Buruhazurra

Euskalzale, 1897

I

 

Antzinetako denporan gertaua da.

Urrilaren azkenengo aritzaldian X-ko portura etozan bertako txalupa guztiak, bela zuriak haizez beterik beltxarga ederrak zirudiela.

Eguzkiaren amaierako argi errainuak urrezten zituan itsasgizonen errauna bustiak.

Inoz ikusi ez dabenak ez daki zein begiragarria zan txalupa etorrera hau.

— Arrantza ugaria —esan eban herritik betaurre luze bategaz begira egoan gizon batek, pixka bat hurreratu ziranean txalupak.

— E?… Santu Guztien jaia ondo igaroteko erea —erantzun eban beste batek.

— Benetan, On Pedro? —zinoan inguruko emakume aldra batek— Ene! Goazen gizonei aparia prest jartera.

Eta banatu zan erria guztian zabaltzen barri ona, Jaungoikoari eskerrak emonagaz.

Gau hatan X-en sukaldeak atseginez beterik egozan. Zelan ez? Aspaldian itsasoa adina urria, adina ukatua euki eben bertako arrantzaleek eze, ezin izan eutsen kendu ogi apur bat euren semetxoentzat, eta egun baten ekarri eben ezagutu ez legezko irabazia.

 

 

II

 

Bizitza dohakabetsua edukiagatik beti izan dira gure marinelak alegere eta bizkorrak. Ondo erakutsi eben X-en Santu Guztien egunean euren irrintzi eta saltoakaz.

Oraindik ozta ziran igaro txistu-danbolin soinuak isildu ziranetik lau ordu, oraindik uste zan zirala entzuten gazteek kantau zituen zortzikoen oihartzunak deitu ebenean itsasorako. X-ren marinelak, nekearen ezaguerarik emon baga, jagi ziran biziro, eta laster, erraunak azkar erabiliagaz hasi ziran itsasoruntz.

Errekan zehar, barratik kanpora urten baino lehen, txalupa baten barruan eduki eben berbaldi hau:

— Triste zagoz, zaharra, jai-hurrena al da?

— Bai, jai-hurrena da, baina ez nau horrek tristetzen, ezta behar egiteak bere: uste dot dakizuela alperra ez nazana. Bakarrik samintzen dau nire bihotza ez gordeteak geure asaben ohi onak. Guztiok ez genduke lagundu behar galdu ez daitean ezertxo bere euren ekandu ederretatik?

— Ondo esana, baina zerk berba eragiten dautsu horretara?

— Ez dakizue gaur zer egun dan? Gaur animen eguna da, eta gaurko egunez ez zan itsasoratetik lehenago.

Gehienek ez eben berbarik eraso; batek erdi beldurrez esan eban:

— Atzoko batzarrean ia patroi danak euken ez itsasora joateko iritzia; baina Pranziskok errazoiaren itxuriagaz berba egin eban esatean igaroko egun askoan ezer ekarri ez eta orain, zerbait emon gura dabenean itsasoak, ez joatea ez deritzola. Horregaitik beragaz erakidatu ziran beste patroi guztiak.

— Ekandu onak kentzea gauza ona da? Eta egin leike inok errazoiagaz berba gauza txarraren alde? Pranzisko luzaroan erdalerrietan egon da eta hareetatik gurako dau barri hau sartu, beste asko legez; baina euskaldunak bagara, euskaldun zaharren gauzai jarraitu behar deutsagu.

— Egia esateko zenbat guretariko itsaso honek iruntsi dituan… eta!…

 

 

III

 

Ilunabarra zan. Zeru odei baltzez jantziak esan zeikian mundua lutoz estali gura ebala; itsaso sekula ez legez bareak Kanpo Santu baten itxurea eukan; itsasondoko mendietan arbolak, orri baga eta hilak, hazurrutsaren antzekoak irizten ziran eta otearen lora horiak hilaren kolorea emoten eutsen gauza guztiai.

X-ko txalupak etozan portura motzik, aise apur bat baga, indarraren indarragaz ekarriak, eta herritik begiraturik labatxori batzuk iruditzen ziran.

Kaira heldu ziranean ezagunak itauntzen eben:

— Zenbat?… Zenbat?…

— Ez dogu inok arrain bat ikusi —zan erantzuera.

— Bai —dirautsa honetan aguratxo batek—, Pranziskorenak hartu dau zerbait.

— Zer?

— Gizonen baten buruhazurra!

Eta egia zan.

Gertaera honetatik gaurko egunera urte asko joan dira; baina X-ko marinelik ez da gehiago itsasora juan zemendiaren 2an.

Gainera ez deutse jaramonik egiten sekula erdalerritarren esanai.

Ai, hau egingo balebe euskaldun guztiak!