Ez nuen sinistuko behinere honenbeste lukainka zanik erozein aitzakiarekin beti prest daudenak, beren burua edo hanka azaltzeko argitara, nahiz ilun egon.
Momentu guzietan beti letzen degu paper edo periodikuetan baten eta bestien berriak, suertez ezagutzen ez ditugutenak eta gainera ezeren ajolik ez digutenak denagatik.
Ez dira sei egun letzen nuela…
Martin Talo eta Ilargia flauta jotzaile ontxuena, ezkontzen da Margarita Karikilloren alaba Monika jostunakin.
Eta zer?
Zeini zer ajola dio, ezkontzen bada Monikakin edo Pasteleroren alabakin?
Izatearren ere komeniko zaiote ama-alabari eta flauta jotzaile ontxuenari. Gainerakuan, guri ez digu ezeren ajolik, nahiz berihala ezkondu non bizi guzian ezkongai egon.
Eta senar-emaztegaiak nola andre Margaritak, usteko dute oso fede onez paperian azaldu diralako, mundu guzia eta beste asko katibatzen dirala haien ezkontzaz eta esango dutela…
— Gizona ! Zenbat alegratzen naizen!
Eta bestiak…
— Zer da?
— Badakizu zein ezkontzen dan?
— Zein?
— Martin Talo.
— Ez dakit zein dan.
— Nik ere ez, baina herri guzia gustaturik dagola uste dute txoru hoiek.
Beste bat ere bada, Trikubeltz deitzen dioten harro bat, urte osua pasatzen duena moduak ezin eginik paperetan azaltzeko. Lehenguan hala zion periodikero bati…
— Nahi al dezu berri on bat papererako?
— Bai, bai! Zer da?
— Hiru egunian egondu naiz ohian gibeleko minez.
— Eta zer?
— Alegia, esaten dizut, nahi bazenduke, zure paperan jarri.
Eta nola behinere falta eztan eskribatzaile alegre bat berriak argitara ilun eta oker emateko, gibeleko minez egon danak usteko du kaleatzian esango dutela beragatik…
— Hor dihuan hori da minez egon dana.
— Zer mutil zuria dan! (Ikatza egiteko).
Horrentzat gustorik jaundiena da galdetzia…
— Baina zer izandu dezu?
— Zer? —alegia, galdeera hura zer dan ezpaleki bezela.
— Periodikuak diotenez!
— Baina zer da?
— Ez al dezu irakurri periodiku Putiren mandatariya? Bada horrek dio minez egona zerala gibeletik.
— Ez nekien ezer. Baina, gizona, gezurra dirudi, paper txar hoiek bati ez diotela utzi bihar bizitzen!
— Zer nahi dezu bada!
— Ikusten danez, bat ezin jarri liteke minez mundu guziak jakin gabe, eta neretzat ezta ezer amorrazio gehiago ematen diranik horrek baino.
— Har zazu pazientzia, gizona!
— Pazientzia? Errez esaten dezu!
Paper ezkribatzaile honek berak hara nola kontatzen zuen, farrez, beste honlako gordian egon nahi duen batengatik…
— Harrituko zera nere gonbitiaz —esan ziran— baina nola naizen periodiko guzien laguna umetandik, eta gaur izanik nere señoran eguna, jango degu gure etxian zure konpainian. Estimatuko al nazu?
— Hotel Continentaletik pasatzeko asmuetan nintzan, baina konta nerekin.
Bat zala edo bestia zala, bazkaldu genduen bere etxian. Baina zer zan hura? Zopa uste det arto bizarrarekin egina zala, kortxu estofatua ederki jarria, kartoizko hegazti bi, uste det berak eginak zirala, eta ondoren txinako mizpirak horiz pintatuak haizezko pelotak ziruriten.
Haben ondoren, hartu du txarro urdin bat eskuan, igo da mahi gañera eta esan ditu nik eztakit zenbat astakeri, sagarra zertatik sortzen dan eta txipiroi gisatuak zertako diran.
Gero, guzien bukaeran, hala esan ziran belarrira:
— Egin nazazu mesere, esan detan guzia zure paperian jartzia, zergatik esango dizut frankeza guzian, nik nahi nuke atera probintziako diputadu nere herritik, eta logratzen badet, uste detan bezela, bigalduko dizkizut etxera sei mondongo, klarinetien zorrua ainakuak.