Badira gauzak, idazlan eder sakonaren beharrik izan ohi ez dabenak. Zertzelada txikiñoaren bidez jazokun baten handitasuna azaldu ei dabenak.
Eta hemen edestuko deguna, horretariko bat dogu.
Alemandar hegazkinen basatikeria bide, Gernikako jazokun garratzaren mingostasuna oraindik nabari dogu. Doistar hegazkinen hego baltzak begi-ninietan irarriak doguz. Ikuspegiaren baltza! Gizonek horren anker izan behar ebela!
Geure askatasunen gordeleku maitagarriaren zoritxarrak bihotza odoldu dauskularik, oldozpentsu garanean, gernikar herrikide apal batekin aurkitu gara Bilbaoko Areatza zubi inguruan.
— Eta… zer? Bixirik? —itaundu dautsegu.
Eta begietako malkoak gorde gurarik, bekokia makurtuta larritasunez erantzun dausku:
— Baltza, latza, gogorra, siniskatxa… Sinistuteko, ikusi egin behar.
Eta arantza zorrotzak bihotza zauritu dautsenaren antzo, gernikar gixaxoak edestu dausku Zugatz Deunaren biztoki zoragarri zanaren hondamendia. Umetxo errugeen uluak. Emakumeen intziriak. Gizonen harritasuna. Gizaki erailduak. Biztoki hondatuak. Kabi apurtuak…
Gernikarrak bere erraietan eroan atsekabeari lotsaz, zer erantzun ez genkigula mutu lotu gintzazan. Bere gogo mindua arintzeko esakairik asmatzen ez gendun.
Honetan ginalarik, gernikarrak sartu eban praka sakelan eskua. Sakelan zerbait garrantziko aurkitu izan ebala begitandu jakun. Harriturik atara eban eskua, eta… esku barruan giltza txortatxo bat atara eban. Eta eurei adi-adi begituki, esan eban negarti:
—Giltzak! Etxeko giltzak! Zetako judaz baina giltzak, neure bihotzeko Gernikan etxerik ez bajuat, aterik ez bajuat, giltzazulorik be ez bajuat?
Eta besoa bigun-bigun zirkinduaz, zubitik behera ibaira jaurti.