Itsasun bazen jauregi bat, nihor hartan bizitzen ahal etzena.
Itsasuar batek erran zuen goanen zela hura lo egiterat harat.
Eman zioten zikiro baten azpia, arnoa eta ogia auserki.
Gan zen jauregirat, eta su eder bat eginik, han, ari zen bere zikiro azpiaren erretzen.
Ximinetik egiten dio boz batek:
— Heldu nauk.
— Ator nahi baduk, bainan nere zikiro azpirat ez.
Heldu zaio, brau, ximiniatik, gizon bat osorik.
Manatu zion gizon harek:
— Hartzak argi hori; segi zak beheiti.
Zikirojaleak errepusta:
“Segi zak, hik, lehenik, nahi baduk.”
Abiatu zien beheiti, ximinetik jautsi gizona aintzinetik —beharko!— eta bertzea gibeletik.
Beheiti gan eta, ximinetik jautsiak erran zion zikiro jaleari:
— Hartzak aintzur hori.
Zikiro jaleak:
— Hartzak behar baduk!
Hartu zuen aintzurra ximinetik jautsi gizonak, eta, harekin, eskaler azpian, lur puska bat kendurik, agertu zuen barrika bat diru.
Erran zion ximinetik jautsi harek zikiro jaleari:
— Ehun urte baitiat, hi bezalako gizon bat ezin atxemanez nabilala. To, hartzatzik urre horiek denak hiretzat. Orai ni salbu nauk, zeren dirua agertzen ahal izan baitiat hiri.
Itsasuarra hola egin zen diru barrika haren jabe.
Erretiratu zen orduan ximinea goiti jende hil arima hura, eta gaua, jan eta edan, ederki pasatu zuen.
Biaramunean, goizik, jauregiko ate-leiho guziak idekiak ikusirik etorri zien, harrituak, jauregi hartako nausiak ikusterat zer pasatu ote zen han.
Egunaz han ibiltzen zien jauregiaren jabeak, bainan gauako denak gaten zien, orduan agertzen zelakotz hil haren arima.
Han atxeman zuten itsasoar zikirojalea; eta jabeak hasi zien etxe guziaren miatzen, eta ailiatu zirenean eskaler azpirat, itsasuarrak etzituen utzi urbiltzerat.
— Ia, Ia, ez gan horrat, hor bada bertze gizon bat!
Iziturik, etzien gan.
Eta zikiro jaleak hola zaindu zuen bere barrika dirua, haren anaia, bere idi eta orgekin etorri artean, gaztiatua zion bezala.
Anaia etorri zenean, kargatu zituzten orgak diruz eta bi anayak gan zien, eta aberats bizi izan zien.
Jauregiko jabeak sartu zien orduan itsasoar zikirojaleak arima hartaz garbitu zioten beren jauregian.
Diru gordeak ez du ekartzen gauza onik, eta hura aitortu artean, ez ditake arima gordetzaile dohakabea, sar zeruan.