Arratsa leunki heldu zen Baiona gainera, Euskal Herriko Lapurdum zaharraren gainera. Igandea zen. Zerua zurixka eta bare txit, eta katedralaren bi dorre zorrotzen hegia, beltz nabarmentzen zen ia-ia. Hiriaren atzekaldean, Espainiako Atearen inguruetan alegia, murru ilarak eta gaztelu ijenteak oraindik ere ikusgarri agertzen diren eskualde hartan, eguerdi iriko eguzki dirdaitsu pean baino itxura malenkoniatsuago hartzen zuten biek. Frantsesez Nive (euskaldunen ahotan inoiz Errobi baizik ez izana) deritzon ibaiaren ur freskuak, Auñemendiko usainez oratuak, oso polliki isurtzen ziren Aturrirekiko elkargunerantz. Honen eta haren urak hirierdian batzen ziren. Eta irudimen apur bat aski zen antzinako kakoleta famatuak antzemateko. Handik abiatzen ziren euskaldun emakume sendoak, oin hutsik, barru aldeko beren baserrietarantz, aztal gotorrak erakusten zituztelarik. Era berean, gaur egun desagertuak diren ibai ontziak ere soma bide zitezkeen arrats geldi hartan, Baionatik Kanborako beren garraio biderako abian. Osoki maitatu zuen hura guztia Edmond Rostand arrotzak, mende haseran bai Kanbo bai Errobi bai Lapurdi osoa atzerritarrek ozta-ozta ezagutzen zutenean.
Basusarri eta Milafrangaren artean, eta Errobiren ertzean bertan, Bordanasa auzotik ez urrun, Etxeparea zeritzon baserria zegoen. Eta Xalbat Dibar bertako etxeko jauna, igandero bezala, bazihoan oinez etxe aldera Baionatik itzulian. Urte askotan barrena izan zuen sasoi zalu hura, dena dela, galdua zuen erabat egun hartan. Gure arratsean asper antzean begiratzen zituen ibai ur geldi haiek, jaiotzaz geroztik lagun izanak, eta Etxepareraino falta zitzaizkion bost kilometroak, hainbestetan gustora ibilitakoak, gehiegi zitzaizkion bat-batean.
Arratsaldean, Mugerra-ko bere bi lagun topatu zituen Baionako Euskaldunen Enparantza zahar-zaharreko trabenetan gaindi pasean. Zergatik ez bazekien ere, plaza huraxe maite zuen. Iruñean bezalatsu, ageri dira oso Baionan ere antzinako gaztelu murruak; eta autobusak batera eta bestera sakabanatzen dira, inguruetako herrietarantz prest. Galdutako herriska horietako bizilagunek, landareak balira bezala, arbasoen lurrari eusten bide diote azkarki, izakeran ere halako zakarkeria kutsua nabarmen atxeki dutelarik. Ongi izkiriatu dut “bide” hori; zeren eta, funtsean, indiano herria baita Iparraldea. Alegia, Ameriketarako joale herria.
Xalbatek, halere, ezikusia egin zien. Jende ona zitzaion, egia da, baina bere hartan gogorik ez kalaka egiteko. Mugertar haiek gehiegi edaten zuten, aise gehiegi, basoak ilaran hustu, eta arrastirian, zerrepeldurik, etxera, eta harakoan emaztearen sermoi berri bat (berri ote?) entzun.
Egia esan, maiz egiten dute hori gaurko euskaldunek, bentzutuak eta desjabetuak izan diren herriek eta klaseek beti ere egin izan duten bezala.
Gizon bitxia omen zen Xalbat hura. Gizon jakintsuna ere bai, omen. Araiz! Ez baitzen batere ipartarrik gehienak izan ohi diren plegukoa.
Ez zen intelektual horietakoa. Hori ez. Nekez izan zitekeen horrelakorik garai hartan kanpañan jaiotako gizakumerik. Baina nahiago izan zuen Xalbatek baserriko bizimodu gogorra kaleko leuna baino, eta, esate baterako, ez zuen inoiz lanbide teknikorik ikasi nahi izan.
Karrikan bizi? Ia!
