Gizon bat

Egan, 1972

Berrogeita hamahiru urte zeuzkan Belaundek. Urteak zeramazkien Muñoetan bizitzen. Larraungo seme zan. Gorputzez luze eta sendo. Besoak luze, hala nola animali mota batek. Eskuak handi eta iletsu. Bizkarra zabal eta lepoa haragiz betea. Begiak aski handi, batere espresiorik gabe. Bizarra nonahi. Gizonek gizonak duten inteligentziaz eta diruaz neurtzen badituzte ere, egia esan, Naturak ez zuen Belaunderen buruko harietara dohainik asko isuri. Isuri bazuen ere, hor nonbait gelditu zitzaion zentzuen eta inteligentziaren bide erdian dauden hari mehe horietan kateaturik.

Sentimenduko gizona zan Belaunde, batipat. Lanerako beti prest zegoena. Gauza berririk sumatzen ez zuena, forma berririk hartzen ez zekiena… baina… garbi adierazten zitzaiona xuxen egiten zuen. Barnean zeraman gizatasunaren neurri betea, indarraren bidez azaltzen zuela hobekienik, uste zuen. Besoetan, gerrian eta lepo samarrean indarra eta bihotzean ondotxo gorderik zeukan sentimendua, beste graziarik ez zuen Belaundek. Nahiago zuen bizkarrean ehun kiloko zakua karreatu, ezen ez eta bere lagunak bezala berrogei kiloko zakutoekin ibili. Ahal duenak ahal du, eta, honela uste bide zuen Belaundek, bazala norbait munduaren aitzinean.

Berrogeita hiru urte bete zituenean, bertako alaba Mertxerekin ezkondu zan. Mertxe honek, beste norbait nahiko zukean, baina printzerik eta markesik ez zala erortzen hark ezar sareetan ikusi zuenean, Belaunderekin ezkondu zan. Mertxe begibakar zan, eta esan beharrik ez dago, kondekumeenak eta printzekumeenak ikustea baino errexago egin zitzaiola Belaunderen bizkar eta lepo lodia ikustea.

Ezkontza honetan, parterik handiena Mertxek izan zuen. Begibakar zalarik ere, ba zuen halakoxe aire dotore bat, hots, Ebaren alaba maltzurrek duten airea. Ez zan horrekin Belaunde enganatu. Ez eder zanez ez itsusi, ez baitzan konturatu ere egin Belaunde, Mertxerekin ezkondu zanean. Sekula ez zuen ezkontzerik pentsatu. Mertxe bila etorri zitzaion… Mertxek egin zuen zoriontsu… Mertxek kanbiatu zuen!

Mutiko bat ukan zuten. Hura zan «dena» Belaunderentzat. Hura eta Mertxe. Behin baino gehiagotan iduritu zitzaion, harena ez baino Mertxerena zala haur hura, berak parterik txikiena ukan ez balu bezala haren sortzean.

Haurra sortu eta hurrengo sei hilabeteetan izan zan komeria frango Belaunderen etxean. Jaio eta berehala, hain txiki, hain koxkor zekusan, deusez bat ekarri zuela iduritzen baizitzaion, baina, denboraren poderioan haurra koskortzen zihoalarik “Hau nere arrazakoa duk” pozez zoratzen esaten zuen. Besoetan hartzen zuen, eta besterik ez baitzitzaion ateratzen, zakurrek ilargiari begira egiten dituzten bezalako aiumak egiten zizkion haurrari.

Mertxe ezagutuz geroztik, Belaunderen bizitza erabat kanbiatu zan. Kanpoz agertzen ez bazuen ere, mundu berri bat sortu zan haren barrenean: maitasunarena. Ez zezakean esan zer nolakoa zan sentitzen zuen maitasun hura… ez zan fisikoa, ez zan behatzekin uki zitekeana. Zerbait arinagoa zan, beroagoa, bihotzaren zirrikitu guztiak betetzen zizkiona. Mertxe eta haurra: besterik ez zegoen Belaunderentzat. Biok egiten zuten haren mundua.

