Ene anaia goan zen Amerikan barna
Laster zerbeit eginik uztekotan lana.
Egun bezein aberats zen sortu zenian!
Hobe lukela, dio, ikazkin mendian.
(Pierre Ibarrart)
Ernio mendia sartaldean, Belkoain aurrez aurre, Buruntza ipar aldetik, hego aldetik eta sortaldetik mendi tontor sail zenbagaitza: hegi apain, eder, zoragarri bat mendi horiek eta Urnieta, Andoain, Sorabila, Aduna, Zizurkil, Asteasu, Alkiza, Ernialde eta Amasako baztar alaiak begien aurrean dituala. Hegi horretxen goienean basetxe txiki, txuri, txukun, polit bat. Iturria bertan, basoak ere. Soroak ondoan, sagastiak ere. Aitari aitzurrean laguntzen dioten mutilen antzera, garo metak eta belar metak etxe inguruan.
Ilargiak argirik eder biziena izaten duan garaia da, bazterretan irrintzirik ez da entzuten; txoriek, beren txio-txio zoliak amaitu zituzten…
Etxe aurreko leiho batean hamaika seme-alaben aita dago… Norbaiti itxaroten noski.
Zortzietako tximist-gurdia oraintxe gelditu da. Hemeretzi urteko mutil gazte eder bat jetxi da bertatik, eta inon gelditzeke etxe alderuntz jo du.
Astiro doa..
Garrantzizko egitekoren bat darabilki buruan.
Dan dan…..
— Nor da?
— Ni, iriki beza…
— Etorri zera, horratik?
— Bai, beranduxeago beio, banator….
— Tira, exeri zaite, eta jan, honezkero gosetu zera eta.
— Zer berri, bazterrotan?
— Hutsa!… Neretzat emengo bazterrak isildu ziran.
— Ederra al dago?
— Oso ederra… Bekar ura….. Aaa!!… Ta, egarririk ezin kendu!… Gosea berriz, gehitu!
— Zer dezu, Martioxe?
— Horra: Ameriketaruntz joateko gogoa lehen ere banuan, eta gaur gehitu egin zait. Jaun batek, neretzako toki egokia baduala esan dit, eta, nik, pozik joango nitzakela esan diot. Biderako beharko deten guztia ero-ero agindu dit. Gehiagoren beharrik ez det noski..
— Ederki ari zera!
— Uste hortan nago behintzat.
— Jan al dezu?… Goazen lotara… Bihar ikusiko degu.
Ametsik egin gabe ezin bizi, eta ametsa ezin degunaren agerpena izan, askotan.
Gure aita-semeen ametsak ere, izan ziran bada nolabaitekoak. Semea, Ameriketako lurraldeetan ibili zan: tokia eskeini zion jaunak bere hitza bete zion. Eta, nolako tokia? Ederra, zabala, atsegina, pozgarria, zoragarria. Artzain jarri zuan, baina, halako artzantza. Zaldiz ibili beti, janari ugari eta gozoa, nahi adina haragi egunero, loa ere ez gutxiegi, guztia aukeran.
Aitaren ametsa besterik izan zan: samina, nahastua, gogaikarria. Ameriketaruntz begira jartzen bazan, zorionik ez zekusan: jaun harek hitza jan baitzion, eta, behin ontziratu ezkero, ezbeharra besterik ez zuan izan bere semeak. Lurreratu zanean, Jaungoikoak zekian tokian jarri zuan. Ez lorik, ez otordu onik, beti aste, abereak laguntzat, euria bazan tximu eginik, eguzkia bazan izerditan blai, non bizi zan ez zekiala, azkenik. Berri txar hoek, bestek esanda zekizkian gainera.
Hori asko ez zala, gauza negargarriagorik amets egin zuan: bere semeak utzitako lantegira, bi arrotz etorri zirala iruditu zitzaion.
Handik laster, bere etxe inguruan otso bi marruka zebiltzala.
Geroxeago, bere alaba zaharrenak dantza lotuan zebiltzala.
