Biribilketa

Tene Mujika Ipuin Lehiaketa, 1999

XABIER

Xabier txikia patioko zoruan lehertua aurkitu zutenean istripua izan zela pentsatu zuten denek. Suizidioaren hipotesia inortxok ere ez zuen aintzat hartu. Pentsaezina zen hamar urteko ume batek bere burua hiltzea.

Baina inortxok ere ez zekien Xabierrek bizitza hobe baten aukera zerabilela azkenaldion buruan. Nazkatua zegoen arrazoirik gabe egiten zizkioten errietekin, aitaren eta amaren arteko eztabaida ulertezinekin. Aiton-amonei sarri entzuten zien zeruaz eta paradisuaz hitz egiten, amari ere bai lantzean behin. Paradisua eta Jainko on-ona. Katekesiko klaseetan isil-isilik egoten zen zeru horretan pentsatzen. Eskolarik gabeko mundu berria irudikatzen zuen; lainotik lainora hegaka ikusten zuen bere burua; nahi zuenean eta nahi zuena jango zuen, inoren errietarik gabe.

Horregatik, bizitza berri hartara sartzeko parada ezin hobea aurkitu zuen hamabigarren pisu batean bizi zen izebarenera joan ziren egun hartan. Ama eta izeba berriketan ari zirelarik, barruko gelako leihora joan zen zuzenean. Aulki baten laguntzaz igo zen ertzera, eta harrak dardarka sumatu zituen sabelean. Hala ere, pozik zegoen jolas eta dibertimendu hutseko bizitzara zihoalako. Bat, bi eta hiru kontatu zuen, eta salto egin. Tamalez, porlanezko zorua topatu zuen zerurako bidean.

 

ANA MARI

— Ama, Jainkoa on-ona da, ezta?

— Bai, alaba, oso ona.

Automatikoa izan zen erantzuna, alkandora baten lepo zaila lisatzen jarria baitzeukan arreta guztia.

— Eta zerua polit-polita. Amonak esan dit han denak poz-pozik bizi direla; jolasean egun guztian, beti barrez. Eta aingeruak direla denak.

— Bai, bai. Amonak hala esan badizu, hala izango da.

Plantxari bapore gehiago aterarazi zion, hartara maukak errazago lisatzeko.

— Eta, ama, Jainkoa on-ona baldin bada eta zerua polit-polita, zergatik ez die uzten Jainkoak zerura joaten direnei berriro itzultzen?

Asaldatuta, plantxaren muturrarekin ezker eskuko atzamar nagia erre zuen.

 

AINTZANE

— Ez. Ez zaitut maite.

Esaldi horrek, hiru hitz horiek, goitik behera irauli zuten Aintzaneren mundua. Hiru hitz, eta klik! Telefono eskegiaren isiltasuna. Eta iluntasuna. Zangoak indar barik nabaritu zituen, dar-dar, eta hantxe geratu zen korridoreko hormaren kontra erdi eserita, telefonoa eskuetan. Harritzar baten zama sentitu zuen bularrean —Perurenaren hirurehun kiloko horietako bat etorri zitzaion burura—, eta apenas zuen indarrik birikak berriro puzteko. Pentsamenduak kolpeka zituen buruan, munduko gogorapen guztiak. Argitasun istant batean, harritu egin zen eta irribarre bat atera zitzaion, “Nola liteke unibertso osoa kilo eta erdi garunetan kabitzea?” galdetu zuen.

Iñigo zuen kolpeka buruan. Iñigoren bekainak, lepoa, ezpainak, belaunak. Iñigoren barrea. “Hik lagatzen banaun, hurrengoa mutila izango dun”. Porro bat erre ostean izaten zuen begirada, erdi mozkortutakoan bertsoak botatzeko jartzen zuen planta serioa, maitasun hitzak esatean izaten zuen ume aurpegia, azkenaldiko keinu zitalak. Hori guztia —eta askoz ere gehiago— lehertu zitzaion kokotean.

Hala ere, oroitzapen bakar bat harrapatzen saiatzen zenean ondo ikusi ahal izateko, bularraldeko harritzarra jartzen zitzaion tartean, Perurenaren harriak estaltzen zuen dena. Arnasa hartzeko behar zituen indar guztiak. Yogako klaseekin gogoratu zen: bat puztu, bi hustu. Ez zuen beste ezertarako kemenik.