Anai-arreba guztiak joanik, Etxepareko jaun eta jabe gertatu zen. Sehi langile bat aspaldidanik emen laguntzaile izanik, irakurtzeko beta topatu ohi zuen usu, eta autodidakta zela esan liteke. Begikolpe zehatzak ere izan ohi zituen errealitateari buruz, eta Donostia, Iruñea eta Bilbo ezagutzen zituen. Harrigarria ote? Oso! Mugaz bestaldekorik ezer ezagutzea, guztiz gutxitan gertatzen baitzen hirurogeikada hartan Xalbaten inguruko jendeen artean. Eskuarki pentsa zitekeenez, burdinazko baradera batek lukeen lodiera baitzeukan Ahuñemendiko mugak
— Espainiarat joan, zerendako?
Sorkuraz, nik uste, inguruaren kontra paratzen zen Xalbat afera mota askotan. Eskola libroaren etsai amorratua zen adibidez, eta, hau dela eta, bere buruaren kontra bildua zuen udal kontseiluaren herra bizia.
— Kasu! Xalbat gorria duk!
Askoren eskandalagarri, ez zen berrogei urte hartan mezatara joaten. Belaun berriak zer pentsatzen zuen garbiki ikusi ez arren, Enbata hartzen zuen aste oroz eta abonamendu bidez. Askoren ustez ahalkegarri baitzen. Konturatu gabe, hitz batez, progressiste delakoa izan zitekeen. Hots, hitz horrek herrak eta pozak ernatu izan ditu gure herrian, karlisten eta liberalen arteko erdibiketa hori ez baita Hegoaldekoen berezitasuna.
Nolanahi ere, osoki gogaituta zeukaten bere herrikideek, kankailu eta zozo antzematen zituen alde askotatik, eta gutxi gurutzatzen zituen. Lanari zetxekiona besterik ez.
Bide bakartian barrena zihoalarik, Larrondoeta parean gelditu zen, eta bere berrogeuta hemezortzi urteetan osasun normala izanik ere, akiturik edo antzeman zuen bere burua, harrigarriro unhaturik. Are gehiago, biziak berak errotik nardaturik, eta bizitzen jarraitzeko inolako helbururik somatzen ez zuelarik. Eta esaldi hau itzuri zitzaion: “Eta bihar lanera! Zertarako, ordea?”. Eta seme bakarraren oroitzapenak gailendu ziren Xalbaten buruan, Milafranga eta Errobi bera ezabatu arte.
Xalbat Dibar, semea, Etxepareko seme bakarra zen, premu eta bakotxa batera. Eta bai Xalbat Dibar aitak, bai Maddalen etxekoandre eta amak, beren esperantzak oro eman zituzten haziz zetorren mutiko harengan.
Lilura horiek, ordea, berehala suntsitu ziren.
— Gogorra duk hemengo gure bizia, seme —esan zion aitak halako batez, semeak Ipar Ameriketara joateko zuen asmoaz zerbait jakin zuenean—. Baina sorterritik urruntzea ere gogorra duk arrunt. Ez duk batere goxo. Hogei urte bertzerik eztuk hik orai, eta dena eztakik biziari buruz. Atxakia bat baizik eztuk Ameriketakoa, estakuru bat, ihespide huts ere, usu. Gure herria hemen duk. Eta hire etxea, Etxepare daukak.
— Aita, oraino enuzu deliberatua -erantzun zuen gazteak—. Peio lehengusuari aipatu diot afera, bai. Baina bertzerik eztago mementoko. Bera hemendik bi hilabetetara joanen da. Garaziko Charles Iriartek hartu ditu bere gain bidaiaren gorabeherak eta paper konduak oro.
— To! Ongi ezagutzen diat nik Iriart hori. Eskualdun artzainak kanporatzen dizkik usu, baina bakanka ere ez herriratzen…
— Bidai txartela eskuratzen die.
— Joan-jinik ez, ordea, sekula santan —irribarrez aitak.
— Bera ezta joan beharraren erruduna. Erabaki eztituen atzerriraketak antolatzen ditu berak. Bertzerik ez. Hegazkin pilotuek egin ohi duten lana baizik eztu egiten.
— Egia duk hori. Alta, ez eztiat gizon hori batere maite. Hire bi osaba galduak dizkiat jadanik Idahon, Roger eta Pantxoa, ene anaiak beraz, baita hiru lehengusu ere. Eta adiskide pila bat ere bai. Bizimodu hobe baten xeka harat joanak, kitto. Haiek ere Alaskara joan ohi zen bezala partitu ohi zituan Idahorat eta Nevadarat, berehala aberastekotan. Nolanahi ere, betirako joanak!
