Anton Diru izan zan prantzestean soldau
Gero bere denpora ardizain emon dau
Zaharrez, zerren larretan, sarri ohi zan jausi
Orain alabeagaz kalean da bizi.
Neke gehiagorako da begibakarra
Gatx hori dauka joan zalako gerrara
Anton begibiduna prantzesak hiltera
Urten arren, sartu zan bategaz etxera.
Baina beste gauza bat beragandu eban
Zer zan iragartea atzo pensau neban
Zergaitik Anton Diru nor dan jakitea
Ondo dan gauza dala da nire ustea.
Egia da kontu hau jakula ipuina
Ames baten antzera nik neurez egina
Halan donoso jarri ez baneu egingo
Aurrez irakurlea parka eske nago.
Zer zan bada Antonen gerrako saria?
Zer ete da haren gauza handik ekarria?
Ekarri ebana zan soldau kapotea
Neguan berotzeko ona alajea
Eta izanagaitik antxina josia
Zirudian kapote iaz erosia:
Hain zan bera oihal bat sendo eta fina
Kolorez alegere, guztizko urdina
Ta larogei negutan, urtean-urtean
Ekarri arren beti bere bizkarrean
Aurten norbaitek zelan egin deutsan ostu
Anton aurkituten da atsekabez estu….
O, ze triste dabilan! O, ze makurtua!
Sentimentuz darabil lurrean burua
Abarka baga sarri, alkondara lohirik
Arpegia sekula garbitu bagarik
Buruan gehienetan ez dakar txapelik
Ehunezko praka zaharrak urratuz beterik
Surretarako bere palta painelua,
Zintz eginda daroa albora eskua.
Han ez dabelako nun gorde aurkituten
Praka iztarrean dauz hatzak igortziten
Horregaitik soinean darabil koipea
Hartu arren orio bagarik saldea.
Egia da daukala nunbaiten gorderik
Arran bat ontza urrez guztia beterik
Baina kapote on bat erosi baño lehen
Itxiko leuke beste begia ateraten.
Oraindino gehiago inoz tabernetan
Ez dakust astegunez, hain gitxi jaietan
Ardaurik ez dau nunbait edaten beretik
Basokadea ohi dau klink inoz niretik.
Ez da barregarria gaur bere kontua
Burlaz deituten deutse Anton Zoratua
Ez badeutse bihurtzen barriz kapotea
Sekulako joan zan bere izatea.
Osterantzean Anton da ganorazkoa
Kristinau fededuna, baita debotoa
Halan beharko zan ta, joan dan domekan
Osagilea zelan dakusan eleizan
Kontsulta bat hartzea jarririk gogoan
Mezatik urten arte nasai ez egoan.
O, ze meza ederra izan zan benetan!
Hoberik ez dot entzun aspaldi honetan
Zelako kantariak! Zelako soinuak!
Zeru bat zirudian niretzat koruak
Baina Antonentzako inpernu bizia
Astiro joialako musikan guztia.
Beste gauza bat bere da esatekoa
Sermolaria zelan zan puntarengoa
Aitatzeko duin dira hak dituan doiak
Iragarteko ondo euskeraz sermoiak.
Ikaragarria zan haren etorria
Zerutik nik uste dot eukala grazia
Kodizia ze txarra dan eban azaldu
Zeinek egiten daben Anton beti galdu
Ohiturau esan eban zala hain zitala
Eta kentzeko barriz erraza etzala
«Zaharrago ta txarrago dirala zekenak»
Honeek dirala berba jakitun danenak.
Baña Antonek mezan zelan sermoetan
Pentsamentua eukan josirik kontsultan
Pagu ederra emon beutsan mezeari
Ez eutsan txarragoa emon sermoiari.
Noz edo noz heldu zan nahi eban ordua
Pasau zan Santusa, ta bai, Komoninua
Eta Ite missa est entzunaz batera
Anton arrapataka doa eleizpera
Nun osagileari eginik itxaron
Urten zanean berbaz laster hasi jakon.
Osagila On Juan, zer behar dot egin?
Kapote bagarik gaur hotzak nauka kikil
Ostu egin deuste ta, kanpoan banabil
Nahi ta ez beharko dot negu onetan hil.
Ekatzu bada, Anton, ekatzu eskua
Lehenengo behar deutsut nik hartu pultsua.
Errazoia daukazu, dozu hain ikara
Eneban sinistuko hain txar zengozala.
Baina ez ikaratu, ez bildurtu, Anton.
Lehen bere nire gauzak ez eutsun egin on?
Sangria bat ederra zendulako hartu
Etzinean orduan bertatik osatu?
Bai, Jauna, halantxe da, eskerrak berorri
Osasuna ekarri eustalako niri
Baina besotik sangrau orain egin arren
Egingo naz jaubetu ni kapotearen?
Bai, zelanbere Anton, ez euki dudarik
Hobeago batena egingo zaitut nik
Sangretan bazaitudaz, baina ez besotik
Ezpada, hango ordez, gaur patrikaratik
Handik ateraten dan odolagaz dendan
Zuretzat kapote bat emongo dabe han
Eta zelan iraungo deutsun ehun urtean
Biziko zara bera-berak dirauan artean.
Ondo da ori jauna! O, ze konsultea!
Baina oraindik nahi dot hobeto hartzea.
Zenbat kapote hori kostako ete da?
Ontza bat urre Anton, gitxi gorabehera.
Ai ene! Galdua da gaur nire arrana
Neure ontzurre gorri berrehun daukazana
Ene elastikoa, eta bardin prakak
Dira itsuak eta dirutoki bagak
Eta arrana sangrau baino lehen, On Juan
Hobeko dot mundutik negu honetan juan.
Zenbat zekenek daben, Antonen antzera
Galtzen izen ona ta osasuna bera
Eta txarrago dana, askok arimea
Diruagaitik dana. O, ze lastimea!