Hiru eskiazaleen erokeria

El Día, 1936

I

Olorongo bazkari hura! Nik gehien atsegin izan nuana pularda guri hura, Cammanbert gazta eta Armagnaceko koñaka.

Zigarroa ezpainetan sartu ginan automobilan, eta zoazte elurretara.

Bagindoazen ba herriz herri hotzaren lekura epelaren ihesi.

Hango bazterrak ohartuz batera non ikusten degun trena.

“Oi! Trena?… Goizegi da gurea izateko. Artean besterik ez da askoz beranduago arte. Gurea ote? Garai honetan? Gurea izango da. Gurea da! Ea, mutilak!”

Eta gure tarrantak zeharo azkartu zuan ibil-neurria. Bira batera eta bira bestera, oraintxe zuzena harrapatzen genuan bidea, tximista gure gurdi arina. Herriketan barrena mila arraioka. Airean gindoazenez… hots hezurrei, adiskide!

Lehia ikaragarria! Zuzenean gu gehiago ginan, ordea, bideko ezker-eskubira, gora eta beherak. Trena herrietan gelditzen zanean, noski, ez geunden loak hartzeko.

Forges d’Abel zan azkeneko geltokia. Gu ginan aurreneko. Baina gure eskiak eta mendizorroak gerturatzerako non azaldu zan tren madarikatua. Minutu bat egin orduko berriz abiatu zan.

Txingurri bat berak egindako zulotik etxe batean sartuko balitz bezela, halatsu sartu zan trena ikaragarrizko mendien azpitik egindako tunelean. Zortzi kilometroko tunela. Frantzian sartu Espainian atera. Agur, Canfranc!

Eta gu bertan.

Ezetz, ez geundela han bost orduan zain egoteko. Mendiz joan behar genuala. Automobila gauza ez eta oinez igo behar. Hamabi kilometro gora, beti gora. Ordu bat edo biren joan-etorriagatik hobe genuala hango jatetxean egon nekatu gabe. Ezetz eta baietz.

— Hor konpon, ni lehertu orduko zuek ere bai. Abia gaitezen.

Tarranta sartu genuan bere gordelekuan, honuntzean hartzeko. Mendizorroa erantsi genion, lotu-lotu bizkarrari. Eskiekin eta eskumakilekin sorta bana egin. Nahiko eztabaida ibilita, hasi ginan abian isilik.

— Goazen hemendik, bidea asko laburtuko dugu eta.

Ezta hitz egin nahita ere ez genuan hitzik aterako. Hasi ginan arrapataxka mendian gora arbaztei tiraka. Eski sortarekin harria jo eta erori. Antxumeek ez dute horrelako eragozpenik izaten. Gure arnasa, noski, larri. Ea, mutilak! Oinetakoek txirrist egiten ziguten. Noizbait, noizbait azkeneko oinkada egin eta bidezabalean ginan berriz. Lehertu ginan. Hasiera ederra. Errietan eman genion gure lagunari.

Bota haundiak astinduta bideari lotu gintzaizkion. Orduan gogoratu tarrantaren burrundara. barrez hasi ginan. Azkarrean ikusitako ur jauzi haiek! Zurrunbano galantak! Etxekoan hobeto ikusiko.

Bidea hesia jarrita zegoen. han berriz izugarrizko lur jauzia. Bidezabalaren arrastorik ez zan zenbait metrotan. Hura lur pila mendian behera!

— Zoazte —esan zigun bi jendarmerekin zagoan herritar batek—, zoazte horko harribide hortatik, erromatarrek egina, eta hogei minutu ordu erdi bateko bentaja izango dezute.

Gelditu ginan. Lagundu zigun. Hasi orduko hala diok nik:

— Mutilak, ez zeuden txoro txarrak erromatarrak toki hauetan ibiltzeko!

Artean gu zoroago.

—J arrai bide hortatik bidezabala topatu arte.

— Agur! —eskupekoa emanez.

Asko ilundu zuan. Haizeak elur txinparta gogortuak botatzen zizkigun aurpegira. Bidea oso txarra. Lainoaren tartean gutxi ikusten. Lau eta erdietarako ilundu zuan.

— Oso ilundu baino lehen harrapa dezagun bidezabala.

Elur-ura, asko zetorren harri tarteetan. Harririk harrira lan txarra genuan. Besteetan putzu haunditan ibili ezinean inguruz joaten ginan, urrutituko baginan ere. Orduantxen zapaldu nituan gogoz lehenbiziko elur zapiak. Bidea behintzat ez galdu. Oihu bat atera zuen gureetako batek. Aurreko hura ez ote zan bidezabala. baietz. gaua argitzen hasi zuan. Eguraldia hoztu. Elurra gero eta naroago. Ilargi gaua izango al zan? Elur asko. Iritsi ginan, eta nekatu samartuak.

II

Gelditu ginan. Ezin, ordea, atseden luzea hartu. Hotza gero eta gehiagokoa zan eta nahi eta nahiezkoa ibiltzea. Erre genuan. Hartu zizkan besteak nekatu samartuari bere eskiak. Elurraren gainean gindoazen bide guztirako. Ilargiak tarteka erakusten zigun bere musu atsegina.

Eskerrak berari.

