Estalki zuriaren misterioa

12 nobela labur, 1979

Esan ohi da ofizio guztiak ohoragarriak direla, baina beti ez da horrela. Felipe Aldairen ogibidea, adibidez, ez zen ohoragarria.

Euria zen. Eta haizea. Felipe Aldairen eskuek nekez sostengatzen zuten euritakoa. Inguruko elizaren dorreko kanpaiek gaueko hamarrak jo zuten.

Felipek azkartu egin zituen bere urratsak.

— Hamarrak! Berandu egin zait.

Bidegurutze bat pasatu eta eskuinetara egin zuen. Gero, Ilun Club-ean sartu zen.

Salmahaiaren beste aldean kristoren hiru neska zeuden eta Felipek haietako bati hitz egin zion.

— Whisky bat, mesedez.

Felipe Aldai hitz gutxitako gizona zen. Bere ofizioan bertute hori oso komenigarria zen.      Neskak whiskya ekarri zion eta Felipek edan egin zuen. Gero, tipo lodikote baterengana joan zen.

— Kaixo!

— Gabon, Felipe.

Felipek ez zekien gizon lodikotearen izena, baina bere ofizioan gutxi hitz egitea bertute bat zen.

— Zer dugu gaur? —galdetu zuen Felipek.

Eta gizon lodikoteak estalki bi eman zizkion, bat zuria eta bestea krema kolorekoa. Zurian, beti bezala, lana betetzeko instrukzioak zeuden, eta kreman dirua. Estalki zuria busti eta itxi egin zuen, eta krema kolorekoari begirada arin bat bota zion.

— Zenbat?

— Bostehun mila.

— Kontxo! Hori oso ongi dago.

— Eta beste bostehun mila lana bukatu ondoren.

Isilune bat. Gero Felipek beste galdera bat egin zuen.

— Non?

— Amsterdamen, Holandan.

Felipek estalki biak poltsikoan sartu zituen eta Clubetik irten egin zen, hitz gehiago egin gabe. Kalean, lehengo euri eta haize gogorrak jarraitzen zuen. Felipek ehun bat metro ibili zituen eta bar batean sartu zen. Han beste whisky bat edan zuen, eta hobeto sentitu zen. Berriro kalera irten zenean ez zuen hainbeste hotz sentitu.

Biharamun goizean Durangoko geltokian trena hartu eta Donostiara joan zen. Hemen topoa hartu eta Hendaiara, eta hemendik aluminiozko trenean Pariserako bidea egin zuen.      Parisen egin behar zuen lo, eta hotelen batera joan beharrean, Montmatreko bar batera joan zen, eta gela bat eskatu zuen. Handik etxe partikular batera bidali zuten eta horrela Feliperen Pariseko egonaldia poliziaren kontrolik gabe geratu zen. Biharamunean geltokira joan eta Belgikarako trena hartu zuen. Felipek estalki zuria poltsikoan zeraman zabaldu gabe. Inor hil behar bazuen, hobe hartaz ezer ez jakin azkena arte. Bestela sentimentalismoa sortzeko arriskua zegoen, eta arma bat eskuan sendo mantentzeko, eta zuzen apuntatzeko, burua hotz eduki behar zuen.

Felipe Aldaik hainbat hiri ezagutzen zuen mundu zabalean, baina Amsterdam orain ikusten zuen lehen aldiz. Handia iruditu zitzaion, mugimendu izugarria, bereziki portu aldean. Hemen ere polizien kontrolpetik kanpo egon nahi zuen eta portu aldeko bar umil batera joan zen. Salmahaira hurbildu eta frantsesez mintzatu zen.

— Whisky bat.

Eskaria salmahaiaren beste aldeko neskari egin zion. Ilea horia zuen, begi urdin eta ederrak, begirada bizia, aurpegiko fakzioak ongi diseinatuak…

— Berehala, jauna.