— Eztuzu egia, aita. Bizi beharrez joan ziren, ez han hiltzeko desiran. Ezin dakieke ezer bota aurpegira. Gure herria hiltzen ari denez gero, garaiz salbatu behar. Ez herria, geure buruak baizik. Belaunez belaun hemengook egiten duguna bertzerik ezta hori.
— Gauza bera egiten ziaten Irlandan. Irlandarrak ere garaituak izan zituan, menperatuak, eta ihes egin ziaten. Nazio errekaratzeari zegokiok nazio emigrazioa. Xabierreko Frantses nafartarra ere, okupatutako eta zanpatutako Nafarroaren sinboloa duk, hark ere deserri mota ohoragarri bat behar zian, eta atxeman ere egin zian Kristoren atxakian.
— Bortz axola niri. Nik gizon gisa nahi dut bizi. Hemen ala nunahi.
— Dretxoa baduk. Baina lurrik gabeko gizona, erdigizona baizik eztuk. Landareak eztituk bakarrak izakien artean beren lur sail berezia behar izaiten. Lurra eta teilatua behar dizkiagu gizonok, errotik behar. Eta bertzela, haizeak erauzitako zuhaitzen antzera, eihartu egiten gaituk, eta antzu bilakatzen.
— Lurrik eztaukan gizonaren izpiritua, horretan egia duzu, eihartu egiten da. Guk hemen, ordea, lurrik eztaukagu. Hamarretarik batek ba ote du? Gure lanik eza garbiki erakusten duen iduria dugu hemen: hondartza eguzkitsuak baditugu, bai, baina bertzeendako! Kanpina egiteko eskualdeak ere baditugu. Alta, paristarrendako! Eta uda partean alogeratzen diren eme ederrak ere, hor daude, hutsik, baina ez guretzat! Badauzkagu neskameak ere, anitz neskatxa prestu… Parisko hamaseigarren arrondisamendurat igortzeko, are neskazale aspertuendako neskatila libroak ere… Baina, hori bai. Guk dantza egiten dugu, beti dantza eta dantza, beti irribarre eta irribarre, bazter guztietan dantzari eta irria ahoan… Qu’ils sont gentils ces Basques!… Horra hor guk hemen daukaguna, aita. Eztaukagu fitsik!
— Entzun zak. Ene aitatxi beasaindarra zuan, eta nire aitona, beraz. Gipuzkoarra zuan, eta Ibarra zian izena… Hi ere Ibarra hiz bostgarren deituraz. Hots, Bergarako eta Beasaingo nire lehengusuek, lantegitxo bat zeukatek han. Eta eztituk higitu, ezta higituko ere. Sorterriari atxiki ziotek, eta ganbiatu egin ditek patua. Gerla ere egin ditek! Hori duk bidea. Hik heuk ere, borroka egin behauk. Eztuk lekua hustu behar!
— Minak bazituzten han.
— Atxikitzera deliberatuak zituan!
— Berdin zait, aita! Muga hor dago, tartean!
— Hain zuzen ere!
— Hain zuzen ere! Hori da! Errealista izan behar, eztea? Eta nik ezer guti irabazten ahal dut Milafranga honetan. Joan egin behar. Partitu egin behar. Hemen eztaukat deusik. Zerbait bai, egia erran, neure bizkarrezurra malgu, eta makurtzen hasteko prest. Turista jauntxoen aitzinean, edota lur zekenari azken alea kentzekotan… Ez!
— Gutiago diagu guk, hire amak eta nik biok. Hitaz kanpo, eta jadanik heriotzari buruz ari, deusik etzeukeagu. Berrogeita hamarkadan barrena ongi abiatuak gaituk. Entzun! Baionan edo Donapaleun eskatuko diat nik kreditu bat, eta traturra erosiko deiat. Etxearen ondoan, eta hiretako, barruki handi zabal bat egineraziko diat, barruki eder horretan kabala eta uzta sartzeko. Nik enian behar, eta ez nahi ere, baina telebista ere emanen diagu etxen. Alajinkoa! Posible duk hemen bizitzea… Bidea ere gudroneztatuko diagu. Astelehenean bertan joanen nuk Dupont jaunaren ikustera. Crédit Agricole-enekoa, badakik. Eta gero, nahukana egin zak!
— Mila esker anitz, aita. Baina…
— Ez oono deusik erabaki, otoi! Hemen, Milafranga huntantxe, duela ehun urteko aberatsek baino aise bizimodu errazagoa izanen duk hik…
— Peio lehengusuari eztiot baiezkorik eman, egia da hau. Ia-ia deliberatua niz, halere, harekilan partitzera…
Dibar zaharrak eta emazteak, horretara kezkaturik, eta jakin-minez ere, hauxe galdetu zioten elkarri «Hortaz, utzi eginen ote gaitu semeak?».
