Gipuzkoar guztiok jaizale haundik gerala ukatuko duen gutxi izango da.
Edestera noan ipuitxoa bezelaxe, hau egia haundia da.
Larramendi Aitaren jaioterri ospatsuan, Gurutze Doneko txadontxoan, orrilaren hiruan, jai izaten da. Egun jai hau oso ospatsua da, eta lehen ere entzute haundikoa omen zan, gure zaharrek hala esaten dute. andoaindarrek bezelaxe, inguruetakoek ere. Orain urte gutxi jai honen biharamunean ere jolastu nahi izan zuten, baita aizkora joku bat eratu ere. Aizkoralariak, Urbideburuko Bittor eta Lertxundi ziran. Jai honen eratzaile Iturbetar Bixenteren etxean aurregunez izandako batzarrean, hauxe erabaki zan…
— Bihar eguarteko hamarretan jokatu behar dezute. Nik hamarna hogerlekoz sarituko zaituztet, eta euskaldun onak bezela jolastu behar degu. Nahi al dezute?
Eta, “bai” darantzuiote biek.
Beste gabe zabaldu zan berri hau herri guztian, eta hurrengo egunari itxedoten pozik gelditu ziran andoaindarrak. Iluna etorri zan eta gure aizkoralariak beren etxeetara abiatu ziran, eta alkarri hitzik leunenak esanaz, hurrengo eguna arte agurtu ziran.
Bittor etxera heldu zan eta emazteak Agurtza Donea esan bitartean, behiak jetzi ondoren apaldu zuten, eta haurrak ohera eramanaz…
— Ba al dakizu Iturbetarraren etxean zer erabaki duten?
— Bixenteren etxean gauza on gutxi erabakiko zuten.
— Zu beti horrela zera.
— Izango enaiz ba! Izan beharko!
— Aizkora joko bat egin behar omen degu.
— Nork?
— Aizkoralaritzan, ni eta Lertxundi aukeratu gaitue.
— Baino, Bittor; burutik ondo al zabiltza?
— Behingoagatik…
— Ez, Bittor, ez. Etzaitut horrelako lanetan ikusi nahi. Berrogeita hamar urteko gizon ezkondu bat, horrelako haurkerietan dabilela ikusita, zer esan behar dute? Gainera, soroak belatz eginda hor dauzkagu, artoak noiz erein behar ditugu? Bixentek egingo dizkigula uste al dezu? Etzaute azal txarrak guztiok ere!
— Emakumea, joango naizela esan diot, eta joan gabe ezin egongo naiz.
— Beharko! Bazter guztien parragari eginda etzaitut ikusi nahi. Gizon horrekin berdindu nahi al dezu zure burua? Zuk nahi aren, nik ez det nahi, eta ez dezu jokatuko.
— Baino emakumea!…
— Ixo!
Gure senar-emazteak oheratu ziran, bata biharamun goizerako indarrak egiteko asmoz, bestea senarrari lan hori nola eragotzi ezin asmaturik. Bittor azkar hartu zuan loak, baina emaztea gau gehienean esnai egon zan. Bestea lozoroan zegoan bitartean jeikita ere ibili omen zan.
Zertan ote.? A, hori gero azalduko zan.
Eguzkiaren argi izpi gorriztak Belkoaingo tontorreraino jetxi ziran, eta euskaldun etxekoandreak oi duten bezela, Maulinazik Tolosara irten nahi izan zuan. Larunbata zan eta azokara joan gabe ezin etsi. Senarrari egun onak emanaz, bazihoala esan zion, eta Bittorrek, aizkora jokoaz oroiturik, aske utzi zion. Seiterdiak izango ziran, Bittor jeikitzeko eratu zanerako.
“Baina zer arrano! Etxe hontan zer gertatzen da? Hauxen ere komeria dek, ba! Jeiki nahi eta ohean egon behar!”.
Seme-alabak esnatu ziran, zaharrenak jeiki ere bai aitari laguntzeko, baina aita ez zan ageri, marmarizak somatzen ziran baina.
— Ama non da?
— Tolosara joana —erantzun zion emakume-eztarri batek.
— Aita, ez al dago ondo?
— Osasunez bai; baina, ez nago lasa nagon lekuan.
— Zer du ba?
— Zer izango dinat! Bila itzan nere galtzak!
Itziar gaixoak, galtza-bila zoratu zanean, berri hauxe eraman zion aitari:
— Ezin ditut inon arkitu.
— Hara!…. Bat, atso sorginarentzat,—eta mar-mar-mar jarraitu zuan.
Karrikan egunaren hasiera ezin zitekean alaiagoa izan. Eguzki ederra ortze urdin garbian eta soinua aspertu arte. Goiz giro hoberik noiz, karrikako biztanleentzat? Bixenteren etxean ere bazan ba, sartu-irtena eta berri jakin beharra. Baserritar guztiak han zebiltzan, aizkoralarientzako egurra nondik ekarria zan galdezka, zer egur zan, pago, haritz, arte, lizar, makal edo zumarrak, lodiak, hezeak edo adar begidunak ote ziran…
Hango dema eta iskanbila!
Goizeko bederatzi eta erdiak etorri ziran eta, Lertxundi Bixenteren etxera aspaldi agertu bazan ere, Bittor ez zan ageri, eta nagusiak estutzen hasi ziran, Bittori zer gertatzen ote zitzaion ezin asmatuz.
