Bekaizgoz,
nere egonaldi bukaezinetan,
geranioak zaintzen eta
denborari pasatzen uzten
bizi zen agure zuriari.
Berak nahi zuenean bego.
Zigarroaren kea zuzen-zuzen igo eta poliki desegiten da udazken berriko gauetan. Gizon zahar bat dago bere etxeko balkoian. Eskua aulkiaren besoan eta hatz artean rubio bat du. Gaur ez da ilargirik ageri. Kaleko argi zuri ahulak katxarro piloa salatzen du fregaderan metaturik.
Gosarirako kafea badago… Caja de Ahorrosa gero… zenbat aterako nuke… hamar bat. Bai… aste osorako, beharko!, ordun, bi baino gehiago ezin ditut musean jokatu… bueno, bazkaldu jubilatuetan bertan egin nezake. Ederki… hola arratsaldea betea daukat… zazpiak inguruan Faustorenea… eta aber… arrautzak, kafea etzirako, platanoak… esne bat, eta kitto. Baino, interinari pagatu beharko zaio ba… Ez dakit nola konponduko naizen aste hontan… larri, bai… beti bezala…
Plazan argiak pizten dira. Kanpoan epeltasun atsegina. Kresal usaineko haize leunak adatsak orrazten ditu. Gorputz guztia biltzen, laztantzen du eta, une batez, oso mehe sentiarazten. Bere hatz finetan desegiteko gogoa piztu eta gauaren misterioan galtzen da. Trafiko, irrati, telebista eta makina ezezagunen hotsa entzuten dut. Ez, bizitzaren osagaia da, horrenbestez ez dut entzuten. Agure zuri hori berriz, beti teilatuko balkoian, beti eserita, beti offean. Badirudi beregan bizitza duen bakarra ahotik aulkira eta aulkitik ahora dabilen txingarra dela. Baina barrura noa, hotz egiten du hemen. Gaur Truffaut-ren pelikula…
Gorriagoak pasata nago… Frantziako ostatu mixerable hartan… Landasen hamar ordu luze pinutan eta… mahaian eseri eta ogi lehorra, patata… Besterik ez zen, edo ez ziguten jartzen. Haiek pasadizoak… garai haietan gaztea nintzen artean… Hamahiruan Nazionalak sartu zirenean… Hogeita hamabi urte bete berriak… azkar baino azkarrago galdu genuen gure kintakoek gaztetasuna eta… gureganako errespetua… Nazionalak sartu ziren goiz hartan… Juventudes Nacionalistas y de las JONS… eztaietarako dena prest, eta atzerapenak, besterik ez zen… Angeles maitia, gaxua. Traditu genuen aski. Guztiak ziren izterbegi… salatari… metraila hotsa eta erotzeko moduko ikara, Jauna. Alde egin behar, bai, Orion irauli beharrean gainezka zihoan barkua… zer egin ote zuen patroi hark… hilko zen hura, aspaldi… Jaunaren begikoa zan hura, dudarik gabe… gizon ona, bai.
Portuan izan zen, azken musua eman nizun ilunpetan, Angeles maitia, azken azkena…
Ezin ditut lokarri guztiak urratu eta robot bat sortu. Zaila da beste pertsona bat izatea, ezker-eskuin, gora eta behera ponpa bat osatzea eta osotzea.
Tristea da erraminta zarpail hauekin kolorez gaineztu ortzian hegaldi bizian pasatzen diren kometak eta pentsamenduak eta sentimenduak fotografiatzen jardutea behintzat, saiatzea.
Egia da bere pentsamendu, amets, sentimenduak idazten dituenak hil egiten dituela. Eta literatura, heriotza batentzat eta elikagaia besteontzat dela.
CNTko afiliazioak galdu gintuen… orain dakidana ordun baneki… haseran… Errepublika garaian…
No seas suicida
¡Vota el Estatuto!
¡Agur seme!
Tu hijo soldado
no saldra del pais
si votas el Estatuto.
CEDAz etzen zer eginik…
Nafarroa galdu genuen orduntxe… betirako galdu gero… gure estatutua berriz, hankaz gora… Madrilgo paperen artean ito zuten.
Zenbat lan, zenbat lan alperrik… CNTk galdu gintuen nazionalak sartu zirenean… Ez… gezurra… aita bakarrik utzi zenuen… Ez al nezake sarraski hura inoiz ahaztu, Jauna!… Alkandora urdinak… ama negarrez, eta boten hotsak… Txapel gorri haiek… Yo, yo no tengo ni idea de donde está… Erregistroak… eta ihesa… beti, ihesa.
Plazan mila telebisten imajinak ikusten dira, kristalen eta kortinen artetik enano eroak planoka. Irrati hotsa zurrunbiloan hazten da. Notizien ordua. Gizon zuriak lenteak garbitzen ditu alkandoraren puntaz. Ibaira begira, farolen argia uhinetan desegiten eta sortzen.
Eta itzultzerakoan… beldurra, errepresioa… Errepresioa eta nazional katolizismoa.