Puztu eta hustu arteko tarte gero eta laburragoetan, Iñigoren bristadak argitzen zitzaizkion iluntasunean, titiak, atzamarrak, ahotsa. Iluntasunak estaltzen zuen Iñigoren txupa, zakila. Birikak ezinean, puztu eta hustu. Iñigoren mingainaz gogoratzen hasi zenerako, harritzarrak zapaldu zuen. Gero eta astunagoa zen Perurenaren harria eta birikak gero eta ahulagoak.

Dena dela, goxo sentitzen zen, iluntasunaren kontra zapalduta bero. Hiltzea horixe zela pentsatu zuen.

 

SERAFIN

Madarikatu egin zuen Jainkoa. Madarikatu egin zuen bere bizitza —laurogeita sei urtekoa—. Madarikatu egin zuen bere burua Jainko On eta Zuzen haren menpeko izan zelako erabat. Jainkoa ona bazen, ezin zion bere bilobatxoari, hamar urte eskasekin, bizitza kendu. Jainkoa zuzena bazen, ezin zion berari, laurogeita sei urte astunekin, denbora gehiago eman.

Biloba hil berria gogoratu zuen, atarian korrika alde batera eta bestera, ezin geratu. Bere burua ikusi zuen armairuko ispiluan, aulkian eserita burumakur, bastoian bermatua. Ezin mugitu. “Zergatik bera eta ez ni?”, egin zuen orro.

Eskuineko hormara joan zitzaion begirada, eta orduantxe ikusi zuen bizimoduaren ipar izan zuen gurutzea. Ez zegoen, ez, heldu berri zitzaion gurutze handi hura jasateko prest. Ezinetik indarrak atera eta ezinezko mugimendu batean gurutzea kendu zuen iltzetik. Lurrera bota zuen amorratuta. Eskuineko zangoa altxatu eta zapaltzera zihoanean, ordea, beldurraren tximistak jo zuen.

Ezinetik indarrak atera zituen berriro, eta ezinezko beste mugimendu batean lurreraino makurtu eta gurutzea jaso zuen, kontuz, bi eskuekin. Sabairantz altxatu, eta malko artetik barkatzeko eskatu zion Jainko On, Zuzen eta Ahalguztidunari. Eta osasuna urte askoan kontserbatzeko.

 

AITZOL

Uste zuenaz bestera, orain hasi zen okerrena. Komisaldegiko jipoi etengabeak gogorrak izan ziren, gogorragoak irainak. Hala ere, tinko eutsi zion, adorez betea sentitzen baitzuen barrena, irakiten odola.

Poltsapeko itoaldietan Sarrionandiaz gogoratzen zen. “Zer bero behar duen odolak irakiteko” edo tankerako zerbait irakurri zion noizbait. “Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarri”. Martxa egunak. Irakiten sentitzen zuen odola, bor-bor, baita telefono gidarekin emandako kolpeen ondorioz ubeldu bihurtu zitzaizkion zainetan ere. Halaxe, irakinaldiari esker, jasan ahal izan zuen betiko erotu gabe polizien tortura.

Epaiketa bitarteko espetxealdia etorri zen gero. Irakinaldia epeldu zen eta lasaitasun bare bat heldu: egin beharrekoa egin duela dakienak sentitzen duen asetasuna.

Estrategia eta taktikek betetzen zioten burua. Batetik, beren epaiketan segitu beharreko lerroek, bestetik Euskal Herriak askatasun bidean aitzinatzeko egin beharreko urratsek. Pentsatu eta pentsatu, horretxekin zituen beteak buru-gorputzak.

Epaiketari indar handiz egin zion aurre. Kontzientziak esaten zion fartsa baten biktima zela. Barregura mina ematen zion tribunal hark, fiskalak, epaiketaren berri ematen zuten komunikabideek. Irabazle moral sentitzen zen. Borrokaren beste une bat zen epaiketa.

Mila aldiz irudikatu zuen bere baitan epaia jasoko zuen unea, nola zirkinik sentitu gabe, harro, entzungo zuen “Veinte años”. Halaxe izan zen, hogei urteko espetxe zigorra jarri zioten, baina detaile batean erratu zen: odola izoztu egin zitzaion epaile zurrunaren ezpainek “Veinte años” hura josi zutenean.