Baserritik beretik ikus zezaketen kanpandorrea, eta, bat-batean, eliza inguratzen zuten hilobiak, urrutitik ikusiak izanik ere, hurbilago, eta bestetan baino askoz ere nabarmenago azaldu zitzaizkien.
Errobiko urak, artean, betidanikako soraiotasun berberean isurtzen ziren itsas aldera.
Agindu zuena bete zuen Dibar aitak, eta kreditu koxkor bat lortu zuen Donapaleun. Egun berean, Muserolako Lebas xarpantagilearengana jo zuen, Baionara, Aturri ondoko lantegi zaharretara; eta barruki galant batentzako prosupostua eskatu zuen. Behientzako hodi-tresabiaz, eta paretak eternitez horniturik, eternit gorrizko bardajaz hetsia. Semearen partitzea moztu nahi zuen.
1964ko uztailean, ordea, izandako elkarrizketa hartatik hiru hilabetetara beraz, Bordanasako gelditasun osoan, Herria astekaria begiratu zuten Dibar jaun-andereak, ezintasunean, begiak azkeneko orrialdeko ia ohizko fotoan. Alegia, azkeneko irteeren fotoa. Hura ez zen berdina, halere. Euskaldun gazte ilara pare bat ikus zitekeen han, hori bai, beti bezala, hegazkina Orlytik joaterakoan ateraia, eta Ameriketarako abian Boeingaren eskaileraren azpian amerikanoak irribarrez agertzen zirelarik. Baina oraingoan… Xalbat Dibar ageri zen, Peioren ondoan.
— Hau ere joana dixugu bethiko —esan zuen aitak—. Eta Maddalen etsia erretiratu egin zen.
Eta Etxepareko isilpea astunago eta geldiago egin zen.
Xalbat semeak, itxuraz bederen, foto alaiak bidali zituen Etxeparenera. Idahoko euskal kanpaña hartako ranch batetan, sukaldari ordezko postu bat aurkitu omen zuen, eta foto barragarri bat ere igorria zuen Milafranga-ra: Ongui Ethorri delako bazkaldegian ageri zen zutik, Peter Latxague etxeko jaunaren ondoan. Zuriz jantzia ikus zitekeen, burugainean sekulako sonbrailua zeramalarik.
— Konten bizi niz —idatzi ohi zuen bere eskutitzetan (ez oso ugariak, dena aitortzekotan)—. Eta ingelesez azpian hau erasten: Very glad, really. Don’t worry about me. Kotxe eder bat omen zeukan, okasioz erosia omen, alimaleko Pontiac zuri bat. Orduko 200 km. egiten omen zituen, eta maiz jaisten omen zen Renoraino, basamortuaz bestaldera. Beste zenbait fototan, berriz, herriko jaietan ageri zen, buruan lumak eta denean indio itxura borobilean. Battitta, Janik eta Peio bere hiru lehengusuak bezalaxe, beti irriz.
Dibar zaharra, halere, nekez alai zitekeen berri haien bitartez. Bere seme bakarra sekula berriro ikusiko ez zuela antzematen zuen —“Xalbat joana da betiko!”— eta guztizko tristura batek betetzen zuen. Hilabete osotan barrena egon zen erabat etsia. Horditurik ere itzuli zen Baionatik zenbait aldiz, eta Maddalen, emazte isila, kezkatu ere egin zen.
Antzinako denborez ez bestez mintzo zen Dibar xaharkitu hura. Batari eta besteari kondatzen zien bere biziera tristea, batari eta besteari behin eta berriz bere semearen jokamoldea, baita Maddalen-i ere, honek istorio eta zorigaitz horiek ongi ezagutu ez balitu bezala.
Okerragorik ere gertatu zitzaion behin. Hazparnen, merkatu-egun batez, goraki gauza berak entzunerazten saiatu zen Kaskoinarenean. Zuhurtzia lapurtu bide zion ardoak, eta ia-ia borrokaraino ere heldu zen. Ez ziren irainak luzatu, eta norgehiagoka huntan Uztaritzeko Dufau gelditu zen gailen.