Eta, zirudienez, kultura eta heziera onak. Neska frantsesez ederki mintzatzen zen eta tonuera dotorea zuen. Felipek, ikusi dugunez, bere ofizioan arrakasta lortzeko, bertute bi zituen: gutxi hitz egin eta gutxi jakin. Bere ofizioan ekintzak hotzean egin behar zituen, ez zuen kupidarik sentitu behar, eta kupidarik ez sentitzeko, gutxi jakin behar zuen, bere biktimak nortzu ziren, nolakoak ziren, ez zuen jakin behar. Bestela, kupida etorriko zen, eta orduan, nola hotzean hil? Baina Felipek hirugarren bertute bat ere bazuen: gauzak argi ikustea, arin ikustea, sakon ikustea. Hau da, zehaztasunak azkar kaptatzen zituen. Eta bar honetan zerbait arraro kaptatu zuen. Horregatik, neskak whiskya ekarri zionean, galdera bat egin zuen.

— Zu, zer egiten du zu bezalako neska batek tugurio zikin honetan?

Neska zerbait urduritu zen.

— Mundua ezagutu. Mundua ezagutzen ari naiz.

— Mundua ezagutu? Ez dizut ulertzen.

Neskak ukondoa salmahaiaren gainean ipini zuen eta Feliperi begi-begietara begiratu zion.

— Bai, mundua ezagutzen dut: jende berria, tipo interesgarriak… Adibidez, orain zu ezagutzen zaitut.

Felipe Aldai dardaratu egin zen. Neska hark bere barnea arakatzen zuela sentitu zuen. Amsterdamera zertara joan zen igarriko ote zuen?.

Felipek ez zuen hitzik esan, eta zerbait geroago, neskak galdera bat egin zion.

— Beldurtzen al zaitut?

— Ez.

Eta neskak hitz egiten jarraitu zuen.

— Zu tipo estrainio bat zara. Ni ere tipo estrainio bat naiz eta horregatik atsegin zait zurekin hitz egitea.

Gizonak arretaz begiratu zion. Neska polita zen. Zer egiten zuen neska argi eta eder batek bar zikin hartan?

— Badakit zer pentsatsen ari zaren —esan zuen neskak—. Gauza arraroa da, egiazki, ni bezalako neska bat hemen egotea. Hogei bat egun dira bar honetara etorri nintzela… Baina hori historia triste bat da, neurea, partikularra, eta ez zaitut tristetu nahi.

Felipek edan egin zuen, isilik. Neskak hitz egiten jarraitu zuen.

— Uste dut nire penak kondatzea kontsolagarria izango zaidala eta zu gizon isila zarenez, konfidantza ematen didazu. Ikusi. Hogeita bat urte ditut eta unibertsitatean nengoen farmaziako bigarren urtea egiten. Alaba bakarra naiz eta aita hil egin zait oraintsu. Aita guztiz aberatsa zen. Amarik ez dut eta heredentzia osoa niretzat zen, baina testamentu estrainio bat agertu da. Testamentu horrek dio nire aitaren heredentzia osoa Fundazio batera joango dela.

Felipe kuriositatez zegoen neskak kondatzen ziona entzuten.

— Fundazio batera?

— Bai. Eta gauza arraroa, Fundazio hori berria da, eta txikia, eta … Fundazioaren izena Bergen da, eta mendizaleei laguntzeko omen da.

— Zure aita, mendizalea al zen?

— Hori da, ba, gauza estrainioa. Nire aita ez zen mendizalea eta ez zuen axolarik mendiez.

— Beraz…

— Beraz, nik tribunaletara jo dut. Bitartean ez daukat dirurik eta unibertsitatea utzi eta lanean hasi behar izan dut.

— Eta ez al dizu familiako besteren batek lagundu?

— Ez dut familiakorik. Bakarra naiz.

— Baina lan hau…

— Bai, lan hau ez zait gehiegi atsegin, baina krisi handi bat dago. Lanpostua bilatzea gauza zaila da gazte batentzat. Dena den, lan honetan mundu berri bat ezagutzen dut. Egia da noizean behin bateren bat pasatu egiten dela, baina tira, orain arte ez dut disgustu handirik izan…

Neska isildu egin zen eta gizonak zigarroak atera zituen.

— Erretzen duzu?

— Bai. Hartuko dizut.

— Eta zerbait edan nahi duzu?

— Tonika bat.

Neskak tonika bat zerbitzatu zen. Gero, galdera bat egin zion gizonari.

— Ezagutzen al zenuen Amsterdam?

— Ez, orain etorri naiz lehenengoz.

— Gustatuko zaizu. Oso ederra da.

Denbora aurrera zihoan eta Felipek elkarrizketa bukatu nahi zuen.