Begiak itxiz puntu zuriak ikusten ditu. Pixkanaka beltza nagusitzen da. Beltza al da… galdera asko ditut zuretzat, Jauna… Espazioaren mugak, hutsaren idea… Baina, ez, arrazoi dezu… Jadanik etzait ajola… itzaltzen ari naiz eta nere inguruan beti bueltaka eraman izandu ditudan kezkak… eta galderak… etzaizkit ajola.
Nere izardi eta sufrimenduen emaitza jasotzeko garaia bada, Jauna, Finis coronat opus erakusten nuen, baina, zuk epaitu zazu.
Arkupean garrasika ari da norbait. 2.Bko heavya katuarekin, edo drogaturik.
— Putos cerdos de mierda!… Cerdos cabrones!
Adreiluzko pareta gorrian hondartza tropikal hori-urdin bat, azpian zakur pixerreka zahar bat eta guztiaren gainean, orain, heavya. Jendea, gutxi batzuk, balkoietara irten da. Ez da ordea kontu berria. Balkoiko gizon zuriak bere horretan jarraitzen du. Zigarroa gora eta behera parabolak eginaz mugitzen ikusiko ez balitz, edozeinek lioke harrizkoa dela, marmorezko estatua.
Udazaharreko egunak badira eguzki, itsaso zabal, haize eta orbel gazte. Eguzki gorri honen errabiaz, hiriko leihoek su hartzen dute eguerdiro, itsas usaina dagoenean. Lehorraren eta itsasoaren arteko muga garbiago da eguna joan eguna etorri. Gaur dena da sinplea eta definitua. Lerroak eta mugak. Geometria forma gardenak. Desertu haizea arnasten dugu, eta definitu, gogortu eta lehortzen gaitu.
Egunero eguzkia irtetzen, gelditzen eta irauten ikusten dugu. Gauak noizbait garaitzen duenean, bihar ere eguzki berri batek zeru zahar higatua erabiliko duela pentsatzeko eta komentatzeko garaia da.
Eta bitartean, kresalak estaltzen ditu espaloiak, gizonak, etxeak, arbolak, zintzilikaturiko arropak. Ia ahaztu dugu euriaren laztana nolakoa den, guztiaren gainean dagoen hautsari koska nola egiten dion eta nola usaintzen duen.
Gora eta behera gabiltzan bitartean elkarri ikusten dizkiogu loki beltzak eta txima horiak eta hortz zuriak.
- a) Hodi guztiak kresalez buxatu direla eta lurrari laranja azala hazi zaiola.
- b) Hasieran (euria egiten duenean), gizonei ez diela urak iragotziko; baina gero (noizbait), guztia lehenekora itzuliko dela.
Aszensoreetan esaten da.
Jadanik (ai!) ez dugu nahasketa haundi eder hura, euria ari zuenekoa. Hezetasunean, guritasuna, konfusioa eta desegiteko indarra. Formarik gabeko anabasa.
Dena utzi eta hondartzara noa, itsasoaren eta lehorraren arteko muga gazira.
Bertan nahasketa pixka bat geratzen omen da.
Begiak itxirik, kanpoan izarrak argia, telebista inguruko pseudofamiliak eta teilatu katuak bizi dira, hortan ari dira etengabe, bizitzen.
Gizon zuria axanpa gordinak itotzen du, bere pentsamendu mintz-ahula urratu duten su artifizial beltzek, Hutsak eta Heriok erasotzen diotenean. Gauaren erdian iratzartzen duenean, arestian, afalorduan, bere bakartasunez jabearazi duenean, ispiluaren aurrean bere gorputza higuintzera bultzatzen duenean, Herioren hats hotsa somatu uste du.
Begiak astiro zabaltzen ditu, kanpoko biziaz kutsatzeko. Irekitzen da osorik eta hainbestetan azterrarazitako Machado baten bertsoak astintzen du, bera den guztia blaituz eta gaixotuz. Somatzen du behatz fin hezurtsuez bera eta bere antzekoen arteko lotura desegiten ari zaiola. Eta ez dio dama beltzari aurpegia ikusi nahi eta atzitzen zaio indar osoz kanpoko bizitzari.
Uste dut ustel Jainkorik ez dela, eta mundu ikuskera sinplez aurrera egitea zilegi dela.
Somatzen dut ezjakintasun adjektiborik gabeko honetan hilko naizela.
Esango dut beste horiek piloarentzat landutako ildoaren norabidea hausteko ezgauza irizten diodala nere izaite prefabrikatuari.
Konsekuente izan gabe, bai.
Inertziaren alferkeria goxoan eta gezan, bai.
Hitzak haizeak eramango balitu.
Dena dela, What’s in a name?
Jaiotze eta heriotzaren bi muga komunen artean, betiereko oraina sentitzen naiz. Beti eta orain baliokideak dira gutako bakoitzean.
Orain badakit ez naizela nere bizitzaren isuriaren jabe: higitzaile ez-higikorra eta halabeharra, mila esker.
Ari naizenean ezjakintasun zoriontsua erdiesten dudala iruditzen zait nagoenean.
Edifizioen antena eta kebide eta terraza artetik hazten den itzal erraldoia, gauaren aho beltza. Gizon zuriak noizbehinka bertara lotzen ditu begiak.