Gizon hau biziki ezaguna zen; aspaldiko urteetan barrena, berak irakurtzen baitzuen 14/18 gerlan hildakoen peredikua, oso frantses txarrez eta oso ere euskara onez:
— Messieurs-Dames: nous voici réunis à Urtaritz —eta harrigarriro entzun erazten zituen ‘r’ guztiok…
Eta azkenean bukatzen:
— Nous sommes fiers de notre petite patrie basque… Mais nous sommes fiers d’être français… Vive la France!
Bera zen hizlari atitratua, nolazpait esateko.
Eta Kaskoinarenean elkartu zirenean, berehala aurkitu zuen hizpidea.
— Ixo, beldurti hori! —bota zion Xalbati Dufau zaharrak—. Ongi ikusi hindugun 1936an.
— Eta gero?
— Eta gero diok hik? Ehuen hik trabarik batere izan hunat heldu españulak polizari ez salatzeko, eta salatu beharrean, berekin nahasi hintzen. Geroago konprenitu ziaten ongi afera, eta lekia ere egoki hautatu, Gurs! Untsa ina izan duk! Komunistak zituan guganat trumilka jinak… Zantarkeriak erraiten zizkiaten, lapurtu egiten ziaten, ustelak zituan. Han Espainian denaz nardaturik, hunat jin eta hemen ere denari su eman nahi… Eta gure alabak desloratu, bortxatu, baizik-eta frantses neskatilak errazak direla-eta. Neskatila leunak, badakizie…
Eta Kaskoinareneako jendeak barre egin zuen algaraz.
— Hik heure etxeko bortak zabaldu hizkien, ongi orit nuk… Hik alabarik ez izaki, noski. Nik banizkian, biga!
Beroaldi betean, zutitu egin zen Xalbat Dibar. Baina trabenan zeuden beste nekazari batzuk gelditu zuten, eta heldu zen gatazka baztertu.
Eta orduan Xalbatek, garrasika, bere indar guztiez, hau bota zion…
— Neure anai-arrebei ireki nizkiean ateak! Lehen-lehenik, larrialdian zeuden gizonak eta emakumeak zirelako, etsai zapaltzailearengandik ihesi zetozen gizonak zirelako…
— Des crapules! —erantzun zion Dufauk—. Urde zikinak!
— Eta, bertzalde, hunat hemen zerendako zabaldu nituen Etxepareko bortak, eskualdunak zirelakoz, anaiak zirelakoz…
— Puta galantak haiek!
— Ni neu ere, beraz, putakumea nuk! Ene aitatxi zena Ibarra kapitaina bertzerik ezpaitzen, Santakruz apezaren manupean gerrilan ibilia…
— Domaia duk!
— Hura ere hiru urtez gerlan ari izan ondoren, apurtua, xehatua, etsia, Baionarat jin zuan 1876an. Baserria liberalek sutan emana, etxea ere galdu zian, baita bere bi anaia ere Bizkaian, biak Gordexolatik ez urrun. Hark ere gerla galdu zian!
— Hobe hola —esan zuen Dufauk ahapeka.
— Zer?
— Segi, segi. Gero erantzunen.
— Haren aitak ere 1839an gerla galdu zuen bezala, handik hemezortzi urtetara deserritik, Langondik, itzuli arte. Familia tradizino tristea duk hau, zinez, behin eta berriz bentzutuak, garaituak, xehatuak. Eta familia tradizino hori, herri tragedia bilakatu duk gurean, gure herri osoa izan baita behin eta berriz zafratua eta txikitua. Eta nik eztiat hori sekula ahantzi. Hik bai.
Zutitu egin zen Dufau, gorri-gorri eginda.
— Alu zerri hori!
Jendea erdira irten zitzaion.
— Hago lasai, Dufau!
— Utz nazazue, aluia! —errepikatzen zuen Dufauk, eta amorrazio osoan erasten…
— Bistan duk, bai! Ikusi diagu berriz! Españula hiz hi! Heure zainetarik, españul odol zikina ari duk kurritzen! Kanporat hemendik! Hoa Espainiarat fite!
— Enuk ni españula sekula izan. Eta nire aitatxi hura ere ez!
Lehertu beharrez Dufau.
— Heure herrirat sartzea daukak! Han pobre izanen hiz, heure herrikideak bezala, baina zoriontsu bederen. Cante hondo kantatuko duk han, lasai. Eta guk hemen, bakea izanen diagu! Beti ziek, españulak, gu frantseson bazterrak kakazten ari!
