Eguerdian, karteroak Mitxelena jaunaren atean jo zuenean, alaba bidaldu zuen aitonak kartaren bila. Inondik ere, Bergarako seminario txikian ikasten ari zan biloba txikiaren karta zan. Astero haren karta hartzen zutelako edo, aitonak ez zien inportantzia haundirik ematen haren kartei.
Minutu bat barru, sukaldean zan alaba.
— Aita, Tolosatik dator karta
Aitonari begiak argitu zitzaizkion. Eskua luzatu zuen, eta alabari gogor xamar begiraturik, karta kendu zion. Belaunen gainean zedukan manta gorri-beltxa bota bazterrera eta nahiz eta hotz egin, bolalekura atera zan karta irakurtzera.
Bi biloba zituen aitonak: Bergaran bat, Tolosan bestea. Karta hura Tolosatik heldu bazan, norentzat zitekean aitonarentzat ez eta?
Hirurogeita lau urte hortxe-hantxe zeduzkan aitonak. Hirurogei bete arte Beasaingo fabrika haundian ibili zan lanean. Beste bost gehiago egin zitzakean eta erretiro hobea zukean, bainan atera zuen arrazoirik asko eta aitzakiarik frango lana uzteko, eta harrezkero biloba txikienarekin, Tolosakoakin, ibiltzen zan beti. Udaberrian arrantzan ibiltzea zuen maite, eta udan inguruetako mendi kaskoetan perretxikoen bila ibiltzea. Burua zuriturik zedukan, bekokia marmolezko pareta iduri, bibote txuri-horia eta eskuak haundi eta iletsu. Pipa ahoan.
Silloi haundi bat hartu eta karta eskuan zuela exeri egin zan. Baina esan behar dugu silloian exeri aurretik ardo xorta bat edan zuela, besteetan ez bezela. Bilobaren kartak irakurriz gero halakoxe sua sentitzen zuen barruan, ardoak piztenago baitzion emozio hura. “Inondik ere… inondik ere Xalbadorren karta da. Gaur asteazkena… beraz… hemendik bi egunera… hiru egunera hemen izango dut”. Karta iriki zuen.
Bi urte zeramazkien Xalbadorrek Tolosako eskolapioetan. Hamabi urte zeduzkan. Aurpegia txuri, belarriak xut, sudurra xuxen-oker antxa, ezpainak mehe. Triste xamarrak begiak… urrutira eta puntu batera bakarrik zorrozturik ohi dituztenak bezela… noizik behin bakarrik argitzen zitzaizkion begiak, hots, kolegioa utzi eta etxerako preparatzen zanean.
Tolosara eraman aurretik, Jainkoak daki ez beste inork zer zalapartak atera zituzten aitonak eta suhiak. Atera zitezkean aitzakia guztiak bere zituen aitonak: gazteegi omen zan kolegiora eramateko, gorputzez ahul, eta hura joanez gero ez omen zan etxean geldituko landare berriak zain zitzakeanik inor. Bainan gurasoek ahaleginak eginda ere, ez zuten landare berririk ekarri. Aitonak etsi zuen eta Tolosara eraman zuten Xalbador. Kondizione batekin halaz ere, hots, hamabostean behin larunbatetan etxera ekarriko zuten, berriz astelehenean hara bihurtzeko. Aitona bera joango zan Tolosara eta ekarriko zuen.
Bilobaren karta hartu zuenean ez zuen hitzik egin. Besteek ere ez zioten ezertxo ere galdetu. Behatzak darduraz zeduzkala iduritu zitzaion. “Bakeatuko dira” esanda sobrea iriki zuen.
“Aitona: Gaur astelehena da eta laster dator larunbata. Ez dakizu nolako poza eta deseoak dauzkadan egun hori lehenbailehen hel dedin. Trena ez galdu gero! Aitona!… aitona!… entzuten al nauzu?”.
Entzuten haut bai eta ondo ari haiz. Ez diat trena galduko ez, eta garaiz asko joango nauk kolegioko atera. Ordurako preparatuta egon! Binbitartean hago lasai, gaixo hori!
