Arrantzalea

Ipuin Aberkoyak, 1917

I

 
Itsas-uri txikian danak arrantzaleak dira. Arrantza da euren bizibide bakarra. Gizon guztiak txiki-txikitatik arrantza sailetan inarduten dabe. Gizonak itsaso zabalan egoten dirala, emazte-umeak etxe apaletan, euren begira, lotuten dira.
Euren eukieza handia da; baina jasatasuna handiagoa. Antzineko euzkotar azartuen antzez, arrantzale honeek arrisku zaletasuna euren gogoetan dabe. Sarri-sarritan itsaso zabalan eurek egindako eginen azarkorrak entzuten dira.
Izturia (itsaso-uria) txiro-txiroa da. Etxerik gehienak txikiak eta apaldo atonduak, itsasertzean. Itsaso hasarratuak behin baino gehiagotan mosu egiten dautse bere bits gorriaz.
Arrantzale azkarrak! Eurek maite daben itsasoak, amaibageak, iruntsi dauzan biziak! Euren senide maiteen bizitzak! Ez da ardura. Eurek maite dabe itsasoa, euren bizibidea eta euren sendiaren bizibidea dalako.
Uri aunetan danak kistar onak dira, eta baidagoz abertzale zindoak.

 

II

 
Izturi txikian Arrantzale-Bazkuna irasi edo egin da. Baina arrantzaleak ez dabe irasi. Erbestetik etorritako gizon aberats batek irasi dau, berak esaten daunez, arrantzale gaixoen bizibidea hobetuteko. Gizon hau ez da uritarra, ez da euzkotarra be, baina bere esatez, itsas-uria maite dau, bere-berea balitz lez.
Arrantzaleak lehenengoz ezpai susmoaz bazkun barria hartu dabe. Alde batetik onura asko erakarriko dautsee arrantzaleei, bertan sartu ezkero. Itsasoa amurruz egongo danetan edo neguak bere ekaitz gogorrakaz itsasora urteten galazoko daunetan, arrantzale gaixoek jan-edatekorik ez dabela eukiko, bazkunak berak emongo dautse ogia. Eta arrantzaleren bat ito ezkero bere alargunak eta seme-alabeak soroskia hartuko dabe.
Beste aldez, baina, bazkuna ez da hain ona. Bertan sartuteko abertzaletasuna ataz itxi behar. Bere geletan euzkeraz hitz egitea galazota dago. Hauteskunde aldian autarkia abertzaleen aurka dagozanei emon behar. Bazkunaren burua arrotza edo erbestarra dala, bertan arrotzalekeria edonon zabaltzen da.
Hau dala-eta arrantzaleen artean eztabaida gogorra da. Batzuek Arrantzale Bazkuna on-ona dala dinue. Bestetzuek, ordez, guztiz txarra dala, berak erakarriko daun onurea baino garrantzitsuagoak, gaitzak izango dirala. Honeen ustez, bazkuna irastiaz arrotzalearen asmoa euzkotasuna eta abertzaletasuna izturian inartziz (enbidiaz) irailtzea izan da.
Hau eta be, arrantzalerik gehienak bazkideak egin dira, onureari begira.
Sartu ez diranen artean Mikel dago. Abertzale zintzoa da eta arrantzale zaharra. Arrantza sailetan beste edozeinek baino gehiago edo daki. Arrotz aberatsak eta bere lagunek bazkunan sartzeko sarritan esan dautsoe, baina berak, barriz, ezetz eta ezetz erantzun dautse beti. Txiroa da, eta besteen soroskia eta urgazia edo laguntza askotan beharrak dauz, baina ez bere gogoaren azkatasuna ordez. Aske da, uretan arrainak lez, eta bere adimena eta guramena, laburrak izanda be, bere-bereak dira.
Arrotzak bere aldera eroan ezin daula ulertuki, gorroto dautso azkenez.

 

III

 
Negu gogorra da. Arrantzaleentzako negurik gogorrena. Ekaitzak egunean-egunean izaten dira, eta itsasoa asaldauta dago.
Gura eta ez, arrantza arazoak itxi dira. Azartua izan behar itsaso hasarreagaz iztate edo portutik urteteko. Arrantzaleak euren etxeetan dagoz, urten ezinik, itun-itun, itsasora begira. Atan arrainik ez dago: etxean ogirik be ez.
Gosea etxe askotan agiri da. Arrantzale-Bazkunak bere helburua egiztuteko, bazkide guztiei soroskia emon dautse. Honeek, ba, ondo ala txarto, gose barik bizi dira.
Besteak, baina, bazkide ez diranak? Eta eguraldiak ez dau hobetuteko antzik.

