Ezin niteke gogorkizundu eutsiaz probintzian lehenengoa zanik, baina bai gogoz Donostiaz goitik besterik ez zana, sasoi harretan, ondorengo kondairan ikusiko dan bezela.
Itsasoko erretore jauna omen zebilen begiko minez, joan omen zan Frantziako sendalari batengana eta handik ekarri omen zuan zorionezko guardasola, hain miragarrizko makina orduan nola gaurko Dumont-en globo izentatuak. Omen zan gorri-gorria, itxuragabeko haundia ezen sei bat lagun estaltzen zituana, kirtena edozein gizonaren okotzeraino gora, eta erabiltzen omen zan bi eskuekin helduta nola prozesioko estandarteak.
Hainbesteraino txoratu omen zitzaion gure erretore jaunari tresna harekin, ezen, euria egiten zuan guzian ateratzen omen zan etxetik saltaka, nola ehiztaria eskopetarekin leihotik auzoan ehiza ikusten duanean, eta joaten omen zan batean Ormaiztegira eta bestean Arrianera, zeinbait euri gehiago eta nahiago.
Bere lagun handi Arriango bikario jaunari gertatu omen zitzaion Donostiara joan behar bat, eta esan omen zion bere neskatxari:
— Joan zaite bazkalondoan Itsasora eta esaiozu erretore jaunari bihar, Jainkoak nahi badu, Donostiara joan behar detala eta guardasola ematez mesede egiteko, hango joan-etorria egin arte.
Egin omen zuan neskatxak bere esana eta Erretore jaunak erantzun omen zion:
— Esaiozu nagusiari, Jainkoak nahi ez badu bihar ere ez duela euririk egingo, eta orduan ez daukala guardasol beharrik Donostiara joateko, baina euria egingo balu neronek behar detala.
Bikarioa joan zan Donostiara asmo haundiarekin, kostia kosta guardasola han erosteko, inorengana berriz behartu gabe.
Baina oraindik ez zan Easora iritsi halako erremintarik.
Beasaingo barberua zan beste bat guardasol hura ezagutzeko zoriona izan zuena, eta honi ere txoratu arazi zitzaion.
Jarri zan kontuan inun agertuko ote ziran salmentara, eta nun jakiten duan Tolosako denda batera iritsi zirala bost guardasol.
Bere pozarekin ez zuan gau guzian lorik egin, eguna zabaldu baino lehen igo zion mandoari eta jo zuan orduan probintziako herri nagusira, hego haize ederrak, atzetik bultzatuaz, azkar joaten laguntzen ziola.
Iritsi zan ostatuko atera eta, mandotik jaisteko astirik gabe, galdetu zion ostalariari:
— Bai al dakizu nun saltzen jarri dituzten euriaren kontrako apareju batzuk?
— Pantxorenean jauna, bart hantxen izan ginan ikusten, baina ez bedi piatu, zergaitik jokatu nahi izan nion tresna haren gainetik nik ura bota eta ez zala egoten bera azpian busti gabe, baina ez zuan nahi izan Pantxok.
— Ondo da, emaiozu pentsu bat mandoari, eta azkar-azkar jarri dezatela neretzat gosaria.
Erosi zuan guardasol harritu bat, gosaldu du ito-itoka, igo zion mandoari eta atera zan etxerontz lehen bezelakoxe hego haize ederrarekin.
Tolosatik alderatzean, ikusi nahirik nola tajutzen zuan jostailu hura bera zaldizko zala, ireki zuan zorigaiztoan, bada haizeak heldu zion eta han joan zan kokotez atzera mando gainetik bere makina eta guzi.
Ez zuan minik hartu, baina altxatu zirenerako han zihoan mandoa ikaratuta ihesi etxerontz. Hasi zan guardasola itxitzen, baina ez dakit ikasi ez zuelako edo trastornatu zitzaiolako, behintzat inola ere ezin itxi izan zuan.
Saltaka egin nahi zuan mandoaren ondoren, baina guardasol haundi irekiarekin eta haize handiagoa proatik zuala, pauso bat aurrera ezin eman. Eskerrak soroan ari ziran nekazari batzuek gelditu zutela mandoa, atxitu, arbola bati lotuta laga eta okerren bat gertatua izango zalakoan joan ziran saltaka Tolosa aldera. Han bilatu zuten barberu gizajua bi pauso aurrera eta lau atzera eginaz zebilela, burruka bere guardasolarekin.
Danaren artean karreatu zuten apareju hura mandoa zegoan lekuraino, hartu zuten hau ere sokatik, eta iritsi ziran, Alegriako urira. Han ibili ziran atez ate galdez ia inork ote zekien guardasola itxitzen, baina ez zuten arkitu horrenbesterainoko jakintsurik.
Honetan haizea moteldu zan pixka bat, igo zion mandoari, eman zioten erreminta ireki hura eskuetara, eta eraso zion etxe aldera, uriko ume koskor guziak ondoren zituala.
Pasatu zan uri guzietako farragarri zala Ikaztegieta, Legorreta, Itsasondo eta Villafrancatik atez ate galdetuaz makina harren berri zekienik ote zan, baina alferrik.
Nozbait ere iritsi ziran Beasainera, han ez zedukan zer galdeturik, ez zan artean ez motz ez luzerik apareju haren berri zekienik eta joan zan zuzenean bere etxera.
Festa osatzeko, ezin pasa izan zuan atean, eta igo zuten balkoira eta han laga zuten jendearen miragarri eta gaua pasatzen.
Hurrengo goizean eguna baino lehen igo zion mandoari, neskatxak eman zion eskuetara balkoitik zorioneko guardasola, jo zuan Itsasora, eta erretore jaunak, misterio haundiarekin, itxi zion makina.
Baita erakutsi ere, aurrerako, apareju haren maniobra guziak.