“Bueno ba. Datorren larunbata ezkero has diteke arrantzan. Hamar eta erdietako tranbian etortzen bazera, ordubatean hor izango gera. Bazkaldu eta bostak aldera arrantzara joango gera. Nere ustez, iaz gutxi xamar atera genuen, eta, aurten egongo da amuarrainik. Egia da bai, aspaldi honetan ez duela ebirik egin, baina, halaz guztiz ere… Gaur Tolosa gainean ageri da hodei mordo txuririk eta Ñañarrira ordurako lehertuko balira, urak zikinduko lirake eta berriz larunbaterako pixka bat garbituko. Euriondoa bezelakorik ez dago arrantzarako. Egia al da aitona? Entzuten al nauzu?»
Entzuten haut bai, eta egia osoa diok.
“Arrantzara baino lehen, xixareak bilduko ditut. Zu zaude lasai. Zahartuxe zaude eta ez zaizu komeni bizkarra gehiegi makurtzea, bestenaz gerriko mina berrituko litzaizuke eta. Nik ba dakit nun dagoen ugari eta haundirik. Horiek dira onenak. Ahal dudalarik, gorri antxak bilduko ditut eta ez oilategian aurkitzen diran txuri horietakoak. Horiek hobeak dira udan zozoarreak harrapatzeko. Amuarrainak hobekigo ikusten du xixare gorria eta gogozago heltzen dio. Honela al da, aitona? Entzuten al nauzu?”.
Entzuten haut bai, eta gainera arrazoi osoa daukak.
“Zuk siesta egin bitartean, Goikoetxeko Pedro Joxeren atxurrarekin xixare bila joango naiz. Kamineroaren atxurra aitarena baino hobea da, ezpainez zabalagoa baita, eta kolpea botatzen danean xixare gutxiago ebakitzen da. Amuarrainak nahiago du xixare bizia, eta ez guk, iaz, noizean behin ematen genizkien erdibitu haiek bezelakoak. Horregatik etorriko ginan hainbeste aldiz musu hutsik! Ni horrera baino lehen pote bat bila ezazu. Xixareak barruan pilatzeko da, eskapa ez ditezen. Ez dago lurrez bete beharrik… gero ere izango dute lurrik, harrapatzen ditudan bezelaxe lur eta guzti bere hartan sartuko ditut barrura. Baina txulo txiki batzuk egin izkiozu poteari xixareak arnasa pixka bat har dezaten, bestenaz errekara baino lehen ittoko zaizkigu. Zuloak ez ditezela izan zulo, txulo baizik, haundiegiak egin eta ihes egin ez dezaten! Aitona!… aitona!… Konprenitzen al duzu?”.
Aitonak eskua begietara eraman zuen, bainan inor ikus zezan beldur baitzan, behera jetsi zuen: ukabila itxi zuen eta gogor erantzun zuen oraingoan, denak entzuteko moduan:
Konprenitzen diat bai, eta ezagun duk zerbait baino gehiago ikasi deala Tolosa horretan… Honezkero nahikoa eta gehiegi ere badakik, eta nahi izan ezkero… —aurpegia zimurtu zitzaion eta begiak briluz bete—, nahi izan ezkero datorren urtean etxean geldituko haiz.
“Xixare txiki-txiki-txikiak ere bildu beharko ditut. Kordelak botatzeko eskailuak behar dira. Amuarrainak xixarea maite badu ere, aingirak nahiago du eskailua. Xixare txiki-txiki-txikirik bilatuko banu laster nuke nahi hainbat eskailu. Horretarako ere beharko dugu poterik, baina, aitona!, txulo txiki-txikiekin… katuaren begi ninia bezin txulo txiki-txikiekin. Goikoetxeko Pedro Joxeren atxurraren beharrik ez dut xixare txiki hauek biltzeko, eskailuari berdin zaio xixarea hilik ala bizirik egon. Ni Tolosara ekarri ninduzunean bazkaltzekoan bi melokotoi pote hustu genituen ba? Amak seguru asko melokotoi pote horiek oilategian utziko zituen… aski dukezu beraz haiek hartzea eta txulo txikiak —oso txikiak gero!— egitea. Egingo al duzu, aitona?”.
