Eguen arratsaldea zen. Eskola bakoa, beraz, eta eguraldiari esker Abiñara ibiltaldi bat egiteko berebizikoa.
Ai, gure aldi hatako Abiña! Nok ikusi ete zeinkean orain, orduko hamar-hamabi urteakaz!
Hiru gauza zituzan orduan Abiñak opagarri: Sandi Andereko uharte zaharra —zaharren zaharrez zitzezko lur gorrixkak amilka joakozan itsasora, geldika-geldika—; Andoni deunaren basatxonoa —Abiñakoa izan ei eban amama Paduako deun harek—, eta solo tartean, parrale biribil barruan egoan basurdakume bizia, Abiñaz aurrez aurre Atxarre mendiko gurbiztokietan Sabinek bizirik atzemoniko basurdakumea.
Sandi Anderera joateko aukerea edonoiz geunkan, izperatan behinipehin; basatxonora sartzeko abagunea barriz, noizgura, baina basurdakumea ikusteko eretia ostera… Inoiz edo behin ostu-ostuka eta isil-misilka parraleko oholen zirrikituetarik begiratu eta haren zurda bat edo beste ikusi ahal izan ezkero ez ginan hasarre izaten.
Baina arratsalde haretan geure alde genduzan aukera, abagune eta ereti guztiak. Abañarako bidezidor bazterrean Sabin bera egoan beste gizonezko bategaz, aulki banatan jesarrita autuetan eragoioela, txakur ilun gorrixkea alboan ahozpez burua luze-luze eginda lagun ebela.
Sabinek berak emongo euskun basurdea ikusteko baimena eta jagolearen zemakuntza eta arrapaladen beldur barik hurreratu gintekezan parralera. Bestela baitakoan legez, baina Sabinek eskaritzat hartu egian gogo biziz, badagigu aldarri:
—Vamos a ver al jabalí! —honexetara, erderaz; arratsalde haretan generabilgun hizkeraz; eguneko ordurik luzeenetan generagoion hizkuntzaz.
Eta Sabinen baimen eske gure begiak bide bazterrera zuzenduz, ez dogu baimen kinurik ikusten. Harrigarria. Berba barik bailegoan, Sabin geuri begira dago. Zer dauko, baina, Sabinen begirakuneak? Hasarrea ete darakus, ala itzala, ituna, errukia, etsi beharra?
Hasarrea ez behintzat. Hasarre izan balitzagu, txakurra haizatzeko pariztarik txikerrenaz uxatu gindukezan gu arinik arin; hasarrea ez, aurki. Txakurrari eta ugazabari aldizka begiratzen geuntsen guk, eta txakurrak be begijoko bardintsua erabilan, ugazabari eta guri aldizka begiratuz. Baina gu uxatzeko agindurik hartu ezean, ez ginakozan txakurrari beldur. Areago Sabinen begirakuneari. Ez zalako betozkoduna. Ez zalako hasarrezkoa. Itzala bai, horraitino. Baina, zergaitik ilundu ete eutsan gogoa? Gu, mutil txikiokan, orduan ginanaz besterik ikusi gura ete eban aurreztik? Aberria eta euskerea aldez inarduzan lanak alperrekoak zituazala oharterazo ete geuntson? Umetedi barriak ekarren erdeltzaletasunak etsierazo ete leukiola oldozten ete inarduan? Bagenkian guk, barriz, holakorik bost aldinatan. Ez etorren baimenaren begira gengozan gu, nahiz eta haren zalantzak geu be zurtau samar eduki.
Gu baino atzeratxoagotik etozan gure mutil lagun batzuk, eta hareek be guk aldarri eginiko gogoaz beraz, badagie:
—Txo, goazan basurdea ikusten! —honexetara, euskeraz.
Eta Sabinek guganik begiak jaso eta irribarre oharkaitz bat ezpanetan dauala, badinotse bigun, itzal, itun…
—Joan, joan ardura barik!
Eta barriro zuzentzen dituz gugana begiak, guk ezin ulertu daikegun begirakuneaz.
Basurdea ikusteko aukerea galdu genduala eta, guk, barriz, gure aspaldiko gurariari berpertan amore emon eta Sabin bere zalantzetan itxirik, basatxonorantz alde egin genduan.
Susmo bat neroian neugaz nik, horraitino…
Katerine deunaren biharamuneko goiza dugu orain. Alboko herrian, San Mikolaien, Sukarrietan, Sabinen elizkari eta hobiratzeak dira. Urduri gagoz eskolan urteerako txaloak irakaslariak noiz joko, Arrospe ondoan, itsasertzean dagon hildegira ahalik lasterren joateko gura handia dogu eta.
Heldu gara noizbait hildegira, arnasoska, baina berandu samar. Ezin izan deutsagu hildakoari arpegirik ikusi. Igeltsuz estaldu deutse arpegi beilegia. Beilegia bai, gero? Eskoiko eskua be igeltsuz estaltzen hasi jakee, eta hak eskuak beilegia barik lurrezko margoa areago dau.
Hildegiko txaunoaren ate aurrean gorpua hartuko dauan hobia idegi dabe. Txaunora sartu gura dagien guztiek gorpua zapaldutea nahi izan ei dau Sabinek.
Errukiak jota, Abiñako arratsalde hatan Sabini eder izan ezaren damu dot. Zergaitik ez ete neutsan esan orduan Nik be badakit euskeraz? Batek badaki, basurdea ikusteko baimena jaritsi eta begitarte itzal ha argitu ahal izan nengion, beharbada.
Hazitxoago naizela, Sabinek biztutako abertzaletasun izpiek jo dabe nire adimenean be, eta Abiñako jazokuntxoa gomutaera, eta neure bizian behin bederik irakasleari hitz egiteko abagunea galdu izanaren tamalez, hainbat bidar dot damu hareri esan izan eza:
—Nik be badakit euskeraz.
Baina harrezkero hainbat gauza dodaz ikasi Sabinengan. Aberriarren bizia eta ondasunak oparo emon zituana ez zan ibili bere buruaren eder eretxi bila. Eta nik, orduan, Abiñan, Sabinen eder izan guraz esan baneutso Nik be badakit euskeraz, ez ete eustan jardetsiko hitzetik hortzerako erantzun honegaz:
—Eta euskeraz jakin badakizu, zerk galozoten deutsu euskeraz egiten?
Ai, gure aldi hatako Abiña! Nok ikusi ahal leikean bertan Sabinen gerizea gure orduko hamar-hamabi urteetan legez?
Horraitino, Sabinen beraren gerizea idoro ez arren, Harek bere eskuz landaturiko zugatza daukagu Abiñan, eta zugatz haren gerizpe goratsutan, Aberriaren pizkundeaz ames dagigu, hainbat eta hainbat aldiz Sabinek amesetan jarduniko leku hatan bertan.
Eta, hara, Sandi Andereko uhartea pinuz josita dakust. Gora bidea, zerura bidea egin dabe zugatzok, eta sustraiak lurrean errotsu sarturik, lurrari sendo eutsinik, Sandi Andereko uharte zaharreko buztina gorrixka ez da gehiago itsasora amilka-amilka joango.
Aberriaren irudia begitanduten jat ikuskizun hau, Sabinen irakatsiak errotsu sartu dira gure gogoetan, eta Euskadi amildegitik alderatuz, Zuzenbidea, Gorabidea jarraierazo deuskue guri.