“Nola ote liteke horrelakorik senditzea eta sinestea?” pentsatu zuen Xalbatek. Baina ez zuen erantzun. Eta hitz mingarri horiek, hitz faltsu horiek, tinko gelditu ziren Xalbaten muinean “Heure herrirat sartzea daukak!”, eta ustekabean…
— Sartu beharrik etzeukeat nik. Neure herrian niagok hemen. Ziek behar duzie zuenerat, Fraintziarat, sartu!
Eta zorura bota zuen txistua. Eta Kaskoinareneko eztabaida garratz hura entzuten ari zirenen artetik tarte bat irekiz, kalera irten zen.
Eliza inguratu, eta Berria frontoirantz jaitsi zen, eta han utzia zuen 2 CV zaharra hartu eta izkutatu egin bide zen metalezko kaxa urdinaire apal hartan.
“Ezin dut hau guztia aitzinago eraman! Aski eta sobera dut! ! Azkenean, hemendik partituz, ene semeak egia zuela aitortu beharko dut. Herri hau… herri… —bilatzen zuen hitz gogorra ezin atxeman—. Hemendik aldegitea onena, hemendik betirako aldegitea, soluzio bakarra. Semeak egia zuen, bai… Hobe zukeen ene aitona zenak Iparralderantz segi izan balu, are Seine eta Rhin delakoez bestalderaino iritsi balitz… Orai ni holandarra edo norvegiarra izanen nitzen… Hori xantza!
Etxerakoan, bide bihurguneetan, behin eta berriz gertatu zen baztarra jotzeko zorian. Eta etxean sartzerakoan, zerbait gertatu zela igarri zion berehala Maddalen emazteak.
— Ez, Madalen. Baina eztabaida gogorra izan dixut Dufau zozoarekilan.
— Baina, gizona: Dufaurekilan? Xaharra duxu Dufau. Duela berrogeita bortz urte Marneko batailla hartan besoan zauriturik gertatu izana, horra hor dena, horra hor Dufauren loriarik handiena. Ongi dakixu, haren etxean Joffre, Foch, Pétain, eta bertze inoren fotorik eztuxu ageri… Zerendako harekiko disputak oro? Entzun ere ezpaitu egiten. Eztixu balio.
— Egia duxu. Ezin, alainan. Gure Xalbat duela urtebete joan zenez geroztik, kanbiatia nuxu, eta nekezago zautaxu zozokerien jasaitea. Ezin! Gatazka nahi dixut, nik uste, denbora luzeegiz isildu nuxu-eta.
Eta pittin bat beranduago…
— Eta gero ere, Maddalen… sos poxi bat bagenu… gu geu ere Ameriketarat joanen gintukexu… Idahorat agian… Eta han Xalbat…
— Ia! Xalbatek eztuxu gure beharrik.
— Bai, Maddalen. Hori eginen dixugu oono! Ikhusiko!
— Eta gogoeta hits eta azkengabe horretan Xalbat zaharra Milafrangarako bidean ari zelarik, eta Errobiko uretara begiratuz ere urik ez ibairik ikusten ez zituelarik, zerraldo erori uste izan zuen, bere adin bertsuko norbaitek, hura ere baserritar pettoa, Xalbat Dibar zaharra bezala, besotik helduz, bertako hizkuntza zaharraz hau galdetu zionean…
— Joan dea, Xalbat?
Nekez itzuli zen hau egiazko mundura.
— Pentsaketan ari orai ere? —ekin zuen gizon hark.
Piarres Haramboure zuen ondoan, Milafrangako bere lehen auzoa, hura ere oinez etxerat ari. Betidaniko adiskide zuen, lehen auzoa adiskide izan daitekeen heinean. Eta maiz topatu ohi zuen Baionan, igandeetan bereziki, baina baita Hazparne-n, Garazi-n, eta Donapaleun, azoka egunetan. Txalotua gertatzeko segurantzirik izan ez arren, konprenitua izateko esperantza bazuen Xalbatek Piarresekin, eta jator aski mintzatu ohi zitzaion.
— To! Hi hiza? —Xalbatek—.
— Joan dea?
— Joanarazten, badakik.
— Eta hik? Gogoeta hitsean harrapatu haut, nik uste. Ezpide duk gaur oso planta alaia…
— Egia duk. Akitia nuk osoki. Etsia, hobe. Xalbat ene semea hila duk.
— Xalbat hila? Nola? Ameriketan?
— Ba, ba. Hila duk.
— Zer gertatu zako?