Hotz egiten du hemen dagoeneko… hotzago berriz tontor haietan, eta Larrenea zaharrean… hura abandonaturik baito. Zein urruti dagoen garai hura… zein atzean. Mutil koxkorra… aitari eta anaia zaharrenei ogitarteko eta zahatoa eramaten nizkien… larrera, uda azkenean. Eta… Iturri bordako pagoaren gerizpe hartaz… bai… Beltxa ardiak biltzen lagatzen nuen. Beltxa… hura bai zakur maitagarria… sutondoan, neguko arratsak… leihoaren bestaldean elur pinportak barra-barra. Amona ximela beltzez jantzia, beti beltzez bere aulkian kixkurtuta… eta ipuin guztiak zekizkien…
Mari Oñatin denian euria,
Aloñan denian aitziti lehortia.
Ordun bere begi urdinak zabaltzen zituen…
Marik hartzen zaitu biharrian zeanian…
Goguan har hiru bider esana Aketegiko Dama.
Eta bazen ere…
Mariren egoitzian hiru lege dira bete biharrekuak:
hika jardutia
sartu zaren modu berian irtetzia
eta barruan zean bitartian inola ere ez eseritzia.
Nonbaitetik, musika abarrots izugarriak betetzen du plaza. Gizonak lente gizenak eranzten ditu eta begitartea laztantzen, hatz hezurtsuez.
Hotzikara elektriko batek zeharkatzen du iluntasuna mailu kolpeen erritmoan. Eta oso atzean geldirik dagoela iruditzen zaio, entzuten du tango triste bat. Dena da deslotura eta urratze urdina.
I love your mind baby
give me your body…
Are you…
Jainkoarenganako esperantza berekoikeria dela uste zuen. Berak saltzen duen superbizitzan sineste berria ote duen beldur da… Borrokan bi lehiakide izanik, galtzailearen alde jakinaren gainean jokatu zuela gogoratzen du, baina zuritasunean zerbaitek dio ezetz, irabazlearen alde egin zuela eta lasai egoteko… lasai egoteko…
Itsasoak adarrik ez… bai… hori esaten dezu beti, baina, ez al du nahitanahiez esplikazioren bat egon behar…
Odinen mahairako bazkaltiar naizenez, laster jakingo det… Zuk ez bezala, gazte osasuntsu hori…
You call it civilitation.
Well, it’s a jungle out there and…
High Fashoin, with self-control you play the roll…
Zoriontsu izan naiteke.
Zoriontasuna ezin gogora daiteke
bizitza bezala oraina baita beti.
Une luzea edo motza.
Beti une bat besterik ez.
Eguzkia soinean eta mundua zure sudurpean
edozein mendi garairen gailur haizetsu eta lehorrean.
Itsasoaren baitan
ur gardenetan
korala mila kolore argitan dakusazunean
Oztoporik ez dagoenean
zure errealitatea maite duzunean
oztopoa gainditu duzunean
munduaren borobiltasunaz jabetzen zarenean
zoriontsu izan zaitezke.
Baina ondoren, berriz amilduko zara eta egarri zahar izango. Lehenak mugatu eta geroak gosetzen zaituelako, gogora ezazu korapilo odoltsua une borobil bat besterik ez dela, eta atzo behintzat, mendia eta itsasoa bazirela.
Ihes egin, bai. Aurpegia esku artean babestu, bai.
Eta, batez ere, leihoa zabalik lo egin, badira eta guztiak literatura ematen duen uneak.
AZALPENA
Iratxo lirajole txiki bat ezagutu nuen behin, eta harrezkero mila bider. Bere musikaren doinua diamantezko harri bitxi bihurtzen zen. Ortzadarraren kolore denen distira haizean, eta doinua diamante bihurtu eta bihurtu, eta diamante meta liluragarria hazi eta hazi. Iratxo hau, ordea, erraldoitzar gaizto batek zuen preso bere hodeietako supergazteluan.
Kantauri amaren hondartza hori batean eguzkilorearen antzera bizi nintzenean otu zitzaidan, poliki, iparrera begira ari nintzen batean, eguerdian izan ere, Babarrun Magikoa ipuin zoragarrian aurkitutako diamante guztien artean bakar baten distira anitzen fotokopia ateratzea, kodigoz aldatu behar izan badut ere.
Ez ditut maite izan, beraz, jenero justifikazioak, zeinak, zorionez, mugatzen eta itotzen irmoki ahalegindu zaizkidan.
Beste zerbait: paper urdina hautatu nuen (eta aurreidazteak sortzen duen gaixotasunak jo baino lehen izan zen hori), pentsatzen baitut itsasoa dela biziturri gorenena eta paper berderik ez zegoelako (lainoturik dagoenean giroa, itsasoa berdea baita). Apalena. Itsasoak bizitzaz betetzen nau, bai goitik, behetik eta paretik sentitzen dudanean.
Goitik, enbata etengabea eta zaharra eta berria eta izugarria. Paretik, haren indarra eta eztitasuna.
Hartan murgiltzen naizenean, amaren sabela.