Etxia eta etxenkuak ützi dütüt goiz huntan eta Sorhoetara joan niz, ene herriko sorho berde batetara. Ebia ari zen, beliak hegalez bazabiltzan zelian, min zahar ahatz ezinen oiharzünak ene goguan iratzarriz beren kua-kua-kuaz.
Bena berde zen belharra eta gizen, eta behi gorhats eli bat hor baziren alhan.
Ene heltzian, ükhüratü ziren alhatzetik eta eni so jarriz. Bai eta nik ere so egin nereien behier, eta hola mintzatu nintzan:
— O, behiak, jinkosa baratsak! Ez khexü izan, ez nitzaizie horra sorhoetako bake handia nahastera. Doloros eta ümil horra benitzaizie, ez khexü izan…
Eta behiak etzan ziren ene unduan, ükhür-ükhürü eni so.
— Behiak —nik erran nereien—, ederrak ziraie eta laket zait zien begien bake hori. Bena ni gizonetako seme bat baizik ez niz: enhatu niz lanetan, min düt ene bürüan, ene aragian.
Eta behiek arrapostu egin zereitaden:
— Zertarako, gizasemea? Lürra biribil dük, üngüratzen dük, egün batek emana besteak eramaiten dik. Bena belharra bardin gozo dük bethi, etzan adi belharraren gainean, phausu har ezak.
— Behiak —nik erran nereien—, eder ziradie eta laket zait zien kota koloria. Bena ni gizonen seme bat baizik ez niz, maithatü düt, min ükhen düt bihotzian.
Eta behiek eni arrapostü:
— Zer dük bihotza, gizasema: lürra biribil dük, lürreko sorho guzi orotan gozatzen gütük, gü eta gure ahizpak, jauzten gütialarik jinko-zezenak. Bena belhar gozo jatea orano goxoago dük. Etzan adi belhar gainean, plazer har ezak!
— Behiek —erran neien berriz—, eder ziradie eta laket zait zien ederra. Bena ni gizonseme bat baizik eniz: herriminez bizi nintzan hebentik hürrün, eta ikhus! Herri hau dela kausa dit orai min!
Behiek aldiz eni:
— Zergatik min, gizonen semea: lürra biribil dük, heben eta han badük sorho berderik, heben ala han belhar goxua badük, bethi goxo dük. Etzan adi gureki belharran gainean eta ase adi ahaztez…
— Behi! —behier erran neien—. Eder eta zühür ziradie eta hun da zieki izatia. Ni, hatik, gizonen seme bat niz, eta enthelegü minez min düt. Entzün ezazie! Ene anaia bat lehen ziengana joan zen jinko-gose, ziek jainkosa egitera joan. Galdü düt anaia hura, galdü ene jinko-gosea. Erradazie berriz alkhar edireiterik eta anaia-besta berririk badaitekeenez, geroan!
Behiek etzien aldi huntan arrapostü eman, bena luze, luzaz ere, so egin eni. Eta hen begietan ezagützen nian irri-karkaza handi isil bat.
Ordian nik ere irri egin nien behieki batian, belharran gainean etzan nintzan, heen artian.
Goizanko ekhiak, bere ebi odei oheti jaitsirik, argitzen güntialarik belharra, behiak eta ni.
Behiak
1951