Eskutik eskura
Labaindik harria
egin Azelaingo
zubi zahar erdia
Nere herritarretan inor gutxi izango da inoiz ere entzun bagerik nola deabruak egin zuen, lehengo denboretan, Azelaingo zubi zaharraren erdia; Labaindik, eskutik eskura, harria Akelarreko ehun mila sorginen laguntzarekin ekarrita.
Baita ere, badakite gehienek nola, zubia eginarazi zuenak, bere anima deabruaren atzapar zorrotzetatik atera zuen oilarrari kukurruku eginarazita, zubia bukatutzeko harri bat jartzea baizik falta ez zanean.
Oraindik ere zubipean ageri da hutsik harriaren lekua, ikusi eta sinistu nahi duenarentzat. Hau gauza jakina dala, batez ere marinel tartean, ikusi nuen aurtengo udan bertan nahiz jakin lehendanik ere, bada Hondarribiako marinel D.N.k egin zidan galde, ni zubi hartan askotan gertatzen nitzala jakinik, ea egia zan zubi hura deabruak sorginekin egin zuenean jarri gabe utzitako harriaren hutsunea ageri zala, edo hutsune hau gerratean putzura botatako zubiaren zatian zegoen.
Ez da, bada, hau gauza jakina guztientzat izanik, zubi hontako gertakizunak izkribuz ezartzea nere asmoa, nahiz lan kaskar honen hitz-azalkai jarri Azelaingo zubiaren gaineko esaera, anitz zabaldua. Bakarrik jartzen ditut hitz horiek aurretik, ipui honek beste nire txiki denboran ikasi nuen bat oroitarazi didalako, izanik batak bestearen antz haundia.
Nahi nuke bada ikusi, oroitzen naizen gure hizkuntza ederrean izkribuz ezartzeko ahal banuke, nahiz jakin lehendanik nere argaltasuna gai hontarako, Bizkaiko Kadagua deritzon errekaren gainean dagon —edo hobeto esateko zegon, bada lehengo gerratean porrokatu zuten hau ere— Alonsotegiko zubiaren eginkizun eta egileen gainean, orain dala urte asko, bizkaitar batek esan zizkidan pasarteak.
Kadagua deritzon errekaren ezkerreko aldetik bizi zan, nere ipuia gertatu omen zan denboran, neskatxa gazte, Alonsotegiko guztiak diran bezin eder eta lirain bat, zeinak amodio haundiz maite zuen eskubirontz bere etxea zeukan mutil bikain bulardetsu bat. Neskatxak, zeinari esan ohi zioten Mari Iñasi, zuen egunero, Altamirako mendira igo eta han gaztaina zahar haundi baten ondotik, Begoñako Ama Birjinari erregu bere guraso eta maite Jose Iñaziogatik egiteko ohitura.
Egun haietan joaten zan gaztainadira besteetan baino goizago, eta bai ere egiten zuen bere otoitza inoiz baino jaiera haundigoarekin; bada ez zuen arkitzen besteetan bezin maitatia bere bihotzeko kutuna. Hara non, lagun hurkoak, Jose Iñazioren zoriona ezin eramanik, zerbait honi esanda, zaion burutaratzen neskatxak beste bat maite duen zalantza, eta bere idurimenduan mila gauza nahaspilatu eta gero, oso etsirik, prestatzen dan urez atzerrira biharamunean joateko asmoan. Albiste honekin oso noziturik Mari Iñasi gaixoa, eta nola mutil hura lehengo zentzura itzuli eta burutaratu zitzaizkan enurak kendu jakin gabe, berezitu zuen, gazte gararidun hura, gaueko keda jotzen duen ordurako, lehen aipatu dedan gaztaina zaharraren ondora; han sinistu arazitzeko asmoan, lehen esandako hitzak ez losintxak, baizik maitetasun egiazkoarenak zirala.
Baina egun guzian zerua oso goibeldurik ari zuen euria marra-marra, eta erreka, besteetan hain kaskar hura, gora zihoan eta ez zegon inolaz ere orduan harri batetik bestera jauzika, beste egunetan bezela, igarotzerik alde batetik bestera neska gaixoa, bada ujola edo ugalde harrekin denak estaliak zeuden. Zer egin orduan? Jo zuen arima ezkila, eta handik ordu gutxiren epean behar zuen Mari Iñasik egon, lehen aipatu dedan bezela, berak berezitu zuen lekuan; bestela ez zuen gehiago ikusiko bere bihotza baino maiteago zuen mutil hura, bada hurrengo egunsentian bazihoan, herrira gehiago ez bihurtzeko asmoan.