— Gela bat behar dut lo egiteko.

— Ongi. Alboko atarian andre alargun batek ohe bi alokatzen ditu. Andreak Frau Kohn du izena.

Kontsumizioa ordaindu eta barretik irten zen Felipe. Alboko ataria itxirik zegoen eta atezain automatikoan izenen zerrenda irakurri ondoren, Frau Kohn-en txirrina pultsatu zuen. Edifizioa zaharra zen, eta zikina. Hobe. Horrelako tokietan ez zen paperik bete behar, ez zegoen dokumentazioa erakusteko beharra eta, beraz, Feliperen bidaia poliziarentzat ezezaguna geratuko zen.

Atea zabaldu zuten eta Felipe eskailera igoten hasi zen. Frau Kohn han zegoen, bere bisitariaren zain, eta holandesez mintzatu zitzaion.

— Ez dut ulertzen —erantzun zion Felipek frantses dorpe batean.

Eta Frau Kohnek frantsesez mintzatzen ez zekiela esan zionean, keinuak egiten ulertu ziren. Logela erakutsi zion eta 30 florin hartu zizkion gau bakar batengatik. Izugarri garestia zen, baina Frau Kohn andre lodikote eta itsusiak bazekien nolako jendea zen hara joaten zena, poliziatik ihesean zebilena, eta arriskua ere kobratzen zuen prezio onean.

Gelan sitsak jandako ohe eta armairu zaharrak. Hormak hogei urtean pintatu gabeak, eta hori kasurik onenean. Eserleku bat hiru hankarekin, laugarrena apurturik zuen… Bueno, dena horrela. Ohean eseri zen. Nekaturik zegoen. Bero handia: hogeita hamar gradu baietz egon! Arropak kentzen hasi zen. Eta lo egin zuen, primeran, gau osoan. Goizean kalera irtetzeko prestatu zen, eta orduan, gelako atetik irten aurretik, estalki misteriotsu hura zabaldu zuen. Lehenengo, beti bezala, paper bat biktimaren zehaztasunekin:

Van der Meulen

De Ruyterkade, 7

AMSTERDAM

 

Felipek sorbaldak jaso zituen. Izen eta helbide haiek ez zioten ezer esaten eta hobe zen horrela. Norbait hil behar bazuen, hobe ez ezagutzea. Lana seguruago egingo zuen. Gero, eta beti bezala, foto bat zegoen, argazki bat. Atera eta… “Koño! Barreko neska!”. Eta hori ez zitzaion gustatu. Hainbeste urtean, lehen aldiz, bere biktima ezagutu zuen hil aurretik. Eta dardaratu egin zen. Superstizioa? Ez, ez zuen sineskerietan sinesten. Baina bere gorputza dardaratu egin zela sentitu zuen. Orain ez zuen, beti bezala, hotzean hilgo. Orain biktima ezagutu egiten zuen, kupida sortuko zitzaion… Eta horrela lana ez zuen ongi bukatuko. Aurresentimentu hori zuen: asuntua, arazoa, ez zela ongi irtengo. Irtetzeko gertu zegoen atean, baina atzera egin zuen. Ez, egoera horretan ez zen kalera irtengo. Gauzak aztertu egin behar zituen, baina hotzean, astiro. Felipek dena, beti, hotzean egin nahi zuen. Hobe zen horrela egitea, hotzean, emoziorik gabe, aurrekondiziorik gabe… Alboko barrean sartu zen. Neska han zegoen, eta alaiki hartu zuen.

— Egun on. Ongi egin duzu lo?

— Bai.

Felipe pentsati zegoen. Gero, eskaria egin zion.

— Kafesne bat, mesedez.

Neska kafesnea prestatzen hasi zen eta ekarri zionean gizonak galdera bat egin zion.

— Nola duzu izena?

— Ingrid.

— Eta abizena?

— Van der Meulen

Felipek, isilik, kafesnea edan zuen. Gero, eskari estrainio bat egin zuen.

— Zapi bat nahi nuke zure inizialekin.

Neskak aurpegi arraro bat ipini zuen.

— Zapi bat nire inizialekin?

— Bai, hori da nire hobby bat, bisitatzen ditudan hirietako pertsona baten zapi bat eramatea, oroigarri moduan. Batzuek postalak eramaten dituzte. Nik, zapiak eramaten ditut.