 

IV

 
Bere etxe txiro barruan Mikel dago, leihotik itsasora begira. Bere ondoan emaztea eta seme-alabeak multsuka dagoz. Andonik, hamabi urtedun seme nagusiak beste leihotik, arpegi itunaz, itsasoa arakatuten dau. Andonik itsaso arazoetan bere aiteari urgazten dautsa. Arrantzale azkarra da, eta gaztea izan arren, arrisku askotan bere buruba ikusi dau.
Danak dagoz itun. Negute txarra dala-eta itsaso ekaitzak egunean-egunean dirala, aspaldion Mikel ez da itsasora urten. Gainez, txiroak dira. Arrantza da euren bizibide bakarra, eta arrantza ezina dala, ogia hurrituten da.
Negu txar-txarra Mikel arrantzale gaxoarentzat! Laster ez dabe jan-edatekorik eukiko eta gose gorria etxean izango da. Zer egin?
Bera erruduna dala esan dautsae lagunak. Eurek bez ezin dira itsasora joan, baina bazkunan sartu dira, eta baidauke ogia. Arrantzale gaixoak, baina, ez dau hori entzun gura.
Mikel etxe barruan dago, leihotik itsasora begira. Bere ondoan emazte-seme-alabeak ogia deskatsae. Baina etxean ogirik ez dago.
Itsasoa piztuta dago oindino, anker-ankerra.
Dana dala ogia bilatu behar!

 

V

 
Guenez, egun baten behintzat, itsasoa zerbait baretu da. Mikelek ohetik jagitean dakus eta erabakia hartzen dau. Eguraldia aldakorra baita, eta, urrian, itsaso barea ez da luzaro iraungo. Ardura ez. Itsasora urtengo da, eta bere sendiarentzako ogia ekarriko dau.
Andoni, seme nagusia, deituten dau, eta gertuteko dinotso. Andonik poz-pozik dagi; bera be joateko guraritsu dago. Gero etxekoei agur dagitsie. Mikelen emaztea bildur da, eta ez joateko dinotse. Azkenez, baina, beharra dala-eta, bihotz itunaz, etxetik urteten dira, seme-alabeai samurkiro mosu eginda.
Nasean dagozala eta izontzi txikian sartzeko, arrantzale batzuk, gertakun harekaz jota gelduta urreratzen dira.
— Nora zoaz? —dinotsie.
— Ikusi daikezube: itsasora, arrantza egiten.
— Zoratu ete zarie? Eguraldi honegaz?
Eta euren asmoa burutik kendu gura dautsie. Arrantza egiteko eguraldi txarragorik ezin. Itsasoa zerbait baretu dala dirudi, baina, urrian, barriro eta laster piztuko da. Bertara joateko zoroa izan behar.
Mikelek, barriz, dinotse:
— Neure etxean ogirik ez dago.
Orduan euretariko batek, aurreratuten da, eta hasarrez dinotso:
— Eure etxean ogirik ez egoteaz heu haz erruduna, eure buru gogorroi dokala-eta. Baidiagok uri onetan arrantzale bazkun bat; bertan sartu bahintz eure etxean goserik ez laitxakek.
— Bai, bai; lehendik diakiat. Bazkun horretan sartu banintzok geure etxean ez laitxakean goserik izango, baina askatasunik be ez; eta nik ogia baino gogo askatasuna gurago joat.
Eta besterik esan bage, dana atonduta egoala, aita-semeak itsasora urteten dira, beste arrantzaleak guztiz gelduta lotuten dirala.

 

VI

 
Baidoaz, bai, aita-semeak, itsasoa zehar. Lenengoan arrantza ugaria bai da. Eguraldia ona, itsasoa bare. Laster ixontzi txikia arrainez beterik egongo da. Hau dala-eta, aita-semeak poz-pozik dagoz; egun batzuetarako ogia irabazi dabe.
Baina arrantzaleak zuzen egon dira. Eguraldia guztiz aldakorra da, ta eguerdian aldatuten da. Haize gogorra hasi da eta itsaso zabalan uhin edo olatu handi izukorrak bat-batez agertzen dira.
Hau ikusita, aita-semeek atzera dagie, beldurrez beterik. Baina arrantza inarkunetan asti handia hartu dabe, lehorretik urrun dagoz eta beluegi da beharba.
Bat-batezko ekaitz gogorretik ihesteko arrantzale biok egiten dabezan ahaleginak ikaragarriak dira, baina alferrikoak baizen handiak. Ekaitzak hartu eta inguratzen dauz. Indarkea zaila baino zailagoa, oinaza zorrotz-mingotsa. Izturian begira dagozan emazte, seme-alaba, ama eta anai-arrebaen gomutea halatsua. Ekaitzak hartu eta batetik bestera darabiltz, eta indarka izugarria dagiela, goirantz doa euren otoi sutsu, itxarotsua.
Arrantzale gaxoak!

 

VII

 
Iztatera (portura) aita-semeen izontzi txikia; azkenez, heldu da. Baina honetan notin bat baino ez dago. Andoni, seme nagusia, han, itsaso erdian, uhin handi batek jaso eta behera jota, lotu da.
Ez dogu senideen atsebagea agertuko.
Mikelen etxean egun horretan goserik ez dago.
Baina aurrerantzean ez dau eukiko arrantza sailetan berari urgazteko bere seme maitea.
Baina hau esaten dautsoenai, Mikelak erantzuten dautse:
— Tamala da, zinez. Gosez ez hiltzearren neure semea galdu dot; baina ez dot inoiz neure gogo askatasuna galdu, eta hau semea bera baino hobetzat hartzen dot.