Ezkondu bitartean, mundu bat besterik ez zuen ezagutu, beti berdina, mutilzaharrarena: neguak neguari jarraikitzen dan bezala, kanbiorik ukaiten ez zuena. Ezkondu eta hasi zan harentzat bigarren mundua: haurrarena eta Mertxerena. Mundu berri honek bazuen haren barrenean kanbiamendurik, momentu oroz, puntu diferenteetatik ikusten baitzuen inguratzen zuen oro.

Bi urte pasatu ziran honelaxe. Bi urteren buruan gauza bat gertatu zitzaion oso harrigarria. Ez zezakean konpreni! Laneko nagusia, Ruiz, Mertxe eta hirurak sukaldean zeuden. Ohera joan ordua zan. Emazteak deitu zuen. “Hemendik aurrera, nerekin batera ez baina, aldamenekoaren hurrena dagoen gelan egingo duzu lo”. Ez zuen deusik konprenitu. Isil-isilik joan zan aldamenekoaren hurrena zegoen koartora lo egitera. “Emazteak baduke arrazoinik, honela jokatzeko!…”. Izan ere, mesede bat eskatu zion eta nola zezaiokean uka bere emazte xarmantari? Zuen mundu berri hura ez ahal zion emazteari zor? Laneko jefe Ruiz ia arratsaldero bere etxean ikusteak, zerbait harritzen zuen, baina han zegoen Mertxe kezka guztiak uxatzeko. Lanetik bota ez zezan, ongi etorririk txeratsuena egin beharra zegoen!

Goiz batean, halaz ere, zerbait galdegiteko gogoa egin zitzaion. Zerbait adierazi… Ez zitzaion ordea hitzik etortzen. Emazteak zerbait sumatu bide zuen.

Zer duzu aurpegi triste horrekin?

Lo egin ahal bageneza… —doi-doia erantzun zuen Belaundek.

Poste bat bezala egoten zera ohean eta zure arnasa hotsez haurra esnatzen duzu.

Arrazoin osoa zukean emazteak… berea baino lehenagokoa zan noski, haurraren eta emaztearen loa… beraz…

Konprenitzen zaitut… ondo egiten duzu…

Zer ondo eta zer gaizki —esan zuen garratz Mertxek—. Ez zaitut maite… hobekigo esan, maite zaitut, baina nahiko nukean indarrez, garrez eta suz ez zaitut maite.

Ez zuen hitzik konprenitu Belaundek.

Egia esango dizut. Gauza bera zera beti, ez duzu misteriorik, beti zera berdin… ez duzu ilun unerik, beti dirdai bera duzu begietan… ez duzu faltarik, beti argitan bizi zera… ez zera hasarretzen ez hasarretzeko motiborik ematen… harrizkoa dirudizu, ez haragizko pertsona.

Nolakoa behar nuke?

Zakar eta ezti, leun eta gogor, zelai eta malkar, gozo eta garratz.

E?

Bazkaria batzutan gozo eta bestetan min aurkituko zenukeana. Ni neroni, batzutan itsusi eta bestetan eder aurkituko ninduzukeana. Konprenitzen al nauzu?

Ez zaitut konprenitzen!…

Hitzak neurtzen jakin bai, baina… hitzez martirizatzen zenekikeana.

Sekula ez zuen konprenitu Belaundek, Mertxek goiz hartan esan nahiko ziokeana. “Ez duzu misteriorik, beti zera berdin!…”. Ondotxo zekien bera baino azkarragoa zala emaztea, eta arrazoinik bazukeala bere kontra.

Ruizentzat egiten zuen lan Belaundek. Bagoiak hustutzen zituen eta kamioiak kargatzen. Ruiz hori Palencian sortua zan. Gorputzez txiki, aurpegiz borobil, lur koloreko. Begiak txiki eta bizi; bisera urdina buruan eta bibote beltx-beltxa; sudurra begitartean sartua bezala. Munduz mundu ibilirik zala esaten zuen, baina, agidanez, egiago zirudien mingain gaiztoek esaten zutena: Carrion de los Condesen estazioko jefe egotu zala alegia, eta estazioko jefe batek ikas ditzakean tranpa guztiak ikasi zituenean, Euskal Herrira etorri zala. Behar hainbat eta gehiago argitasunik bazuen kaskoan, hiruzpalau euskaldun bihotz oneko baina zozo, bere menpean hartzeko. Beste alde, dena irri zan Ruiz hori.