Hamarrak laurden gutxigo jo zuten, eta Bittor ageri ez. Bixentek, zain egoten aspertu zanean, beste gazte bi lagun zituala Urbideburu aldera jo zuten. Bertara heldu ziraneko, Bittoren haurrak jolasaldi ederrak eginaz zebiltzan.
— Aita non dezute?
— Ez da jeiki. Zer duan ez dakigu.
— Bittor! Bizi al haiz? —hots egin zioten besteek, eta berehala leihora irten zan.
— Baino mutill, zer dek?
— Galtzik ez!
— Baino gizona, higaldu egin al dituk, ba?
— Etzekiat zer esan ere!
— Joakin, Arragolara joan hadi; gertatzen zaiguna esaik, eta galtza eta gerriko batzuk nonbaitetik ekarri itzak.
— Eta atsoa non dek galtzak ez bilatzeko?
— Nik ezer sumatu baino lehen Tolosara joan zaidak.
— Eta ezer bai al daki? Ezer esan al diok?
— Gaur aizkoran egin behar genduala, besterik ez.
— A!… Mokoloa…! Berak izkutatu dizkik orduan.
Hamarrak jota aizkoralaririk ageri ez zanean, jendea zer gertatzen ote zan galdezka zurru-murruan hasi zan, eta Bittor ageri ez zala jakin zutenean, asko, honen etxe alderuntz abitu ziran. Noizbait ere, hamarterdik ingururako agertu ziran, eta, beti bezelako ateeren bat uste zutelako bazan han Bittorri galdeak egin beharra. Ikustekoa zegon gero Bittor: lokarri zirtzil bat gerrikotzat, makutsik, burutsik, eta espartin txar batzuk oinetako. Gaiztakeriaren batean harrapatuta espetxera zeramatela zirudian. Itxura hontan heldu ziran aizkora joko lekura, eta Bittorek horra zer eskatu zuan…
— Gosaria, jaunak, gosaria; baraua hausteko zerbait ekatzue.
Eta Bixenteren etxetik ogi zatitxo batez gainera ardo txuria dakarkiote.
Bittor, hain gauza pittina ikustean harrituta bezela gelditu zan.
— Jaunak, beste gabe, zer dagikedala uste dezute?
— Horrela hire indarrak hobetogo ikusiko dizkiagu, eta gainera Lertxundi baino arinago hago —erantzun zion Bixentek.
— Ekarri ba dan pixka, hutsa baino hobea det eta!
Eta eman ziotena harturik, Bixentek Hau! esandakoan, beren lanari aitaren eginaz ekin zioten. Lehenbiziko aizkorakadak ikustekoak izan ziran, Lertxundik begiraino sartzen zuan, ez hainbeste Bittorrek. Baino honen aizkorakadak arinagoak ziran eta horrela lehenengo enborra batetsuan ebaki zuten. Bigarrengoan, atzen aldera aizkorakadak berdindu ziran, eta hirugarren enborrari batean ekin zioten. Lertxundiren aizkorakadak arintzen hasi ziran, baita Bittorrenak astuntzen eta bakantzen ere. Hirugarren enborra hiru aizkorakadaz lehenago ebaki zuan Bittorek.
Laugarrenari ekin zionean, hango iskanbila!
— Ia Bittor! Hirea dek eta! Eman! Jo hor gogor…!
— Eutsi! Ez atzera gelditu! Lertxundi baino gehiago haiz…!
— Gipuzkoa guzian hi bezelakorik etziok! Jo motil, iaa… iaaaa… iaaaaeeeep!
— Horra! Baraurik egoteak on egin dik. Lertxundiri hamar aizkorakadaz irabazi diok —zion Bixentek.
Beste guzien artetik lau gizaseme irten ziran, eta Bittor beren sorbaldetan harturik, Bixenteren etxera eraman zuten. Lertxundiri ere bere lagunak hurbildu zitzaizkan, eta nolabait ere bere goibeltasuna arindu zioten, basetxetar kankailu batek karrikertzeko nekazari bati irabaztea harritzekoa ez zala esanaz.
— Hala ere ezer ez dek galdu, Lertxundi. Orain, Bixentek bazkari ederra emango dizute, eta bapo!
— Horretxek gehiena poztutzen natxiok.
Biharamun goizean, zazpiterditan ikusi genduan gure Bittor, eta nolako bazkaria izan zuten jakiteko asmoz deitu ginion.
—Bittor! Hiriartera hator; txikierdi bat edan zagun. Baino iretik edatekotan!
— Goazen bada.
— Eta, nola bazkaldu zenuten?
— Hona: zuku ederra hasieran, gero babarruna eta azak, ondoren haragi egosia eta urdaia, hurrena nahi adina oilo, boskarren antxumea lehertzeko zorian jarri arte, eta gorde-sagar batzuk gazta eta mamiari bultz egiteko. Edariak berriz hoek: ardo naparra, sagardo urgabea eta txanpain onenetakoa esan zutenez. Gero akeita ere bai.
— Txanpain eta guzti, etzinaten txarki ibili ere.
— Zer egingo genduan bada? Emandakoa hartu!
— Eta atsoa?
— Bixentek emandako hamar astaperrak xuxen-xuxen eta zintzo eraman nizkanean poz-pozik gelditu zan.