Niretzat politena, ederrena ta maiteena izan zen. Eta bada orain ere. Eta beti izango da. Nola ez, ba? Hantxe jaio bainintzen, hantxe hazi eta hezi baininduten, hantxe egin bainintzen gizandre, baserrietako lurraren musikazko arnasa zaharraren haizetan, hirietako zementuaren zaratazko arnasa berriaren hautsetan.
Eta, jakina, non elikatu hantxe bertakotu.
Ez. Ez zen beste munduko gauzarik izan Arbasoeta, nire txoko kuttuna. Iturri bat, harri bat eta zuhaitz bat. Horixe izan zen nire ondasun guztia. Besterik ez.
Nahi ere ez nuen besterik. Zertarako? Gainezka bainengoen bizipozez nire paradisuan, gizandre adiskidez inguraturik. Nire iturriño xarmagarriaren ondoan, harri zabalean eseririk, zuhaitz hostotsuaren gerizpetan, hamaika egun gogoangarri eman genituen elkarrizketa goxoan, lanean, jolasean…!
Egun batean, gogoratu ere nahi ez dudan egun izugarri batean, gizandre arrotz ezezagun batzuk etorri zitzaizkigun Arbasoetara, zezen larruz jantzirik eta haginetaraino armaturik.
Lehenengotan, lagun bezala agertu ziren. Eta laguntzat hartu nituen. Eta lagun egin ginen… Baina, ahaztu ere ezin dudan beste egun izugarri batean, eurena zela Arbasoeta esan zidaten, esan ziguten. Eurena zela…? Baina nola izan zitekeen heurena, betidanik neurea, neure-neurea izanik?
Eztabaidaka hasi ginen. Arrazoi bidez, baina garrasika. Arrazoiaren indarrez, baina irainka. Gero, indarraren arrazoiz, burruka. Burruka bizitan. Gorrotozko ta odolezko burruka bizitan…
Asko ere asko izan ziren haiek eta, indar handia ere handia zuten eta, lagun asko ere asko zituzten eta, fusil eta kainoi eta abioi eta bonba asko ere asko zituzten eta… Gu lau katu baino ez ginen eta, esku hutsik geunden eta… Galdu egin genuen azkenean. Eta indarraren arrazoiz irabazi dutenek arrazoia izaten duten ezkero, eta galdu dutenen arrazoiaren indarrak ezertarako balio izaten ez duen ezkero, Arbasoeta berentzat hartu zuten gizandre zapaltzaileok, lapurtu egin zidaten gogorkeriaz.
Betiko lotan zeuden gizandre adiskideen oroitzapen mailukariz negar iturri bihurtu zitzaizkidan begiak menpekeriaren itzal larritan… Baina, urteak joan eta urteak etorri, denboraren joate etengabeak dena baretzen du eta, haserreak eta amorruak leunduz, arinduz, gozatuz zihoazen. Eta, urriko hego haizearen itxaropen epelaren bultzadaz, apalkiro eta bigunkiro, Arbasoetako sasi-agintariongana hurreratu nintzen nire garbitasunekin, nire eskubideekin, nire gizandretasunarekin, eta neurea zela betidanik Arbasoeta eta neuri emateko eskatu nien begirunez behin eta berriz. Hala ere, esanak esan eta eginak egin, alperrik izan zen. Bozketa jator baten itxurazko zerbait egin zuten Arbasoetaren jabetza erabakitzeko. Baina asko ere asko izan ziren eta…
Orduan, nire Arbasoetaren ondotik noraezean nindoalarik, eguzkia, eguneroko lanaren izerditan, lainopetan negartu zen. Haize hozkirrian otoitz larri eta sakonen murmurioa entzun zen. Trumoian metraileta hotsaren garrasi odoldua. Ni, gizandre gaixo hau, ipuin garratz hau idazten hasi nintzen bakarrizketako marmarrean:
“Arbasoeta horiek darabilte, baina neurea da. Erabili horiek darabilte, baina neurea da. Arbasoeta neurea da. Neure neurea”.