— Horrenbertze sofrikario, horrenbertze urtez bakhardadean, itsutasunez inguratua… Eta orai, errotik bakarrik gertatu.
— Konprenitzen haut.
Eta isilaldi bat sortu zen bi gizonen artean.
— Ia hilabetea duk hila dela.
— Nola hil da?
Xalbatek nekez menderatzen zituen bere ideiak.
— Eta alde batetik, Ibarra kapitaina, nihauren aitatxi izana, hil arte bere hartan gogor. Baizik-eta neholaz ere Beasainerat itzuliko etzela, ezpada Errege eta Foruak zerbitzatzekotan… eta azkenean 1935ean Etxeparean zendua…
Tarte txiki bat utzi zuen Xalbatek.
— Egia erran, hobe harendako. Gaixo gizona! … Eta gero, nihaur… azken finean, alferrik xahartua eta lanean ari izana! Madarikatua duk gure familia! Gure herri osoa duk madarikatua! Judeguez gain, bazegok bertzerik!
— Hala duk bizia. Eta ihardukitzea, alferrik…
— Judeguek —ekin zuen Xalbatek —bazekitek, jakin, herri madarikatua direla. 1943an, nihaurk batzu salbatu eta Espainiako mugaz bertzalderaino joan nituenean, berek aitortzen zautatean. Ni sare antinazi bateko laguna ninduan, eta, euskaraz mintzo nizalakoz, nihaurk egiten nizkian berekilan mendian barreneko azken kilometroak. Eta judeguek hau erraiten zautatean “Herri batzu Jahvehk berak madarikatu dizkik”. Eta haiek etzituan beldur izaiten, azkeneko mendera artio gorrotatuak, zafratuak eta jazarriak izanen direla baziakitean… Eta geroztik, ni jainkogabea izanagatik ere, gure herria, Eskual Herria, Jainkoak madarikatua izan dela sinhetsi diat…
— Barkha, Xalbat. Eta, nola hil da hire semea?
— Hila duk, eta hau sobera zautak. Baina bertzerik ere bazegok Xalbaten heriotzan, alferrik ere hil baita. Are okerrago, zapalduen kontrako borrokan hila delakoz. Viet-Namen hil duk, bai, enboskada batetan, eta Tropikoetako oihan betean!
— Hortaz, Viet-Namera joana zena semea?
— Bai, zorigaitzez. Oraitxe azalduko deiat.
Eta txapelaz jantzitako bi gizonek Errobiko ezkerraldetik doan bide bakartia hartu zuten patxaran. Eta berriro ere ibai huraxe izan zuten beren koaiten lekuko.
— Duela urtebetetsu partitua zuan harat. Halako gradu bat eskuratu nahi omen zian, osabak 1945ean Pazifikoan lortutako etzekiat zer domina edo zer debru. Etziakian Xalbatek, nik uste, han borrokan zertarako ari zen. Baina borrokari atxikitzen zioan… Oso eskualduna omen duk ahalik eta sortetxetik, eta sorterriko arazoetarik urrutienean hiltzea… Legazpi ere, gipuzkoarra, aspaldian hil zuan Filipinetan… Pentsa! Egia erran, kausa, errege eta helburu urrun eta konpreniezinezkoen aldeko borroka latzean hildako eskualdunen zerrenda ikusia diat behin, eta, zinez, harrigarri luzea duk. Integrista omen zuan Santakruz apeza ere —integrista baldin bazen, ezpainiz batere segur—, eta hura ere urrun hil zuan, Argentinan. Bahekiena hau?
— Ez. Hiri edo ezpada, izen horiek eztizkiat sekula entzun.
— Eta Zumalakarregirena entzun duka nehoiz? Edota, Agirrerena?
— Nehoiz ere ez.
Herra gora zihoala senditu zuen Xalbatek.
— Gauza bat erranen deiat hiri, zapalduak eztirela nehon eta nehoiz aipatzen. Zapalduen gain, isiltasunezko lauza gotor bat eta… bakia!
— Etzakiat zer erran, ba.
— Garaitzaileak dituk beren etxeetan hiltzen; baina ez bertzeak. Garaituak izan direnak, hiri nagusietako banlieue gupidagabeetako kanposantuetan ehortzen dizkiate…
Batera gorroto eta maite zuen Xalbatek bere herria.
— Nire semea… Zer izan da nire semea afera mordo horren barruan? Heuk erran.
— Bazekiat nik ere horren berri.