Hiru egun pasa ziren ordutik. Hain zuzen ere, bigarren arratsa zuen espetxe hartan. Leiho txikitik eguzkia galtzen ikusten zuen Gaztelako paisaje arrotzean. Eta eguzkiarekin batera, baita bera ere. Urte bat, eta bi, eta
hiru, eta lau, eta horrela hogei arte. Izoztua zeukan odola, hotza hezur muinetaraino sartua.

Odola bezalaxe, bizitza izoztu zitzaiola nabaritu zuen. Akabo. Orduan damuak jo zuen, eta Herriak, Askatasunak, Justiziak eta gainerako egia guztiek ez zutela deus ere balio iruditu zitzaion. Are eta gutxiago inoren bizitza, are eta gutxiago berea.

Ziegaren sabaia oin azpian nabaritu zuen, eta zorua buru gainean. Doi-doi etzan zen ohe tankerako hartan. Begiak itxi zituen eta hurrengo egunean beste abokatu bat hartu eta damutuen talde horretan sartuko zela erabaki zuen.

 

BAZKARIA

Ez zen nolanahiko ospakizuna, apartekoa baita pertsona batek ehun urte betetzea. Horrexegatik, bazkari handi bat antolatu zuten Serafinen seme-alabek ehun urte betetzen zituen aita omentzeko. Seme-alaba, biloba eta birbiloba, hirurogei lagun bildu ziren ia.

Pozik zegoen Serafin hori ikusita, bere golkoan ezin sartuta. Hainbeste urtetan ugariak izan ziren momentu txarrak, lana besterik egin ez zuen urte luzeak; gerra garaikoak… Pilar, emaztea, hil zitzaionekoa. Eta Xabier, batik bat, Xabier bilobatxo kuttuna hil zen egun malapartatua. Hala ere, oro har, bizimodu ona izan zuela erabaki zuen, eta bazkaltzen hasi aurretik zutik jarri eta otoitz berezia egin zuen, Jainkoari eskertzeko eman zion guztia. Izan ere, une hartan asea sentitzen zen, ordura arteko sufrimendu guztiak ezabatzeraino.

Aita hain hunkitua ikusita ezin izan zien malkoei eutsi Ana Marik. Harritua zegoen, ez baitzen malko errazekoa. Ez behintzat, hogei bat urte lehenago, ditxosozko depresio hura zela medio berrogei egun —eta berrogei gau—, etengabe, negar batean pasa zituenetik. Ondo baino hobeto gogoratzen zuen oraindik alaba zaharrenak, Aintzanek, egin zion galdera. Zazpi urteko neskato baten galdera xaloa izan zen, baina goitik beheraino aldatu zuen Ana Mariren barrena. Gogoratu zuen alabaren hitzek asaldatu egin zutela eta plantxarekin ezker eskuko behatz nagia erre zuela.

Zauria, dena den, askoz ere sakonagoa izan zen. Bat-batean, dudaren ateak ireki zitzaizkion, eta jakin zuen bizitza ez zela ordu arte pentsatzen zuen bide zuzen eta laua. Ez zen hain sinplea. Metro bakoitzeko hamaika bidezidor zabaldu zitzaizkion, bidezidorrak eta malkarrak. Bere burua bakarrik aurkitu zuen. Negarrari ekin zion.

Bizitzarekin eta heriotzarekin, maitasunarekin eta gorrotoarekin, Jainkoarekin eta Jainko gabeziarekin borrokatu zuen berrogei egun biblikotan. Berrogeita batgarrenean malkoak ahitu zitzaizkion. Borroka ez zuen inork irabazi, ez bizitzak ez heriotzak, ez maitasunak ez gorrotoak, ez Jainkoak ez Jainko gabeziak. Dudak, akaso. Izan ere, zalantza zilegi zela erabaki zuen, eta aurrerantzean halaxe bizi zen. Gauza guztiei alde guztietatik begiratzen zien, alde onetik eta alderontzitik, behetik gora eta goitik behera, atzekoz aurrera eta aurrekoz atzera. Beti topatzen zuen zerbait ona. Xabier iloba txikia balkoitik erorita hil zenean bera izan zen familian adore gehien erakutsi zuena.