Han zegon putzu ondoan Mari Iñasi gaixoa bere begi besteetan hain alai eder eta orduan zerua bezin goibel haietatik malkoa ugari zeriola, bazan gutxienaz ordu erdi bat, eta ez dakit zenbat denbora igaroko ote zuen oraindik hala, bada bihotza zauritzen zion erreka urez bete harek, bere soinu eta zurrunbilo haiekin, zeinen tartean iruditzen zitzaion ia itoan ikusten zuela bere Jose Iñasio, itsasoko bagen tartean bezela ez bazuen itsumustu gizon edo galai gazte batek. Honek esan zion leunki erderaz, bada, izanik zana, ezin zitekean mintzo gure hizkuntza paregabean, egingo ziola zubi bat, bere-berehala keda jo baino lehenago joateko beste aldera, oilarrak kukurruku egiten behar zuen denbora baino laburragoan, Mari Iñasik ordainetan hil eta geroko anima ematen bazion.
Mari Iñasik, oso pozturik bere bihotzeko maitea ikusteko asmoan, agindu zion baietz berehala; baino gero, ikusirik zer zor haundi ikaragarria hartzen zuen bere gain, nahi zuen desegin agindua, eta estuasun harretan egin zion erregu Begoñako Ama euskaldun guztienari, eta honek entzun zion, gero ikusiko dan bezela; bada beti prest da, beste ama guztiak bezela, bere seme-alabak bihotzez eskatzen dioten guztia emateko.
Hasi zan gizon zuhur antz hura bere zubia egiten, eta neskatxak, oso estutu eta harriturik, ikusten zuen nola ia bukatua zeukan, esaten behar dan epea baino laburragoan. Ez zuen harri bat baizik falta, zeina zan zubiaren giltza. Harkaitz haundi bat besarkaturik, bazihoan bukatzera; baina hara non, bitartean, beste aldetik agertzen dan gizon bat, zeinek eskuan zekarren bordoi edo makila geratzen zan zuloan sarturik, ez zion utzi zubia giltzatzen egileari. Honek orduan heldu zion, harria utzirik, ausarki, makila ateratzeko asmoan, keinu ikaragarri bat egin eta hitz higuingarriak esanez.
Hala zebiltzala egin zuen auzoko oilarrak kukurruku eta joan zan ihesi, oso lotsaturik, zubia egin nahi zuen galai hura. Besteak puskatu zuen orduan bordoi lehen hain gogor eta zeken hura, eta bere lekuan zubiaren giltza ipiniaz, esan zion neskatxari:
— Gaztea, Ama Birjinak entzun du zure erregua eta, bere babesean zure arima harturik, bialdu nau zuri laguntzera trantze estu honetan; zoaz lasterka gaztainadira, bada ordu erdi honetan zure maitatia itxogiten daukazu, eta ez inoiz sinistu hitz-leunkeriekin erderaz datorkizunari.
Hau esanik, igo zan zerura, laino zuri distirari batean bildurik, gizon miragarri hura.
Neskatxa abiatu zan korrika gaztainadi aldera zubitik barrena, Ama Birjinari eskerrak eman eta arimentzat Aitagure bat esanaz jaiera haundiarekin, bada orduantxe jotzen zuen Elizako ezkilak keda.
Esan bezela, gaztainadian bilatu zuen Jose Iñasio, luze iritziz eta kezkaz beterik. Honek sinistu zion esandako guztia pozez beterik, eta handik pixka batera biak bihurtu ziran behin ere baino alai eta eztitsuago batak besteari hitz eginez, hain harrigarri egindako zubi hartatik barrena, aurrena biak Mari Iñasiren etxera eta Jose Iñasio gero, berandutxo, berera, esatera gurasoei, biharamunean honek urez joan beharrean, nahi zutela biak aita-amen baimenarekin alkarrekin joan, handik denbora gutxi barru, Elizara betiko batu eta gehiago alkarren zalantzarik ez izateko…
Badakizute orain zein zan Alonsotegiko zubiaren egilea: Deabrua, oilarrak kantu egiteko denbora baino laburragoan bukatu nahi zuena, eta berriz San Jose berbera hari eragotzi eta gero zubia giltzatu zuena.
Irakurgai honek euskaldunoi zerbait erakusten digu; bada, guk ere noizbait, Mari Iñasik bezela, entzun genitun erderazko hitz-leunkiak. Egin dezagun bada ahalegina, hark bere arimagatik bezela, guk erregu eginez Jaungoikoari gure lege zaharragatik; eta ez inola ere utzi, gure usaera bedeinkatuak betiko eramateko egin nahi duten zubia giltzatzen; beti oroituz, gai honetan, erdaldunek guretzat hitz leun eta losintxa besterik ez dutela.