Ahuntza larrera

La Baskonia, 1903

Euskal biursari denai donkituba

 

Baserri eder bat, aitak utzia, berea zuen. Soro zabalak, baso bikainak, mendi galantak, sagasti oparotiak. Ikuilua behi gizenez, txahal guri-guriz eta zekor mardulez betea. Artalde ugaria larrean nahiko arkume eta gazta saltzeko, eta ahari talkalari haundi bat etxean, ardoa edaten zekiena. Gainera esan ohi zan bazuela lakari bat urre, eta berak ere ez zuan ukatzen. Bi morroi baserri lanetarako, eta artzain bat, hirurak zein baino zein langileagoak, eta hitzero jauna eta berori esaten ziotenak. Beharko! Inguruko auzotarrek —bere maizterrak batzuk—, denek berorika hitz egiten zioten, haserretu ez zedin. Ez zion inori dirurik prestatzen, baina zan konseju emaile izugarria. Berrogeita hamar urte zituen eta ezkongai zegoan. Etxekoandretzat zeukan hirurogei urteko izeba neskazahar bat, zeinak egunaren erdia pasatzen zuan errezatzen, eta beste erdia erritan.

Martolo jauna deitzen zitzaion gizon honi.

Inguruko baserririk txarrenetako batean bizi zan Borda izendatzen zan gizon argi bat, berrogei urtekoa, bere emazte Opanttoni, lau seme eta hiru alaba alaien lagunkidan. Borda hau zan bertsolari onenetako bat, eta bizi zan txit arlote, baina kontentu eta alegere. Ez zan eskatzailea, min ematen zion inor behartzeak, ez zuen nahi emailearen mende jartzea bere libretasuna. Hau bakarrik zan ingurumari hartan etxealdeko nagusiari, Martolo jaunari, zuka hitz egiten ziona.

Egun batez, otabar batzuk ebakitzen ari zala, aizkoraren kirtena hautsi zitzaion gure Bordari eta, nola esku hutsik gelditu zan, joan behar izan zuen Martoloren etxera, aizkora bat presta zeioten, kirten berri bat egiteko. Dan! Dan! jo zuen atea, eta azaldu zitzaion nagusia bera.

— Jainkoak dizula egun on, Martolo.

— Bai zuri ere, Borda. Zer zabiltza?

— Hementxe. Gurdi bat ote ebakitzen ari naizela, aizkoraren kirtena hautsi zait, eta berri bat egin ote nezakean nator.

— Ez al dezu otesegarik?

— Otabarrak ebakitzen ari naiz ordea, otabarrak eta otatrabak maiz izaten ditu zenbaitek.

— Begira zazu, Borda, zu gizon on bat zera, gainera familia haundia daukazu, eta nik pozik lagunduko nizuke askotan baina, baina…

— Zer da?

— Ze izango da! Bertsolariak txalo asko irabazten ditu, baina diru gutxi.

— Tori! Okolo eskaleak sekula ez du bertso bat bakarrik moldatu, baina…

— Zuk, berriz, gehiegi.

— Baliteke.

— Buruz azkarrak zeratelarik, ze umeak zeraten bertsolari denak! Eta zenbat eta hobea, hura eta umeago. Txoriari segika dabilen umeak mandatua berandu egiten du beti, eta gehienean gaizki. Burua bertsoz betea darabilkin gizonak, maiz izango ditu esku hutsak. Zerura begira dabilenak, sarritan egingo du estrapozo. Ametsetako irabaziak, esnatzean adio. Hau zuk nik baino hobeto dakizu, Borda. Ez da egia?

— Hala diruri. Ni beti lanean bizi naiz, dakizun bezela ez naiz gastatzailea, eta hala ere sekula ez det txanpon bat nere mendean.

— Bertsoek dute kulpa guztia. Utzi zazu grina galgarri hori alde bat, eta segi zaiozu lanari, lanean pentsatuaz. Orain tori aizkora, har zazu otesega hau ere eta zoaz zere lanera. Neri bertsoak gustatzen zaizkit, baina zuk bota dituzu nahikoa. Asko dezu. Nik ikusten badet nere esan onak zintzo egiten dituzula, ez zaizu faltako lana eta irabazpidea. Akorda zaite zere familiaz. Egingo dezu nik esan bezela?

— Saiatuko naiz.

Borda gizajoa, lotsaturik, itzuli zan berriz otelarrera, bere artean esanaz “Arrazoi ote du gizon horrek? Orain erortzen naiz kontura, egiaz, ez dedala ezagutu bertsolari aberatsik, eta lehengo zaharrak gatik ere beti entzun izan det oso pobreak zirala. Ez ote zaio Jainkoari bertsorik gustatzen? Edo hau ote da sari bat, diruaren ordez ematen diguna? Biak eskatzea hanbat gehiegi litzake. Martolok dio asko dedala bertsoz. Proba zagun Martoloren kontsejua”.

