Iturmendiko zoroa

Ipuin Aberkoyak, 1917

Iturmendi basetxetik hurira sarritan jasten zan, eta giza-emeak itzal-itzalaz abetaltzen eben.

Bere zoritxarra zala eta, emakumeek erruki jakozan; gazteek, egunoro ikusita, ardura ezaz begiztuten eben, eta agura-atsoek, bera ikusirik, buruak aldera egiten ebezan, eurentzako ikuskantz ituna bailitzan.

— Zorua! Baidator zorua! —mutiko-neskatoek urrun ikusirik oihu egiten eben, eta ikurka alkarri deika zoroa helduten zala, aldera egin eta adi-adi, isilik, iseka barik, berari begizka egoten ziran.

Handi, zailtsua zan, uledia baltza eta lasaia, haginak zuri-zuriak, begiak zoli-urduriak ziran, sua jarioten lez. Arin-arin ibilten zan beti, iradu bailitzan, eta bere izakerea bakan-izukorra zan.

Ez eban inorekin hitz egiten, edo hitz egin ezkero, bere hitzak zentzunbakoak ziran. Bere eztarritik, baina, barre purrustada bakan luzea noizean behin urteten zan, irri purrustadea. Bera entzunik agura-atsoek belarriak beldurrez ixten ebezan.

Egunean-egunean, Iturmendi basetxe zuritik, suak erreta etxe hondakin batzuen ondoan egoan Iturmendi basetxetik jatsi eta oihar-zidorrak zehar urian sartzen zan. Geldituteka txadonera joan, sartu eta bazterren baten jesarrita, irudianez otoika luzaro egoan, eta gero bide berbertaz basetxera atzera egiten eban.

Bera zala eta gauza bakan-bakanak edesten ziran.

Ezin eban txapelgorririk ikusi bere gogoa beldurtu barik. Bere basetxe ondoan egozan etxe hondakinen aurrez ezin zan igaro, jazokun txarren baten beldur balitz lez. Surik txikienak ihes eragiten eutson, baita kebideen suak be, eta edesten zan, urtoro, Deun Jon gauan, mendiko sutzarrak ilundiak argituten ebezanetan, basetxeko bazterrik ilunenean sartu eta ohe zapiaz ezkutauta, hantxe luzaro egoten zala.

Baitzan zoro-zoroa Marte, Iturmendiko zoroa!

Hau eta be, bere lepotik barre egin barik, emakumeek erruki jakozan; gazteek ardura ezaz begiztuten eben; agura-atsoek buruak aldera egiten ebezan, eurentzako ikuskantz ituna bailitzan, eta mutiko-neskatoak adi-adi, isilik, iseka barik, berari begizka egoten ziran.

Aldi hatan neu hurian bizi nintzan, eta zoroa egunoro ikusten nebala, jakin gureak zirikauta, jakin gura izan neban zorakeriaren zegatia, baita giza-emeek jakozan itzal errukiarena be. Eta behin nire adiskide zahar baten etxera joan nintzan. Adiskide hak hurian antzinetik jasotako jazokun guztien barri eban. Berari, ba, itandu neutsan.

Nire gizonak esku arteetan eukan lana itxi, buruari hatz egin, intziri egin eban eta, azkenez, astiro, harira joteko bidea bilatuten lez, edesi eustan zoroaren edestia, nik inoz ez inoz entzun neban edestirik negargarriena.

 

 

Anaiarteko guda gogorraren aldi ituna zan, Euskadiko lurra euskotarren odalaz gorrituten zan aldi itun-ituna. Ez egoan aitarik, ez semerik, ez anaiarik: arerio talde bi, piztia gosetiak lez alkarren aurka baino.

Aldi hatan Marte bere guraso eta nebearekin bizi zan Iturmendi zaharrean, gaur etxe hondakinak baino ez dan Iturmendi zaharrean. Hamar urteduna zan neskatila, ernai zuhur zolia. Bere gurasoek asko maitetan eben bera… Gudatea hasi zanean bere nebea, hogei urtedun gazte errutsua, azarkeria zalea, baltzen gudaroztean sartu zan, usteideen artean ontsu eta bizienetarikoa agertzen zala. Aitea be usteidea zan, baina zaharregia gudakatzeko. Hau zala eta, asko eban arerioak jakiteka bere usteideei urgazteaz.

