Bi mutil gazte, beren presondegiko denbora finiturik, etxerat heldu ziren.
Oihanburuko nausiak erosi zuen merkatuan asto bat ederra.
Erran zion batek bertzeari:
— Errak, to… Oihanburuko nausiak erosi dik asto bat ederra, ebatsi behar zioau heldu den gauean!
— Ze, orai presondegitik heldu eta, goan nahi huke berritz, harat, gibelat…?
— Ez hadila izi, batere hik deusik arriskatu gabe, nik eginen diat afera!
Laguna ere, bertzeak egitekotz berak batere arriskatu gabe, prest zen hala-hala.
Sartzen dire, beraz, gau batean establian, eta erraten dio:
— Hi, astoa hartuta, goanen haiz holako ostaturat, holako lekurat, eta ni egonen nauk hemen, astoaren tokian, biluzgorrituta astoaren kaprestuak emanta, eta jakinen diat nausiari zer erran bihar goizean.
Erran bezala egin zuten.
Hura partitu zen bere astoarekin.
Nausia, alabaina, goizean argitu zenean, etorri zen bere kabala ederraren ikusterat. Eta atea ideki eta ikusi zuenean gizon bat han biluzgorrituta, gibelat egin zuen, harrituta.
Erran zion:
— Nausi ona, nausi ona, zato hunat aintzina, etzaitela izi… Zuk atzo erosi duzun kabala eder hura naiz ni hemen. Bekatoros handi bat nitzen eta gau huntan finitu dut nere bekatuen penitentzia. Ikusten duzun plantan naiz hemen! Otoi, arropa txar batzuez beztitzen baninduzu.
Nausia urrikaltzen da eta beztitzen du.
Galde egiten dio, gero.
— Ematen baninduzu jaterat pixka bat… goseak nago!
Gosaltzerat ematen dio.
Gero erraten dio:
— Nausi ona, gizona zein triste den, sakelan sosik gabe nihorat ezin kurri.
Ematen dio bortz liberako bat, urrikalduta.
Badoa bere lagunarenganat, ederki gosaldua eta beztitua eta bortz libera sakelan. Erraten dio nola pasatu den ixtorioa, eta handik laster, saltzen diote beren kabala makinun bati, ez kario.
Berak partitzen dire beren etxetarat, bideko gastu sariekin.
Handik auzo herrian izaki merkatua eta, badoa Oihanburu nausia zerbeit kabala erosi behar duela.
Harat goan eta ikusten du han bere kabala hura alde baterat hegira, bertze alderat begira, eta iduritzen harek erosi asto berbera dela. Begira gibeletik, begira sahetsetik, eta makinunak lorietan, hari saldu behar ziotela…
Azkenean, badoa beharri xilorat astoari, gure Oihanburuko nausia, eta erraten dio:
— Ai, adixkidea, adixkidea, bekatoros handia zinela… Ez nauzu berriz tronpatuko, ez… Nahiago dut mando txar bat erosi, zu baino!
Oihanburuko nausia ongi bizi bazen, ongi hil zen! Ederki arrimatu zuten bi ohoinek!