Neskak barre egin zuen.

— Horrelakorik!… Baina, tira, hori besterik ez bada…

Neska barrura sartu zen eta zapi batekin etorri zen.

— Hemen duzu zapi bat nire inizialekin.

Zapia hartu ondoren, Felipek Amsterdameko telefonoen zerrenda liburua eskatu zion eta han Bergen Fundazioaren helbidea bilatu zuen, neskari zertan ari zen esan gabe. Kafesnea ordaindu zuen eta ehun florin eman zizkion sari bezala. Kalera irten zen eta andre bat ikusi zuen, eskuan ogi pare batekin.

— Egun on, andrea. Rundstadt kalea non dagoen jakin nahi dut.

Andreak eskuin eskua mugitu zuen.

— Ui! Urrun dago… Zoaz zuzen, dena zuzen, eta gero ezkerretara egin.

Felipek bere ibilia jarraitu zuen eta bost minutu igaro ondoren, gizon bat ikusi zuen esku-kartera batekin.

— Egun on. Nondik da Rundstad kalea?

— Zoaz aurrera, dena zuzen, eta gero, plaza hartan, egin ezkerretara.

Beste bost minutu ibili zen eta mutil bat ikusi zuen motxila batekin lepoan.

— Egun on, mutil. Zein da Rundstad kalea?

— Hori, hor ezkerrean dagoena.

Felipek hamargarren ataria bilatu zuen. Edifizio komertzial bat zen. Atarian, bulegoen zerrendan, Bergen Fundazioa non zegoen ikusi zuen, eta igongailuan igon zen. Gora heldu eta korridore bat zegoen. Han seigarren atea bilatu zuen. Zabaldu eta bulego bat zen. Mahai baten atzean neska bat zegoen, atzazkalak beltzez pintatzen. Aurpegia kromo bat bezala zuen: ezpainak gorri-gorri pintaturik zituen, begien inguruak beltz-beltzez, ileak ongi zainduak…

— Egun on. Zer nahi duzu?

Neskak ahots metaliko batez hitz egiten zion.

— Ikusi… Bidaia bat prestatu nahi dut Himalaiara.

Neskak begi handiak zabaldu zituen.

— Himalaiara! Horretarako nire nagusiarekin hitz egin beharko duzu.

— Ongi. Zure nagusiarekin hitz egingo dut.

Neska zutitu eta alboko gelan sartu zen atean jo gabe.

Felipek gelari begirada bat bota zion, bere inguruari. Hormetan paisaiak: mendi berdeak, mendi elurtez beteak, harrizkoak, zuhaitzez estaliak. Era guztietako mendiak. Mahai bakar bat, neskarena. Fitxategi bat. Moble gutxi, paper gutxi… Mugimendu gutxiko bulegoa.      Neskak tardatzen zuen etortzen. Ordurarte Felipek, itsu-itsuan egin izan zuen bere lana.      Hura hil behar duzu, eta hura hiltzen zuen, ezer galdetu gabe. Ez zergatik hil behar zuen, ez nor zen, ez zekien. Alemaniako nazien kasuan bezala, ez zuen ezer galdetzen, obeditu egiten zuen. Ez zuen pentsatzen, ez zuen kontzientzia kezkarik. Tribunelatan gertatzen zen bezala, juezak, epaikariak, nor hil behar den agintzen du, eta borreroak epaikariaren agindua bete besterik ez zuen egiten. Baina oraingoan besterik zen. Orain, biktima, hil aurretik ezagutzen zuen, Ingrid Van der Meulen. Ingrid aurrez aurre ikusi zuen, kasualitatez, bar hartan. Eta Ingrid neska on bat zen, eta Bergen Fundazioko nagusia gizon gaizto bat, tipo zital bat. Eta tipo hura juzgatu egin behar zen, norbaitek epaitu egin behar zuen.

Eta berak, Felipek, epaitu egin zuen.

Oraingoan, lehen aldiz, Felipe izango zen juez eta borrero, epaikari eta epaia praktikara eramango zuena. Hau berria zen Feliperentzat, epaikari izatea. Baina abantaila bat zuen: bere biktima ez zuen ezagutzen, alboko gelako gizona ez zekien nor zen. Beraz, beti bezala, bere biktima ezezaguna zen, tipo estrainio bat beretzat.