Edaririk ez genuan hartu gurekin. Jan genituan hiru lagunen artean bi laranja, Olorongoak. Eta kaixo motel, akabo gure banketa! “Gogoratu bagina…”, “Ekarri bagenu…”. Jo ezazute aurrera.

Zuritasun hartan hiru lagun bakarrik gindoazen. Hain bakarrik ere. Mendi gailur haien tartean, zeinen gutxi! han ez zan bizidunik ageri, ibili eta ibili. Geron etxetik ikusiko baginduzkete! Hiru lagun, Hiru Erregeak bezela. Ordea gu gameluak, bizkar gaineko zorroarekin. Bat hemen, bestea hor, hurrena han, maiz elkarrengandik aldenduta genbiltzan.

Ilargi maitea osorik agertu zitzaigun. Elurra zuri-zuria. Gure gorputzen errainua garbi ikusten zan, eski luzeak eta guzti. hamaika bider nik aipatutako ilargia! Hura izan ez bagenu… Artean nere lagunek ezta hitzik ere. Esker gaiztokoak. Hango politasuna!

Elurrarekin ahoa freskatu nuan zertxobait. Izardia buruan. Txapela kendu eta bat-bateko ia izardia izoztu. Sendo eragin nion zapiarekin.

— Behartuta ere poliki ibili, baina ez gelditu, albait.

Hotza gero eta handiagoa zan. Txapela bai gauza ahula. Tarteka elur mukuru erpil gaitzak eroriak.

Herrixka baten irudiko etxetxoak ikusi genituan han, behean, elurrez erdi estaliak. Baina han ez zan gizadunik, itxuraz behintzat. Ez argi izpirik, ez zantzorik, ez ibilerarik. Dana geldi, dana isil, dana ilun. Etxeak utzita alde eginak, nonbait.

Gureetako bat gaizkitzen bazan, bat laguntza eske —Jainkoak lagun—, beste biak… jelatuak. Aldez aurretik gogoratuz gero, nork daki, bi eskiekin irristagarri bat egiteko modua edo, beste biak tiraka…

— Iaz frantses batzuek bi hartz hil zituzten hemengo aldean burnihaga luze zorrotz batzuekin.

Baina guk eragin, inongo arriskurik ikusten ez.

Ilargia ederra zegoan. Bai izarrak ere. Keinuka ari zitzaizkigun isilik. Ortzia txoil garbitu zan. Sekulan nere begiek ez dute ederragorik ikusi. Mendi puska galantak nork gehiagoan altxatzen zituzten beren buru zuriak zeru zola ilunean. Dana haundia, zerua eta mendiak. Harako elur mendi zuri-zuria! Ilargiak bete-betan jotzen zuan. Eta egon… gaueko argitan isilik, ilargiarekin “hizketan” balego bezala. Zuriaren polita!

Genbiltzala, gu haruntz eta mendiak honuntz, beti goraka, bazan eder berririk asko. Artean oinak gero eta elur haundiagotan sartzen zitzaizkigun. Eup! Erria eskiak! Eta lorratzik gabeko zapi zuri hartan hasi ginan hiru lagunak zurezko zapata luzeak jartzen, zoru azpiko elurra kenduaz.

Abiatu nintzan aurretik. Baina, zoritxarra! Hamabi bat oinkada egin orduko eskiaren burni bat askatu zitzaidan. Eta ezin konpontzeko moduan. Tirafondo bi herdoituta batean atera ziran zuzenka zur ustelean. Hiru lagunen eginahalak! Saiatu nintzan lokarri batzuekin nola-hala. Berriz ere eten. Ostera hasi ginan indarrean lotzen. Sudur zuloetatik sartzen zitzaigun haize hotza eztarrian behera nabaritzen genuan.

— Hoa arinean.

Eta arinean joanda ere eskapo. Ez nien nere lagunei lan gehiago eman nahi. Berrogei minutuko saioa nahikoa zan. Hartu nituan makilak, egin nuan sorta eta haien atzetik joango nintzala.

Behin toki batetik, bestean bestetik, non elur gutxiena zegoan aldetik. Haiek lanak!

— Candanchu urruti al dago oraindik?

Banindoan ni, gizajo hau, ezin ibilirik. Ustegabean iztarreraino sartzen zitzaidan zangoa. Halakoetan, urdaila, haizez beteta, eztarri zuloraino igotzen zitzaidan.

— Eup! Goian gera. Harri hartan ezagutu det.

Napoleonen oroimenez jarritako harria: 1.631 metro!

Nere bi lagunak kankarreko bana hartu zuten jelatan irristatuta. Barre egitea libre zan. Orduantxen ez nengoan damututa eskiz ez ibiltzea.

— Orain behera jarraitu besterik ez.

— Baina, non dago bidea?

Izugarrizko elurrez estalia zegoan. Antzematen genion.

Toki txarra hura. Batek eskiak kendu zituan.

— Eskubi aldeko baztar batean dago Candanchu etxea.

Irristaka joan zan aurretik.

Han zegoan etxe haundia, barrengo argia elurrezko atarian zabaldu egiten zan.

Lau ordu eta erdiko lana. Hantxen bukatu zan nere bizitzako ikustaldirik ederrena.