—Aitatxi, nolaz ez zinuen frantsesa ikasi?
Aitatxik engoitik hamar aldiz kondatua diote istorioa, bainan berdin du, haurrek berritz entzun nahi diote. Haur lotsagabeak! Han dabiltza haren beso zangotan purtzupilka. Aitatxiren ingurua dute beren biltokia. Aitatxik diote katixima erakusten, baitaki oso-osoa gogoz. Harekin dituzte gaitzeko otoitz marmarizak erabiltzen. Amak larderiatzen dituelarik, hura dute ihesleku.
—Haur horiek nahi dutena egiten dute zurekin, galtzen dituzu.
Aitatxik ez du errepustarik emaiten. Ixil-ixila goitatzen ditu. Adimenduz amaren alde da, bainan bihotzez haurren. Eta bihotza urratzen zaio, adimendua fermutzen zaion baino gehiago… Paso, paso dario amaren inbidoei. Erasia zonbaitengatik, laket baita hola familian denak elgarri atxikiak ikustea.
Dena den, aitatxik frantses mikorik ez daki. Oraiko egunean, murritz baita eskuara bakarrik jakitea… Eskuaraz behar dugula mintzatu eskualdunek, hori ba! Bainan on da, behar orduetako, frantses, español eta bertze edozoin mintzaira ikas ditzagun. Aitatxik frantsesa zertako ez dakien? Eskolan guti ibili delakotz. Eta, zertako da guti ibili eskolan? Aitamen faltaz ote? Ez, miletan ez! Bainan… Huntzaren faltaz!
Huna istorioa, berak kondaturik.
Bederatzi bat urte nintuen, eta eskolan nindabilan, adineko lagunekin. Lagunetan banintuen adixkideak, bainan biga baginen, beti elgarren fantesian ginabiltzanak. Auzo ginen, eta bertze anitz bezela, gure hitzgoitiez deitzen ginituzten.
Hura zen Huntza, eta ni Ttanko.
Xori kafiraka, pilotan, kaniketan, edozoin joko motetan, beti kasaila ginuen biek. Goiz hartan, pirrinda pollit bat banuen muntatua, barrika uztai batetik. Eskolarat sartu aintzin, gordetokitik, Huntzak ez zautana ebatsi! Ebatsi eta hautsi… Jakin zazue xixtu onean nintzala harentzat!
Kolpeka taria egiteko astia, errientak ez zaukun utzi. Sartzeko tenorea zen eta, eskuak garbiak ginituen erakutsi ondoan, lerroan eta ixilik, gure alkitarat joan ginen. Gure jartokiak ginituen: Huntza gibelean, eta ni, haren aintzinean.
Gure errienta gizon handi sekail bat zen, dena zain, mustatza luze mehar batez bisaia marratua, bortitza mixterioa. Lotu zaukun bere eskola lanari taula beltzaren aintzinean. Frantziako karta gure buruetarat sarrarazi nahiz ari zen erran eta erran… Bainan Huntza eta ni ez ginen harekin, aparantziarik ere. Huntza gibeletik trufaz ari zitzautan, mahain taula eskuz kisk eta kisk jotzen zuela, ukapetik erranez: Ttanko, Ttanko, Ttanko! Ene aldetik, errefera emaiten nion Huntza kuik! Huntza kuik! errepikatuz…
Gu bien ixil-zalapartekin besterenak gainerat eskola barnean, hats gaxto baten ibilkada sendi zen. Errienta bera zerbeitetaz ohartua bide zitaken, mustatza luzearen hegal bat daldaratzen zitzaion segurik. Hori baitzen guretzat koska bultaren aitzin seinalea. Koska bultaren edo hobeki erraiteko, ero bultaren… Zeren, samurtzen zelarik, gure errienta itsutzen eta sesuz gabetzen baitzaukun.
Holako eta halaka, Huntza, mahain azpitik, ostikoka lotu zautan. Errabian, debruak hartua, errientak behatzen ez zaukun batez, itzuli eta, Huntzari igorri nion bekainaren gainerat ukamilo kolpe alimale bat. Eta, bran!, ene tokian geldi-geldia plantatu nintzan. Huntza, gaitzeko Ai! bat eginik, nigar orroan hasi zen eskola guzia airatzen zuela.
Errienta itzuli zitzaukun, eta ene bizian ez dut ahantziko haren orduko begitartea. Bi mustatz adarrak, bi beso bezala, goiti-beheiti zabilzkion. Matel eta kopeta larrua zimurdikatuz, hortzak karraskan, begiak sutan, ikaragarriko behako bat bota zaukun. Tenore hartan nahiagoko nuen lurpean ene burua, ezen ez nintzan tokian. Bizkitartean, alegia ez hobendun, ahal bezain sanfretazko kara baten hartzerat entseatu nintzen. Bainan debaldetan, denek akusatzen baininduten.
Eta, demendreneko xehetasunik galdatu edo emaiteko astirik utzi gabe, lehoin bat bezala, errientak gainerat jauzi egin zautan.
Hartu nintuen eneak eta asto beltxarenak. Burua, ahal bezenbat, besoez gerizatu nuen, bainan eskuz, zangoz zanpaka iletarik eta beharritik tiraka, umaldi bat itsusia eman zautan. Azkenean, lepozokotik har eta, herrestan ereman ninduen bere taula beltzaren ondorat, eta han egoiteko manatu, zutik, zango baten gainean eta bi besoak airetan.