Orduan bi bezela, honera betirako etortzen haizenean lau poto melokotoi hustuko dizkiagu eta gainera beste lau sobratuko dituk, eta nahiko pote eta nahiko txulo txiki izango duk xixareak pilatzeko.
“Eskailuak atxeman eta berehala, kordelak botatzera joango gera. Urak arreak al daude? Hemen Tolosan ikusten diren hodei mordo txuri hauek Ñañarri aldera joango balira arretuko lirake larunbaterako… Zuk badaezpada ere jarri bota luzeak, bestenaz busti egingo zera eta. Nun botako ditugu kordelak? Osin Haundin eta Osin Txikin ez dakit balio duken kordelik botatzea. Iaz ere hamaikatxo kordel bota genuen paraje horretan, bainan ez kordel eta ez aingira gelditu ginan. Oso ur haundiak daude zoko horietan eta han dauden aingirak ere ez dira nolanahikoak izango, ni seguru bainago gure kordel, amu, eskailu eta harri hango aingirek koba zulora eraman zutela. Onen-onena, behetik gora astea izango dugu. Zaldibarrengo zubitik gora has gaitezke. Zer deritzazu?
Hik esaten dean bezelaxe egingo diagu.
“Zubitik gora dagoen bihurgunean egoten da aingira ederrik, baita ere amuarrainik. Oroitzen al zera, iaz nolako amuarraina atera genuen? Aurten ere honelakoxe bat eroriko balitz!”.
Ondotxo oroitzen nauk bai, baina aurten ez duk eroriko, Billafrankako Eskisabelek atzeman dizkik zeuden guztiak. Ez zekiat zer egiten duten Erriko Etxekoek, inori Zaldibiko ibaian sartzen uzteko. Hi haundi izandakoan gutxienez alkate egingo haute eta ez hiok inori muturrik sartzen utzi.
“Bigarren kordela Zugaztiko errebueltan botako dugu. Ura bizi xamar dator baina bihurgunearen arrimuan bada putzu bat eta han ur geldia dago, batere zurrunbilorik gabe. Han aingirarik erortzen ez bada ez dakit nun eroriko dan!”.
Ez zekiat ba!… Hobe huen honelakorik esan ez bahu. Eroriko ez balitz, zer? Ez al haiz tristetuko?
Begiak itxi zituen, bihotza, pozaren ondoan askotan gertatzen dan bezela, bildu zitzaion. Bainan bere hartan jarraitu zuen bilobaren karta irakurtzen.
“Hirugarrena etxe ondoan botako dugu. Zaldibi guztian ez da leku hoberik. Lizarragako soro barrenean esan nahi nuke, ura bi puska egiten dan lekuan. Alde batetik losa ederrik badago eta beste aldetik harea nunahi. Zuk askotan esan didazu, haretan zulo egiten duela aingirak eta gero hantxe gordetzen dala. Zuk beti egia esaten didazu eta, jakina dago, haretan gordetzen bada losa azpietan are errezago gordeko dala. Beraz, han bi kordel botako ditugu. Oroitzen al zera aitona, iaz atera genuen aingira haundiena hortxe atera genuela?”.
Haundiena bakarrik izan balitz, hutsa! Beste inon baino gehiago ere bai. Arrazoi osoa daukak eta hik nahi izan ezkero, hiru botako dizkiagu. Baina hator lehenbailehen etxera!
“Bostgarrena etxetik gora dagoen putzuren batean botoko dugu. Nun? Osin Haundin eta Osin Txikin bota diteke, baina ni beldur naiz. Zelako errebueltan ere leku politik badago, baina nik ahal dakit zer gertatzen dan! Orain arte bota dugun guztietan, nik ez dakit zer arraio!… Aingirarik ez dugu sekula atera eta aldi oroz eskailua janik aurkitzen dugu. Ez dute ba igelek eta zapoak, gaua baino lehen, eskailua jango!”.