Hurrena, bere ilobatxo zoragarriak, erdaldunen abesti motel zikinak abesten zituztela.
Geroago, bere alaba zaharrenak etxetik ihes egin ziotela.
— Baina, zer da hau? Nere alabek ihes egin dutela? Itziar, Malen!… Lo al zaute?
— Bai!… Zer nahi zuan?
— Ezer ez…
Loak hartu orduko ametsetan hasi zan berriz ere. Bere semeak etxetik alde egin zuanean ituri berri bat sortu zan… euskaldunak ez zuten egingo negarrik, baina Euskadik bai. Euskal Herriko iturri guztiak, horrelaxe sortuak zirala iruditu zitzaion. Lehengo bi otsoak ikusi zituan berriz ere, eta bera zegoan artegira sarturik, egundainoko kalteak egin zituzten. Aberriak seme galant bat eta alaba on bi gutxiago, eta etsai gaizto bi gehiago bazituan.
Eguna ez du zabaldu, baina goiz giro ederraren itxurak dira. Hego haize bigun leunak epeltzen ditu baztar guztiak. Martin Joxe, Azkarragako leiho nagusitik etorkizunari gozoro begira bezelaxe zegon bere gelako leihoan. Aita ere goiz xamar jeiki zan, eta, behientzat janari puska bat egiteko asmoan, atarira irten zan.
— Nora doa horren goiz?
— Gaur igandea da-ta, zer edo zer biltzera. Biok azkarrago egingo ditugu.
— Banator… Zertan gera, ba?
— Ezetzean, seme, ezetzean.
— Ezetzean?
— Nora joan behar dezu hemendik? Toki ederragoren baten atzetik al zoaz? Alperrik zabiltza, bada. Jaungoiko gure jaunak, Euskal Herria baino txoko politagorik ez du egin, Euskal Herrian baino lore ederragorik ez du inon aldatu, Euskal Herriko txoriak baino txori abeslariagorik eta hegalariagorik ez du sortu, Euskal Herriari bezelako zugatz apain eta liranik ez dio inongo lurrari ernarazi, Euskal Herrian bezelako iturri atseginik ez du inon jarri, Euskal Herriko itsas baztarra bezelakorik ez dio inori erakutsi: Euskal Herria bezelako lurralderik ez dezu inon! Hemendik joaten bazera, zertan gelditu behar degu? Zure hutsunea nork bete behar du?
— Nik, zer hutsune utzi behar det?
— Etxean haundia.
— Sartzen diran lanak egiteko, etxean gehiegi gaude. Inguru hoetan irabazpide gutxi ageri da gainera. Ez dakit zer hutsune utzi nezaken.
— Begira, etxean sartzen zaizkigun lanak egiteko adina bagaudela, egia da. Beste hori ez. Nonahi irabazi ditzakezun ondasun guztiak baino, hemengo talo eta esne guri-guria hobea dezu.
— Bai… beti taloa… beti hemen.. .. beti inoren azp…
— Ixo, eta berriketa gutxi! Gaurdaino nere esana egin didazun ezkero, gaur ere egin behar didazu. Gaztea zera, eta, gizonak zer geran ez dakizu… Lurbira zabalean zer gertatzen dan ezin jakin dezakezu… Inoren azpian bizi izatea zer dan ez dezu ikasi. Nik zure onari eta Euskal Herriaren onari begiratuaz, hemen bizi behar dezula esan dizut. Euskal Herrian nor bizi geran ohartzen badezu, nortzuk bizi ziran gogoratzen badezu, nortzuk bizi behar luteken gogora ekartzen badezu, zer gerta liteken igarriko bazendu, hementxe bizitzeko gogoa kenduko lizukenik ez litzake sortuko. Zure aiten, aitonen, asaben, herritaren eta aurreko guztien izerdiz gozatutako lur hau bezin zoragarririk, inork emango dizu? Hitz batean esateko: Euskal Herriak behar zaitu.