Belaunderen lagunen artean, bat bazan aparta: Isusi zeritzan. Belaundek zitzi hainbat malezia bazukean Isusik. Gizon korritua. Frantzian eta Alemanian urte anitz egina zan. Barruko sentimenduak

erabat galdu zituenean —tapaturik gelditu zitzaizkionean, hil ez baitira sekula egiten— Euskal Herrira jo zuen. Ez zuen emazterik, ez deusik. Ruiz begiko zikina baino gutxiago maite zuen, baina horra! eguneroko ogia eta ardoa ematen zion, eta hor konpon! Sentimendurik gelditu ez bazitzaion ere, bazuen maliziarik Belaundez baliatzeko.

Gutxienik uste zanean, berebiziko hitz parrastada botatzen zuen frantsesez. Entzun eta, parrez leher egin beharrean hasten zan Belaunde. Bazekien Belaundek noiz eta nola esan hitz horiek, hots, bagoiak erdi husturik, oraindik hamar-hamabost bat zaku handi gelditzen ziranean, alegia. Isil-isilik, hortzak parrez agiriz, den denak deskargatzen zituen Belaundek.

Behin batean, merkantziak ikaragarrizko zaku pila ekarri zuen. Bazan denetarik, txikirik, haundirik. Bestean bezala, txikienei lotu ondoren, oraindik handirik gelditzen zala ikusirik, hitz parrastada bat bota zuen Isusik. Belaunde ez zan idiaren kopeta baino gehiago mugitu. Orduan ziran isekak eta parrak! Cocu!… cocu!… cocu!…

Jakinik dagoanez, ez zuen deusik konprenitu Belaundek. Egun hartan eta besteetan eta hurrengoetan gauza bera zuen aditzen: Cocu!… cocu!… cocu!…

Ordubiak bost gutxi markatzen zuen estazioko erlojuak. Noizik behin behera begira, gehienetan Donostia aldera zegoen bihurgunera begiak zorrozturik, estazioaren aurrean zegoen postetako baten kontra hamabost minutu zeramazkien Belaundek. «Jadanik hemen behar luke» esan zuen, baina, sarri gertatzen dan bezala, egun hartan ere berandu zetorren merkantzia trena.

Bero egiten zuen. Eguzkiak argi zirrinda luzerik igortzen zuen estazio parera. Inor gutxi ikusten zan estazio ingurumarian. Estazioa pasa eta bertan zegoen txabola baten ondoan, hiruzpalau gizaseme ikus zitezkean lurrean etzanik. Laino txuri meheek inguratzen zuten eguzkia eta minagoa egiten zuten haren sua. Estaziora ematen zuen karretera petroleoz, gasolinaz eta mantxa zikinez betea zegoen… Brea, zenbait tokitan altxatua. Dena zegoen hilik bezala. Bizpahiru euli beltz tripandi hasi ziran Belaunderen inguruan jirabiraka. Bota zuen eskua lepora eta bere hartan jarraitu zan errebueltara begira, merkantzia noiz etorriko zan zain. Hiruzpalau enara agertu ziran zeru zabalean txioka… segundo batzuz ibili eta beroa ezin jasanez, izkutatu ziran. Katez lotuta txakurra, emazteki xahar bat agertu zan. Estazioa alderik alde ibili ondoren, banku batean eseri zan eta loak hartu zuen. Geroxeago, hiru neskatxa azaldu ziran, arropa arinak soinean; dudarik gabe, Donostiako plaiara abian ziran.

Zerbaiten otsik entzun zan. Begiak zorroztu zituen karrilak izkutatzen ziran bihurgunera eta fafafa fafafa trenaren muturra ikusi zuen. Zuzendu zuen gorputza, zinturoia estutu, ukabila itxi eta bere parera etorri zanean, merkantziak zekarzkien bagoiak kontatzen hasi zan. «Bat, bi, hiru, lau… zortzi, hemezortzi, hogei eta hemezortzi»… Ohi bezala, berak eta taxu berdinez loturik zekarzkien merkantziak bagoiak. Berdin zion. Merkantziaren bagoiak egunero kontatu gabe ezin zitekean egon. Bi pausaldi egiten zituen: hogeita hemezortzigarrena kontatzen zuanean lehenengoa, eta berrogeita hamabosgarrena kontatzen zuenean bigarrena. Handik aurrera ez zuen kontatzen segitzen. Zertarako! Bagoiak kontatu eta gero, hogeita hemezortzitik berrogeita hamabostera zenbat zegoen kontatzen zuen. Hamazazpi! Iaz baino bat gutxiago! Isildu zan. Erlojuari begiratu zion. “Berrogeita hamabost urte betez ezkero, sua eztituko zaio eta lehengoaz oroituko da. Orduan dena nere izango dut. Lau hauek bezela pasatuko dira hamazazpi horiek, eta zahartzaro guztia goxoki pasatuko dugu”.