Hortzak ikusi zitzaizkion aitonari. Barre txikiak egiten zituen… Pipa eskuan hartu eta berriro ere lehehengo lekuan ezarri zuen, belarri ondoan alegia.
Ez moteil! Bazegok beste zaporik eta igelik! Lehenago ere esan nian zergatik zan, baina ahaztu bide duk. Izan ere, liburuak ilundu besterik ez die egingo burua. Hobe huke lehenbailehen etorriko bahintz! Amuarrainkumeak kaska- kaska narrutzen die edkailua. Baina guzti hori, datorren larunbatean hobekigo esplikatuko diat.
“Nere ustez, asko da kordelik. Gorago ere badago putzurik, baina biharamunean Arkakara joatezkero, ez genuke astirik denak ateratzeko. Bost kordelekin aski dukegu beraz, aitona. Zer deritzazu? Entzuten al nauzu?”.
“Entzuten haut bai… hementxe egongo bahintz bezelaxe. Hik esaten dean bezelaxe egingo diagu. Hitz egin bakarrik ez, eskribitu ere gizonak bezela egiten duk. Honezkero nahikoa eta gehiegi ere ikasiko huen eta beraz, datorren urtean etxean geldituko haiz.
“Dagoaneko aitagureak errezatzen hasita nago. Badakit bai, kordelak ateratzen diran egunean goizean goizik behar dirala errezatu… baina zer nai duzu! Dana dala igande goizean, jeiki aurretik, berriz denak errezatuko ditut. Kordel bakoitzari bi aitagure: denera hamar aitagure. Gaizki ari naiz: etxeko bihurgunean, bestetan ez bezelako luzea botako dugu hiru amuekin, harentzat hiru aitagure. Labur: hamaika aitagure denera. Zenbat aingira aterako ote dugu? Bizpahiru? Ez legoke txarki! Badakizu, heldu dan igandean amaren urtebetetze eguna dugula. Aingira bat aski genuke bazkaltzeko. Aingira bat eta lau amuarrain. Birekin ere aski genuke, mataderiatik behera ibiliko bagina hor atxemaiten diranak oso haundiak baitira… baina zer nahi duzu! Haundi badira ere ez dira oso finak eta hobe dukegu Arkaka aldera joatea. Zubiondotik gora badago beltxik eta finik! Eguna zabaldu orduko aingirak atera, sei terdietako D. Grabielen meza entzun eta zu bota haundiekin eta ni bota txikiekin, gosari legea eginda berehalaxe hasiko gera xixare, kaina eta amuekin amuarrainak ateratzen. Pote txikia, txulo txiki-txikiekin bilatzea ez ahaztu, bestela xixarerik gabe aurkituko ginake eta. Aitona!… aitona!… entzuten al nauzu?”.
Bai! Ondo ederki ari haiz eta hik esaten dean bezelaxe egingo diagu. Txakurra ere eramango diagu. Baina… ez zekiat baina… onenean… larunbatean etortzea baino ostiral arratsaldean etortzea hobe izango huke. Honela, denbora gehiago genikek kordelak eta preparatzeko. Hik ez dakik baina, lehengo batean hire kaina gorria grisez pintatu nian. Kolore berriaz gustatuko haizela uste diat.
Aurrera begiratu zuen aitonak eta bolalekuko arbolak kontatzen ari zala zirudien… Bat… bi… hiru… lau… Baina ostiral arratsaldean etorriko balitz?… Bat… bi… hiru… hogeita lau… Berrogeita zortzi… Hirurogeita hamabi ordu barru… Eztarria garbitu, eskuak bata bestearen kontra txokatu eta paperera zorroztu zituen begiak.
“Bueno. Orain beste kontu batzuk kontatuko dizkitzut. Ez dakizu lehengo batean Tolosako parte zaharrean zer gertatu zitzaidan! Osteguna zan eta kalera ateratzeko baimena eman ziguten fraileek. Banihoan, banihoan… erreka ondoan eskailuei begira bezela hemen kale erdiko automobilei begira, eta halako batean bai al dakizu zer ikusi nuen?»
Ez zekiat zer ikusiko huen, baina dana dala, pozten nauk.
