“Egun on, Arantza” esan zion bere buruari barrengo ahots ixil batek.
Eguna bazen ere ez zekien segur oraindik, baina berarentzat, nahiz eta arratsa edo gaua berbera izan, dena zen ona, egun hartan bakar-bakarrik zegoelako.
Ohearen berotasun gozoa bere gorputzaren beroa zen bakarrik, eta maindireetako usain epela bere larruaren usaina zen besterik gabe.
Ez zituen begiak ireki nahi. Ez zituen gogoetak eduki nahi. Ohean borobildua egotea zuen gogoko, ama baten sabelean feto bat izango balitz bezala. Feto batek gogoetak ukan zitzakeenik ez zekien. Berak behintzat denbora urrun hartako gogorapenik ez zuen eta.
Bere aita zenaren errainua zuen muin barnean, bere aita zenaren eskuen kutsua larruan eta bere aita zenaren hitzak belarrietan.
— Puta bat izango haiz!
Eta berak orduan, hau entzutean, negarrari ematen zion beti. Malko eta mukiak, nahastuak, amaren mokeroaz xukatzen zituen.
“Orain ez dun inoiz negarrik egiten, Arantza” esan zuen bere baitan lehenagoko ahotsak.
Barre ere ez zuen egiten. Negarra eta barrea bukatuak, agortuak ziren bere barrenean.
Edateak ere tristura ematen zion. Malkogabeko tristura.
Mozkorraldi larriak zituen beti.
Periko, mozkortu ondoren, gazteagoa sentitzen zen, eta jakina, zaharrek gaztetasunari jotzen diotenean irrigarria egiten dute. Perikok hori berbera egiten zuen eta berak han izan behar zuen, Periko alboan txintik atera gabe.
Gero, gainera, berarekin joan behar izan zuen bere ohera.
— Puta bat izango haiz! —bere aita zenaren hitzak.
Arrazoia zuen bere aitak. Horixe izan zen eta orain ere horixe zen, maitale bat bakarrik ukan arren. Maitale ezkondua, seme-alaba helduen aita.
Kafearen lurrina sukaldeko toki guztietara hedatzen zen. Kafe hutsa atsegin zitzaion eta aldi berean zigarro bat erretzea. Kearen espiralak begiez jarraitzea atsegin zitzaion.
Horma urdinean esekita zegoen ordularian goizeko hamarrak ziren.
Bera han zegoen oraindik mahai aurrean eserita, albornoz bat soinean eta xukadera gorria buruan gurutzatua. Eta bakarrik etxean. Larunbata izan arren etxeko jabe bakarra. Hura bai zela poza! Agian bere bizitzan lehenengo poza.
Zer usteko zuen bere aitak lehengoan? Zer pentsatuko ote zuen aitak puta baten bizitzari buruz?
Aitarentzat desohorea zen bakarrik. Desohorea bakarrik izango balitz, berarentzat bost axola. Beste mila gauzek zuten garrantzia berarentzat, baina goiz hartan ez zuen pentsatu nahi.
Beste zurrut bat kafeari, beste zigarro bat piztu eta mahaipean luzatu zituen zangoak, burua atzeraka bota. Hura bai zela zoriona! Halaxe betiko gelditzea, bakarrik, inor ikusi gabe, ezeren beharrik sentitu gabe. Gogoeta iheskorra. Diruan omen dago gakoa, eta berak dirua maite zuen.
“Alferra haiz, Arantza”, berriz ere ahots madarikatu hark.
Erdi egia zen bakarrik, baina inolaz ere ez egia osoa. Bere etxetik alde egin zuenean ahalegin guztiak egin zituen lana bilatzeko. Edo agian ez al zuen ahalegin nahiko egin?
“Ez dut pentsatu nahi”.
Harraskan utzi zuen katilua garbitu gabe.
Katilu bat bakarrik zertarako garbitu?