Belaunde!… Belaunde!…

Nagusia deika ari zitzaion. Bagoiak utzi eta lagunengana joan zan. Estazioaren beste aldetik plaza bat bezelakoa zegoen. Retangulo egiten zuen estazioaren paretak aldamenean zegoen beste pareta batekin. Angelu batean txabola zahar bat zegoen. Han gordetzen zituzten arropak. Txabolaren ondoan eta paretaren kontra zaku ilera handia ikus zitekean. Inori kasurik egin gabe zakuak bizkarrean hartu eta Pegasora eramaten hasi zan.

Cocu!… cocu!… cocu!…

Itzuli zan eta estaziora ematen zuen atearen ondoan eskolako maisua ikusi zuen parrez. Egia esan behar da, hasiera batean hitz horiek entzunik barre egiten bazuen ere, gero eta suminagotzen zutela eta berari bakarrik ote zegozkion behin baino gehiagotan pentsatzen egondu zala. Harri eta zur jakin zuen, maisuak esanik, hitz horien esanahia.

Etxeen erliebeak gutxitan bezala nabarmentzen ziran… bertan baleudean ikusten ziran pareten aristak. Fabriketako tximinien kea, zuzenik zihoan zeruan gora

Cocu!… cocu!… cocu!…

Sekula ez eta, orduantxe sentitu zuen lehendabizikoz, gizon bat hankapean lehertzeko desioa. Gelditu zan. Arnasa hartu zuen. Tripak zintzurretik kanpora ateratzen balizaizkio bezela sentitu zuen eztarritik gora behazuna igotzen. Aspaldidanik sumatu zuen Mertxek eta Ruizek eskuartean zerabiltena… baina, nork zer jakin behar zuen? Ruizek zukean kulparik handiena, baina zertarako haizatu behar zuen guzti hori Isusik? Aldamenera begiratu zuen eta, ikatzetan zikin-zikin eginik, Isusi ikusi zuen. Hortzak bakarrik erakusten zituen zuri. Ladrilo bat hankapean hartu eta hauts eginda utzi zuen Belaundek.

Zerbait eztitu zanean, bagoiak kontatzekoan egiten zuen argumentua, silogismoa ateratzen zuen orain ere. “Utz dezadan berrogeita hamabost urte bete ditzan. Ordurako barruko sua emetuko zaio, handik aurrera nere beste inorena ez da izango”.

Bada munduan, norberaren bizitza, oraingoa eta gerokoa, silogismoen bidez esplikatu nahi duenik. Baina, ikusten danez, askotan behintzat, norbere bizitzari egin silogismoek ez bide dituzte premisak eta besteak zuzen ezarriak. “Orain arte honela izandu da, beraz, urak bide hori segituko baitu, nik pentsatu bezala gertatuko da”. Askotan gertatzen da ordea, urak bere bidetik ateratzen dirala eta beste biderik hartzen dutela. Bankero batek diruari buruz silogismorik egitea eta asmatzea, errexagoa dala dirudi. Diruaren gramatika dirudunek sortua baita eta ondotxo ezagutzen baitute. Baina… Gizonek, barrenean daramazkiten problema anitz resolbitu nahirik nolanahi silogismorik egitea, hori besterik da. Ez dirudi beti asmatzen danik. Beharbada, premisak ondo ezagutzen ez ditugulako da, edota zirkunstantziak, medioa, biziko geraneko medioa nolakoa izango dan ezagutzen ez dugulako. Izan ere, haizea bezain aldabera izan baititezke gizonaren barneko problemak.