“Denda bat,. denda bat haundia, Mariaundinekoa baino haundiagoa. Luze-labur, gure dispentsa lau halako. Barrura sartu ez sartu sudurra kristalaren kontra zapal eginik nengoelarik, gizon xahar bat atera zan kanpora, eta barrura sartu nai al nuen galdegin zidan. Ez da amuarrainik zuloan agudoago sartzen. Han zer ikusi nuen ez dago esaterik. Harritzeko ere bada! Denda guztiak hiru pareteko zirala uste nuen, baina harek lau ere bazitukean, dena kaina luzez inguratuta. Zer zan hura! Arrantzarako zernahi tresna saltzen zuten. San Telmora fraileekin joan ginanean baino ondotxo pozikago egon nintzan denda hartan, zutik, trabeska, zintzilik, erori ez erori zeuden kaina, txinga, sare, butroi, kordel, karrete, pita, garramintz eta nik ahal dakit zer gehiago!, denei begira. Kolore guztietako kaina zegoen. Bazegoen berderik, grisik, beltzik, horirik, arrerik, zuri-beltxik… denetarik!, gorririk ez nuen ikusi! Harritzekoa da! Prantziatik ekarririk zituztenak, apartekoak ziran. Ez dute parerik! Nola duen nere kaina gorriak, eta zureak ere, haria kanpotik ezarria? Ba… ba… sinets nazazu aitona, prantxes horiek kainaren barrutik daramate aria… honela errexago botaezen da amua eta ez dago sasitan kateatzeko beldurrik. Honelakorik bagenu, bai al dakizu zenbat eta zenbat amuarrain beltxik eta finik atxemango genukean? Denak probatu nituen. Denak ez… baina… Askok eta askok, frantxes horiek batez ere, batere pixurik ez dute. Amuarrainak honelako kainari heltzen dionean, zer dardara gozoa sentiko dan besoan! Prezioa galdetu nion gizon xaharrari. Bederatziehun pezta balio zuela bakoitzak erantzun zidan. Pena ederra hartu nuen! Amutan ere bazegoen pila ederrik. Zuk behin baino gehiagotan esan didazu Arkaka aldean diran amuarrain batzuk atxemaiteko hobe zenukeala amu txikiagorik bazenu? Oroitzen al zera, lehengo astelehenean zortzi bost pezta eman zenizkidala?”.
Zerbait sumatu zuen aitonak… behatz haundia eraman zuen begietara eta malko mardul bat erretiratu zuen sudur ondotik, eta gero ezpainera eraman zuen behatz haundia.
“Ba… bost pezta haiekin hiru amu txiki erosi nituen. Gustatuko ote zaizkitzu? Gustatuko ez balitzaizkitzu, hurrengoan zuk gogo zenitukeanak erosiko dizkitzut”.
Aitonak zerbait esan nahiko zukean, baina eztarrian txistu mehe-mehea kateatu zitzaion eta doi-doia esan ahal izan zuen: Nere… gust… izongoitt… bai… etorri hadi… lehenbaile…
“Pena ederra hartu nuen kanpora atera nintzanean. Nik dirurik izan bonu han burrungo kaina, amu eta kordel guztiak erosiko nituen. Kanpora atera eta berriro ere kristalaren kontru begira egon nintzan, kanpotik are ederragoak iduritzen baizitzaizkidan. Hurrengoan, datorren larunbatean Tolosara zatozenean, ikustera eramango zaitut”.
Orain arte letra borobilez idatzirik bazegoen ere, hemendik aurrera dena zan txorrotx eta puntadun. Dena puntu eta koma. Izan ere, karta bat idazten danean, zer dakigu zer gerta dakion bat bederari? Berandu zan eta lotara joan zan Xalbador. Lehenik leihotik kanpora begiratu zuen eta lainoak geroago eta beltzago ikusi zituen Goierri aldera joaten. Biharamunean karta botatzeko asmoa hartu zuen. Baina, zer gerta ere, ez zuen firmatu.
“Aitona!… aitona! Entzutzen al nauzu?”.