Harraska ondoan leiho bat zegoen errezel loredunez estalia. Loreak biziak ziren, baina halaz ere gardenak eta zeru urdina ikus zezakeen kanpoan.
“Eguzkia dun, Arantza, egun ederra hire soineko berria janzteko”, ahotsaren doinua ezberdina zen.
Soineko berria eta zapata berriak, poltsa berria, emakume berria agian.
Nahiz eta gaztea izan, ordu erdi bat igaro zuen makilatzen, baina ez zuen ematen makilatua zegoenik.
Apal batetan, zilarrez inguratua, Perikoren erretratu bat zegoen. Begiztatzean hotzikara batek astindu zuen bere gorputza eta zaplada batez lurrera bota zuen irudia.
Gero lasterka jaitsi zen garajera autoa ateratzeko eta mugaz beste aldera abiatzeko.
Han zegoen, mugaz bestaldean, bide zabal ertzean motxila lepotik zintzilik, praka urdinak, lixtatuak baina garbiak nahiz eta kolore arras galdurik, alkondarako mahukak plegatuak ukandoaz gora, ile ilunak nahastuak.
Beste gazte bat beste hainbat bezalakoa, baina halaz ere, eta zergatik ez zekien, aurrean igaro ondoren atzeraka egin zuen eta haren aurrean geratu zuen autoa.
Mutilak geldirik jarraitu zuen zer egin jakingo ez balu edo… Bera berbera izan zen autoko atea ireki zuena hitzik esan gabe. Keinua nahikoa zen, noski, eta mutila, “Milesker” esanaz, alboan eseri zen motxila kendu eta autoaren atzekaldean utzi ondoren.
— Ni Bordelera noa —esan zuen ezezagunak.
— Ni edozein tokitara.
Bordel, Paris, munduko azken punta berdin zitzaion berari. Ez zuen inor Bordelen, ezer egitekorik edozein lekutan. Askatasuna zuen lau egunetarako.
Lau egun Periko ikusi gabe, berarekin oheratu gabe, bere beso zahar artean egon gabe.
Pikutara Periko, pikutara etxea, bere eguneroko bizitza, bere benetako izaera.
Nola izan bide zitekeen bere benetako izaera?
Amaren errainua zetorkion burura.
“Gaur bidali dizut diru pixka bat, nire hilabeteko soldataren zatitxo bat. Ugazaba oso pozik dago nire lanez”, idazten zion sarritan amari.
Ez zen gezurra osoa, Periko baitzen bere ugazaba, zer gehiago zen bada?
Mutila ahapeka kantatzen hasi zen. Oso ahots atsegina zuen, sakoneraino ailegatzen diren ahots horietako bat. Gizon helduaren ahotsa.
Periko ezagutu baino lehen erruz ezagutu zituen gizonak.
Errazagoa izan zen berarentzat gizonak aurkitzea, lan egokia egiteko leku bat aurkitzea baino.
“Bulego batetan ari naiz lanean, ama. Oraindik ez dut diru handirik irabazten, baina hemendik gutxira beste maila batera igoko naiz”, idazten zion amari denbora hartan.
Perikoren mailara igo zen, eta amari bidalzen zion dirua ugaldu egin zen.
Landetako pinuak, alde guztietatik pinuak, ia zeruraino ailegatzen ziren eta noiz behinka, adarretatik zehar, eguzkiaren printzeak bidezabalean islatzen ziren.
Eguraldi ederra mutil gaztearen alboan abiaduraz joateko! Zer arraio!
Leihatilako kristala jaitsi zuen eta hasperen luze batez dastatu zuen haizearen epeltasuna. Haizeak sudurretaraino zekarkion pinadiaren usain berezia. Usain hark berberak inguratu zituen handik gutxira bien gorputzak pinudi artean besarkatuak, bat eginda.
Lehenbizikoz, aitaren hitzak egia izan ziren.
Aitaren hitzak
Damurik gabe, 1982