Aldi hatan huria artegatsu egoan. Biztanlerik gehienak, gazteak batez be, karlatarrak ziran eta Karlaren aldez izkiluak hartu ebezan, huri barea gudazelaia bihurturik. Ia egunoro albo hurietan baltzak agertzen ziran, biztanleak asaldaurik. Harrezkero dana zan beldurra, dana nahaspila, izkiluak hartu eta arerio bila joan. Arerioek, baina, beti ihes egin eban besteak heldu aurreko.

Ha zala eta ez eben hurikoek begi onaz ikusi Marteren nebea baltz-gudaroztean sartutea, eta bere aiteari asperkunde gogorraz zematu eutsaen. Berak ez eban jaramon eta usteideei urgazten jarraitu eban.

Zori aldakoia, egun haretan, karlatarrentzat aldatu zan. Behin albo hurietan baltzak besteetan baino gehiago ageri ziran, eta hurikoak ihes eragiten urten ziranean, goituak izan ziran, apurtu eta burustuta bihurturik. Hagaitik asaldauta egozan eta arerioakanako gorrotoa handiagotu zan. Aspertu gura eben, zelan ez zekiela.

Orduan Iturmendi basetxeaz gomutau ziran. Hantxe bertantxe, huri goieneko basetxe zaharrean, euren zoritxarra zala eta barreka gentzaz bizi zan arerioa, baltz artean semea ebana, baita, susmetan ebenez, beste taldeari urgazten eutsana.

Ez eben gehiagorik behar izan. Euren arteko gizon gaizto batzuek, edonon izaten diranetarikoak, asmo ankerra hartu eben.

Iturmenditar gaixoak!

Eta gau baten, Marte huritik basetxera joiala, Iturmendi aldatsa igotean, bere eztarritik etsi oihua urten zan, goian sutzar andia, gar mendia lakoa ikusiaz.

Arin egin eban gizaixoak, arin bihotza hausi joran-joranez, baina etxera heldu zaneko sutaurik ikusi eban, eta etxeari biraka txapel gorridun batzuk dantza izukorretan.

Etsideika hasi zan; negar samina egin eban. Inok ez eutsan jaramon. Orduan, oinazez alaraoka, gudari bategana joan zan, eta besoz oraturik sutzarrera bultz egin eutsan, esanik:

— Ene aita! Ene ama! Gaizkatu egizuez!

Baina, erantzun barik, barre purrustada anker izukorra entzun zan.

Auzokideak heldu ziranean beluegi zan. Iturmendi basetxe zaharra hauts hutsa zan. Etxe hondakin artetik jaubeen gorpuzkin erreak atarau ziran.

Marte bazter baten, itxura bakanaz, ageri zan. Kikelduta egoan, uledia askatuta, begiak zorrotz, eta bere eztarritik barre purrustada itzal bakana urteten zan.

Gudatea amaituta bere nebea urira bihurtu zanean, Iturmendi zahar ondoan Iturmendi barria iragi eban. Berton Marte gaixoa hartu eta aurrerantzean gudaketan ez sartzeko abintza egin eban.

Marte hazi eta sendotu zan, baina ez zan bere zorakeria amaitu.

 

 

Hau da nire adiskideak edestu eustan edesti tamalgarria. Orduan ulertu neban zer zala eta zoroa ikusirik emakumeek erruki jakozan, gazteek ardura ezaz begiztuten eben, mutiko-neskatoak berari begizka, adi-adi, iseka barik egoten ziran, eta agura-atsoek burua aldera egiten eben, eurentzako ikuskantz ituna bailitzan.

Edestia amaitu ondoren zoroa bera geure ondoz igaro zan. Arin-arin joian, beti lez, uledia lasai, haginak zuri-zuriak, begiak zoli urduriak, sua jarioten lez.

Barreka joian, barre anker-ankerraz, barre itunaz, abendaide eraileak gaitzesten lez.