— Oinazeak antzinako oroitzapenak ekartzen bide dizkik. Bazirudik, beraz, oraindik ere Etxeparean bizi izan zen urteak berriro bizierazi nahi lizkidakeela. Edo, nahiago baduk, eta gehienez, Ongui Ethorri ranch hartan sukaldari egondako urteak…
— Bazekiat nik ere oinaze horien berri.
— Nire semeak ere, erran deiat, arrazaren ahotsari kasu eginez bere bihotzondoan, urrutira nahi zian joan, urrutira behar zian joan. Eta han hil. Hark etziakian, nik bai. Biziki urrun hil, bai, ahalik eta kausarik urrunenaren aldeko borroka zentzugabean… Santakruz, Legazpi, Xabier, eta bertze hamaika bezala… Nardatu egiten zian Milafrangak. Denok nardatzen genian, hobeki erraiteko. Eskual Herri osoak etsierazten zian. Eta ene galdera hau duk, zergatik ote gara gu, eskualdunek, horren nazkaturik? Konturatu gabe beharbada, betirako deserriraketa gogorra nahiago diagu, are heriotza bera ere, hemen segitzea baino. Zerendako? Partitu behar gorri hori, eztuka bitxi atxemaiten? Zerk uxatzen gaitu?
Ordurako hantxe zeukaten aurre-aurrean bidartea, eta handixek abiatzen zen gorantz Etxeparera zeraman bidexka. Eta gelditu egin ziren bi gizasemeak.
— Sinhets nazak, Xalbat. Neure motzean, ezpainiz ni eskola duen gizona, konprenitu uste haut. Erraiten duan hori guztia, gogor zautak biziki…
Eta arnasa hartuz bezala…
— Duela zazpi urte. Aljeriako gerlakoan, Joanes ene semea ere Tizi-Ouzouren ondoan hil zenik bahekiena hik?
Zauskada harrigarri batek astindu zuen Xalbaten barrumbea.
— Ez. Edo garai hartan jakin banuen ere, orai ahantzia neukean… Barka!
Isilunea luzeegi gertatzen zen.
— Mila esker, Piarres. Mila esker anitz. Orai etxerat ari nuk…
— Kuraia ez gal, Xalbat. Ahantzi egin behar. Horixe egin diat nik ere. Bertze irtenbiderik ezpaitago mundu huntan… Ahantzi…
— Ahantzi, ahantzi —esan zuen Xalbatek—. Agian bai! Baina ni gazteago banintz, eniake soluzio hori onartuko. Aski! !
— Ez, Xalbat. Etsi egin behar! Pasa eginen duk hori. Dena duk pasatzen, are heriotza bera ere, are agoniaren oroitzapena ere; are gure eskuek edo burumuinek sortu edo senditu duten gauzarik ederrena ere. Denak dituk ezabatzen. Eta gure semeen oroitzapena ere, ezabatu eginen duk. Tristea izanik ere, hori duk etorkizuna, Xalbat. Eta hobe duk, segur! Bizi egin behar. Adio!
— Ez adiorik, Piarres. Gau on!
Eskuin aldetik, eta patarran goiti igan ahala, lerro distirante bat ikus zezakeen Dibar jaunak: zilarraidea zen, zabal xamarra, Iparralderantz desagertzen abiatua. Lotan bide zetzan Errobi ibaia. Eta Etxepareareneko tragedia gaitza, alegiazko lokamuts bihurtzen zen arrastiriko argitasun epel gozoan.
Xalbat gelditu egin zen bideskan. Arnasarik ezin harturik, antza, eta burua gero eta lurrerantz makurtuago. Zotinka hasi ote zen? Eztulka ote? Ezin esan. Baina bat-batean, oso urrutitik, hitz hauek entzun ziren bazterretan…
— Madarikatua izan bedi nire herria! Madarikatua izan nadin ni neu ere! Madarikatua Euskal Herrira sortu nintzen egun hitsa!
Baina Xalbaten garrasi etsi hura berehala suntsitu zen. Eta gure gizona, burua harresiaren kontra jarririk, hantxe gelditu zen luzaz eta xaguxarrak aidea gurutzatzen hasi ziren arte.
Eta ezker aldetik, eta Kanboren aldetik, tarteka-marteka, zaunka batzu entzuten ziren. Baserrietan dei urrunak ari. Eta beheretik gora, zurrumurru urtsua Xalbatenganaino heltzen. Errobiko uren xuxmur izuti etengabea zen Bordanasa ondotik behera, itsaso mugagabearen aldera joaki.