 

Igaro ziran zortzi egun, hamabost, hilabete. Bordaren etxean ez zan sentitzen, lehen beti ohi zan bezela, kanta hotsik. Aita isildu zanean, mututu ziran ama eta umeak. Auzoak harriturik zeuden, zer gertatzen ote zan. Martolo bakarrik zebilen txit kontentu, pozez harrotua, egin zuen azañagatik. Hilabete eta erdi bezela zan Borda Martoloren kontsejuarekin borroka zebilela, larunbata zan eta gure bertsolari izandua joan zan Tolosako merkatura, lau sagar landare bizkarrean zituela, haien balioarekin gastua pagatzeko asmoan. Saldu zituen landareak bosna errealean eta, bere duro haundia poltsan zuela, sartu zan hamaiketakoa egitera, Martolo larunbatero joan ohi zan ardandegian.

Eskatu zuan koartilo bat ardo, eskeini zion Martolori, eta honek atera zuen beste koartilo bat. Nola Borda gizajoak ez zuen aspaldi hartan ardorik probatu, hain gogoz edan zuen non hasi zitzaion burua pixka bat berotzen. Atera zuen duro haundi eder hura bere gerrikoaren muturretik, eta esan zion tabernariari:

— Ekar zazu koartilo bat gehiago, eta tori, kobratu nere kontua.

Hain gustatu zitzaion Martolori Bordaren joera non behinere ikusi ez zitzaion bezin arpegi alaiarekin, rau!, altxa zan bere alkitik eta esan zion eskua luzatuaz:

— Bejondaizula, Borda! Ekatzu bosteko hori. Ez nizun nik esaten? Hara hor bost pezetakoa, lehen txanponik ez zan tokian. Ai, nere kontsejuak lehenago hartu izan bazindu, zenbat ontzakoren jabe ote zinan oraingoz!

— Sagar landareen dirua da hau, Martolo.

— Bai, badakit ez dala bertsoena.

— Zuk kontsejorik eman baino lehenago landatuak ziran zea, Martolo. Kantari ari nintzala aldatu nitun… Ekatzu beste koartilo bat, tabernaria!

— Hamaiketako haundixkoa egin degu, Borda.

— Gure neurtzailea nor da?

— Hara! Hara gure bertsolaria berriz piztu!

 

Ez dezazula sinistu,

bertsolaria ez da hil,

baina oso gaizki dabil

hilabete eta erdi hontan.

Ai! Damutu zait prankotan!

 

— Zerena dezu damua?

Zuk sartutako amua

daukat barrenen gordea;

aterako det ordea

tximista demonino hau,

bestela penak hilko nau.

 

— Beste gizonik zinala uste nuben, Borda, esker ederra ematen didazu! Ezagun da dirutu zerala… Aizkorak saltzen dira Tolosan.

 

Lehen ere hobe izango zan

hemendik eraman banu

eman dit hamaika damu

zure etxetik irtenak

aizkorak eta kirtenak…

 

— Gero izan zaitez ona!

Zaude isilik, gizona,

eta hurrengo batean

kontsejuak ematean,

begira ezazu zeini

ez neri berriz eskeini

kirten okerrik zuzentzat,

gorde itzatzu zeretzat.

 

Bihar goizean atzera

joango dira zure etxera

aizkora ta otesega.

Eskerrik asko gainera.

 

Ta kontsejuak ordainez,

geldi ez zaitezen gainez,

emango dizkitzut aurki,

eta goguan iduki.

 

Ez pentsatu kalterikan

egingo dizutenikan

neri zuriak bezela,

beldurtu ez zaitezela.

 

Martolo, gaur nere txanda,

lenago zuria zan da.

Odolkiak ordainetan

izate’ira lur honetan.

 

Eta kantari ekin zion Bordak:

 

Nola zu jaio zinan aberatsengandik,

zerorrek ezertxo’re egin gabetandik,

oparo datorkizu jakin gabe nondik;

bizitzea zer lan dan ez dakizu oraindik.

 

Ikusiak engainatzen du bat gogotikan,

begiratutzen badu beti txit goitikan.

Bidea ez da ondo neurtzen balkoitikan,

pixkabana ikasten da ibiltzen zutikan.

 

Kontsejuak ematen kontu behar da txit,

ontzat hartutzen ditu askotatik gutxik;

hitzez burua bete ta eskuak hutsik,

zeini gustatzen zaio halako laguntzik?

 

Martolo, grina txarrik ez daukat zugana,

ta ez txarrera hartu esan dizudana;

neretzat on ustean egin dezu dana,

nik ez det gorrotatzen kulpik ez duana.

 

Kontura erortzea nahi nuke behinguan,

eta idukitzea betiko goguan:

bi gizon igualikan ez gera munduan,

hargatik sentitzen du nork bere moduan.

 

Zure kontsejuakin borroka, askotan,

nahaspilatu naiz joan dan hilabete hontan;

inon ezin bizirik ez esna ta ez lotan,

ni lehertuko nitzake ez kantatzekotan.

 

Itotzeko beldurrez uzteko urari,

nola esango zaio arrain bizkorrari?

Ez dedila hegatu uso azkarrari,

eta isildutzeko erretxinolari?

 

Amorraina jatorriz dihoa urera,

uso ta arranoak hodoien aIdera;

otsoa sasira ta satorra Iurpera,

mitxirrika argira ta ahuntza Iarrera.

 

Eta Martolok…

— Aizu, gizonak ere horrelatsu gera.

Eta Bordak…

— Torizu bostekoa, konturatu zera!