Gilen eta bi tortoilen kondera

Eskualduna, 1938

Parisen

Parisen aste oso bat iragan zuen Gilenek bere adixkiden artean. Zer denbora goxoak eremaiten zituen Xalbateneko Juanesen ganbaran! Zer konderak Bonis pozoinarekin, eta zer oroitzapen pollita bildu zuen azkenean, hik zurika nik zurika, musde Grosenganik. Eta nola ez aipa arratsalde batez egin zituen irri goxoak, entzun zuelarik, bera haitz baten gibelean gordea, izigarriko mokoka partida eskuara garbienean, baratzezainaren eta kozinertsaren artean!

Anartean tortoilak ez ziren batere urrikaltzeko. Bazuten jatekoz ausarki eta ikuslez haboro. Apezpiku bat ere izan zioten bere agurraren egiten, eta partitzean eman zioten —zer den usaiaren bortxa!— benedizione pollit bat!

Nahiz ziren kaiolan sortuak eta kaiolan haziak, salbaiak ziren beren naturalezaz gure bi tortoilak, eta horregatik ez ziren hek ere Gilen baino gehiago hiri kapitalean gustatzen. Urrikirik gabe utzi zuten beraz Paris haundia igande arrats batez, Marseillarat joaiteko. Xalbateneko Juanesek harrapatu zioten, jik eta jak, tokiño bat goxoa bi balizen artean. Juanesez bertzalde han ziren gararat etorriak, Gilenen lagun, bi eskualdun eta kaskoin bat. Bi eskualdun horiek ziren Battittun Benta eta Beñat Dis-que-c’est toi. Balio zen horieri behatzea elgarri azken adioak egin zituztelarik! Adioak trixte dira ardurenean, ez zen holakorik, denak alegrantzietan ziren, bazaudenak eta gain-gainetik bazoana. Batere ez naiz fida ez ote zuen ere Gilenek irrintzina ttippi bat botatu treina partitzean.

 

Marseillan

Biharamunean Marseillarat heldu ziren eta han bi egun egotu, untziaren beha. Etxe adixkide batean iragan zituen Gilenek bi egun horiek. Bazen etxe hartan adinetako bolanjer bat, Gilenek arras maite zuena. Gaixo tortoilak! Balakite zer irriskuen artetik ateratuak izan diren! Bolanjerak gaitzeko gaizkiak egin ziazkon Gileni.

— Zer dituzu haurkeria horiek? Uzkitzu hemen animale horiek. Ez dituzu berdin sekulan untzian bizituko.  Bertzalde untziko nausiek ez zaituzte haizu utziko horien eremaiterat…

Eta ainitz bertze holako.

Hori baizik ez balitz!

Zer uste duzue ikusi zuela biharamun goizean Gilenek? Tortoilen kaiolaren inguruan jauzteka, kalapitan, alimaleko gatu buztanluze begitzar bat, eta bolanjera irriz goxoan heieri beha!

Gaixo tortoilak!

Ba segur baliatu zaioten, aitzineko urtetan ikasia baitzen Gilen bertzeren maniaren egiten noizean behin, bainan bere parraren pasatzen aldi gehienetan!

 

Itsasoan

Untzian sartu zen Gilen bere tortoilekin asteazken arralsalde batez, kaiola paperez untsa inguratua, nehor ez zadin ohart. Laket zaiote kontrabanda eskualduneri! Bera eta Djiboutirat zoan abokat bat ezarri zituzten hiru ohetako ganbara txar batean. “Hirugarren ohea ene tortoilendako” egin zuen bere baitan Gilenek. Abokata arras gizon prestua zen eta berehala maitatu zituen tortoila gaixoak.

Egun oroz ekartzen zioten edo ogi puxka edo sagar axal edo entselada hosto zonbait. Denak ongi zoazin eta Gilen sekulako gustian zagon, noiz eta ere untziko kasketadun bat etortzen baitzaio eta galdatzen.

— Zureak dire tortoila horiek?

— Iduri luke!

— Ez dakizia ba ez dela haizu untzitan animale bizirik karreatzea ?

— Ez nuen seurki holakorik sekulan asmatuko, zeren baditut jadanik, nere ganbaran berean, hiru kafar marmutza eta dozena bat xinurri kaliturik! Bertzalde, beha zazu. Xori horiek ez dira nolanahiko xoriak: tortoilak dira, eskualdun tortoilak!