Amaren begirada nabaritu zuen Aintzanek, eta begiak jasota irribarre egin zion. Emakume sendoa zen ama, dudarik gabe. Neurri batean, bi aldiz ekarri zuela mundura pentsatu zuen. Aurrena, hogeita zortzi urte lehenago jaio zenean. Bigarren aldiz, duela zortzi bat urte, Iñigok laga zuelako eta hil zela pentsatu zuenean. Jateari utzi zion, hitz egiteari ere bai. Irribarrerik ez zuen egiten eta etxetik ez zuen atera nahi. “Guk lagunduko dinagu, baina benetan aurrera atera nahi badun heuk egin beharko dun ahalegina. Hire esku zegon”, esan zion. Azkeneko hiru hitzek aldatu egin zioten mundua eta gauzei alde gehiagotatik begiratzen hasi zen. Hiru hitz horiei esker jaten, hitz egiten, kalera ateratzen eta barre egiten hasi zen. Eta ezagutu zuen bere maitea. Kilo eta erdi garunean, kilo erdi bihotzean, beste bekain, atzamar, ezpain eta belaun batzuentzako tokia zegoela ikasi zuen.

Izter gainean Aintzaneren esku beroa sentitu zuen eta horretxek ekarri zuen Aitzol ilargitik. Espetxeko azturak ez zituen oraindik erabat galdu, nahiz eta bi urte egin zituen jada kalean. Aztoratu egiten zuen oraindik jendetzak. Areago, orain bezala, asko eta asko ezezagun zitzaizkionean. Izan ere, Aintzaneren senitarteko gehienak apenas ezagutzen zituen.

Espetxeko bizitzaz galdetu zion osaba batek, beren artera ongi etorria zela adierazi nahian edo. Espetxea zerabilen oraindik buruan, presondegiko bost urte luzeak. Aintzane berriketan ari zen, parean eseri zitzaizkien bi lehengusuekin. Urruna gertatzen zitzaion haien arteko elkarrizketa. Ziegaz gogoratu zen, Gaztelako paisaje arrotzaz eta nahigabeaz. Halaber, Martin eta Mikelez oroitu zen, hotzalditik aterarazi zuten bi lagunez. Kartzela hartako ETAko beste bi presoak ziren. Mikel, Martin, Oscar yonkia eta Pulgas gizajoa, beroa eman zioten lauren artean. Txisteak kontatu zizkioten aurrena, emakumeez, sexuaz, maitasunaz hitz egin zioten hurrena, eta gizarteaz, injustiziez, Euskal Herriaz gero. Horrela etorri zitzaion odola bere onera, nahiz eta oraindik izaten zituen irakinaldi eta izozteak.

Nolanahi ere, egun bakoitza herrena iruditzen zitzaion, osoki bizi gabekoa. Horregatik, libre geratzea baino ez zuen desio. Inork gutxik espero zuenean, egoera goitik behera aldatu zen. Lizarra, su-etena, bake prozesua, eta, azkenean, bi urte zela, amnistia. Autodeterminazioari buruzko erreferenduma galdu egin zuten, baina hamar urte barru errepikatzeko asmo sendoa zuten alderdi abertzaleek.

Zerbitzariak arkumea ateratzen hasi ziren eta txanpaina ere bai. Ezinetik indarrak aterata, ezinezko mugimendu batean zutitu egin zen Serafin. “Topa egin behar dugu —esan zuen— biribilketa bat delako bizitza, batetik bestera garamatzan dantza bat. Non eta nola hasi den jakin arren, non eta nola amaituko den ez dakigun dantza. Topa!”. Txaloz hartu zuten Serafinen ateraldia, pozarren zeuden denak. Altxatu eta topa egin zuten.

Leirek, ordea, oka egiteko gogoa sentitu zuen. Nazka ematen zion alaitasun inozo hark. Jasangaitz egiten zitzaizkion Aintzane lehengusuaren jatortasuna, Aitzolen isiltasuna, Pablo anaiaren txiste ezagunak, ama-izeben sentiberatasuna. Barru guztiek lehertzear zituen asperguraren asperguraz.

Komunera joan zen arraia bat sartzera.