Ehun kiloko zakuak deskargatzen segitu zuen. Lehen ez bezala, kolpe batean jasotzen zuen zakua bizkarrera. Bi sentimendu arras diferenteak zebilzkion buruan. Biak igo nahi zuten, biak zebiltzan irabazi nahiez, biak ziran kateatzen eta Belaundek ez zekien zeri lot.

Laino zuriak gero eta handiago eta beltzago ageri ziran itsaso aldetik. Tristura sortu zitzaion bihotzean. “Brilu berdina duzu begietan… misteriorik ez duzu..”. Ez zuen konprenitzen. Zerua bera aldaberago zitekeala iduritu zitzaion. “Aldatu, kanbiatu…”. Operazione hori nola mamitu zitekean, ez zuten bere begiek ikusten. Negargurea etorri zitzaion, eta momentu berean gorrotoak hartu zizkion zainak. Ruizek hondatu zuen eta bera egun oroz Ruizentzat ari zan lanean! Negar egin!… Negar egitea haurkeria zitzaion… Barkamena eskatzea berriz… Nori eska zezaiokean barkamenik? Zer zuen txarrik egin? Gorrotoak beste aldera eragiten zion. “Kolpe batez ken dezadan erdi bidetik Ruiz, eta orduan, ni beste jaberik ez duke Mertxek. Baina… onartuko ote zuen Mertxek?”.

Lainoak hodei bihurtu ziran eta eguzkia mendien gainetik izkutatzera zihoan. Euri tantoak, banaka banaka hasi ziran lurrera erortzen.

Txaketa bizkarrera bota eta estazioan zeuden burdinazko habe batzuen kontra gelditu zan. Isusi eta besteak, txabolara erretiratu ziran. Ruiz ofizinatik irtetzen ikusi zuen. Burdinazko habeari lotu zitzaion Belaunde. Ezkerra poltsikoan sartu eta iztarraren kontra zeukan; eskubiaz, odol egin arte, estutu zuen burdina. Ez zuen ezer pentsatzen; zerbait sentitzen zuen. Begiak itxi zituen eta dena ilunpe iruditu zitzaion. Txismistaka hasi zan. Ihurtzuria zan… Goian beherean euria ari zan.

Estaziotik bostehun bat metrora zegoen Belaunderen etxea. Herriko plaza zaharrean sartu, pasatu, eta Isasi zeritzan kalean zegoen. Langile jendea bizi zan. Kalea, estu, luze eta iluna zan. Zapata konpontzaile, zurgin, narrugile, taberna ilun, bizpahiru arrandegi, harategi eta honelakoek osatzen zuten kalea. Nonahi ikus zitekean pantaloirik, alkandorarik zintzilik eguzkitan lehortzen. Kale izkinetan ba zegoen ur zikinik, kanalean bezala baitzihoazten kale barrenean zegoen putzu zikin batera itotzera. Ur zikinen kolorea, marraskiloek atzetik uzten duten arrastoa bezalakoa zan. Kafe eta olioaren usaia nabaritzen zan nonahi. Beharrik ari zan euria!

Erruz edan zuen Belaundek arratsalde hartan. Buruko hariak zerbait meheagotu egin zitzaizkiola iruditu zitzaion. Begietan, bestetan ez bezalako dirdaia sortu zitzaion. Gauzak konpontzea uste baino errexago zala iruditzen zitzaion. “Onez onean, zerbait esan banezaio Ruizi!” Ideia hori nola ez zitzaion lehenago bururatu, harritu ere egin zan. Gorrotoa ez baina errukia bezalako zerbait sentitu zuen Rusizengana.

Etxerako bidea hartu zuen. Pausoa behin baino arinagoa zuen. Hurrena ikus zezanean, zerbait esango zion. Mertxe bere emazte zan… haurra bere seme… zoriontsu bizitu ziran hura sartu arte. Hura joan ezkero, lehen bezala segituko zuten bizitzen.

Dudarik ez zegoen Belaunderentzat. “Argumentu hauek onartuko ditu Ruizek. Pakean utziko du Mertxe. Irri bat maltzurra du Ruizek, baina ez bide da lehen kolpean ematen duen bezin maltzurra. Beraz… etxean gehiago ez sartzeko esango diot”.