Eta memento berean —bizitzen ikasia zen Gilen!—  bere kasketaduna ereman zuen besotik harturik untziko ostaturat, eta han, ixtant batez, bi baso arno testimonio, haizu ez zena haizu bilakatu zen.

Hogoi egun iraun zuen piaiak.

Hogoi egun itsasoan luze da, biziki luze. Badira itsaso piaiak maite dituztenak, ez zen Gilen horietarik. Totoilek ere ez zuten bada iduri baitezpadako goxoan zirela. Itsaso Gorriaren iragaitean bereziki, beroa arras partida zuten. Han zauden gaixoak mokoak idekirik, burua harat eta hunat, haize fresko zerbait ez ote zaioten nunbeitik etorriko. Arratsalde batez tortoila gorria izan zen ere arras eriturik. Lepoa luzatuz ari zen indarka, goiti botatu nahi ukan balu bezala.

C’est le mal de mer —zion abokatuak.

Bertze zerbaiten beldur zen Gilen.

Zenbait denboraz ari izanik lepoa eta papoa torroska eta herreska, utzi zuen tortoila libro ganbaran eta bera zubi gainerat iragan zen, ziolarik:

— Soik, tortoila maitia, nik ez dezakeat deus bertzerik egin. Senda hadi ahal baduk.

Oren baten buruan gibelerat etorri zelarik, tortoila arrunt sendo zen.

Ez da dudarik mal de mer zuela.

Beti bere tortoilekin bizitzearen bortxaz, hasi zen Gilen emeki-emeki heien mintzoaren ikasten, eta denbora laburrez elgar komprenitzen zuten frango errezki.

Ebiakoitz batez, tortoilak iragan ziren zubi gainerat untziko jenderi behako baten emaiterat. Biharamunean, Gilen mezatik gibelerat etorri zelarik…

— Zer kantu pollitak egin dituzuen!— zion erran torloila xuriak—. Nor ziren, ba, holako kantariak?

— Badira untzian bederatzi apez eta hemezortzi serora misionetarat doazinak. Bertzalde ofizier andana bat arras gisakoak.

— Badoa eskualdunik?

— Ba, badira hiru misionest eskualdunak.

— Bazindutena predikurik? —dio tortoila gorriak.

— Bai, baginduen ttipi bat.

— Bortitza ?

— Ez, arras ur eta zukre.

— Alta eta zuk, nik zubi gainean ikusi ditudan gazteño heiek eta heien burasoek ozpin xorta bat merezi zuketen! Larregain zena behar zuten untsalaz aditu!

— Larregain dena ere ez ote laiteke aski bipila bere begi urdinekin?

— Edo fronterako hura?!

 

Heltzea

Luze bazen luze, joanaren bortxaz azkenean akabatu zen pidaia. Nigarrik gabe, eiki, utzi zuen Gilenek untzia.

Guarden aitzinean agertu zelarik bere bi tortoilekin…

— O, o! —zien erran guarda nausiak—. Zer dituzu xori horiek?

— Xori horiek dira tortoilak, eskualdun tortoilak!  Sortzez xuberotarrak, amaxo iholdiarra.

Eta horra nun memento berean tortoilak hasten diren ru-rutan kantuz. Loriatua zagon guarda, irri gozo bat ezpainetan.

“Arrarozki duk guarda bat irriz ari! Balia gaiten!”

Eta xixtez, Gilenek pasatzen du Mathieu maiteak partitzean eman kesaño bat. Kesak egin zuen bere gisako azantz bat.

— Klok! Klok!

— Zer azantz bitxia! —dio guardak beti bere irriñoa ezpainetan.

— Deusik ez da! Ahunxkiko ur botoila zonbait ditazke… tortoila maitagarri horiendako!

Gozoago bilakatu zen oraino, eta zabalago, guardaren irria.

“Ru ru ru, ru ru ru” zion Gilenen bihotzak.

Eta holaxet heldu zen Gilen bere tortoilekin, hiruak osagarri hoberenean, urrun, urrun, guk ez dakigu norat.

 

P. S.

— Zer dela pentsa? —zion egun batez tortoila xuriak gorriari.

— Nor dela pentsa?

— Eri motza, mais pas manchot.

— Kaskozuri, mais burudun.

Fatigué? Ez eiki dremendrenik.

— Hitz gutiagoz, tonto abila.

— Ixilik, ergela ! —zion Gilenek erran—. Eta errespetua?

Kasu Digitus Dei-ri!