Gabon gau bateko oroipenak

Euskalzale, 1898

I

Ai hura eguna eta hura gaua!… Karlos Bostgarrenaren guda, edo Karlos Kintoren gerratea zan.

Gipuzkoako bigarren batailoeko konpainian batzuek geunden Lesakan (Naparroan), elurra kanpoan eta gosea barruan ginuzela.

Agintzen digu kapitanak zortzi soldaduri, jarraitzeko kabo bati eta haren esana egiteko. Arratsalde erdian bagoaz errekondo batean aurrera eta aurrera. «Hauxe dek hauxe —esaten ginon soldaduek elkarri— Gabon gaua, goseak, oinutsik, elurretan, nora eta zertara goazen ez dakigula». Halako batean «alto» egin ginon kabuari.

— Zer dezute, mutilak? —galdetu zigun berak.

— Ez degula oinkada bat ere eman nahi, jakin gabe nora eta zertara goazen —erantzun ginon.

— Irungo baserri batean zeudek Muñagorriren mutil batzuk, eta haiek harrapatzera goazik —esan zigun kaboak.

— Eta, ez degu ezer jatekorik?

— Nonbait ere zerbait bilatuko ahal diagu!

Sartzen gera lehenengo arkitzen degun baserrian eta artirina beste jatekorik ez genduen arkitu.

Hala ere talo mordo bat egin, jan eta zerbait ase eta bete ginanean, ez baserri batean, baizik gaztelu batean sartzeko ere prest ginan.

Aurrera ba, mutilak.

Hurreratzen gera beste baserri batera, eta bazan antxe soinu, eresi edo kantu, dantza eta zarata. Agintzen digu kaboak jartzeko zortzi soldaduok etxe inguruan, baionetak kalaturik, eta sartzen da bera etxe barrura, bada irundarra eta hango berri ondo zekiena zan. Laster isildu ziran hango soinuak, eta hasi zan jendea leihoetatik saltaka.

Gau oso iluna zan, eta elurraren zuritasunak zerbait argitzen bazuen ere, etxe inguran zeuden zugatz edo arbolak nahikoa ilun egiten zuten.

Harrapatu ginuzen bi muñagorritar, baina baita ere zauritu edo eritu genduen gerotako bat, itsumustuan eta ilunpetan, harrapataka hartan, muñagorritarra zalakoan. Eta badakizute nola eraman bhar izan nuen Lesakaraino bi haietako bat, hiru ordu bidean? Lepazamarretik eskuz oratuta. Ikasle edo estudiantea omen zan, ituindarra, hau da, Ituin edo Ituren deitzen dan Naparroako herri batekoa; gizaseme gazte asko-asko ederragorik ikusi ere ezin diteken bezelakoa. Zein pozik libre utziko nion nere eskuan egon balitz uztea, halako errukia ematen zidan gizaseme gazte hark! Baina ez zegoen nigan.

Azaldu zan Lesakara emakume ondo jantzi bat, ituindarraren ama, egin zituen ahaleginak bere semea libratzeko, baino alferrik.

Handik egun gutxiren buruan, ai! ez nuke esan nahi, baino, zergatik ez? Ai guda, guda, zorigaiztoko guda! Afusilatua izan zan…!

Igaro dira berrogeita hamazazpiren bat urte, baino handik honerako gabon gau guztietan oroipen honek ekarri ohi dizkit bihotzera samintasuna, begietara malkoak eta mingainera erregu bat ituindar estudiante haren arimagatik.

Martiñek, 1894an.

II

Badator Gabon gaba, neretzat gogoangarria.

Karlos Bostgarrenaren guda edo Karlos Kintoren gerran, Naparroako hamaikagarren batailoian, baginan askotxo igantzitarrak, hau da, Igantzi deritzon herrikoak, eta beste batzuekin batean handik ihes egin eta joan ginan Muñagorrigana igantzitar batzuk.

Irungo Lastaolan geunden, eta jaietan joan ohi ginan handik Endarlatsara bitartean zegoan baserri batera, dantza eta jolasean denbora ematera. Gabon iluntzean ere joan ginan, eta dantzan aspertualdi bat eginta laster etxeratu ginñan. Hobe izan genduen bai, orduan etxeratu ginan! Bada ustez uste gabe karlistak sartu ziran gu atera ginanetik ordu erdi baino lehen, eta han harrapatu zuten gure kabo furriela, ituindarra, apaizetarako estudiantea, mutil oso ederra, eta izan ahala ona. Ai zer atsekabea hartu genduen! Anaiarik ere ez nuen nik hain maiterik. Haren amak ehun ontzurre eskeintzen omen zituen hura libratzeagatik. Barkazio edo indultua etorri omen zen, baino berandu. Ordu bete lehenago etorri balitz, libre zan mutil gizajoa. Baino ordurako afusilatu zuten Lesakan. A, gizajo gizajoa!

Geroztik behin baino gehiagotan igaro naiz Irundik Endarlatsara harrazkero egindako zalpurdi edo kotxe bidean; baita ikusirik bidearen gaineko aldean baserri hura, oroitu ere gau hartako gertaeraz, Jaunari eskerrak emanaz, heriotzako arriskutik atera nindualako, eta erregutuaz ituindar nere lagun maitearen animagatik.

Igaro dira girurogei Gabon gau, baino bizirik dago oraindik nere gogoan ituindar gizajoa, eta beragatik erregutzen.

Batistak, 1898an.

III

Martin hil zala badira hiru edo lau urte. Batista bizi da oraindik larogeita hamabi urterekin, eta egunik gehienetan berarekin hitz egin det.

Bada Lesakan ola bat, Biurgaraikoa deitzen dana (bi ur edo bi erreka hartzen dituena) eta handik bertan zelai lau-lau bat Burtsoro deitzen dana (nonbait bi errekak elkartzen diralako, bi uren erdian dagoelako; bada bi errekak elkarturik, dihoa alde batetik eta bestetik holako aldapara dihoan ura, eta erdian zelaia edo soroa, bada guk zelaia deitzen diogunari han deitzen zaio soroa).

Zelai hartan bazan orain berrogei urte burnizko gurutze bat, gaztain zugatz edo arbola bati josita. Zenbat aldiz haren aurrean igaro izan nintzan (oraindik mutil gaztetxoa), beldur santu batekin, txapela erantzi, Aitaren egin, eta Aitagure eta Abemaria arrendu edo errezatuaz! Bai, beldur santu batekin! Han hil zuten ituindar estudiantea, hain ona gizajoa!…

Eta haren ama?

Ez dakit amagatik ala semeagatik adierazi ohi zuten errukitasun gehiago lesakarrek, gertaera hau kontatzean.

Kuba eta Filipinetako gerratean hil dira mutil asko, eta berak gatik erregutu degu. Ama askok negar egin dute, eta aurrerakoan ez dakigu zer ikusteko gauden, bada zerua goibeldurik ageri da…

Badator Gabon eguna, badator Gabon gaua. Zer egin genezake? Beste erregu bat.

O Jesus, gure Salbatzaile maitea! Belenen jaio zinanean, aingeruak erestu edo kantatu zuten: Gloria zeruan Jaungoikoari eta pakea lurrean gizonai. Iguzu arren bake hori; bake egiazkoa; bakean eta elkar maitatzen bizi, eta bakean eta zure amorean hil gaitezen, erestu edo kantatu deiogun: Gloria zeruan Jaungoikoari.