Farolek argitzen zuten kalea. Tabernetan sartu-atera zebilen jendea, ziraz burua tapatuta. Kale barrena ganduz beterik zegoela ematen zuen. Automobil bat pasatu zan dena zipriztin. Aurpegi ezagun bat ikusi iduritu zitzaion. Dena zegoen ixilik. Pauso batzuk eman zituen. Ruizekin zegoen buruz buru. Eztarria lehortu zitzaion. Huraxe zukean momenturik onena zerbait esateko. Irri egin nahi zuen, baina ez zitzaion ezer atera. Bihotza jauzika hasi zitzaion. Ilunpeak kemen pixka bat eman bide zion eta begiak jaso zituen… Ruizenekin topo egin zuten, Ruizen begi bizi bizi eta beltx beltx haiekin. Berehalaxe jetxi zituen behera. Ruizek, biseraren azpitik irri maltzurrez bcgiratzen zuen. Gora ez baina behera zihoala zerbait sentitu zuen Belaundek. Ixilik egotea hobe zukean noski. Momentu hartantxe Ruizek hartu zion aurrea.

Ikusten danez, hizketan hasteko gogoz zaude. Berehalaxe egingo dugu, ni ere e-txe-ra bai-noa. E-txe-ra bai-noa…

Ondoeza bezalako zerbait sentitu zuen Belaundek.

Hain zuzen, Mertxek inbitatu nau, eta zain daukat.

Mertxek ez dakit zer eskubide duken…

Zu besterik izango bazina, besterik izango litzake hura ere —erantzun zuen irriz baina garratz, eta bere bideari lotu zitzaion. Mertxeren etxean sartu zan.

Goragalea egin zitzaion Belaunderi. Bertan gelditu zan bospasei minutuz. Ez zekien zer egin, zer pentsatu. Zer egin zezakean? Urrutiko farol baten argitan hiruzpalau errainu ikusi zituen. Buruak ez zion inora eragiten… momentu hartan instintuak eraginda joan zan haien atzetik. Lagunartean bihotza arinduko zitzaion, edo eta gogortuko. Zerbait egitea zan kontua.

Bertan akatuko banu!”.

Zintzur ondoko zainak puztu egin zitzaizkion. Izerdi hotza zetorkion masailetatik behera. Gorputzaren pixua ez zuen sentitzen. Lehendik zerbait edanik ba zan ere, gogozago eskatu zuen orain beste botila bat. Ardoaren izpirituari grazia aparta aurkitu zion. Besoen pixua ez zan deus. Ehun kiloko zakua oilo luma bailitzan jaso zezakeala iruditu zitzaion.

Bapatean emazteaz oroitu zan… haurraz… Ruizez.

Ruiz azidente bat besterik ez zitekean. Hamabost urte haiek laster pasatuko ziran… gero dena izango zan zorion, barre, maitasun… Oraingo hau momentu txar bat besterik ez zitekean. Odola bihotzean bildu zitzaion… negargurea egin zitzaion. Baina ez zuen negarrik egin. “Mertxe!… Mertxe!…”. Baso bat ardo hustu zuen. Begiak malkoz busti zitzaizkion. Burua mahaiaren gainean utzi zuen… besoekin inguratu zuen… Zer pentsatzen zuen Belaundek? Ordurarteko gorrotoa txorakeria iduritu zitzaion. Maitasunak salbatuko zuen inolaz ere! Hortzak estu-estu eginda, bere besoekin Mertxe bilduko bailuen bezala egin zuen. Maite zuen!… Haurra!

Et-et-et-et… Honelakorik ez nuen sekula pentsatu. Hori eginda forma berri bat hartuko dut, kanbiamendurik agertuko dut emaztearen aurrean…”.

Altxatu eta kanpora atera zan.

Euria ari zan goian beherean. Noizik behin tximistek urratzen zuten zeruaren iluna. Karreteraren bapainua, lurrun bihurtuta, zerurat ari zan farolen argitan.

Arin zihoan etxerat. Eskuak bularrean bildurik zeramazkien. Berotasunik sentitzen zuen gorputzean. Mertxe hantxe zedukan atean zain. Horrela pentsatzen zuen Belaundek “Maitasuna gal diteke… baina berriz aurkitzeko itxaropena ez diteke gal”. Orain galdu ez baina berriro aurkitu zuela pentsatzen zuen. Hodeirik gabeko bizitza berriro astera zihoan.

