitan jaunen jauna, ezi jokü hortan bürüzagitü hitzait.
Ahalketürik holako errege-txupita nausi üztera bortxaturik izan delakoz, beste alde bere indar osuen erakusteko errabiak janik, eraikitzen tü lürretik bi harri bibil, bata emanez Pupuñiri erraiten deio:
— Hire harria nik enia bezain laster marroskatzen badük bi eskien artian, hortan urrentzen tiagü jokiak.
Bere harri eskian, etxakin zer egin, Pupuñi bürien haztatzen hasten da, bena bertan gogulatzen zaio bazila papuan gazna bat esküko harrien heinxüxeko, ordian alegia küküska zelakuan eskia bere harriareki atorra bularretik sartzen dü han haztaxe eta… elkitzen gaznaeki.
Ustez Pupuñi lotsak etsitürik zen, Kaloka errik etenik sabelari etxeka dago, gerokoz galtatzen deio.
— Bahiza-to, ingoiti aski haztatxkan erautsi dük.
— Baniz, has gitian —deio ihardesten Pupuñik.
Biak ttottotzen dira harrien eskien eta belainen artian haboro tinkatzeko; basajauna ari da, zehe bat mihi kanpulat elkirik, gorbeltztürik, intziriz eta tzinkurtaz, opetsak eta… besterik zerbait eskapa artino, ezin ihuntik erdieraziz; Pupuñik has bezain sarri xehe-xehia ezarten dü bere gazna eta erakusten lagünari erranez:
— Lehentü nitzaizü, goitürik zira bigerren aldikoz.
Büxtan gorri aitzinian tililikan ikustiari ere etzen harriturenago Kaloka, han ago begi, aho, südür, beharri eta beste arrestakuak oro zabalik, arlui baten gisa ezin sinetsiz, eta ez hatik ez hunatik, nahi al’ez behar egia aitortü eta ezagütü berak haitatürik emantzonaz gainen harria marroskatzera. Xütitzen da eta halako gixotaren indarraren aitzinian ahalke batek harturik bezala erraiten dako:
— Ni beno haboro hiz, hebetik aitzina algarreki bizien gütük, ez heltü bada adixkide handi, bena bata bestien hil aidürü; guazen orai aihaitara, juitez egür haxe bedera eramanen diagü pastetxen egiteko.
Baduatza oihantxot batetara zuinek haxia handiago har. Kalokak bibilkatzen tü lazgarriko talikak algarganat eta bizpalau mandok doi-doia zotikatüren ziren tornireki etxerat bürüz abiatzen da. Ber denboran Pupuñik, emazte zaharrak eman halikua golkotik elkirik, lauhazkan egiten dü oihanxkotaren engüria zühain zankuen oroen algarri estekatzez, gero eskier tü eginik zühanik handienari besarka lotzen da. Kalokak, haxia urtukirik, galdatzen deio zer debrü ari zen han.
— Oi! zure haxia deuse etzela üdüritürik abiatzen nündüzün oihan txar hunen oroen bizkarrian eramaitera.
— Ez otoi hori egin, badakiat, azkarki sinbesten diat ahal hükiala, ezi aitzineko bi jokitan ikusi diat egündanoko indarreko gizona hizala… bena horik oro hola goguan erabilezak eztüdala ihunere beste oihanik hebetxe gainti eta hau oro aldi bakotx erreazten badügü, behar dikiat gero nurtaki nurat juan egürka.
Pupuñik berriz erranerazi gabe üzten dü bere lana den mendren murmuzikarik gabe.
Harboxpez harboxpe juiten dira lezen behera Kalokaren sukaltila eta han gosien ohiltzeko aihariaren adelatzen hasten: Kaloka pastetxen ohatzen eta Pupuñi gerrenian atzar laurdün baten gorrierazten. Eztütie batak ez bestiak goguak lo haboziz eta errautsetan; badakie untsa ezpadü batak pertika kaldia emaiten segür bestiak eztiala hüts eginen. Orentto bat holaxe egon onduan bata bestien guaita, Pupuñik ikustez Kaloka bi eskiak orian sartürik lande aztaletan pausatzen dü atzarki laurdüna, eta gerrenaren pünta suian gorritürik, emekiñi zanko mütürretan juiten da Kalokaren gibeliala, ha heltzian « hatxiu » ursain bat egiten. Ordian krakez Kalokak büria engüratzen dialarik, gerren puntareki bontian zian begi bakotxa irazten deio. Arranbabo hütsez bere begi bakotx galduti minez ezin egonez, lezen gora eginahal oroz badua Kaloka ütsümandokaz Pupuñiren onduan, tüma harbotx bat, besarka beste bat, erezka gerokoz heltzen da jelkigiala. Han, ikusiz bere etsaiak ezkapia deiola, ihuntikere etziala hatzaman ahal ükenen ütsü zenaz gainen, elkitzen dü bere erhitik eraztüna, lurrila urtukitzen erranez:
— To, nahi deiat ene orhitzapenetan egin emaitza hau, eraztün horrek badik berartan balio gaitza, har ezak, ezar erhian eta jun bakian.
Pupuni berhala kokotatzen da ürre eraztün haren biltzeko, erhian ezarririk etxerat bürüz lasterra hartzen dü. Bainan arauz belagile zunbaitek eginik izan zen erran den eraztüna, ezi erhian jausirik izan den bezain sarri hasten da oihüz «Ni heben». Haren oihila, Kaloka, eginahalak egin, badua Pupuñiren onduan, hau beti tira ahala tira ezkapa indarkaz eraztünaren idoki beharrez, eta maradikatia erhitik salatzen nun zen «Ni heben, ni heben». Lasterkakaz ezin bestilatü denian, Pupuñik, ikusiz, bai hatzaman ez hatzaman, geroago eta hüllanago ari zaiola basajauna, nabela xakolatik elki eta intziri bateki muzten dü bere erhia, amiñi bat egükitzen basajauna kantü-kantila leikion eta brau!, urtukitzen bere erhia eraztünareki aitzinian zian zilo beltz handi batetara.
Eraztüna hantik «Ni heben»-ka oihüz aritzen da.
Kaloka, ustez beti Pupuñiren onduan dagon, jauziz itzülipurdika badua zilon behera bere eraztünaren gibeletik.
Geroztik ihurkere eztü haren berri jakintü, eia leze hartan behera xüxen ifernilat eraixi zenez, ala lamina zunbaiti esker han orano bizi ote denez.