Betiko

Euzkadi, 1932

Itsasora joan gintzazan, egun osoa hondartzan pasau nahirik.

Emaztegaitzat andereño liraina neukon, Bilbaoko saloki etxe baten bere ogibidea eukona. Andereño horrek ondo irebazten eban.

Hondartzan jan geban, igeri gintzazan eta egun alaia igazi. Iluntzea zer dan itsasondoan ete dakizu? Eguzkia hodei artean ageri da, urrez zerua margoztuten daula. Uhinak dantzan dabiltz eta ontziñoak ikotika, danbolin hotsean gaztetxoak ibilten diran legetxe.

Liluraz gengozan. Emaztegaiak hitz samurrak esaten eustazan eta neure begiak itxita, eguna inoz ez zala igarokoan nintzan. Haize hozkirria zan andereñoaren ulietan jolastuten.

Oraintxe zaitut benetan maite —esan eustan—. Zoruntsuak izango gara biok biotara. Inok ez dausku kenduko geure bizitza maitekorra.

Bai, holantxe da izan be. Zeurekin beti-beti biziko naz pozik. Ez dot behingoan idoroko zeu lako bat. Ona zara, eta maitekorra.

Ai, baina beldur naz, une honeik une baino izaten ez diralako.

Holantxe gengozan, eta gaua heldu zan. Gaua izaten da maitale askoren etsaia. Mendi goietan lainoak ikusten ziran, eta itsasoa baltz egoan. Arin jaso eta geltokira zuzendu gintzazan.

Baina ha zan zoritxarra! Bultzi edo trenak ihes egin euskun!

Eta orain zelan joango naz Bilbaora? —andereñoak itaundu eustan negarka—. Bihar goizean dendan egon behar naz goizetik, eta huri honetan gagozala ezin joan. Zeugatik jaurtiko nabe dendatik!

Hitz honeik gogortsu esan eustazan. Maitasun hitzak baino gogorrago.

Neuk ez dakit zer egin, ba —erantzun neutsan—. Gurdibilik igaroten dan ikusi dagigun. Bat edo batek eroango gauz.

Bide ertzean geratu gintzazan, gurdibilik igaroten zan ikusteko. Laster, bat heldu zan, baina geure kinuak ikustean, lapurrak gintzala edota, arin aldendu zan.

Horixe, beste hiruk be egin euskuen. Ez zan gauza onik. Herritxo haretan ez zan ostera taxi edo koplarik.

Baina neurekin zan andereñoa buru argikoa zan, eta esan eustan:

Estaldu zadi, zeu ikustean lapurrak garala uste dabe gehienek eta. Neu egongo naz bitxabalan eta lotuarazoko dodaz gurdibilak.

Esan orduko bide ertzean estaldu nintzan. Pot-pot hoska heldu zan gurdibil bat. Neure emaztegaiaren didarra entzutean gelditu zan. Isilka-misilka hitz egin eben luzaro, eta gero andereñoak hots egin eustan:

— Zu, atera zadi hortik!

Urten nintzan neure estaltokitik.

— Hara, honexek eroango nau Bilbora, baina neutzako baino tokirik ez dauko. Zeu hemen geratu zadi.

Ez dakit zelan entzun neban haren hitza. Gaua hotza zan, han ez zan etxerik, ez ezer. Gero neure eskua estutu eban eta gurdibila eroianaren ondoan, oso ondoan, jesarri zan. Pot-pot hasi zan gurdibila eta neure hotsak entzun barik Bilbaoratu ziran. Urrunean ikusi neban neure ezkongaiak eskuaz sorbaldatik pasau eutsola mutil hari.

Ulertuta ete ziran?

Gau hartan marranta handiena atrapau neban. Eta gehiagotan andereño ha ez da neurekin hondartzara etorri. Zer jazo zan? Batek badaki! Emakumeen artean gauza ikeragarriak jazoten dira eta!

Orain bakean nago. Bakarrik joaten naz hondartzara eta gauak ez nau atrapetan ameslari. Bultziak be ez daust ihesik egin!