Fantasma zirudien forma itsusi bat ikusi zuen karreteraren beste aldetik. Geldi-geldi zegoen. Hortzak agiri zituen. Zuhaitzaren atzean izkutatu zan.

Cocu!… cocu!… cocu!…

Maitasun berriaren itxaropena biziagotu egin zitzaion. Ez zion kasurik egin. Isusi, maitasuna zer zan ez zekien miserable bat besterik ez zitekean. Egun hura ezkero bukatuko ziran “Cocu” guztiak.

Herriko Etxeko erlojuak hamarrak jo zituen. Sukaldeko leihoan argia ikusten zan. Argi horia. “Mertxe, haurra… eta Ruiz hortxe daudeke… hala hobe!”. Poliki-poliki igo nahiko zitukean eskailerak, baina ez… bihotzak agintzen zion momentu hartan eta harek markatu bezala botatzen zuen pausoa, azkar eta bizi. Atean gelditu zan. Zerbait entzun nahi zuen. Mertxeren boza eztia entzun zan. Aski zan!

Barrura sartu zan.

Haurra lurrean zegoen eserita liburu zahar baten orrialdeak begiratzen. Ruiz mahaian exerita, eta hari begira Mertxe.

Bestetan ez bezala esan zuen garbi “Gabon!”.

Mertxeri begiak zuritu zitzaizkion.

Gabon! —birresan zuen Belaundek. Irribarrez esateko ahaleginak egin zituen. Emozioak burua momentu hartantxe ilundu ziolako edo, mueka itsusi bat besterik ez zitzaion atera.

Betiko joanik zinala uste genuen —erantzun zuen barrez Ruizek.

Umea ekarri zuen beregana, lepotik heldu zion eta emaztearen aurrean jarri zan.

Mertxe!… Mertxe!…

Ez zan emaztearen erantzunik entzun.

Aski sufriturik da eta utz ezazu bakean —bota zuen Ruizek.

Belauniko jarriko zan Mertxeren aurrean, malkoak isuriko… baina, ezzz!… Hori sekula ere ez.

Mertxe!… Mertxe!…

Aldamenera egin zuen Mertxek. Kopeta zimurtu zitzaion eta begitartea zuri-zuri bihurtu. Haurra karraxika hasi zan. Ekonomikaren gainetik jauzi eginda, su batean aldegin zuen katu beltzak.

Pauso bat egin zuen Belaundek. Huraxe zan momentua. Barrez, bai, baina triste balego bezala esango zion… Esango al zion?…

Barka na-za-zu…

Tigreek bezalatsu egin zuen jauzi Ruizek.

Ez da barkamenik eskatu beharrik —bota zuen zinikoki—. Ez diozu deusik egin. Ez zaitu maite… Ez du zuregan aurkitzen ezer maitagarririk… eta kitto!

Cocu!… cocu!… cocu!… entzun zan gau ixilean.

Eskuak erori zitzaizkion. Estomagoa goitik uholdea bezalako zerbait sentitu zuen. Begiak itsutu zitzaizkion, masailak zuritu. Lilurak aldegin! Ruizen gorputza enbor igarra iduritu zitzaion. Bapatean eskua bota zuen. Lepotik heldu zion. Oinak lurrean gogor tinkatu eta indar egin zuen. “Hi ez haiz etxe honetakoa!”. Ruizen lepoko hezurra karraskatu zan. Gero lurrean odol tanta batzuk… Haien ondoan hantxe zetzan hilik, zerraldo, arnasarik gabe, katu zahar baten narru zimurra bezin zimur, Ruizen gorputza.

Emazteak karraxi egin zuen… baina… ez zuen Ruizen gorputza besarkatu.

Aita! aita!… —egin zuen pozik haurrak…

Belaundek, bihotzean, argi berri bat piztu zitzaiola nabaritu zuen… itxaropen berri batek hartu zizkiola zainak… baina…

Bi guardiaren artean, trenean, Castillatik barrena zihoalarik, mundu berri bat zekusala iruditzen zitzaion. Behinere ikusi ez zuen mundua zan. Mundu berria. Baina ez berea. Eta halaz guztiz ere, desagun erdi pozez erdi negarrez zihoala.

Giltzapean sartu zuten…