Atea zabaldu zen eta kromo antzeko aurpegidun neska irten zen alboko gelatik. Masailak gorriak zituen eta ezpainetako gorri kolorea ez zen orain gorri-gorria, gorria soilik baizik. Zirudienez, nagusia tipo tunante bat zen.

— Sartu, mesedez.

Eta Felipe sartu egin zen. Gizonak betaurrekoak zituen, eta buruan ile gutxi, eta… a!, ezpainetan pintura gorri zerbait, agian neskari kendu ziona.

— Himalaiara joan nahi duzula esan didate.

Gizonak kuriositatez begiratu zion.

— Bai, horrela da.

— Ongi, ongi. Baina tamalez… Himalaia… Hori gehiegi da. Beste nonbaitera… Alpeetara edo…

Felipek ez zion zuzen erantzun.

— Hau beroa! Ba al duzu edari freskorik?

Felipek bazekien bulego hartan ez zegoela edari freskorik, hozgailurik ikusi ez zuelako.

— Ez, baina neska bidaliko dut. Zer nahi duzu? Garagardo bat?

— Bai, ongi dago.

Eta neskari garagardo biren bila joateko agindua eman zion. Neska joan egin zen. Nagusia zutitu eta Alpeetako mapa baten bila hasi zen. Feliperi lepoa ematen zion eta honek pistola atera eta hiru tiro bota zizkion. Kromo baten antzeko aurpegidun neska barrean egongo zen. Han, salmahaiko mutilak neskaren edertasunak goraipatuko zituen. Hitz egingo zuten, luzaroan. Barre egingo zuten. Eta Felipek, Bergen Fundaziotik trankil irtetzeko denbora izango zuen.

Eta horrela gertatu zen.

Fundaziotik irten eta Felipek Holanda utzi, Belgika eta Frantzia trabesatu eta Euskal Herrira heldu zen. Hemen, egun eta ordu batean, Ilun Clubera joan zen. Gizon lodikotea han zegoen bere zain.

— Gabon —esan zion Felipek.

— Zer, egin duzu?

— Bai.

— Froga?

Felipek zapi bat eman zion, neskaren inizialekin. Zapia odoleztatua zegoen alde batean. Gizon lodikoteak zapia hartu eta gorde egin zuen.

— Ongi. Orain nire bezeroarekin hitz egin behar dut. Etorri berriro hona bost egunen buruan.

Bost egun geroago Felipe berriro Durangoko club hartara joan zenean, han zegoen gizon lodikotea. Felipek eskua luzatu zion.

— Milioi erdi pezeta zor dizkidazu.

Gizon lodikoteak barre egin zuen sarkastikoki.

— Uste al duzu tontoa naizela?

— Tontoa? Zergatik diozu hori?

— Zuk ez duzu Ingrid hil.

Felipek ez zion zuzen erantzun.

— Haren zapia ekarri nizun.

Gizon lodiak mespretxuz begiratu zion.

— Horrek ez du ezer frogatzen.

— Eta zein froga behar duzu?

— Nire bezeroarena.

— Eta ez duzu harekin hitz egin?

— Ez. Norbaitek asasinatu egin du.

Eta hori esatean gizon lodikoteak Feliperi begi-begietara begiratu zion. Felipek sorbaldak jaso zituen.

— Hori ez da nire kontua.

— Bai da zure kontua.

Eta gizon lodikoteak pistola bat atera eta tiro bat bota zion. Felipe azkarra zen pistola maneiatzen eta berak ere pistola atera eta gizon lodikoteari tiro bat bota zion.

Momentu hartan klubean ez zegoen bezerorik eta tiroak entzuterakoan salmahiaren atzeko hiru neskak lurrera bota ziren. Gero, zutitu zirenean, gizon biak lurrean etzanda, zauriturik zeudela ikusi zuten. Poliziak etorri ziren, eta gizon zauritu biak anbulantzietan eraman zituzten.

Bitartean, Amsterdamen, Ingridek heredentzia kobratu egin zuen. Neskak ez zekien nola, zerbait misterios zen, gauzak hain azkar konpontzea. Baina dirua kobratu egin zuen eta orain ez zegoen bar zikin hartan lanean.