Hura zen hura, penitzentzia! Halere, nigar tuntik ez zautan jali, kontent bainintzan hortaz bederen.
Nekagarri baita zango baten gainean egoitea, zer gisaz ene zortea arin nezakeen gogoetan nindagolarik, ohartu nintzen ene ondoan bazela leiho bat idekia… Ene xedea laster hartu eta obratu nuen. Gatu bat bezain zalu, leiho hartarik kanporat jauziz joan nintzan eta tira ahala norapeit aldaratu.
Gorderik egon ondoan eskolatik lagunak atera artio, ene zakua isilka eneganatu nuen eta, usaiako tenorean, etxerat deskantsuan sartu nintzan. Gure etxean ez baitzen hitzik erran behar errientaren kontra, haren egitate guziak zuzentzat ekarriak baitziren, haren pasoak onartuak eta batzuetan aitak doblatuak, egun hartako ene eskolako gertakariaz ez nuen deusere salatu.
Erdi afaldurik oherat joan nintzen, bainan ez nuen biziki begirik hetsi. Burua larri, gogoa amets tzarrekin borroka, lehertua jeiki nintzen biharamun goizean. Gosaldu nuen dena intzirin eta arrangura ama urrikalduko zautalakoan eta etxean geldituko nintzalakoan. Bainan amak ez adituarena egin zautan, eta eskolako bidea hartu behar izan nuen. Ahatik, etxeko arto landaren hegitik iragaitean, debrukeria gogoratu zautan, eta bi behako laster ingurueri botarik, brixt!, artopean sartu nintzan, eskola han gordetzeko, edo, guk ginion bezala, mankarrot egiteko.
Artope hura ez daukat ahantzirik. Bakarrik, geldirik egon behar, arrabots guzieri beharria xut, ez dut behin ere nola orduan konprenitu ihiztatua den erbiaren barneko berri. Bi orentsu hartan han nindagon, noiz eta ere etxe aldetik arrabots batek ernatu baininduen. Gure behiak, bulta hartan etxe aintzineko larrainean alan baitzauden miga txar bat buru, arto landarat sartzen ari ziren… Halako artoa, jada bihitan! Aita nun ote zen? Behi higuinek ez zuten, ez gure lanaren, ez hain uztagai ederraren axolarik, bainan jan baino gehiago zangopilatuz, holako padara ustegabekoez erotuak, lerro osoak bazeramazkaten kraskada izigarrian.
Han nindagon zifritua!… Zer egin!
Ene baitan borroka ari ziren batetik hobendunaren ikara, bertzetik lurtiar haurraren asaldura. Eta gure etxean nehor ez zela ohartzen behi horietaz! Azkenean ba, hola gehiago ezin iraunez, kabaleri hurbildu nintzaioten eta, gordeka, ahapetik manatuz, entseatu nintzen heien ipularrerat haizkatzerat. Bainan debaldetan. Ez nuen ez akilorik, ez bozaren larderiarik. Eta gizonetan bezala, kabaletan ere, ahul denak ez du errespetua bortxatzen. Miga txar debrua bereziki, ni ikus eta, ergeldu zen, eta buztana harrotua jauzika artopez abiatu, oro xahutuz bere ibilkadan.
Hau ezinbertzea!
Hainbertzenarekin, aita nunbaitik agertu zen oihu garrasietan behieri, eta heien jalitzeko artorat kontra eskualdetik sartu.
Han orduan gertatu zen, azkenean gertatu behar zautana.
Aita ohartu zen ez zituela bakarrik artopean bere kabalak, bainan han zuela ere bere semea. Haren katiximaren hastapena eni buruz, holaxetsu izan zen:
—Zer ari haiz hemen? Bainan, zer ari haiz? Hemen duka eskola, purtzil mukizu txarra? Habil etxerat!….
Beharrik, ni baino presatuagorik, hor baitzituen behiak. Bertzenaz harek orduan zuen potroarekin, ene bizkarrak berebiziko oroitzapenak bilduko baitzituen. Aitaren orroez beharriak oraino tutan, tira ahala, gorputz guzia daldaretan, sukalderat sartu nintzan, ez baitzen ama guti harritu. Orduan, noizbait, bihotza arrunt lehertu zautan, eta galerna euri iduri marrumekin, amari, denak, ziren bezala, aitortu niozkan. Hain bide bainintzen asaldatua eta malurus, amak ez ninduen demendrenik gaizkitu, bainan sukarra banuela iduriturik, oherat igorri ninduen. Handik laster, salda xorta bat zerbitzatuz, ohea ingurikatuz “Haurra —zautan eztiki erran—, holakorik ez berritz egin… Orai pausa zaite!”.
O amaren goxoa! Haren hitz laburrek, aintzineko panpa eta orro guziek baino gehiago bihotza jo zautaten. Nik ez dakit zergatik, ohe hartarik ez nintzan luzaz atera. Emazte bisitari kalakariek zioten zizariek emaiten duten zainetakoa nuela. Mirikuak pausa hainitz eta kontrariamendu guti eni emaiteko zion, ez bainintzen hortaz batere samur. Holaka eta halaka, egun hainitz iragan ziren, eta ikaratzen bainintzen eskola aipatzeaz beraz, ene burasoek batere ez ninduten gehiago eskolarat igorri.
Hola gelditu nintzan frantsesik ikasi gabe, Huntzaren faltaz.