Entzuten haut bai, gero eto hobekigo!
“Aitona!… ederra gertatu zait!”.
Ixilik gelditu zan aitona… mututu egin zen, begitartea zuritu zitzaion eta ikarak hartu zuen.
“Egun goizean, zientziak irakasten dizkigun profesorearekin genuen klasea. Hain zuzen ere, amuarrainez mintzatu da: itsasoan nola bizi diran, ibaian zer jaten duten, arnasa nola jartzen duten… nik ahal dakit zer gehiago! Gogotik ari nintzaion entzuten. Berritsukerian ari zala, amuarrainak harriaren eta lurraren kontra tripa arraskatuaz uzten dituela arraultzak, serio-serio esan ez du ba?”.
Hori ikastera joan al hintzan kolegiora? Hobe huke berehalaxe etorriko bahintz etxera… Hori ikasteko hor beste maixurik badaukak hemen ere. Aitona honetxek ere!…
“Kontra atera natzaio. Gezurra dala esan diot. Ixiltzeko, harek. Gezurra, gezurra zala, nik. Banekiela nola uzten zituen amuarrainak bere arraultzak, batere minik gabe, leun leun koba zuloetan. Ez al da egia, aitona? Arraultzak uzten dituenean, tripa urratzen al du amuarrainak?”.
Ederki erantzun diok!
“Amuarrainik frango atera nuela nere bizitzan, eta banekiela zer nion. Nik atera nituen amuarrainak ez zutela urraturik ageri tripan, eta etxera joandakoan zuri esango nizula, eta ikusiko zuela zu honera etorriko zinanean zer nolakoak entzun beharko zituen. Hori esatea ongi egin al nuen aitona?”.
Hobekigo ezin!
“Bai al dakizu zer erantzun zidan? Horiek ez zirala profesoreari erantzuteko manerak eta larunbatean ez zidala etxera joaten utziko. Igandean ere hemen gelditzeko, horrera gabe!”.
Ezkerreko eskuan karta atximurkatu eta karkaxa bota zuen lurrera aitonak. Honelaxe egotu zan bizpahiru minutuz. Barruko sua emetu zitzaionean eta begi horien briluaren dirdira eztitu, irakurtzen segitu zuen.
“Apaiz profesore hau ez da besteak bezelakoa. Kolorez ere beltx-beltxa da”.
Beltza!… beltza!…
“Nik orain arte ez nion horrelakorik sekula esan, baina klasetik atera eta gero, beste hitzik ez zait etortzen mingainera: beltxa, beltxa!”.
Beltza!… beltza!…
“Nere lagunek beltxito esaten diote, baina politegia iduritzen zait, eta nik beltxa, beltxa esaten diot. Beste zerbait gogortxeagorik ere esango nioke, baina beldurtu egiten naiz. Ondo egiten al dut, beltxa, beltxa esatea?”.
Beltza!… beltza!… beltza!…
Larunbatean ez zan etxera agertu. Urrilean kolegiora itzuli zanetz ez dakigu. Gauza bat badakigu halaz guztiz ere. Egun hartan eta hurrengoetuan eta hurrengoetan, beste hitzik ez zuen ezpainean, beltxa!… beltxa!… Zerbait da, bat bedera triste dagoenean, tristura hori sortu duenaren kontra ezpainak esatekorik idukitzea. Aitonari besterik gertatu zitzaion. Egun hura eta hurrengoa eta hurrengoa ixilik pasatu zuen. Paseatzen ibili zan. Noizik behin bakarrik gelditzen zan, eta orduan, zangoekin kolpe bat emanez lurraren kontra Beltza!… beltza… beltza!… esaten zuen bihotz guztiaz. Igandean, alabaren egunean, ez zuten aingirarik ez amuarrainik ez melokotoirik jan. Arrozkoletxea izan zuten halaz ere, baina kutxarakada bakoitzeun Beltza!… beltza!… beltza!… bota zuen aitonak. Azkeneko kutxarakada sartu zuenean, malko lodi luzea sudurraren gainetik zeriola ikusi zuten alabak eta suhiak.